1

1

Hona hemen Jaunak Amotzen seme Isaiasi Juda eta Jerusalemi buruz agertu zion mezua, Uzias, Jotam, Akaz eta Ezekias Judako errege zirela .

2

Entzun, zeru-lurrok!
Honela mintzo da Jauna:
«Haurrak sortu ditut eta hazi,
baina aurka altxatu zaizkit.

3
Ezagutzen du idiak nagusia,
baita astoak ere
ugazabareneko aska;
Israelek, ostera, ez du ezagutzen,
nire herriak ez du aditzen».


4
Ai jende bekataria,
gaiztakeriaz jositako herria,
gaizkile-arraza,
ume galduak!
Baztertu egin dute Jauna,
mespretxatu Israelgo Santua,
bizkarra emanez.

5
Nola behar zaituztet zigortu,
errebelde izateari utz diezaiozuen?
Buru osoa zauritua duzue,
bihotza erabat eroria .

6
Orpotik burura,
ez duzue atal bat ere osorik:
dena zauri, ubeldura eta ebaki bizi,
batere garbitu, lotu
eta olioz gozatu gabe.


7
Zuen lurraldea hondatua dago,
zuen hiriak suak erreta.
Soroetako uzta
atzerritarrek dizuete irensten
zeuen begi aurrean.
Dena hondamendi,
Sodomaren porrokaldikoan bezala.

8
Hor gelditu da Sion hiri ederra
mahastian txabola
eta meloi-sailean txosna
bezain bakarti,
etsaiz inguraturiko hiria
bezain babesgabe.

9
Jaun ahalguztidunak
gutariko batzuk
bizirik utzi ez balitu,
Sodoma eta Gomorraren azkena
izango genukeen guk ere.

10
Entzun Jaunaren hitza,
Sodoma eta Gomorrakoen
antzeko zareten
herri eta agintariok,
aditu gure Jainkoaren irakaspena.


11
Honela dio Jaunak:
«Zertarako ditut
amaigabeko zuen sakrifizioak?
Leporaino naukate
aharien erre-opariek
eta zekor gizenen gantzak.
Nazkatua nago zezen, bildots
eta akerren odolaz.

12
Nork eskatzen dizue horrelakorik,
nire tenpluko atariak igaro
eta niregana zatoztenean?

13
Ez ekarri gehiago opari hutsalik;
higuingarri zait intsentsuaren lurrina.
Ilberri-jaiak, larunbatak,
batzarrak…
ezin ditut jasan jaiok
gaiztakeriarekin batera.

14
Biziki gorroto ditut
zuen ilberri-jaiak eta festak;
nekagarri zaizkit
eta eramanezineko.

15
Zuek otoitzerako eskuak altxatzean,
beste aldera begira jartzen naiz;
nahiz eta zuek eskariak ugaldu,
ez dizuet entzuten,
eskuak odolez beteak baitituzue.

16
Garbi zaitezte, garbitu!
Kendu nire begien aurretik
egintza gaiztoak!
Utzi gaiztakeria,

17
ikasi onbidea,
saiatu zuzenbidean:
lagundu zapalduari,
egin justizia umezurtzari,
defendatu alarguna!»


18
Honela dio Jaunak:
«Zatozte, erabaki dezagun auzia:
zuen bekatuak gorria baino
gorriago badira ere,
elurra bezain zuri geldituko dira;
purpura bezain gorri izanik ere,
artilearen antzeko bihurtuko dira.

19
Nire esana egiteko prest bazaudete,
lurralde honek duen gozoenetik
jango duzue;

20
ezezkoa eman
eta errebelatzen bazarete, ostera,
guduak irentsiko zaituzte».
Jaunak berak esan du.

21
Ai ene! Leiala zen hiria
emagaldu bihurtua!
Behinola justiziaz betea,
zuzenbide-leku zena,
orain hiltzaileen bizileku.

