1

1

Hona Jaunak Petuelen seme Joeli zuzendu zion mezua.

2
Entzun, buruzagiok,
adi egon, Judako bizilagun guztiok!
Gertatu ote da inoiz antzekorik
zuen garaian,
nahiz zuen aurrekoen garaian?

3
Kontatu seme-alabei,
zuen seme-alabek
konta biezaiete berenei
eta hauek hurrengo belaunaldiari.

4
Matxinsaltoek dena jan dute:
batzuek utzia hurrengoek irentsi.

5
Esna zaitezte, mozkor horiek,
eta egizue negar!
Egin garrasi, ardozaleok!
Ez duzue jadanik ardorik dastatuko.

6
Hor datoz matxinsaltoak piloka,
herri indartsu eta kontaezin
baten antzeko,
nire lurraldearen aurka.
Lehoiak bezalako hortzak dituzte,
dena triskatzen dute.

7
Nire mahastia
hondamendi bihurtzen dute,
nire pikondoa ezpal;
dena karraskatzen eta zuritzen,
abarrak larrutuz.

8
Egizu negar, neskatxa batek
hil zaion senar berriaz
doluz jantzita
negar dagien bezala.

9
Amaitu dira labore-opariak
eta isur-opariak Jaunaren etxean.
Dolu dagite apaizek,
Jaunaren zerbitzariek.

10
Gorri daude landak,
dolu dagi lurrak;
galdu da laborea, agortu ardoa,
ahitu olioa.

11
Bihotz-erorita daude nekazariak,
garrasika mahastizainak;
galduak baitira garia eta garagarra,
hondatua soroetako uzta.

12
Iharturik dago mahastia,
zimel pikondoa,
baita granadondoa, palmondoa
eta sagarrondoa ere;
halaber ihartu dira
basazuhaitz guztiak.
Eta ihartu da gizakien poza ere!

13
Egizue erosta, apaizok,
doluz jantzita;
egizue garrasi, aldare-zerbitzariok.
Zatozte, emazue gaua
dolu-jantziz estalita,
Jainkoaren zerbitzariok.
Labore-opari eta isur-oparirik gabe
gelditu baita Jainkoaren etxea.

14
Antola ezazue baraualdia,
egizue batzarrerako deia.
Bildu buruzagiak
eta herritar guztiak
Jaunaren, zeuen Jainkoaren,
etxean,
eta egin oihu Jaunari.

15
Ai! Hau eguna, hau!
Gainean baita Jaunaren eguna.
Ahalguztidunaren
hondamen-indarrez dator.

16
Ez al duzue ikusten
kendu digutela janaria,
falta direla poz-alaitasunak
gure Jainkoaren etxean?

17
Idorturik dago hazia zokorpean,
hondaturik ziloak,
eroriak ganbarak;
galdua baita laborea.

18
Abereek zer urruma!
Urduri daude behiak,
ez baitute larrerik.
Eskastu dira ardiak ere.

19
Zuri degizut dei, Jauna!
Landa zabaleko larreak
suak hartu ditu,
basazuhaitz guztiak garrak kiskali.

20
Basapiztiek ere orro egiten dizute;
zeren errekak agortu egin baitira,
eta landa zabaleko larreak
suak hartu.

2

1

Jo turuta Sionen!
Egin irrintzi nire mendi santuan!
Ikara bedi lurraldeko jende guztia,
bai baitator Jaunaren eguna,
gainean da.

2
Ilunpearen eta itzal beltzaren eguna,
hodeien eta laino beltzaren eguna.
Hor dator,
egunsentia mendi gainetara bezala,
gudaroste ugari eta indartsua.
Ez da egundaino
horrelakorik ikusi,
ezta ikusiko ere berriro
menderen mendetan.

3
Haien aurretik suak irentsi,
haien atzetik garrak kiskali.
Lehen, lurra baratze eder;
gero, eremu gorri.
Ez die ezerk ihes egiten.

4
Zaldiak dirudite,
zaldunak bezala korrika.

5
Mendiz mendi saltoka doazen
zalgurdiena bezalako
burrunba dakarte,
lastoa erretzen duen suaren
txinparta-hotsa bezalakoa.
Gudaroste indartsua dirudite,
borrokarako gertu.

6
Haien aurrean ikara dira herriak,
zurbil jartzen aurpegi guztiak.

7
Gudariak bezala oldartzen dira,
gerlarien antzera igotzen
harresietan gora.
Bakoitza bere bidetik doa,
nor bere lerrotik okertu gabe.

