1

1

Jainkoak Habakuk profetari agertu zion mezua.

2

Noiz arte ari behar dut, Jauna,
zuri erreguka, zuk entzun gabe?
Noiz arte ari behar dut oihuka
gogorkeriaren aurka,
zuk lagundu gabe?

3
Zergatik ikusarazten didazu
horrenbeste bidegabekeria?
Nola egon zintezke
zapalketari begira?
Hondamen eta gogorkeria
ugari aurrean,
auziak eta borrokak nonahi .

4
Legeak ez du indarrik,
zuzenbidea oinperatua dago.
Gaiztoak inguratua dago zintzoa,
epai okerrak ematen dira.

5
Honela dio Jaunak:
«Begira iezaiezue beste herriei,
ikusi;
harri zaitezte, harritu!
Gertatzeko baitago zerbait:
ez zenukete sinetsiko ere
kontatuko balizuete.

6
Horra,
babiloniarrak jaikiaraziko ditut,
herri bihotz-gogor eta ausarta.
Bazterrik bazter dabiltza munduan,
besteren lurraldeak
berentzat hartuz.

7
Herri izugarri eta ikaragarria:
berak ezartzen ditu
legea eta nagusitza.

8
Haren zaldiak
lehoinabarrak baino bizkorrago,
gauez ateratzen diren
otsoak baino amorratuago.
Haren zaldunak lasterka datoz,
urrutitik, hegan,
arranoa harrapakinaren
gainera bezala.

9
Hor datoz denak
gogorkeriaz beterik,
aurpegia beti aurrera ;
itsas hondarra bezainbat preso
egiten dute.

10
Erregeak isekaz darabiltzate,
handikiei irri egiten.
Gotorlekuek barregura
ematen diete,
ondoan lur-pilak eginez
hartzen baitituzte.

11
Haizea bezala, batera nahiz bestera,
aurrera doaz.
Indarra dute beren jainko ».

12
Ez ote zara zu, Jauna,
betidanik nire Jainko santu,
heriotzaren garaile ?
Jauna, nire harkaitza,
zeuk hartu dituzu babiloniarrok
zeure epaia betetzeko,
zeuk eman diezu indarra
gu zigortzeko.

13
Garbiegi dituzu begiak
gaiztakeria aurrean edukitzeko,
jasanezineko duzu zapalketa.
Nolatan zaude, bada,
maltzur horiei begira?
Nolatan isilik, gaiztoak zintzoa
irensten duen bitartean?

14
Itsasoko arrain
edo nagusi gabeko narrasti bailiran
darabiltzazu gizakumeak.

15
Nola amuak arraina,
hala dute babiloniarrek
jendea harrapatzen:
sareetara erakarri
eta biltzen dituzte.
Orduan jai egiten dute
pozez jauzika.

16
Sakrifizioak
eskaintzen dizkiete sareei,
intsentsua erretzen,
janari gozo eta oparoa
eman dietela eta.

17
Behin eta berriz sareak hustuz,
herriak gupidagabe hiltzen
jarraituko ote dute?

2

1

Neure guardia-postuan egongo naiz,
neure dorrean zutik,
Jaunak zer esaten didan zain,
nire kexari zer erantzuten
ote dion zain.

2
Jaunak honela erantzun zidan:
«Idatzi agertuko dizudana,
ezarri taulatxoetan,
erraz irakurtzeko eran.

3
Ikuskari hau ez da beteko,
epea burutu arte,
baina badoa helbururantz,
ez du huts egingo.
Luzatzen bada, zuk itxaron,
iritsiko baita,
berandu gabe iritsi ere.

4
Harroak ez du bakerik bere baitan ;
zintzoa, ordea,
bere leialtasunari esker biziko da».

5
Benetan, ardoa engainagarri da:
harroputz hori
ez da berearekin irtengo.
Herio Leizeak bezala
zabaltzen du aho-zuloa
eta Herioak bezain aseezina da.
Nazio guztiak beretzat hartzen ditu
eta herri guztiak menderatzen.

6
Baina herriek iseka egingo diote
eta koplak aterako, denek batera.
Hara zer esango duten:
«Zoritxarrekoa zu,
besteren ondasunez
aberasten zaren hori
—noiz arte?—,
zeure zorra gero eta astunago
egiten ari baitzara!

7
Gutxien uste duzula
altxatuko zaizkizu hartzekodunak;
iratzarriko dira
eta astin-astin egingo zaituzte.
Zeu izango zara orduan
haien harrapakin.

8
Zuk hainbat herriri
harrapatu diozun bezala,
hala harrapatuko dizute
beste herriek zuri.
Eta hori,
isuri duzun giza odolarengatik,
herrialdeei, hiriei
eta bertako jendeari
egindako gogorkeriengatik.


9
«Zoritxarrekoa zu,
zoritxarrari ihes egin ustez
etxea bidegabeko irabaziz
aberastu duzun hori,
gordeleku segurua
eduki ahal izateko!

