1

1

Hona hemen Niniveri buruzko mezua, Jaunak Nahum elkoxtarrari agertu ziona.

2

Jauna, Jainko espatsu
eta mendekatzailea da.
Bai, mendekatzailea da Jauna,
zorrotza haren haserrea.
Jauna mendekatu egiten da
bere etsaien kontra,
eutsi egiten dio
arerioenganako haserreari.

3
Haserregaitza da Jauna,
baina ahalmen handikoa,
eta ez du erruduna
zigorrik gabe uzten.
Ekaitza eta haize-erauntsia
sortzen ditu ibiltzean;
bere oinez harrotzen duen hauts
dira lainoak.

4
Jaunak itsasoari mehatxu egin
eta itsasoa lehortu,
ibai guztiak agortu.
Gorri geratzen dira
Baxango larreak eta Karmel gaina,
Libano loratua zimel.

5
Hura agertzean,
dardaraz jartzen dira mendiak,
koloka muinoak;
haren aurrean
ikaratu egiten da lurra,
baita mundua
eta bertan bizi direnak ere.

6
Nork iraun zutik
haren suminaren aurrean?
Nork egin aurre
haren haserre biziari?
Sua bezala isurtzen da
haren sumina,
eta harkaitzak zartatu egiten
haren aurrean.

7
Ona da Jauna,
gordeleku larrialdi-egunean.
Arretaz hartzen ditu
babes eske doazkionak,

8
urek gainezka egiten dutenean.
Baina suntsitu egiten ditu
aurka dabilzkionak ,
ilunpetara botatzen etsaiak.

9
Zer asmo darabilzue
Jaunaren aurka?
Etsaiak erabat ezerezten ditu hark:
ez dira bi aldiz altxatuko.

10
Nahaspilaturik dauden
laharren antzeko dira,
mozkortzeraino edanak daude;
belar iharra bezala
erabat erreko dituzte .

11
Ninive, zuregandik atera da
Jaunaren aurka
asmo txarrak darabiltzana,
burutazio gaiztoak dituen gizona .

12
Honela diotsa Jaunak Judari:
«Zure etsaiak,
indartsu eta ugari badira ere,
garbitu egingo dituzte,
galdu egingo.
Makurrarazi zaitut, bai,
baina ez zaitut gehiago
nahigabetuko;

13
orain hautsiko dut
zapaltzen zaituen uztarria,
orain apurtuko zure kateak».

14
Zure aurka, ordea,
Niniveko errege,
hauxe erabaki du Jaunak:
«Ez duzu izango
zeure izeneko ondorengorik.
Birrindu egingo ditut
zure jainkoen etxeetan
zurezko eta metalezko idoloak.
Zure hilobia prestatzen ari naiz,
deus ere ez zara-eta
nire aurrean».

2

1

Hona non datorren
mendi gainetan
bakearen berri ona
dakarren albistaria.
Ospatu zeure jaiak, Juda,
bete zeure promesak.
Gaizkilea ez da gehiago
zuregana etorriko,
zeharo ezereztua gelditu baita.

2
Ninive, badator zure aurka
hondatzailea;
zaindu dorreak,
egin guardia bideetan!
Egon prest gudurako,
bildu zeure indar guztiak!

3
Jaunak berriro jasotzen du
Jakoben ondorengoen handitasuna,
Israelen ospea;
mahastia bezala larrutu zuten
harrapariek,
mahats-aihenak soilduz.

4
Ezkutu gorriak dituzte
etsaien gudariek,
purpurazko jantziak gerlariek.
Suaren distira dute guda-gurdiek
gerrarako prest daudenean.
Dar-dar dagite lantzek.

5
Guda-gurdiak arrapaladan doaz
kale eta plazetan barrena,
zuzi piztuak bezala,
tximista bezain bizkor.

6
Niniveko erregea
gudalburuei mintzo zaie ,
beren lasterrean
behaztopaka doaz hauek.
Etsaiak korrika doaz
harresien aurka,
beren ezkutuez babesturik.

7
Ibai aldeko ateak
indarrez behartzen dituzte,
eta errege-jauregia
menpean hartzen.

8
Jainkosaren irudia hartu
eta atzerrira daramate;
haren zerbitzariak
usoak bezala dabiltza
urrumaka eta bular-joka.

9
Urez beteriko putzua zen
Ninive;
orain ihesi doazkio ur guztiak.
«Geldi, geldi zaitezte!»
Baina ez dira itzultzen.

10
«Harrapa zilarra, harrapa urrea!»
Neurrigabeak dira
hango ondasun
eta gauza baliotsuak.

