1

1

Hona hemen Jaunak, Jotam, Akaz eta Ezekias Judako errege zirela, Morexet-eko Mikeasi zuzendu zion mezua, Samaria eta Jerusalemi buruz agertu ziona.

2

Entzun, herri guztiok,
adi egon,
lurra eta bertan bizi zaretenok!
Jainko Jauna
zuen aurka testigatzera dator,
Jauna bera, bere tenplu santutik.

3
Horra,
Jaunak bere bizitokia utzi du,
jaitsi eta gailurretan barrena doa.

4
Haren oinazpian
mendiak urtzen dira,
argizaria suarekin bezala;
haranak zartatzen dira,
ura maldan behera
amiltzean bezala.

5
Eta hori guztia
Jakoben ondorengoen
errebeldiagatik,
Israelgo erreinuaren bekatuagatik.
Nork daramatza
Jakoben ondorengoak errebeldiara?
Ez ote Samaria hiriburuak?
Nork darama Juda
muinoetako sasikultura ?
Ez ote Jerusalemek berak?

6
Horregatik, honela dio Jaunak:
«Samaria, landako harri-pila
bihurtuko dut, mahasti-lur;
bertako harriak
haranera amilduko ditut,
eta oinarriak agirian utziko.

7
Haren idolo guztiak
apurtu egingo dituzte,
oparitan irabaziak sutan erre,
irudi guztiak xehatu;
emagaldu sakratuen irabaziez
pilatu zituztenez gero,
beste prostituzio batzuk
ordaintzeko erabiliko dituzte».

8
Horregatik,
negar eta erosta egingo dut,
oinutsik eta biluzik joango naiz;
basatxakurrak bezala
uluka ariko naiz,
ostrukak bezala intzirika.

9
Sendaezina benetan
Samariaren zauria!
Judara ere
iristear dago hondamendia,
nire herriko atea jotzeraino,
Jerusalemeraino.

10
Ez iragarri hau Gateko jendeari,
ez adierazi negarrez zaudetenik.
Iraulka zaitezte hautsetan
Bet-Leafran.

11
Zoazte hiritik, Xafirko jendeok,
biluzik eta lotsaz beterik.
Tzaanango jendea
ez da hiritik aterako.
Dolu dagite Bet-Etzelgoek,
ez baitute laguntzarik izango.

12
Maroteko jendeak
zoriona espero zuen;
Jaunak, ordea, zoritxarra bidali du
Jerusalemgo ateetaraino.

13
Jarri zeuen ustea
zaldi eta guda-gurdietan,
Lakixen bizi zaretenok;
zuek eraman zenuten
Jerusalem bekatura,
Israelen antzera
errebelatu baitzineten.

14
Zapuztu ezazue Morexet-Gat hiria.
Akzib hiriaren laguntza
ustel aterako zaie Israelgo erregeei.

15
Marexan bizi zaretenok,
bidaliko dizue Jaunak berriro
menderatuko zaituztena.
Israelgo buruzagi ospetsuak
Adulamgo haitzuloan
babestuko dira.

16
Jerusalemgo jendea,
moztu ilea, soildu burua
hain maite dituzun
zeure seme-alabengatik;
soildu ezazu kaskoa saiarena bezala,
erbesteratu egingo baitituzte
zuregandik urruti.

2

1

Zoritxarrekoak
egintza gaiztoak asmatzen
gaua eman,
eta, ahalmena dutenez gero,
eguna argitzeaz batera,
burutzen dituztenak!

2
Lurrak gutiziatzen dituztela?
Lapurtu egiten dituzte.
Etxeak irrikatzen dituztela?
Hartu egiten dituzte.
Indarrez hartzen dute nagusia,
bere familia eta etxaldearekin.

3
Horregatik, honela dio Jaunak:
«Hara, zorigaitza darabilt gogoan
jende horren kontra;
ezin izango dute handik lepoa atera,
ezta burua tente ibili ere,
zorigaitz-egunak izango baitira».

4
Egun hartan,
bertsoak aterako dizkizuete,
eta eresi hau kantatuko:
«Zeharo larruturik gaude!
Jaunaren herriaren ondarea
arrotzen eskuetara joan da;
nolatan kendu diote gero?
Sinesgabeen artean
banatzen dituzte gure soroak».