8
Lagunari trabarik egin gabe,
bakoitza bere arrastoan doa.
Gezia gainera jausita ere,
ez dute atzera egiten.

9
Hiriari erasotzen diote,
harresiak hartzen;
etxe-hormetan gora igotzen dira,
leihoetatik sartzen lapurrak bezala.

10
Haien aurrean dar-dar dagi lurrak,
ikara da zerua;
eguzki-ilargiak ilundu egiten dira,
izarrek beren dirdira galtzen.

11
Eta Jaunak deiadar dagi
bere gudarostearen aurrean;
kontaezinak dira
haren gudari-sailak,
indartsuak
haren aginduak betetzeko.
Handia da eta guztiz ikaragarria
Jaunaren eguna:
nork eman aurpegi?

12
«Baina garaiz zabiltzate oraindik
—hala dio Jaunak—.
Itzul zaitezte niregana
bihotz-bihotzez,
barau, negar eta intzirika».

13
Ez urratu soinekoak ,
bihotzak baizik!
Itzul zaitezte Jaunarengana,
zeuen Jainkoarengana,
bihozbera eta errukiorra baita,
haserregaitza eta onginahiz betea,
bere mehatxuez damutzen dena.

14
Agian, atzera egin
eta damutuko da,
eta ondasunez bedeinkatuko
zaituzte ostera.
Orduan, labore-opariak
eta isur-opariak
egin ahal izango dizkiozue
Jaunari, zeuen Jainkoari.


15
Jo turuta Sionen,
antolatu baraualdia,
egin batzarrerako deia!

16
Bildu herria batzar santura;
bildu zaharrak,
ekarri haurrak,
baita bularrekoak ere.
Utz beza senar berriak ezkontza-gela
eta emazte berriak ezkontza-ohea.

17
Egin bezate negar
apaizek, Jaunaren zerbitzariek,
atari eta aldare artean .
Esan bezate:
«Erruki zakizkio, Jauna,
zeure herriari.
Ez utzi zeure ondarea lotsagarri,
ez bezate beste nazioek
menpean har.
Zergatik esan behar dute
atzerritarrek:
“Non dute, bada, beren Jainkoa?”»

18
Bere lurrarekiko maitasun-espaz
beterik dago Jauna
eta barkatu egiten dio bere herriari.

19
Eta honela erantzuten dio:
«Hara, laborea, ardoa eta olioa
bidaliko dizkizuet, aseko zaituztet.
Ez zaituztet aurrerantzean
beste nazioen artean
lotsagarri utziko.

20
Uxatuko dut zuengandik
iparraldeko etsaia ,
eta lur idor eta gorrira jaurtiko:
aurreguardia ekialdeko itsasorantz,
atzeguardia
mendebaldeko itsasorantz.
Haren ustel-usaina zabalduko da,
kiratsak airea beteko du.
Gauza handiak egiten zituen
bere ustez!»


21
Ez izan beldur, lurra!
Poz zaitez eta alaitu!
Gauza handiak Jaunak baititu egin.

22
Ez izan beldur, landako abereok!
Badator landa zabalean larre berria,
badakarte zuhaitzek fruitua,
pikondoak eta mahastiak
aberastasuna.

23
Poz zaitezte, Siongo seme-alabok,
alaitu Jaunarekin,
zeuen Jainkoarekin!
Antzina bezala,
garaian garaiko euria
ematen baitizue,
udazkeneko zein udaberriko euria.

24
Larrainak alez beteko dira,
dolareek ardoz eta olioz
gainez egingo dute.


25
«Ordaina emango dizuet:
nik bidalitako
matxinsalto-gudaroste handiak
dena jan zizuen urteetako ordaina.

26
Ase arte jango duzue,
eta Jauna, zeuen Jainkoa,
goretsiko,
zuen alde harrigarriro
jokatuko baitu.
Nire herria ez da berriro
inoiz lotsatan geldituko.

27
Orduan ezagutuko duzue
ni zuen artean,
Israelen erdian, nagoela
eta ni, Jaun hau,
naizela zuen Jainkoa,
eta ez beste inor.
Nire herria ez da berriro inoiz
lotsatan geldituko.