11
Dena larrutua, erraustua,
porrokatua!
Adore galdurik bihotzak,
koloka belaunak,
dardaraz gerriak,
zurbil aurpegiak.

12
Non da lehoiaren haitzulo
zen hiria?
Han hartzen zuten
lehoikumeek beren jana.
Lehoia janari bila joaten zenean,
inoren beldurrik ez lehoikumeek.

13
Lehoiak harrapatzen
eta zatitzen zuen ehizakia
lehoi eme eta kumeentzat,
harrapakinez betetzen zuen
bere haitzuloa.

14
Honela dio Jaun ahalguztidunak:
«Ninive, hona ni zure aurka:
errauts eta ke bihurtuko ditut
zure lehoikumeak.
Erauzi egingo ditut lurretik
zure harrapaketak
eta ez da gehiago entzungo
zure mandatarien ahotsik».

3

1

Zoritxarrekoa zu, hiri odolzalea,
maltzurkeriaz eta indarkeriaz betea,
beti harrapakin bila zabiltzana!

2
Horra hor zigor-zartadak,
gurpilen zarata-hotsa,
zaldien zalaparta,
guda-gurdien trinki-tranka!

3
Zaldizkoen oldarra,
ezpaten distira,
lantzen tximistak!
Zaurituak pilaka,
hilak metaka,
hilotzak ezin konta ahala!
Hilotzetan estropezu egiten da.

4
Ninive,
gehiegikeriez beteriko emagaldua,
sobera ederra
eta sorginkeriatan iaioa!
Bere lohikeriez
nazioak menderatzen zituen,
bere sorginkeriez herrialdeak.

5
Horregatik,
honela dio Jaun ahalguztidunak:
«Hona ni zure aurka:
gonak aurpegiraino jasoko dizkizut,
biluzik agerraraziko zaitut
herrien aurrean,
lotsagarri erreinuen aurrean.

6
Zikinez estaliko zaitut,
eta laidoz beteko
denen begi aurrean.

7
Ikusiko zaituzten guztiak
aldendu egingo zaizkizu, esanez:
“Xehatua gelditu da Ninive;
nor errukituko zaio?
Non aurkituko
kontsolatuko duenik?”»

8
Tebas baino gehiago zarela
uste al duzu?
Nilo ibaiaren adarren erdian
zegoen,
erabat urez inguratua;
ibaia zuen harresi.

9
Nubia eta Egiptoko
indar neurtezinak
zituen euskarri,
Put eta Libiako herriak laguntzaile.

10
Baina Tebas ere erbestera
gatibu eraman zuten,
haren haurrak
kale-bazter guztietan sarraskitu,
handikiak
menderatzaileen artean banatu
eta buruzagiak katez lotu.

11
Ninive,
zu ere edari saminez aseko zara,
zeure burua gorde
egin beharko duzu;
babes bila ibiliko zara,
etsaiengandik ihesi.

12
Piku helduen antzeko dira
zure gotorleku guztiak:
pikondoa astindu orduko
behera datoz,
jango dituztenen ahora.

13
Begira,
zure gudariek emajende dirudite;
zure lurraldeko ateak
zabal-zabalik daude
etsaien aurrean,
suak irentsi ditu sarrailak.

14
Pilatu behar adina ur
setiatuko zaituztenerako;
sendotu gotorlekuak;
ekarri lokatza, oratu buztina,
eta prestatu adreilu-moldeak.

15
Han irentsiko zaitu suak,
han galduko ezpatak;
erabat irentsiko zaituzte,
matxinsaltoak hostoa bezala.
Matxinsaltoak bezala ugaldu zarete.

16
Zeruko izarrak hainbat
ugaritu dituzu
zeure merkatariak.
Baina orain desagertu dira,
hegoak zabaldu
eta hegaz doazen
matxinsaltoak bezala.

17
Zure buruzagiak
matxinsaltoak bezala dira,
zure gobernariak zomorroak bezala:
egun hotzean
hormetan kokatzen dira
eta eguzkiak berotzean ihesi doaz,
aztarnarik ere utzi gabe.

18
Asiriako errege,
zure gobernariak loak hartu ditu,
zure gudalburuak
ez dira gehiago mugitzen,
zure gudarostea
mendietan sakabanatua dabil,
eta ez da hura bilduko duenik.

19
Zure hondamendiak
ez du erremediorik,
ez zure zauriak sendabiderik.
Zure zoriaren berri
entzuten duten guztiak
txaloka ari dira pozez.
Izan ere, ba ote da inor munduan
zure gaiztakeria jasan
ez duenik?