5
Jaunaren batzarrean herri-ondarea
berriro banatzerakoan,
ez du zuetariko inork
parterik izanen.

6
Jendeak esaten dit:
«Utzi hitzaldi txoro horiek,
ez horrelako hitzaldirik;
zoritxarrak ez gaitu joko.

7
Madarikatua ote Israel herria?
Bukatu ote da, bada,
Jaunaren eroapena?
Hori ote haren jokaera?
Ez al dio onginahiz hitz egiten
zuzen dabilenari?»

8
Baina Jaunak honela dio:
«Lehen nire herria
etsaiaren aurka jaiki ohi zen;
orain, soingainekoa kentzen diezue,
gerratik itzultzean,
lasai igarotzen direnei.

9
Zapuztu egiten dituzue
nire herriko emakumeak,
eta bota
hain maite dituzten etxeetatik.
Hauen haurrei
betiko kentzen diezue
eman diedan ohorea .

10
Alde, zoazte toki honetatik,
ez baituzue hemen
atsedenik izango!
Kutsatu egin duzuenez ,
izugarrizko hondamendiak joko du.

11
Eman dezagun,
“Ardoa eta pattarra
ugari emango dizut”
esaka ari dela norbait;
horrelako mezu hutsal
eta gezurrezkoa lekarkeena
izango litzateke
herri honek merezi duen profeta!

12
«Oso-osorik bilduko zaitut,
Jakoben herri;
batu egingo ditut, Israel,
zure baitan bizirik geldituak.
Ardiak eskortan bezala,
artaldea barrutian bezala,
batuko zaituztet,
eta berriro entzungo da
jendearen zarata-hotsa ».

13
Jauna joango zaie aurretik
bidea irekiz;
indarrez bidea ireki,
hiriko ateetatik igaro
eta libre aterako dira.
Jaunak, beren erregeak,
gidatuko ditu.

3

1

Zuei diotsuet,
Jakoben ondorengoen buruzagioi,
Israelgo agintarioi:
«Ez al dagokizue zuei
zuzenbideaz arduratzea?

2
Baina ez: ongia gorroto
eta gaizkia maite duzue.
Larrua kentzen diozue jendeari,
eta hezur hutsetan uzten».

3
Nire herriaren haragia jaten dute,
larrua kentzen diote,
eta hezurrak apurtzen;
eltzerako haragia bezala
puskatzen dute,
lapikorako okela bezala.

4
Beraz, Jaunak ez die entzungo,
oihu egingo diotenean;
aurpegia gorde egingo die orduan,
beren egintza gaiztoengatik.

5
Honela dio Jaunak
nire herria desbideratzen duten
profetei buruz:
«Jatekoa ematen dietenei
bakea iragartzen diete;
ahora ezer ematen
ez dietenei, berriz, gerra santua.

6
Horregatik, ikuskarien ordez
gau beltza izango dute,
igarpenen ordez iluna.
Eguzkia sartu egingo da
profeta horientzat,
eta eguna ilundu».

7
Ikusleak lotsatu egingo dira,
igarleak ahalkez gorrituko;
ahoa itxi egingo dute denek ,
ez baitute
Jainkoaren erantzunik izango.

8
Ni, ordea,
Jaunaren espirituaz betea nago,
haren indar, zuzentasun
eta kemenaz betea,
Jakoben ondorengoei
beren errebeldia
eta Israeli bere bekatua adierazteko.

9
Entzun hau,
Jakoben herriaren buruzagiok,
Israelgo agintariok,
zuzentasuna higuintzen
eta zuzenbidea okertzen duzuenok:

10
odolaz eraikitzen duzue Sion,
bidegabekeriaz Jerusalem.

11
Buruzagiek eskupekoaren truke
epaitzen dute,
apaizek soldatagatik irakasten,
profetek diru-ordainetan iragartzen;
eta, halere,
Jaunarengan babesten dira, esanez:
«Ez al dugu, bada, Jauna geurekin?
Zoritxarrak ez gaitu joko».

12
Horregatik, zuen erruz,
goldalur bihurtuko da Sion,
harri-pila Jerusalem,
baso tenpluaren mendia.

4

1

Azken egunetan,
Jaunaren etxea dagoeneko mendia,
beste mendien gain
ezarriko du Jaunak,
mendixka guztien gainetik jasoko.
Eta hara joko dute herriek.

