1

1

Hona hemen Tekoa hiriko Amos artzainaren hitzak, Jaunak Israeli buruz agertu zizkionak, lurrikara baino bi urte lehenago, Judako errege Uzias zela, eta Israelgoa, berriz, Joaxen seme Jeroboam .

2 Hau zioen Amosek:

Orro dagi Jaunak Siondik,
deiadar Jerusalemdik;
larreak galduak dira,
Karmel gaina lehortua.

3
Honela dio Jaunak:
«Damasko herriak
gaiztakeriarik asko egin du,
zein baino zein handiago.
Eta beraz, zigortu egingo dut!
Galaad erabat txikitu baitute,
burdin arez bezala;

4
horregatik, su emango diot
Hazael errege-etxeari,
eta suak irentsiko ditu
Ben-Hadaden jauregiak.

5
Zatitu egingo ditut
Damaskoko hiri-morroiloak,
kendu Bikeat-Abendik
buruzagia,
kendu Bet-Edendik
aginte-makila duena,
eta Siriako herria Kir-era
erbesteratua izango da».
Jaunak esan du.

6
Honela dio Jaunak:
«Gaza herriak
gaiztakeriarik asko egin du,
zein baino zein handiago.
Eta beraz, zigortu egingo dut!
Herri osoak erbesteratu baititu,
edomdarren esku uzteko;

7
horregatik, su emango diet
Gazako harresiei,
eta bertako jauregiak
irentsi egingo ditu.

8
Axdod hiritik
kendu egingo dut buruzagia,
Axkelondik aginte-makila duena;
Ekron hiriaren aurka
jasoko dut eskua,
eta gainerako filistear apurrak
galdu egingo dira».
Jainko Jaunak esan du.

9
Honela dio Jaunak:
«Tiro herriak
gaiztakeriarik asko egin du,
zein baino zein handiago.
Eta beraz, zigortu egingo dut!
Jendetzak eman baitizkie gatibu
edomdarrei,
anaiarteko itun-hitzari eutsi gabe;

10
horregatik, su emango diet
Tiroko harresiei,
eta bertako jauregiak
irentsi egingo ditu».

11
Honela dio Jaunak:
«Edom herriak
gaiztakeriarik asko egin du,
zein baino zein handiago.
Eta beraz, zigortu egingo dut!
Ezpataz aurrean erabili baititu
bere anaia israeldarrak,
errukia itoz;
gogor eutsi dio suminari,
eten gabe gorrotoari;

12
horregatik, su emango diot
Teman hiriari,
eta Botzra hiriko jauregiak
irentsi egingo ditu».

13
Honela dio Jaunak:
«Amondarrek
gaiztakeriarik asko egin dute,
zein baino zein handiago.
Eta beraz, zigortu egingo ditut!
Galaadeko emakume haurdunei
sabela urratu baitzieten,
beren lurraldea
zabaldu ahal izateko;

14
horregatik, su emango diet
Raba hiriko harresiei,
eta bertako jauregiak
irentsi egingo ditu;
borrokaldikoan,
guda-garrasiak izango dira
eta ekaitz-egunean bezalako
zalaparta.

15
Haien erregeak
erbestera joan beharko du
bere buruzagi eta guzti».
Jaunak esan du.

2

1

Honela dio Jaunak:
«Moab herriak
gaiztakeriarik asko egin du,
zein baino zein handiago.
Eta beraz, zigortu egingo dut!
Edomgo erregearen hezurrak
profanatu baitzituzten,
erraustu eta kare bihurtu;

2
horregatik, su emango diot
Moab lurraldeari,
eta Keriot hiriko jauregiak
irentsi egingo ditu;
guda-garrasi
eta adar-hots artean
hilko dira moabdarrak;

3
berauen mugetatik
kendu egingo dut agintaria,
eta buruzagi guztiak
harekin batera hilko».
Jaunak esan du.

4
Honela dio Jaunak:
«Juda herriak
gaiztakeriarik asko egin du,
zein baino zein handiago.
Eta beraz, zigortu egingo dut!
Jaunak irakatsia gutxietsi baitute,
eta haren aginduak bete ez;
gurasoen sineskeria berberek
desbideratu dituzte judatarrak;

5
horregatik, su emango diot
Juda lurraldeari,
eta Jerusalemgo jauregiak
irentsi egingo ditu».