22
Lehen zilar ziren, orain zabor;
lehen ardo on, orain urardo.

23
Zure agintariak errebeldeak dira,
lapurrekin bat datoz.
Denak eskupeko-zale,
erregalu-gose.
Umezurtzari ez diote
justiziarik egiten,
alargunaren eskubideak
ez die axolarik.

24
Horregatik,
honela dio Jaun ahalguztidunak,
Israelgo Indartsuak:
«Hara, mendeku hartuko dut
etsaien lepotik,
ordaina eman beharko dute.

25
Zure aurka ekingo diot,
zure zaborrak
erabat erreko ditut arragoan,
errauts guztia kenduko dizut.

26
Lehen bezalako epaileak,
antzina bezalako kontseilariak
emango dizkizut berriro.
Eta orduan “Hiri zuzen”,
“Hiri leial” deituko dizute.

27
Zuzena naizelako eta salbatzailea,
askatu egingo dut Sion,
askatu niregana itzul daitezenak.

28
Errebelde eta bekatarientzat,
ostera, hondamendia;
Jauna bazter uzten
dutenenak egin du.

29
Lotsa gorria emango dizuete
hain maite zenituzten
haritz sakratuek,
hain atsegin zenituzten
baratze sakratuek .

30
Izan ere, hostoak iharturiko
haritzaren antzeko
izango zarete,
urik gabeko baratzearen pareko.

31
Gizon indartsua lasto izango da
eta haren egintzak txinparta:
biak batera erreko dira,
eta ezin izango ditu
inork itzali».

2

1

Hona hemen Juda eta Jerusalemi buruz Amotzen seme Isaiasi Jaunak agertu zion mezua.

2

Azken egunetan,
Jaunaren etxea dagoeneko mendia
beste mendien gain
ezarriko du Jaunak,
mendixka guztien gainetik jasoko.
Eta hara joko dute nazio guztiek.

3
Herri asko joango dira hara, esanez:
«Zatozte,
igo gaitezen Jaunaren mendira,
Jakoben Jainkoaren etxera;
bere bideak erakutsiko dizkigu,
eta gu haren bidexketan ibiliko gara;
Siondik irakatsiko baitu Jaunak,
Jerusalemdik hitz egingo».

4
Hark epaituko ditu nazioak,
erabakiko herrialde askoren auziak.
Ezpatak golde bihurtuko dituzte
eta lantzak igitai.
Ez da naziorik
nazioren aurka altxatuko,
ez dira gehiago
gudurako prestatuko.

5
Ea, bada, Jakoben herri ,
ibil gaitezen Jaunaren argitan!

6
Jauna, bertan behera utzia duzu
zeure herria, Jakoben ondorengoak;
aztiz eta igarlez
beteak daude bazterrak,
filistearren artean bezala,
eta atzerritarrekin
itunak egiten dira.

7
Betea dago lurraldea
urrez eta zilarrez,
neurtezineko ondasunez;
betea dago lurraldea zaldiz,
kontaezin ahalako guda-gurdiz.

8
Betea dago lurraldea idoloz:
beren eskuz eginaren aurrean
dira ahuspezten,
beren behatzez landuaren aurrean.

9
Makurtu beharko du, bai, gizakiak,
eta bere burua apaldu:
zuk ez barkatu, Jauna!


10
Israeldarrok,
sar zaitezte haitzartean,
gorde lurpean,
Jauna beldurgarri
eta ospe distiratsuz agertzean.

11
Behera begiratu beharko dute
begi harroek,
makurtu beharko du
giza handikeriak.
Jauna bakarrik agertuko da
garai egun hartan.

12
Orduan, Jaun ahalguztidunak
makurraraziko ditu
harro, handiputz
eta buru-tente guztiak:

13
Libanoko zedro handi eta tantaiak
eta Baxango haritz guztiak,

14
mendi handiak
eta tontor garai guztiak,

15
dorre trinkoak
eta harresi menderagaitzak,

16
itsaso zabaleko ontziak
eta ontzi bikain guztiak.

17
Beheratu beharko du
giza harrokeriak,
makurtu beharko du
giza handikeriak.
Jauna bakarrik agertuko da
garai egun hartan,

18
eta idoloak erabat galduko dira.