2
Nazio asko joango dira hara, esanez:
«Zatozte,
igo gaitezen Jaunaren mendira,
Jakoben Jainkoaren etxera;
bere bideak erakutsiko dizkigu,
eta gu haren bidexketan ibiliko gara;
Siondik irakatsiko baitu Jaunak,
Jerusalemdik hitz egingo».

3
Hark herri asko epaituko ditu,
nazio indartsuen auziak erabakiko,
baita urrutikoenenak ere.
Ezpatak golde bihurtuko dituzte
eta lantzak igitai.
Ez da naziorik
nazioren kontra altxatuko,
ez dira gehiago
gudurako prestatuko.

4
Nor bere mahats-parrapean
eseriko da,
bere pikondopean,
inoren beldurrik gabe.
Honela agindu du
Jaun ahalguztidunak.

5
Beste herri guztiak
nor bere jainkoaren
esanera dabiltza;
gu, ordea, Jaunaren,
geure Jainkoaren, esanera
ibiliko gara menderen mendetan.

6
Honela dio Jaunak:
«Egun hartan,
ardi herrenak bilduko ditut,
nik gogor erabili
eta sakabanatuak batuko.

7
Herren eta sakabanatu hauekin,
bizirik geldituekin,
herri indartsua egingo dut.
Eta ni, Jauna,
errege izango naute Sion mendian,
orain eta beti.

8
Eta zuri, artzain-dorre,
Sion hiriko gotorleku horri,
berriro itzuliko zaizu
antzinako agintea,
zuri, Jerusalem hiriburu,
lehen zenuen erregetza».

9
Baina orain,
zer duzu horrela oihu egiteko,
erdiminetan dagoena
bezala egoteko?
Erregerik gabe zaude, ezta?
Kontseilaria hil zaizu.

10
Bihurritu zaitez, bai,
egin aiene, Siongo herri,
emakumeak erdiminetan bezala;
orain hiritik aterako baitzarete
eta landan biziko.
Babiloniara joango zarete,
baina han salbatuko zaituzte
Jaunak,
zeuen etsaien eskuetatik askatuko.

11
Orain, nazio asko bildu dira
zure aurka; hau diote:
«Profanatua izan bedi;
poz bitez gure begiak,
Sion horrela ikusiz».

12
Baina ez dituzte
Jaunaren asmoak ezagutzen,
ezta ulertzen ere haren burubideak;
izan ere, larrainean gari-balak bezala
bildu ditu Jaunak nazioak,

13
eta Siongo herriari esaten dio:
«Ea, jo alea.
Burdinazko adardun
eta brontzezko azkazaldun
idia bezain indartsu egingo zaitut.
Herri asko birrinduko dituzu,
eta haiei harrapatutako ondasunak
Jaunarentzat,
lur osoaren Jabearentzat,
sagaratuko dituzu ».

14
Baina orain, prestatu borrokarako,
hiriko gudari-talde hori .
Etsaiek setiatu gaituzte.
Makilaz masailean jotzen dute
Israelgo agintaria.

5

1

Honela dio Jaunak:
«Zu, Belen Efrata ,
Judako leinuetan
txikienetakoa zara;
baina zuregandik aterako da
Israelen aginduko duena.
Aspaldikoa du jatorria,
antzina-antzinakoa».

2
Bitartean,
bertan behera utziko du
Jaunak bere herria,
ama izan behar duenak
haurra izan arte.
Orduan, atzerrian
bizirik gelditutako senideak
Israelgoekin elkartuko dira.

3
Buru berriak
Jaunaren indarrez
gidatuko du herria,
Jaunaren, bere Jainkoaren,
izen handia agertuz.
Lasai biziko da herria,
handi agertuko baita hura
lurraren mugetaraino

4
eta bakea ekarriko baitu.
Asiria gure lurrera baldin badator,
gure jauregiak zapaltzera,
buruzagi ugari aterako ditugu
haren aurka.

5
Armaz menderatuko dituzte
Asiria eta Nimroden lurraldea;
askatu egingo gaituzte
asiriarren eskutik,
hauek gure lur-mugetan sartu
eta gure lurraldea
zapalduko balute.