6
Honela dio Jaunak:
«Israel herriak
gaiztakeriarik asko egin du,
zein baino zein handiago.
Eta beraz, zigortu egingo dut!
Gizon zuzena
dirutan saltzen baitute
eta behartsua
oinetako pare baten truke;

7
jende xehea
lurreko hautsaren kontra
zapaltzen dute,
eta jende errukarriaren eskubidea
baztertzen.
Aita-semeak
neska bat berarekin dabiltza,
nire izen santua laidotuz.

8
Behartsuei bahitutako
soineko gainean
etzaten dira edozein kultu-lekutan,
eta bidegabekeriaz bildutako
ardoa edaten dute
beren Jainkoaren etxean.

9
Alabaina,
ene herri hori,
zuri bidea zabaltzeko
nik suntsitu nuen amortarra ,
zedroa bezain tantai
eta artea bezain sendo zena;
bota nizkion fruituak gainetik,
eta atera sustraiak azpitik.

10
Nik igoarazi zintuztedan
Egiptotik, eta basamortuan zehar
berrogei urtez gidatu,
amortarren lurraldeaz
jabe zintezten.

11
Profetak sorrarazi nituen
zuen seme-alaben artetik,
eta nazireuak zuen gazteen artetik.
Ez al da hala, israeldarrok?
Nik, Jaunak, galdegiten dizuet.

12
Baina zuek nazireuei
ardoa edanarazi diezue,
eta profetei
nire mezua ez zabaltzeko agindu.

13
Orain, bada,
nik zapalduko zaituztet,
gari-balaz bete-bete eginiko gurdiak
lurra zapaltzen duen bezala.

14
Bizkorrenak ere
ezin izango du ihes egin,
indartsuena
ezin izango da bere indarraz baliatu,
oldartsua
ez da bizirik aterako.

15
Arkulariak
ez dio bere buruari eutsiko,
oinezkoa ez da bizirik aterako,
ezta zaldizkoa ere.

16
Egun hartan,
gudari lehiatuenak ere
bertan behera utziko ditu armak,
ihes egin ahal izateko».
Jaunak esan du.

3

1

Entzun, Israelgo seme-alabok. Hona Jaunak zuen aurka, Egiptotik igoarazi zuen familia horren guztiaren aurka, adierazten duen mezua:

2

«Zuek bakarrik
hautatu zaituztet
lurreko familia guztien artetik;
horregatik, bada,
zuen bekatu guztien
kontua eskatuko dizuet».

3
Bi gizon elkarrekin
joango ote dira,
lehenik ados jarri ez badira?

4
Lehoiak oihanean
orrorik egiten ote du,
harrapakinik ez badu?
Lehoikumeak gordelekutik
marruma egiten ote du,
ezer harrapatu ez badu?

5
Txoririk erortzen ote da
lurrean jarritako sarean,
zer janik ez badu?
Sarea lurretik gora
tenkatzen ote da,
ezer harrapatu ez badu?

6
Jo al daiteke hirian adarra,
jendea asaldatu gabe?
Gerta al daiteke hirian zorigaitza,
Jaunak eragin gabe?

7
Ez, Jainko Jaunak ez du ezer egiten,
bere zerbitzari profetei
bere asmoa azaldu gabe.

8
Lehoiak orro dagi,
nor ez beldurtu?
Jaunak hitz dagi,
nork ez haren mezua zabaldu?

9
Aldarrikatu
Axdodeko jauregietan bizi direnei,
Egiptoko jauregietakoei:
«Bil zaitezte
Samaria inguruko mendietan,
eta ikusi hango nahaskeria ugariak,
zapalkuntza handiak».

10
Honela dio Jainko Jaunak:
«Ez dute zuzentasunaren senik.
Beren jauregiak
indarkeriaz lapurtutako ondasunez
betetzen dituzte.