19
Sar zaitezte haitzuloetan,
gorde lurreko leizeetan,
Jauna beldurgarri
eta ospe distiratsuz agertzean,
lurra dardararaztera etortzean.

20
Egun hartan,
gizaki orok sator eta saguzarrei
botako dizkie bere idoloak,
gurtzeko eginak zituen
urrezko eta zilarrezko idoloak;

21
gizakiak oro hartzulo
eta haitzarteetan sartuko dira,
Jauna beldurgarri
eta ospe distiratsuz agertzean,
lurra dardaraztera etortzean.

22
Ez jarri, beraz,
zeuen ustea gizakiagan,
arnasaldi bat besterik ez baita:
zertarako balio lezake?

3

1

Hara, Jainko Jaun ahalguztidunak
kendu egingo die
Jerusalemi eta Judari
euskarri eta mantenu oro:
ogi-mantenua eta ur-mantenua,

2
gudalburua eta gudaria,
epailea eta profeta,
igarlea eta arduraduna,

3
buruzagia eta handikia,
kontseilaria eta aztikerian aditua
eta sorginkerian trebatua.

4
Mutikoak jarriko dizkie nagusi,
beren nahierara goberna ditzaten.

5
Jendeak elkarri erasoko dio,
bakoitzak bere ondokoari:
ez diete errespeturik izango
gaztetxoek zaharrei,
ez eta behekoek goikoei.

6
Anaiak anaiari helduko dio
aitaren etxean, esanez:
«Hik baduk soinean zer jantzi ;
izan hadi, beraz, gure agintari;
hik gobernatu hondakin-pila hauek».

7
Eta besteak erantzungo dio:
«Ni ez nauk inoren mediku,
etxean ez diat ogirik, ez jantzirik:
ez nazazue jar, beraz,
herriko agintari».

8
Bai, lur jo du Jerusalemek,
gainbehera erori da Juda,
haien esanak eta eginak
Jaunaren ospea iraindu besterik
ez baitute egiten.

9
Ez dute inolako lotsarik :
ez dute beren bekatua ezkutatzen,
zabaltzen baizik, Sodomak bezala.
Zoritxarrekoak benetan,
beren buruen zoritxarrerako
ari baitira!

10
Zorionekoa zintzoa!
Ongi izango da,
bere egintzen fruitua gozatuko du.

11
Zoritxarrekoa gaiztoa!
Gaizki izango da,
bere egintzen ordaina jasoko du.

12
Oi ene herri,
mutiko bat duzu zapaltzaile,
emakumeak agintari !
Oi ene herri,
gidariek oker zaramatzate,
bide zuzenetik kanpora

13
Prest dago Jauna auzitarako,
gertu bere herria epaitzeko.

14
Bere herriko arduradun
eta buruzagiei
auzitara deitzen die eta esaten:
«Zuek suntsitu duzue
nire mahastia ,
behartsuei lapurtuaz
beterik dauzkazue etxeak.

15
Baina zuei zer axola?
Nire herria zapaltzen duzue
eta hankapean hartzen
behartsuen duintasuna ».
Jainko Jaun ahalguztidunak
esan du.

16
Honela dio Jaunak:
«Bai harroak direla
Siongo emakumeak!
Lepoa luzaturik dabiltza, keinuka,
begiak batetik bestera,
pauso txikian,
oinetako katetxoei txilin eraginez».

17
Horregatik, ezkabia sartuko die
Jaunak buruan Siongo emakumeoi
eta larrugorrian utziko ditu.

18
Egun hartan apaingarri guztiak
kenduko dizkie Jaunak:

19
[19-21] oin, beso eta behatz,
buru, lepo eta gerri,
ile, sudur eta belarrietako bitxiak
eta lurrin gozoak;

20

21

22
[22-23] jantzi dotore, mantu,
lepoko zapi eta poltsak,
gona fin, durbante eta mantilak.