6
Bizirik geldituriko israeldarrak,
Jaunak bidaltzen duen
ihintza bezala,
belardira jaisten den
euri-lanbroa bezala
izango dira herri askoren artean:
ez dira gizakiaren esku egongo,
ez dute itxaropena
gizakiagan jarriko.

7
Bizirik geldituriko israeldarrak,
herri askotan sakabanatuak,
lehoia basapiztien artean bezala,
lehoikumea ardien artean bezala
izango dira:
edonon sartzen direlarik,
harrapatu eta txikitu egiten dute,
eta ez da inor
haien eskutik libratuko.

8
Bai, jaso eskua
zeuen etsaien aurka,
eta denak ezereztuak
gertatuko dira.

9
Honela dio Jaunak:
«Egun hartan,
ezereztuko ditut zure zaldiak,
eta guda-gurdiak suntsituko.

10
Ezereztuko ditut
zure lurraldeko hiriak,
eta zure gotorleku guztiak
erraustuko.

11
Kenduko dizkizut eskuetatik
aztikeria guztiak,
eta aztirik ez duzu
aurrerantzean izango.

12
Ezereztuko ditut
zure idolo eta zutarri sakratuak
eta zure eskulanen aurrean
ez zara gehiago ahuspeztuko.

13
Erauziko ditut
zure zutoin sakratuak ,
eta zure hiriak erraustuko.

14
Haserre-suminez mendekatuko naiz
esana egin ez didaten nazioez».

6

1

Entzun zer esan didan Jaunak:
«Ea, hasi nire auzia,
hartu mendiak lekuko,
adi bezate muinoek zure ahotsa!»

2
Entzun, mendiok, Jaunaren auzia,
entzun,
lurraren betiereko oinarriok;
auzitan ari baita Jauna
bere herriarekin,
salaketan Israelekin:

3
«Ene herri, zer egin dizut nik zuri,
zertan izan natzaizu nekagarri?
Erantzun, mesedez!

4
Nik igoarazi zaitut
Egipto lurraldetik,
nik askatu esklabotzatik;
nik bidali ditut Moises,
Aaron eta Miriam
zure aurrean gidari.

5
Ene herri, gogora ezazu
zer asmo gaizto zerabilen
Moabeko errege Balakek,
eta zer erantzun zion
Beor-en seme Balaamek;
gogoratu
Xitimdik Gilgal bitartean
gertatutakoak,
horrela aitor dezazun
zu salbatzeko nik egindako guztia».

6
Zerekin agertuko naiz
Jaunaren aurrean?
Zerekin,
Jainkoari gurtza ematerakoan?
Urteko zekorrak
ekarriko ote dizkiot
erre-oparitzat?

7
Zer du Jaunak atsegin?
Ahariak milaka eskaintzea?
Olioa ibaika isurtzea?
Lehen-semea eskaini behar ote diot
neure errebeldiaren ordain?
Sabeleko fruitua,
neure bekatuaren
barkamena eskatzeko?

8
Gizaki hori,
irakatsi zaizu zer den ona,
zer nahi duen Jaunak zuregandik.
Hauxe: zuzenbidez jokatzea,
on izaten saiatzea,
eta zure Jainkoarekin
apaltasunez bizitzea.

9
Deika ari zaio Jauna hiriari
—zentzuzkoa da
hari begirune izatea—:
«Israelgo leinu eta herriko batzar,
entzun !

10
Jasan behar ote ditut
gaiztoaren etxea eta ondasunak,
okerbidez eta sasineurri
madarikatuz sortuak?

11
Ontzat eman ote dezaket
okerreko pisuak
eta neurri faltsuak erabiltzea?

12
Hiri honetako aberatsek
gogorkeriara jotzen dute;
hemengo bizilagunak
gezurra dariela mintzo dira,
maltzurkeria besterik ez dute ahoan.

13
Horregatik,
nik ere zigorrez jotzen zaitut,
zure bekatuengatik hondatu egiten.

14
Jan, bai, jango duzu, baina ase ez;
goseak erreko zaitu.
Zerbait gorde nahiz ibiliko zara,
baina ezin;
eta zerbait gordeko bazenu ere,
ezpataz suntsituko nuke.

15
Erein, bai, ereingo duzu,
baina uztarik bildu ez;
oliba-alea zapaldu, bai,
baina zeure burua gantzutu ez;
mahatsa zapaldu, bai,
baina ardorik edan ez.