11
Horregatik, bada,
etsaiak inguratuko du lurraldea,
zure babeslekuak lurreratuko ditu,
eta zure jauregiak hustuko».

12
Honela dio Jaunak:
«Artzainak lehoiaren ahotik
bi hanka edo belarri-zati bat
besterik askatzen ez duen bezala,
Israelgo seme-alaben artetik ere,
Samarian ohe dotoreetan etzanik
lasai bizi direnen artetik,
banaka batzuk besterik
ez dira salbatuko».

13
Honela dio
Jainko Jaun ahalguztidunak:
«Entzun eta izan lekuko
Jakoben ondorengoen aurka.

14
Israeli bere gaiztakerien kontua
eska diezaiodan egunean,
Betelgo aldarearen kontra
ekingo diot:
ertzak apurtuko dizkiot
eta lurrera botako.

15
Desegingo ditut
udako etxea eta negukoa.
Marfilez jantzitako etxeak
desagertuko dira,
eta jauregi bikainak ezereztuko».
Jaunak esan du.

4

1

Entzun hitz hau,
Samariako andreok,
Baxango behiak bezain
guri zaretenok:
jende xehea zapaltzen duzue,
behartsuak bidegabeki erabiltzen;
«Ekarri ardoa, edan dezagun»
agintzen diezue senarrei.

2
Zin hau egin du Jaunak
bere santutasunagatik:
«Badatoz egunak,
arrainak amuz bezala,
kakoan loturik
eramango zaituztetenekoak;
eraman,
baita gelditutako bakarrak ere.

3
Harresi-zuloetatik irtengo zarete,
bakoitzak bere aurrean
izango duenetik,
eta iparralderantz
jaurtiko zaituztete».

4
Honela dio Jainko Jaunak:
«Zoazte Betelgo santutegira
nire kontra errebelatzeko,
eta Gilgalera
zuen errebeldiak ugaritzeko;
eskaini goizero zeuen sakrifizioak,
eta hiru egunero hamarrenak;

5
eskaini legamiadun ogia
esker oneko oparitzat;
aldarrikatu
zeuen borondatezko eskaintzak,
horixe baituzue atsegin,
Israelgo seme-alabok».


6
Honela dio Jaunak:
«Gosea bidali dizuet hiri guztietara,
ogi-falta zeuen bizilekuetara.
Hala ere, ez zarete niregana itzuli.
Nik, Jaunak, esana.


7
«Euria ukatu dizuet
uztaroa baino hiru hilabete
lehenagotik ere;
hiri batean euria eginarazi dut
eta bestean ez;
etxalde batek euria hartu du,
eta bestea, euririk ezean,
lehortu egin da.

8
Jendea badoa herriz herri ur bila,
baina ez du behar adina aurkitzen.
Hala ere, ez zarete niregana itzuli.
Nik, Jaunak, esana.


9
«Haize erreaz eta gorrinaz jo ditut
zuen baratze eta mahastiak;
pikondo eta olibondoak
matxinsaltoak jan ditu.
Hala ere, ez zarete niregana itzuli.
Nik, Jaunak, esana.


10
«Izurria bidali dut zuengana
Egiptokoaren antzekoa.
Zuen gazteak ezpataz hilarazi ditut
eta zuen zaldiak etsaien esku utzi.
Zuen sudurretaraino igoarazi dut
hildakoen kiratsa,
guda-kanpalekuetan.
Hala ere, ez zarete niregana itzuli.
Nik, Jaunak, esana.


11
«Irauli egin zaituztet,
Sodoma eta Gomorra
irauli nituen bezala;
sutatik ateratako ilintiaren antzera
libratu zarete.
Hala ere, ez zarete niregana itzuli,
Nik, Jaunak, esana.


12
«Horregatik, bada,
zu zigortzera nator, Israel;
eta zigortzera natorkizunez gero,
presta zaitez
zeure Jainkoaren aurrean
agertzeko».


13
Jainkoa da
mendiak eratu dituena,
eta haizea sortu duena,
gizakiari bere burubideak
agertzen dizkiona,
ilunpea egunsenti bihurtzen duena,
mundu guztiaren gainetik dagoena.
Jauna du izena,
Jainko ahalguztiduna.