23

24
Lurrinaren ordez kiratsa
izango dute,
gerrikoaren ordez soka,
ile-txirikorda dotoreen ordez
burusoila,
jantzi finen ordez zakukia,
edertasunaren ordez
burdin goriaren marka .

25
Jerusalem, zure gizonak
ezpataz eroriko dira,
zure gudariak gerran.

26
Zure kaleetan
intziria eta dolua izango dira,
eta zu, atsekabearen atsekabez,
lurrean eseriko.

4

1

Egun hartan, zazpi emakumek
gizon bakar bati helduko diote,
esanez:
«Geure buruak
geuk mantenduko ditugu,
geuretik jantziko gara,
baina zure izena
eraman dezagula bederen!
Kendu gure lotsa!»

2
Egun hartan,
Jaunak ernearaziko duena
Israelen bizirik geldituen
eder eta ohore izango da;
lurrak emango duena,
haien harrotzeko bide eta apaingarri.

3
Orduan, Sionen eta Jerusalemen
bizirik geldituei
eta bertan bizi izateko aukeratuei,
«Jainkoari sagaratuak»
deituko zaie.

4
Jaunak bere zigor-epaia
beteko duenean,
Siongo bizilagunen zikinak
kenduko ditu
eta Jerusalemen isuritako
odola garbituko.

5
Orduan, Siongo mendi osoaren gain
eta bertan bilduriko guztien gain
ke-lainoa sortuko du Jaunak egunez
eta sugar distiratsua gauez.
Eta Jaunaren aintza
izango da guztien gain

6
babes eta geriza:
sargorian itzal izango dute,
ekaitz eta euritean
gordeleku eta aterpe.

5

1

Neure adiskidearen izenean
nator kantatzera
adiskidearen
eta beraren mahastiaren kanta .
Nire adiskideak bazuen mahasti bat
malda jori batean.

2
Lurra harrotu, harriak kendu
eta landarerik onenak
landatu zituen.
Erdian talaia eraiki zuen,
eta dolarea egin.
Mahats gozoa espero,
eta sasi-mahatsa eman zion.

3
Orain, bada,
Jerusalemgo bizilagunok,
Judako gizon-emakumeok,
zuek erabaki nire
eta nire mahastiaren arteko auzia.

4
Zer egin niezaiokeen
neure mahastiari
egin diodanaz gainera?
Mahats gozoa espero nuen:
zergatik eman dit sasi-mahatsa?

5
Esango dizuet, bai,
zer egingo diodan neure mahastiari:
itxitura kenduko diot,
larre bihur dadin;
harresia zulatuko, zapal dezaten;

6
lugorri bihurtuko dut:
ez dute inausiko, ez jorratuko,
eta sasiek eta laharrek hartuko dute;
bertan euririk ez egiteko
aginduko diet hodeiei.

7
Israel da
Jaun ahalguztidunaren mahastia;
Judako herria,
haren landare-sail kutuna.
Zuzenbidea espero zuen
harengandik,
eta horra: zuzengabekeria!
Justizia espero zuen,
eta horra: aieneak!

8
Ai zuek, etxea etxeari
eta soroa soroari
eransten diozuenok,
besteak bizitokirik gabe utziz,
lurralde osoaren
jaun eta jabe bakar izateko!

9
Entzuna dut Jaun ahalguztidunak
egindako zina:
«Etxeok oro hondatu egingo dira;
handiak eta ederrak izan arren,
hutsik geldituko.

10
Hiru hektareako mahastiak
zahagi erdi bat ardo besterik
ez du emango;
hamar anega hazik
anega bat ale besterik ez».


11
Ai zuek, goizean goiz edanari ekin
eta gauean berandu arte
ardoz berotzen zaretenok!

12
Zitara eta harpa,
danbolin eta txistu-soinua
eta ardoa ugari zuen janaldietan;
baina Jaunaren ekintzaz
ez zarete ohartzen,
haren egintzak
ez dituzue aintzakotzat hartzen.

13
Horregatik,
nire herria erbestera daramate
bere axolagabekeriagatik.
Buruzagi eta jende xehe,
gose-egarriz hilko dira denak.

