1

1

[1-2] Ni, Paulo, Jainkoaren zerbitzari eta Jesu Kristoren apostolu naiz, Jainkoak hautatuak sinesmenera ekartzeko eta betiko biziaren itxaropenean oinarritzen den egiazko erlijioaren egia ezagutarazteko. Gezurrik ez dioen Jainkoak mundua izaten hasi baino lehen agindua zuen betiko bizi hori,

2

3 eta, berak ezarritako garaia iristean, bere mezua agerrarazi du Jainko gure Salbatzailearen aginduz gomendatu zaidan predikuaren bitartez.

4 Zuri idazten dizut, Tito , fede berean egiazko seme zaitudan horri. Jainko Aitak eta Jesu Kristo gure Salbatzaileak eman biezazkizute grazia eta bakea.

5

Arrazoi honengatik utzi zaitut Kretan, konpondu gabe gelditu dena konpon dezazun; batez ere, hiri bakoitzean elkarte-arduradunak ezar ditzazun, eman dizkizudan argibideen arabera.

6 Arduradunak akats gabea izan behar du, behin bakarrik ezkondua ; haren seme-alabek sinestedunak izan behar dute, jokaera gaiztoz nahiz errebeldiaz salatu gabeak.

7

Izan ere, zuzendariak , Jainkoaren etxezain denez gero, akats gabea izan behar du: ez harro, ez haserrekor, ez ardozale, ez sesiozale, ez okerreko irabazien gose;

8 ostera, ostatu-emailea behar du izan, ongia maite duena, zentzuduna, zuzena, jainkozalea, bere buruaren jabea;

9 irakatsi zaion egiazko mezuari atxikia, irakaspen zuzenez besteak aholkatzeko eta kontra daudenen irakatsiak gezurtatzeko gai izan dadin.

10

Izan ere, jende errebelde, berritsu eta liluratzaile asko dago, judu-jatorrikoen artean batez ere.

11 Horrelakoei itxi egin behar zaie ahoa, okerreko irabazien goseak eraginda, familia osoak nahasten baitituzte, behar ez dena irakatsiz.

12 Herrialde horretako igarle batek, hain zuzen, hauxe esan zuen:

Kretarrak beti gezurti,
piztia txar eta tripazain alfer .

13

Eta ez zuen gaizki esan. Horregatik, zentzarazi zorrotz sinesmenean osasuntsu iraun dezaten,

14 juduen ipuinei eta egia utzi duten gizon-emakumeen aginduei jarrai ez diezaieten.

15

Garbientzat dena da garbi; kutsatu eta sinesgabeentzat, berriz, ezer ez da garbi, beren adimena eta kontzientzia baitauzkate kutsaturik.

16 Hitzez aitortzen dute, bai, Jainkoa ezagutzen dutela; baina egitez ukatu egiten dute; higuingarri eta errebelde dira, egintza on baterako ere gauza ez.

2

1

Zuk, ordea, irakatsi doktrina osasungarria .

2

Gizaseme zaharrak izan daitezela neurritsuak, agurgarriak, zentzudunak eta fedean, maitasunean eta eroapenean helduak.

3

Emakume zaharrek, ere fededunari dagokion portaera izan dezatela; ez daitezela gaizki-esaleak eta ardoari emanak izan, ongian maistra baizik,

4 neska gazteei beren senarrak eta haurrak maitatzen irakats diezaieten,

5 eta zentzudun, garbi, etxekoandre on eta beren senarren menpeko izaten lagun diezaieten. Horrela, ezin izango du inork Jainkoaren hitza iraindu.

6

Aholkatu mutil gazteak ere, zentzudun izan daitezen,

7 gauza guztietan zeu egintza onen eredu agertuz: irakaspen garbiko eta gizabidetsu;

8 hitz egin jator eta inork ez kritikatzeko eran, kontra daudenak lotsatan geldi daitezen, gutaz gaizki mintzatzeko egokierarik gabe.

9

Esklaboak nagusien menpeko izan daitezela gauza guztietan: bete dezatela beraien gogoa, ezezkorik esan gabe

10 eta lapurretarik egin gabe, baizik eta leialtasun betea agertuz, Jainko gure Salbatzailearen irakaspena gauza guztietan ohora dezaten.

11

Izan ere, agertu da Jainkoaren onginahia, gizon-emakume guztientzat salbagarri.

12 Honek irakasten digu Jainko gabeko bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten, eta neurriz, justiziaz eta jainkozaletasunez mundu honetan bizitzen,

13 gure itxaropen zoriontsua bete zain gaudelarik: Jesu Kristo Jainko handia eta gure Salbatzailea aintzaz beterik noiz agertuko zain.

14 Honek bere burua eman zuen guregatik, gu gaiztakeria guztietatik askatu eta garbi egiteko, beraren herri izan gaitezen, beti ongi egiteko gogotsu.

15

Hau predikatu behar duzu, adore emanez eta aginpide osoz zentzaraziz. Ez zaitzala inork gutxiets.

3

1

Oroitarazi denei gobernari eta agintarien menpeko izan behar dutela, hauen esanak egin eta egintza on guztirako prest egon.

2 Ez dezatela inor irain eta ez daitezela sesiozale izan, bihozbera baizik, gizaki guztientzat otzantasunez beteak.

3

Gu ere, noizbait, burugabe, errebelde, bide-galdu, edozein grina eta atseginkeriaren menpeko izanak gara, gaiztakerian eta bekaizkerian bizi izanak, gorrotagarri eta elkarren gorrotatzaile.

4 Baina orain Jainko gure Salbatzailearen bihotz ona eta gizon-emakumeenganako maitasuna agertu da

5 eta salbatu egin gaitu, ez gure jokabide zuzenagatik, bere errukiari esker baizik, jaioberritzen gaituen garbikuntzaz eta Espiritu Santuak guregan eragiten duen berrikuntzaz;

6 Espiritu hori oparo isuri zigun Jainkoak Jesu Kristo gure Salbatzailearen bitartez;

7 horrela, Jainkoak bere onginahiaz onartu gaituelarik, itxaro dugun betiko biziaren oinordeko bilakatu gara.

8

Doktrina hau sinesgarria da, eta gauza hauetaz zuk finko irakastea nahi dut, Jainkoarengan sinetsi dutenak egintza onetan lehenengo izaten lehia daitezen. Gauza hauek gizakientzat on eta mesedegarri dira.

9

Eztabaida zoroak, ordea, jatorri-zerrendak , sesioak eta legeari buruzko auziak utzi alde batera, hutsalak baitira eta ezertarako on ez.

10 Alderdikeriak sustatzen dituena , behin eta birritan zentzarazi ondoren, bota ezazu elkartetik,

11 halakoa oker dabilela, bekatari dela eta bere burua gaitzesten duela jakinik.

12

Artemas nahiz Tikiko zuregana bidaliko ditudanean, zatozkit lehenbailehen Nikopolisera , negua bertan igarotzeko asmoa baitut.

13 Zenas legegizonari eta Apolori eskura iezaiezu arretaz biderako behar dutena, ezer falta ez dakien.

14 Gutarrek ere ikas dezatela egintza onetan lehenengoak izaten, premiazko beharrei aurre eginez, gizaki onuragabe izan ez daitezen.

15

Nirekin dauden guztiek agurtzen zaituzte. Agurtu sinesmenean adiskide ditugun guztiak.

Grazia zuekin guztiokin .