5

1

Entzun, Israel herri,
zuregatik abesten dudan
negar-kanta hau:

2
Israel neskatxa ederra erori da,
ez da gehiago jaikiko;
lur jota dago,
ez da altxatuko duenik.

3
Honela diotso Jainko Jaunak
Israel herriari:
«Gerrara mila gizon
bidaltzen dituen hiriari
ehun itzuliko zaizkio;
ehun bidaltzen dituenari, hamar».

4
Honela diotso Jaunak
Israel herriari:
«Etorri nire bila, bizi zaitezten.

5
Baina ez ibili nire bila Betelen,
ez joan Gilgalera,
ez jo Beer-Xebarantz ;
Gilgal erbestean galduko baita,
Betel ezereztu».

6
Ibili Jaunaren bila, bizi zaitezten.
Bestela, Joseren ondorengoen
gainera oldartuko da,
itzali ezineko suz
irentsiko du Betel.

7
Ai! Justizia samindura
bihurtzen dute,
eta zuzenbidea
hankapean erabiltzen.


8
Jainkoa da
izar-multzoak sortu dituena,
iluna egunsenti
eta eguna gau beltz
bihurtzen duena;
itsas urak biltzen
eta lur gainera isurtzen dituena.
Jauna du izena.

9
Berak xehatzen du indartsua,
berak hondatzen gotorlekuak.


10
Auzitegietan salatzen zaituztena
gorrotatzen duzue,
eta egia dioena gaitzesten.

11
Jende xehea larrutzen duzue,
gari-zerga ordaintzera behartuz.
Harlanduzko etxeak egin dituzue,
baina ez zarete berorietan biziko;
mahasti bikainak landatu,
baina ez duzue
berorien ardorik edango.

12
Ondo ezaguna dut
zuen errebeldien neurrigabea
eta zuen bekatuen astuna:
errugabea estutu duzue,
eskupekoa jaso,
auzitegian behartsuen
eskubidea baztertu.

13
Hori dela eta,
zuhurrak nahiago du isildu
gaiztoaldi honetan.

14
Bilatu ongia, ez gaizkia,
bizi zaitezten.
Orduan bai, zuekin izango da Jauna,
Jainko ahalguztiduna,
berak esan bezala.

15
Gorrota ezazue gaizkia,
maita ongia,
egin zuzentasuna auzitegietan,
ea Jainko Jaun ahalguztiduna
Joseren azken ondorengoekin
gupidatzen den.


16
Honela dio
Jainko Jaun ahalguztidunak:
«Plaza guztietan
doluminak izango dira,
kale guztietan negar-zotinak.
Nekazariak deituko dituzte
dolurako,
erostariak hileta-negarrerako;

17
mahasti guztietan
doluminak izango dira,
ni zu zigortzera etortzean».
Jaunak esan du.

18
Ai Jaunaren egunaren
irrikatan zaudetenok!
Zer izango dela uste duzue zuentzat
Jaunaren egun hori?
Egun beltza izango duzue,
eta ez egun argia.

19
Egun horretan,
lehoiarengandik ihesi ibili eta
hartzarekin tupust egiten duen
gizonaren antzeko izango zarete,
edota, etxean sartu eta
horman eskua ipini orduko,
sugeak zizta egiten
dionaren antzeko.

20
Bai, Jaunaren eguna
egun beltza izango da,
eta ez egun argia,
argi-izpirik gabeko ilun beltza!

21
Honela dio Jaunak:
«Gorroto eta higuin ditut
zuen jaiak,
ez ditut atsegin
zuen kultu-batzarrak.

22
Aldare gainera
ekartzen dizkidazuen
erre-opari eta labore-opariak
ez ditut atsegin,
zekor gizenen elkartasun-opariei
bizkarra ematen diet.

23
Kendu nire ondotik
zuen kantuen zarata-hotsa,
zuen zitara-soinurik
ez dut entzun nahi.

24
Datorrela, bai, zuzenbidea
ura bezala,
datorrela justizia,
beti darion erreka bezala.

25

«Israel herri, basamortuan berrogei urtez ez zenidan sakrifiziorik, ez labore-oparirik egin.