14
Herio Leizeak neurrigabe
zabalduko du aho-zuloa
eta irekiko eztarria,
handikiak eta herri xehea irensteko,
beren irri eta barre guztiekin batera.

15
Makurtu beharko du, bai, gizakiak,
eta bere burua apaldu;
begiak jaitsi beharko harroek.

16
Jaun ahalguztidunak justizia eginez
agertuko du bere handitasuna;
Jainko santuak epaia betez
agertuko du bere santutasuna.

17
Erraustutako hirian,
zelaian bezala
bazkatuko dira ardiak,
larratuko ahuntzak.


18
Ai zuek, idiek gurdia bezala
bekatua garraiatzen duzuenok!

19
Honela diozue:
«Bizkor burutu beza Jaunak
bere egintza,
ikusi ahal dezagun;
lehenbailehen bete beza
Israelgo Santuak bere asmoa,
ezagutu ahal dezagun».

20
Ai zuek, gaitzari on eta onari gaitz
esaten diozuenok,
iluna argi eta argia ilun,
samina gozo eta gozoa samin
bihurtzen duzuenok!

21
Ai zuek, zeuen begitan jakintsu,
zeuen ustetan zentzudun zaretenok!

22
Ai zuek, ardoa edaten nagusi,
edariak nahasten txapeldun
zaretenok,

23
errudunari diru-truke
arrazoi ematen
eta errugabeari zuzenbidea
ukatzen diozuenok!

24
Beraz, suak lastoa irensten
eta sugarrak galtzua
kiskaltzen duen bezala,
halaxe ihartuko dira zuen sustraiak,
hauts bihurtuko zuen loreak.
Zeren eta Jaun ahalguztidunaren
irakaspena baztertu egin baituzue
eta Israelgo Santuaren hitza
mespretxatu.

25
Horregatik piztu da
Jaunaren haserrea
beraren herriaren aurka;
luzatua du eskua zigortzeko.
Dar-dar dagite mendiek,
zaborra bezala daude
gorpuak kaleetan.
Hala ere,
Jaunaren haserrea ez da baretu;
luzatua du oraindik eskua
zigortzeko .

26
Urrutiko herri bati
egingo dio dei Jaunak,
bandera jasoz eta txistuka,
eta lurraren azken bazterretatik
etorraraziko du.
Hor non datozen arin eta bizkor:

27
ez dira nekatzen,
ez estropezu egiten;
ez ditu loak,
ez logaleak geldiarazten;
ez zaie gerrikoa askatzen,
ez eta oinetako lokarria eteten.

28
Ongi zorroztuak dituzte geziak,
ongi tenkatuak uztaiak.
Haien zaldi-apatxak
harria bezain gogor,
haien gurdi-gurpilak
zurrunbiloa bezain bizkor;

29
haien orroa lehoiarena,
lehoikumearena bezalakoa:
orro eginez, harrapakinari heldu
eta eraman egiten du,
eta ezin dio inork kendu.

30
Egun hartan,
Israelen aurka egingo du orro,
itsasoak egin ohi duen bezala.
Eta lurrari begiratuko dionak,
ilunpea eta atsekabea besterik
ez du ikusiko,
eta argia hodei beltzek ilundua.

6

1

Uzias erregea hil zen urtean , tronu altu eta garai batean eseria ikusi nuen Jauna; haren mantu-hegalak tenplua betetzen zuen.

2 Suzkoak bezalako izaki batzuk zituen gainean. Seina hegal zituzten: bi hegalez aurpegia estaltzen zuten, beste biz gorputza, eta beste biz hegaz egiten zuten.

3 Eta honela egiten zioten oihu elkarri:

«Santu, santu, santua,
Jaun ahalguztiduna!
Lur osoa betetzen du
haren aintzak».

4

Ahots honen oihuaz, tenpluko ate-orpoek dar-dar egin zuten, eta tenplua kez bete zen.

5 Nik esan nuen: «Ai ene, galdua naiz! Ezpain kutsatuak baititut eta kutsaturiko ezpainak dituen herrian bizi bainaiz. Bekatari izanik, Errege eta Jaun ahalguztiduna ikusi baitut neure begiz».