10
Zeure etxea lotsagarri
uztea lortu duzu;
hainbat herri suntsituz,
zeure burua galdu duzu.

11
Hormetako harriek ere
oihu egingo dute zure aurka,
eta zurezko habeek
oihartzun egingo diete.


12
«Zoritxarrekoa zu,
hiriak odol-isurketaz jasotzen
eta herriak bidegabekeriaz
handitzen dituzun hori!

13
Hauxe baitu erabaki
Jaun ahalguztidunak:
herrien lanak desegin ditzala suak,
haien ahaleginak
gerta daitezela alferrikako.

14
Bai, nola urak itsasoa,
hala beteko du lurra
Jaunaren aintzaren ezagupenak.


15
«Zoritxarrekoa zu,
ardo pozoitua edanaraziz
auzokoak mozkortzen dituzun hori,
horrela haiek
larrugorrian agerrarazteko!

16
Lotsaz bete zara, ez ohorez;
edan zuk ere,
eta agertu larrugorrian.
Jaunak bere haserre-kopatik
edanaraziko dizu
eta lotsa izango duzu ohore ordez.

17
Bai, Libanori egin zenion
gogorkeriak
azpian hartuko zaitu.
Egin zenuen abere-hilketak
izu-ikara emango dizu.
Eta hori,
isuri duzun giza odolarengatik,
herrialdeei, hiriei
eta bertako jendeari
egindako gogorkeriengatik.


18
«Ba al du zentzurik
artisauak idoloa egiteak,
metal urtuzko irudi
eta gezur-bide huts delarik?
Ba al du zentzurik artisauak
berak eginiko idolo mutuei
fede emateak?


19
«Zoritxarrekoa zu,
egur-puska bati: “Esna zaitez!”
eta harri mutuari: “Jaiki!”
esaten diezun hori!
Agertuko ote dizute horiek
mezurik?
Urrez eta zilarrez
jantziak daude, bai,
baina beren baitan ez dute
bizi-arnasarik.

20
Jauna, ordea,
bere tenplu santuan dago:
bego isilik lur osoa haren aurrean!»

3

1

Habakuk profetaren otoitza. Erosta-doinuan .

2

Entzun dut, Jauna, zure berri;
ikaraturik nauka, Jauna,
zuk egindakoak.
Berrizta ezazu gure garaiotan,
ezagutarazi gure garaiotan.
Haserre bazaude ere,
ez ahaztu errukior zarela.

3
Teman aldetik dator Jainkoa,
Paran menditik Jainko santua.
Haren handi-ospeak
estalia du zerua,
haren gorespenez betea da lurra.

4
Haren argia
eguzkia bezain distiratsu;
haren eskuei distira darie,
han baitauka gordea bere indarra.

5
Izurritea doa haren aurretik,
sukarra zabaltzen haren ondoren.

6
Hura gelditu
eta dardara dagi lurrak,
hark begiratu eta ikara dira herriak.
Hauts bihurtzen dira
antzinako mendiak,
gainbehera amiltzen
aspaldiko muinoak,
haren betidaniko ibilbideak.

7
Kuxandarren oihal-etxolak
deseginak ikusi ditut,
madiandarren oihal-txabolak
astindurik.

8
Ibaien aurka al zaude, Jauna,
ibaien aurka al zaude haserre,
itsasoaren aurka sumindua,
zeure zaldien gainean eseria,
gurdien gainean garaile zoazela?

9
Gertu daukazu uztaia,
prestaturik gezi ahaltsuak .
Zuk lurra ebaki
eta errekak sortzen dira.

10
Zu ikusi,
eta dardara dagite mendiek.
Euri-jasak dira goian-behean,
orro dagi itsasoak,
olatu handiak harrotuz .

11
Eguzki-ilargiak
beren gordelekuan geldi,
zure geziek alderik alde
distira egitean,
zure lantza distiratsuak argi egitean.

12
Sumindurik zoaz lurrean zehar,
haserre dituzu nazioak zapaltzen.

13
Zeure herria salbatzera atera zara,
zeure aukeratua salbatzera.
Gaiztoaren alderdiari
burua hautsi diozu,
alderdi osoa
orpotik leporaino desegin duzu .

14
Haien buruzagiak
beren geziz zulatu dituzu,
eraso batean gu sakabanatzera,
gizagaixo bat
ezkutuan irenstera bezala,
pozik zetozenean .

15
Itsasoa zaldiz zeharkatu duzu,
ur handiak harrotuz.


16
Entzun dudanean,
ikarak hartu dit barrua.
Zarata aditzean,
dardaraz ditut ezpainak.
Ahulezia sartu zait hezurretaraino,
koloka ditut oinak.
Geldi nago ni, egun larriaren zain,
zapaltzen gaituen herriari datorkion
egunaren zain.

17
Pikondoak ez du pikurik,
ezta mahastiak ere fruiturik.
Olibondoak huts egin du,
soroek uztarik ez.
Artegian ez dago ardirik,
ezta ukuiluan ere abererik.

18
Hala ere, alai nago ni Jaunarekin,
pozaren pozez
salbatzaile dudan Jainkoarekin.

19
Jainko Jauna dut neure indar,
basahuntzaren arintasuna
eman die nire zangoei
eta gainez gain nau ibilarazten.

Koru-zuzendariari. Zitaraz laguntzeko .