26 Baina orain, Sikut zuen jainko-erregearen eta Kiion zuen jainko-izarraren irudiak egin dituzuenez,

27 zeuekin eramango dituzue, Damaskotik harantz atzerrira bidaliko zaituztedanean».

Jainko Jaun ahalguztiduna,
hori du izena.

6

1

Ai zuek,
uste osoa Sionen duzuenok,
eta Samarian lasai bizi zaretenok!
Ai zuek,
nazio artean buru omen den
Israelgo handikiok,
norengana baitatoz
israeldar guztiak!

2
Zoazte Kalne hirira eta begira,
hurbil zaitezte handik
Hamat handira,
eta jaitsi hortik Filisteako Gat-era.
Erresuma horiek baino hobea
ote da zuena?
Zuen lurraldea
horiena baino zabalagoa ote?

3
Zorigaitzaren eguna uxatu nahi,
eta indarkeriaren nagusigoa
dakarzue.

4
Ohe dotore eta goxotan
luze etzaten zarete,
artaldeko bildots
eta ukuiluko txahal onenak
jaten dituzue.

5
Harparen soinura
kantuan egiten duzue,
doinu berriak asmatuz,
David zaretelakoan;

6
ardoa kopa handitan edaten duzue,
olio usaintsu onenez
igurzten zarete.
Eta ez zaizue axola
Israel herriaren hondamendia!

7
Horregatik, bada,
zuek izango zarete
lehenengo erbesteratuak,
eta hor amaituko dira
zuen jan-edan eta nasaikeriak.

8
Honela dio
Jainko Jaun ahalguztidunak,
bere biziarengatik zin eginez:
«Gaitzesten dut
Jakoben ondorengoen harrokeria
eta haien jauregiak
gorrotatzen ditut:
etsaiaren esku utziko dut
osorik hiriburua».

9

Demagun etxe batean hamar lagun gelditzen direla: hamarrak hilko dira.

10 Honela galdetuko dio ahaideak etxe barrunbean dagoenari, gorpuak erretzen dituenarekin hilotzak etxetik ateratzera datorrenean: «Ba al da besterik zurekin?»

Eta hark erantzungo: «Ez». Eta erantsiko: «Ixo! Ez da Jaunaren izena aipatzeko momentua!»

11

Jaunak agindu eta etxe handia nahiz txikia behera datoz, hondakin bihurtuz.

12

Egin ote lezakete lauoinka
haitzetan zaldiek?
Golda ote lezakete itsasoa idiek?
Zuek, ordea, zuzenbidea pozoi
bihurtu duzue, justizia samindura.

13
Lo-Dabar-ez jabetu zaretela eta,
pozik zaudete.
Honela diozue:
«Ez dugu, bada,
geure indar handiaz
eskuratu Karnaim ?»

14
Hona, bada, Israel herri,
zer dioen
Jainko Jaun ahalguztidunak:
«Nik altxaraziko dut
herri bat zure aurka,
eta honek zapalduko zaitu,
hasi goiko Hamat ertzetik
eta beheko Araba errekaraino ».

7

1

Hona zer erakutsi zidan Jainko Jaunak: bibelarra, errege-abereei dagokien lehen belarraren ostekoa , hazten ari zela, matxinsaltoak sortu zituen berak.

2 Matxinsaltoek lurraldeko belar guztia garbitu zutenean, esan nuen:

—Ene Jainko Jauna, barkatu, arren! Nola eutsiko dio, bada, Israel herriak bere biziari, hain txikia izanik?

3

Errukitu zen Jauna, eta esan zuen:

—Ez da horrelakorik gertatuko!

4

Beste hau ere erakutsi zidan Jainko Jaunak: bere herria suaz zigortzera zetorren bera, eta suak lurpeko itsaso handia eta Israel, Jainkoaren ondarea, irentsi behar zituen.

5 Nik esan nuen:

—Ene Jainko Jauna, zaude geldi! Nola eutsiko dio, bada, Israel herriak bere biziari, hain txikia izanik?

6

Errukitu zen Jainko Jauna, eta esan zuen:

—Hau ere ez da gertatuko!

7

Beste hau ere erakutsi zidan Jaunak: horma baten ondoan zegoen bera, eskuan berun-haria zuela.