6

Une hartan, suzkoak bezalako izaki haietako bat niregana etorri zen hegan, su-hatzez aldaretik harturiko txingar bat eskuan zekarrela,

7 eta txingarraz ahoa ukitu zidan, esanez:

«Begira, txingar honek
ezpainak ukitu dizkizu.
Kendu zaizu, beraz, gaiztakeria,
barkatu bekatua».

8
Orduan, Jaunaren ahotsa
entzun nuen esaten:
«Nor bidaliko dut?
Nor izango dugu mandatari?»
Nik erantzun nuen:
«Prest nauzu, bidali neu».

9
Hark esan zidan:
«Zoaz eta esaiozu herri honi:
“Entzungo duzue, bai,
baina ulertu ez;
ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez”.

10
Gogortu buru-bihotzak herri honi,
gortu belarriak, itsutu begiak.
Ez bezate beren begiez ikus,
ez belarriez entzun,
ezta buruaz ulertu ere,
horrela niregana bihur ez daitezen
eta salba ez ditzadan».

11
«Noiz arte hori, Jauna?»,
galdetu nuen nik.
Eta hark erantzun:
«Hiriak deseginik eta hutsik,
etxeak inor gabe
eta lurrak soil gelditu arte».

12
Jendea erbestera
bidaliko du Jaunak,
eta lurralde osoa
huts-hutsik geldituko da.

13
Eta hamarretik bat bakarra
bertan gelditzen bada,
huraxe ere suari emango diote,
haritza eta terebintoa bezala:
moztu eta gero,
ondoa besterik ez zaie gelditzen;
baina ondo horretatik
kimu santua erneko da berriro .

7

1

Akaz , Jotamen semea, Uziasen biloba, Judako errege zela, Siriako errege Retzinek eta Israelgo errege Pekahek, Remaliasen semeak, Jerusalemi eraso egin zioten, baina ezin izan zuten konkistatu.

2

Siriarrak Efraimen kanpatuak zeudela jakin zutenean , erregeak, bere etxekoek eta herri osoak dardara egin zuten, haizeak jotzean basoko zuhaitzek dardara egin ohi duten bezala.

3

Orduan, Jaunak Isaiasi esan zion: «Hartu zeure seme Xear-Jaxub eta zoaz Akazengana; goiko urtegiko ubide-muturrean, oihal-garbitzailearen sororako bidean aurkituko duzu.

4 Eta esaiozu:

«Egon erne, baina lasai!
Ez beldurtu, ez ikaratu
Siriako Retzinen
eta Remaliasen semearen
haserre-sumina dela eta,
kea darien ilinti-mutur bi
besterik ez baitira.

5
Zu galtzeko
elkar hartu dute siriarrek
eta Israelgo herri eta erregeak.
Honela diote:

6
“Igo gaitezen Judaren aurka,
setia dezagun eta menpean hartu,
eta jar dezagun bertan errege
Tabeel-en semea ”.

7
Baina hona zer dioen Jaunak:
Ez, ez da horrelakorik gertatuko!

8
[8-9] Damasko da Siriako hiriburu,
eta Retzin Damaskoko buruzagi;
Samaria da Efraimgo hiriburu,
eta Remaliasen semea
Samariako buruzagi;
baina hirurogeita bost urte barru,
Efraim, suntsitua,
ez da jadanik herri izango.
Sendo sinesten ez baduzue,
ez duzue sendo iraungo».

9

10

Beste mezu hau ere eman zion Jaunak Akazi Isaiasen bidez:

11 «Eskaiozu zeure Jainko Jaunari ezaugarri bat, nahiz lurraren barrenean nahiz zeru gorenean».

12

Eta Akazek erantzun: «Ez dut ezaugarririk eskatuko, ez dut Jauna tentatu nahi».

13

Orduan, Isaiasek esan zuen:

«Entzun, Daviden ondorengook:
gizakiak nekaraztea aski ez duzuela,
nire Jainkoa ere nekarazi
nahi al duzue?