16
Omri erregearen aginduak
eta Akaben familiaren ohiturak
gordetzen dituzu:
haien esanetara zabiltza.
Horregatik,
zuen hiria hondatua utziko dut
eta bizilagunak lotsa gorrian.
Nire herriaren lotsaizuna
jasan beharko duzue».

7

1

Ai ene!
Uzta bildu ondoren
hondarren bila doanari bezala
gertatzen zait:
ez du mahats-mordorik aurkitzen,
ezta hain gogoko duen
goiz-pikurik ere.

2
Ez da lurralde honetan
gizon leialik gelditzen,
ezta gizartean gizon zuzenik ere:
denak odol-egarriz daude,
sarea jartzen dio batak besteari;

3
prest dituzte bi eskuak
kalte egiteko:
buruzagiak eta epaileak
eskupekoa eskatzen dute,
handikiek
beren diru-gosea adierazten;
eta bat datoz denak
nork berea egiteko .

4
Haietan onena, asuna bezalakoa;
zuzenena, sasia bezalakoa.

Baina badator kontuak hartzeko eguna,
zuen begirale profetak
iragarritakoa;
orduan,
estu eta larri sentituko zarete.

5
Ez fidatu lagun hurkoaz,
ezta adiskideaz ere;
kontuz zer esaten diozun
emazteari berari ere.

6
Izan ere, semeak aita iraintzen du,
alaba amaren aurka ateratzen da
eta erraina amaginarrebaren aurka.
Nork bere etxekoak ditu etsai.


7
Baina nik Jaunarengan ditut begiak,
salbatzen nauen Jainkoarengan
konfiantza;
entzungo dit, bai, Jainkoak.

8
Ez dadila poz etsaia
nire zoritxarraz:
erori banaiz ere, jaikiko naiz;
ilunpetan egonik ere, Jauna dut argi.

9
Jaunaren haserrea
jasan beharra dut,
haren aurka egin baitut bekatu;
baina laster erabakiko du Jaunak
nire auzia eta nire alde aterako da;
argitara eramango nau,
eta ikusi ahal izango dut
haren salbamena.

10
Hori ikustean, nire etsaia,
«Non duzu Jauna, zeure Jainkoa?»
esaten zidana bera,
lotsaz beteko da.
Neure begiz ikusiko dut etsaia
kaleko lokatza bezala zapaldua.


11
Jerusalem, badator zure harresiak
berreraikitzeko eguna,
zure mugak zabaltzeko eguna.

12
Egun hartan,
itsasoz itsaso eta mendiz mendi
etorriko zaizkizu
zeure seme-alaba sakabanatuak,
Asiriatik Egiptora
eta Nilotik Eufrates bitartekoak.

13
Beste lurraldeak, berriz,
hondamendi bihurtuko dira,
bertako bizilagunen erruz,
beraien egiteen ordainetan.

14
Larra ezazu, Jauna, artzain-makilaz
zeure herria, zeurea duzun artaldea;
bakarrik eta sastraka artean
bizi baita,
inguruan lur emankorrak
dituen arren.
Larra bedi Baxan eta Galaadeko
lur marduletan, antzina bezala.

15
Ikusarazi berari mirariak,
Egiptotik atera zenuen
egunetan bezala.

16
Ikusiko dituzte herriek
eta lotsatu egingo dira
beren indarraz;
hitzik gabe eta sorgor
geldituko dira.

17
Hautsa miazkatuko dute,
sugeek eta narrastiek bezala.
Dardaraz aterako dira
gordelekuetatik,
ikaraz joko dute Jaunarengana,
gure Jainkoarengana,
eta begirune izango diote.

18
Zein zu bezalako Jainkorik,
zeurea duzun herrian
bizirik geldituei
gaiztakeria barkatu,
haien errebeldiari ezikusia
egiten diozun hori bezalakorik?
Zure haserreak ez du beti irauten,
onginahia baituzu atsegin.

19
Berriro ere errukituko zara gutaz,
lurperatuko dituzu
gure gaiztakeriak,
eta itsas hondora botako
gure bekatu guztiak.

20
Horrela, zeure maitasun leiala
agertuko diezu
Jakob eta Abraham gure gurasoei,
aspaldiko egunetan
hitzeman zenien bezala.