1

1

Hona hemen Jainko Jaunak Edomi buruz ematen duen mezua, Abdiasi agertu bezala.

Jaunarengandiko deia entzun diogu
nazio artera bidalitako
mandatariari:
«Jaiki borrokara Edomen aurka!»

2
Hau dio Jaunak:
«Horra nik zu
nazioetan ahulena bihurtu,
guztientzat mespretxagarri.

3
Handiusteak engainatu zaitu.
Harkaitz artean bizi zarela eta,
leku garaietan kokatua zaudela eta,
inork ezin zaituela
lurrera bota uste duzu.

4
Arranoa bezala
altxatuko bazina ere,
habia izarretan egingo bazenu ere,
bota egingo zintuzket handik.


5
«Lapurrek edo gau-harrapariek,
zurean sartzen direlarik,
nahi dutena besterik
ez dute eramaten.
Mahats-biltzaileek,
zure mahastira datozelarik,
gutxienez hondarrak
uzten dituzte.
Zu, ordea,
erabat erraustua izango zara!

6
Oi zuek, Esauren ondorengook!
Bazter guztiak miatuko dizkizuete
eta aberastasunak harrapatuko.

7
Itun-lagunek
kanpora botatzen zaituzte
zeure lurraldetik,
zurekin bakean zeudenek
iruzur egin
eta azpian hartzen zaituzte,
mahaikide zenituenek
tranpa jartzen dizute hankapean.
“Galdua du zuhurtzia”, diote zutaz.

8
Bai, zigor-egunean
—hala diot nik, Jaunak—
galdu egingo ditut
Edomgo jakintsuak,
Esauren lurraldeko zuhurrak.

9
Temango gudariak
izuak hartuko ditu,
Esauren lurraldean
ez da inor bizirik geldituko.

10
«Zeure senideak ,
Jakoben ondorengoak,
gogorki erabili baitituzu eta hil,
lotsak estaliko zaitu,
behin betiko egingo du zureak.

11
Han zinen zu ere egun hartan,
atzerritarrek Israelgo gudarostea
preso hartu zutenean,
ateetan barrena sarturik,
Jerusalem zotz egin
eta banatu zutenean.
Haiekin bat egina
zeunden zu ere!


12
«Ez gozatu zeure anaien
ezbehar-egunean!
Ez poztu
Judako jendearen bizkarretik,
haren hondamendi-egunean!
Ez egin irri
beraren estualdi-egunean!

13
Ez sartu nire herriko hiriburuan
haren zoritxar-egunean!
Ez gozatu, zu behintzat,
haren atsekabeaz
beraren zoritxar-egunean!
Ez ezarri eskurik haren ondasunei
beraren zoritxar-egunean!

14
Ez egon zain irteeran,
ihesi doazenak hiltzeko.
Ez eman etsaiari bizirik geldituak
estualdi-egunean!

15
«Bai, gainean da nik, Jaunak,
nazio guztiak
zigortuko ditudan eguna.
Edom, zeuk besteei egina
egingo zaizu zeuri.
Zure egiteen ordaina
lepora botako dizute.

16
Bai, zuek, israeldarrok,
nire mendi santuan
zigor-kopatik edan zenuten bezala,
hala beharko dute edan
nazio guztiek etengabe,
azken hondarreraino edan ere.
Eta aztarnarik utzi gabe
galduko dira.

17
«Baina Sion mendian izango dira
bizirik geldituak,
eta toki santu izango da
hura berriro.
Jakoben ondorengoek
berriro eskuratuko dute
beren lurraren jabegoa.

18
Jakoben ondorengoak
su izango dira,
Joserenak gar;
Esaurenak , berriz, lasto.
Lastoa suak hartuko du
eta irentsiko.
Eta Esauren ondorengorik
ez da bizirik aterako».
Jaunak esan du.

19

Negeveko israeldarrek Esauren lurraldea hartuko dute; Lautadakoek Filistea, baita Efraim eta Samariako lurraldeak ere. Benjamindarrek Galaad hartuko dute.

20 Ipar Israelgo erbesteratuen gudarosteak kanaandarren lurra hartuko du Sareptaraino. Eta Jerusalemgo erbesteratuek, Sefaraden bizi direnek, Negeveko hiriak hartuko dituzte.

21

Garaile igoko dira Sion mendira, eta Esauren lurraldean agintea ezarriko dute.

Eta Jauna izango da errege!