14
Jaunak berak emango dizue, bada,
ezaugarria:
hona, andre gaztea haurdun dago
eta semea izango du,
eta Emmanuel,
hau da, “Jainkoa gurekin”,
jarriko dio izen.

15
Gatzatua eta eztia
jango ditu haurrak,
gaitza baztertzeko
eta ona aukeratzeko
gauza izan arte.

16
Baina haurra gaitza baztertzeko
eta ona aukeratzeko gauza
izan baino lehen,
hutsik geldituko da
halako beldurra ematen dizueten
bi erregeen lurraldea .

17
Egun txarrak
etorraraziko dizkizue Jaunak
zuri, zeure herriari eta familiari,
Israelgo erreinua Judarengandik
bereizi zenez gero
izan ez diren bezalako egunak;
hots, Asiriako erregea
bidaliko dizue.

18
Egun hartan, Jaunak txistua jo
eta euliak pilaka bezala
etorraraziko ditu egiptoarrak
Nilo ibaiaren azken bazterretatik,
erleak samaldan bezala
asiriarrak beren lurraldetik.

19
Etorri eta denak pilan
kokatuko dira
mendiarte sakon eta haitzarteetan,
sastraka eta zelaietan.

20
Egun hartan,
Eufrates ibaiaz beste aldean
errentan harturiko labanaz
moztuko dizue Jaunak buruko ilea ,
kenduko bizarra
eta izterrondoko ilea.
Asiriako erregea da, alegia, labana».

21

Egun hartan, bakoitzak behi bat edo bi ardi baizik ez baditu ere,

22 gatzatua jateko adina esne emango diote. Bai, lurraldean bizirik geldituko diren guztiek gatzatua eta eztia jan ahal izango dituzte.

23

Egun hartan, zilarrezko mila txanpon balio zituen mila landareko mahastia sasi- eta lahar-toki bihurtuko da.

24 Ehiztariak bakarrik sartuko dira bertan beren gezi eta uztaiez, lurralde osoa sasi- eta lahar-toki bihurtuko baita.

25 Aitzurrez gorritu ohi ziren mendi-maldetara ez da inor joango, sasi eta laharrak direla eta: behi-larre eta ardi-leku izango dira.

8

1

Honela agindu zidan Jaunak: «Hartzazu ohol handi bat eta idatzi hizki arruntez: “Maher-Xalal-Hax-Baz” —hau da, “Laster harrapaketa, berehala lapurreta”—.

2 Hartu gero bi lekuko fidagarri: Urias apaiza eta Zakarias, Jeberekiasen semea».

3

Bien bitartean, neure emazte profetesarekin harremanak izan nituen; haurdun gelditu zen eta semea izan zuen. Jaunak esan zidan: «Jarriozu izena “Maher-Xalal-Hax-Baz”.

4 Izan ere, haurrak “aita” eta “ama” esaten ikasi baino lehen, Damasko eta Samaria hustu egingo dituzte eta bertako aberastasunak Asiriako erregeari eramango».

5

Honela esan zidan Jaunak berriro:

6
«Retzin eta Pekahen beldurrez ,
herri honek Siloeko ur bareei
muzin egin dienez gero,

7
Eufratesko ur handi eta indartsuen
azpian hartuko du Jaunak,
Asiriako erregearen
eta haren indar guztien
azpian, alegia.
Ubide eta ibai-bazter guztietan
gainez egingo du urak.

8
Judara iritsiko da,
urpean hartuko du,
dena leporaino estaliko.
Haren ur-adarrek
luze-zabal osoan
estaliko dute zure lurraldea,
oi Emmanuel !»


9
Ikara zaitezte, herriok,
suntsitu egingo baitzaituztete!
Entzun hau,
urrutiko lurralde guztiok:
armak hartu arren,
suntsitu egingo zaituztete;
bai, armak hartu arren ere,
suntsitu egingo zaituztete.