3

1

«Ondoren, neure espiritua
isuriko diet gizaki guztiei.
Zuen seme-alabek
profetizatu egingo dute,
zuen zaharrek
ametsak egingo dituzte,
zuen gazteek ikuskariak izango.

2
Morroi eta mirabeei ere
neure espiritua isuriko diet
egun haietan.

3
Gauza harrigarriak egingo ditut
zeru-lurretan:
odola eta sua eta ke-lainoak.

4
Eguzkia ilunpe bihurtuko da,
ilargiak odol-itxura hartuko,
Jaunaren eguna,
egun handi eta ikaragarria,
iritsi baino lehen».

5
Orduan, Jaunari dei egin diezaiona
salbatuko da .
Jerusalemen, Sion mendian,
izango da salbaturik,
Jaunak esan bezala.
Jaunak deituak
geldituko dira bizirik.

4

1

«Egun haietan eta une hartan,
Judaren eta Jerusalemen zoria
aldatuko dut.

2
Nazio guztiak bilduko ditut
eta Josafateko zelaira jaitsaraziko;
auzia izango dut bertan haien aurka,
herri eta ondare dudan Israeli
egindako guztiagatik:
nazioen artean sakabanatu zuten,
nire lurra beren artean banatu,

3
nire jendea zotz egin zuten.
Emagalduen saritzat
mutikoa ematen zuten,
eta zurruterako ardo-truke
neskatxa saltzen.

4

«Eta zuek, Tiro eta Sidon hiriok eta Filisteako eskualde guztiok, zer nahi duzue niregandik? Nik ordaina ematea nahi al duzue? Niregandik ordaina nahi baldin baduzue, gertu nago: berehala jausaraziko dut ordaina zuen bizkarrera.

5 Nire urrea eta zilarra ostu zenituzten eta nire bitxien altxorra zeuen tenpluetara eraman.

6 Judako eta Jerusalemgo seme-alabak greziarrei saldu zenizkieten, beren lurraldetik urruti botatzearren.

7 Baina aterarazi egingo ditut saldu zenituzten tokitik, eta zuen eginak zeuen bizkarrera jausaraziko ditut:

8 zuen seme-alabak juduei salduko dizkiet, eta juduek Sabakoei , urrutiko nazio horri, salduko dizkiete».

Jaunak esan du.

9

Iragar ezazue hau nazioetan:
dei egizue gerra santurako!
Prestatu gudariak!
Betoz gerlari guztiak!

10
Bihur itzazue goldeak ezpata
eta igitaiak lantza.
Makalak ere esan beza:
«Gudari ausarta naiz!»

11
Zatozte bizkor ,
inguruko herri guztiok,
bil zaitezte.
—Zuk, Jauna, gida itzazu
zeure gudariak haien aurka—.

12
Erne! Betoz nazioak
Josafateko zelaira,
han eseriko baita Jauna,
inguruko herri guztiak epaitzeko.

13
Heldu igitaiari, uzta heldu da;
etorri eta zapaldu,
dolarea beterik dago,
upelak gainezka.
Gainez egin baitu
haien gaiztakeriak.

14
Jendetzak eta jendetzak
Epai-zelaian,
gainean baita Jaunaren eguna,
Epai-zelaian.

15
Eguzki-ilargiak ilundu egiten dira,
izarrek beren distira galtzen dute.

16
Orro dagi Jaunak Siondik,
deiadar Jerusalemdik,
eta ikara dira zeru-lurrak.
Baina Jauna babes da
bere herriarentzat,
gordeleku Israelgo seme-alabentzat.

17
«Orduan ezagutuko duzue
ni, Jauna, naizela zuen Jainkoa
eta Sion nire mendi santuan
bizi naizela.
Jerusalem santu izango da berriro,
eta ez da han arrotzik sartuko.

18
Egun hartan
mendiek ardoa emango dute,
muinoek esnea isuriko.
Judako erreka guztiak
ura betean joango dira.
Jaunaren etxean iturria sortuko da,
eta Arkazi ibarra ureztatuko du.

19
Egipto basamortu bihurtuko da,
Edom eremu gorri,
Judako seme-alabei eginiko
gogorkeriengatik,
haien lurraldean isuritako
odol errugabeagatik.

20
[20-21] Ez dut haien odola gehiago
ordainik gabe utziko.
Judak, aldiz,
beti izango ditu bizilagunak,
baita Jerusalemek ere
mendez mende.
Eta ni, Jauna, Sionen biziko naiz».