8 Jaunak galdetu zidan:

—Zer ikusten duzu, Amos?

—Berun-haria —erantzun nion.

Eta Jaunak:

—Horra, berun-hari honetaz, neure herria zuzen ote dabilen ikusi nahi dut. Ez baitut gehiago ez ikusiarenik egingo.

9

«Isaaken ondorengoen kultu-lekuak
soilduak izango dira,
Israelen santutegiak deseginak.
Jeroboamen errege-etxearen aurka
ezpata jasoko dut».

10

Betelgo apaiz Amatziasek berri hau igorri zion Israelgo errege Jeroboami: «Hemen, israeldarren artean, Amos azpilanean ari zaizu. Herriak ezin du gehiago jasan haren esanik.

11

«Honela ari baita:

“Jeroboam ezpataz hilko da,
eta Israel herria
erbestera eramango dute,
bere lurraldetik urrun”».

12

Orduan, Amatziasek Amosi esan zion:

—Ikusle, zoaz, alde hemendik Juda lurraldera. Egin han profetarena eta irabazi han zeure ogia.

13 Baina Betelen ez ari gehiago profetagintzan, hau errege-santutegi baita eta erreinuko jauretxe.

14

Amosek erantzun zion:

—Ni ez naiz profeta, ez eta profeta-taldekidea. Abeltzaina naiz eta basapiku-biltzailea .

15 Baina Jaunak artzain nenbilelarik hartu ninduen eta bere herri Israeli bere mezua hots egitera bidali.

16 Orain, bada, entzun Jaunaren hitza. Zuk diozu, ez dezadala Jaunaren mezua Israelen kontra hots egin, ez nadila mintza Isaaken ondorengoen aurka.

17 Hala ere, hona zer dioen Jaunak:

«Zure andrea
emagaldu bihurtuko da hirian,
zure seme-alabak
ezpatapean hilko dira,
zure lurraldea banatua izango da,
zu zeu atzerrian hilko zara
eta Israel herria
erbestera eramango dute,
bere lurraldetik urrun».

8

1

Beste hau ere erakutsi zidan Jainko Jaunak: saskia bete fruitu heldu.

2

—Zer ikusten duzu, Amos? —galdetu zidan.

—Saskia bete fruitu heldu —erantzun nion.

Jaunak esan zidan:

—Bai, heldua da amaiera nire herri Israelentzat. Ez dut gehiago ez ikusiarenik egingo.

3

Honela dio Jaunak:
«Egun hartan,
jauregiko kantuak
intziri bihurtuko dira,
hilotzak izango dira nonahi,
eta isilean kanpora
jaurtiko dituzte ».

4
Entzun hau, zuek,
behartsuak zapaldu
eta jende errukarria
hondatzen duzuenok.

5
Zeuen baitan diozue:
«Noiz amaitu behar ote du
ilberri-jaiak, laborea saltzeko?
Noiz larunbatak,
garia salmentan ateratzeko?
Neurria txikiagotu
eta prezioak handituko ditugu,
okerreko pisuak erabiliz.

6
Gari-hautsa bera ere
saldu egingo dugu.
Jende xehea dirutan erosiko dugu,
eta behartsuak
oinetako pare baten truke».


7
Jakoben ondorengoen
ohorea den Jaunak zin dagi,
ez dituela ahaztuko
berorien egintza gaiztoak.

8
Horrekin guztiarekin,
lurra bera ere
ez ote da dardaratuko?
Bizilagunek
ez ote dute dolurik egingo?
Lur osoa
Nilo ibaia bezala haziko da,
Egiptoko ibaiaren antzera
puztu eta hustuko da.


9
Honela dio Jaunak:
«Egun hartan,
eguerdi betean
sarraraziko dut eguzkia,
eta egun-argitan ilunduko dut lurra.

10
Zuen jaiak dolu bihurtuko ditut,
zuen abestiak negar-kantu;
dolu-jantziz estaliko zaituztet,
eta zuen buruak soilduko ditut.
Seme bakarraren heriotzakoan
bezain gogorra
egingo dut zuen samina.
Honen guztiaren amaiera
benetan garratza izango da».

11
Honela dio Jainko Jaunak:
«Hara, badatoz egunak:
lurrera gosea bidaliko dut;
ez ogi-gosea, eta ez ur-egarria,
Jaunaren hitza entzuteko
gose-egarria baizik.

12
Noraezean ibiliko dira,
itsasoz itsaso,
iparraldetik eguzkialdera,
Jaunaren hitzaren bila,
baina ez dute aurkituko.

13
Egun hartan,
neska gazte politak
eta mutil bikainak ere
ahuleziak joko ditu
egarriaren egarriz.

14
Samariako sasijainkoen izenean
zin egiten dutenak,
“Gora zure jainkoa, Dan!
Gora Beer-Xebako ahaltsua!”
esanez,
erori egingo dira,
berriro ez jaikitzeko».

9

1

Jauna ikusi nuen aldare ondoan, zioela:

«Jo zutabeburuak
eta atari osoa dardaratuko da;
txikitu eta eroraraz itzazu
guztien buruen gainera;
gelditzen direnak
ezpataz garbituko ditut;
ez du inork ihes egingo,
ez da inor bizirik aterako.

2
Hildakoen Egoitzako barrunbeetan
sartu arren,
handik ere aterako ditu nire eskuak;
zeru-goietara igo arren,
handik ere jaitsaraziko ditut;

3
Karmel mendi gainean gorde arren,
han ere aurkitu
eta harrapatuko ditut;
nire bistatik itsas putzuan barrena
galdu arren,
han ere itsas sugeak zizta ditzan
egingo dut;

4
beren burua etsaien esku gatibu
utzi arren,
han ere ezpataz hilaraziko ditut.
Begi-bistan izango ditut,
ez onerako, bai kalterako».


5
Jainko Jaun ahalguztidunak lurra jo
eta lurrak dardara,
bizilagun guztiek dolu;
Egiptoko Nilo ibaiaren antzera
lur guztia puztu eta hustu;

6
zeru-sabaia lurrean oinarritzen du,
eta horren gainean eraikitzen
bere jauregia;
itsas urak bildu
eta lur gainera isurtzen ditu.
Jauna du izena.


7
Honela dio Jaunak:
«Israeldarrok, niretzat ez dago alderik
zuen eta etiopiarren artean.
Ez al nituen nik filistearrak Kretatik
eta siriarrak Kir-tik atera,
israeldarrak Egiptotik bezala?

8
Horra, Jainko Jaunaren begiak
erresuma bekatari honengan
jarriak daude:
lur gainetik desagerraraziko dut;
hala ere,
ez ditut erabat desagerraraziko
Jakoben ondorengoak.

9
Bai, alea bahean astindu
ohi den bezala,
ale bat ere galdu gabe,
halaxe astinaraziko dut Israel herria,
nazio guztietan sakabanatuz.

10
Nire herriko bekatari guztiak
ezpataz hilko dira,
“Bai zera, ez da hurbilduko,
zorigaitzak ez gaitu joko! ”
esaten zutenak, alegia.

11
«Egun hartan,
jasoko dut Daviden etxola eroria ,
horma pitzatuak beteko dizkiot
eta lurreratuak jasoko;
antzinako eran berregingo dut.

12
Eta israeldarrak
berriro jabetu ahal izango dira
Edom lurraldetik
eta nireak izan diren
nazio guztietatik
geratzen denaz.
Hala diot nik,
hori guztia egingo duen
Jaun honek».


13
Honela dio Jaunak:
«Badatoz egunak:
hazia erein orduko
uzta biltzeko garaia izango da,
mahatsa zapaldu orduko
berriz biltzeko garaia izango da.
Mendiek eta muinoek
ardoa isuriko dute.

14
Nire herri Israelen zoria
aldatuko dut:
desegindako hiriak jasoko dituzte
eta berorietan biziko dira,
mahastiak jarriko dituzte
eta berorien ardoa edango,
baratzeak landatuko dituzte
eta horietako fruituak jango.

15
Beren lurraldean landatuko ditut,
eta nik eman lurretik
ez dituzte inoiz aterako».
Zure Jainko Jaunak esan du.