10
Asmatu egitamuak:
bertan behera geldituko dira.
Proposatu nahi duzuena:
alferrik izango da,
Jainkoa gurekin baitago.

11

Eskutik hartu ninduen Jaunak eta herri honen bideari ez jarraitzeko agindu zidan, esanez:

12 «Ez esan “matxinada” herri honek “matxinada” esaten dion guztiari. Ez izan beldurrik, ez ikararik, herri hau beldurtzen duenarengatik.

13 Jaun ahalguztiduna bakarrik behar duzue santutzat hartu; hari behar diozue beldur izan, hari ikara.

14 Santutegi nauzue ni, baina baita behaztopa-harri ere, Israelgo bi erresumei oztopo eragingo dien harkaitz eta Jerusalemgo bizilagunentzat sare eta tranpa izango dena.

15 Askok egingo dute bertan estropezu, erori eta hil egingo dira; sarean bilduak eta harrapatuak geldituko dira».

16

Zigilupean gordea uzten dut
irakaspen eta aitorpen hau
neure ikasleentzat.

17
Jaunaren zain nago, nahiz eta hark
Jakoben herriari aurpegia gorde;
harengan nik itxaropen.

18
Zuek, ene ikasleok, begira niri
eta Jaunak eman dizkidan haurrei:
Sion mendian bizi den
Jaun ahalguztidunak jarri gaitu
Israelentzat ezaugarri eta zantzu.

19
Bai, hau esango dizuete segur aski:
«Egiezue kontsulta
nekromante eta igarleei,
isil-misilean eta marmarka
ari ohi diren horiei.
Herri batek ez ote dizkie
bizien gorabeherak beren jainkoei
eta hildakoei galdetu behar?»

20
Zuek, ordea, egon adi
irakaspenari eta aitorpenari!
Hauetara jotzen ez duenak
ez du egunsentirik ikusiko .

21
Batetik bestera ibiliko da jendea,
larri eta goserik.
Goseak amorraturik,
madarikatu egingo dute
beren erregea eta beren Jainkoa.
Nahiz gora begiratu,

22
nahiz lurrera begiratu,
estualdia eta ilunpea,
iluntasun larria
izango dute nonahi.

23
Baina orain estualdian daudenak
ez dira beti ilunpetan egongo.
Garai batean
lotsagarri utzi zituen Jaunak
Zabulonen lurraldea
eta Neftaliren lurraldea;
baina geroztik ospetsu egin du
itsaso ondoko bidea,
Jordanez haranzko lurraldea,
eta Galilea, jentilen eskualdea .

9

1

Ilunpetan zegoen herriak
argi handia ikusi du.
Itzalpean bizi zirenei
argiak egin die distira.

2
Poz bizia sortu diezu,
alaitasun handia eman .
Pozik daude zure aurrean,
uzta biltzean bezain pozik,
harrapakinak banatzean bezain alai.

3
Apurtua baituzu lepoan zeramaten
uztarri astuna,
zapaltzailearen aginte-makila,
Madiango gudarostea
apurtu zenuen bezalaxe.

4
Lurra danbadaka zapaltzen zuten
gudari-botak
eta odolez zikinduriko jantziak
suak erreko ditu eta irentsiko.

5
Haur bat jaio zaigu,
Jainkoak seme bat eman digu.
Beroni ezarri zaio aginpidea,
eta honela deitzen diote:
«Kontseilari miragarri,
Jainko indartsu,
Aita betiereko, Errege bake-emaile».

6
Gero eta zabalagoa izango da
haren agintaritza,
azkengabea bakea.
Daviden tronuan izango da errege,
eta justizia eta zuzenbidea
izango dira haren erregetzaren
oinarri eta sostengu,
oraindanik eta betiko.
Jaun ahalguztidunaren
maitemin sutsuak
egingo du hori.

7
Zigor-mezua zuzendu die Jaunak
Jakoben ondorengoei,
Israelgo erresumari
datorkio gainera.

8
Israel herri osoak,
Samarian bizi diren guztiek
izango dute horren berri.
Honela baitzioten
harro eta puzturik:

9
«Adreiluzko etxeak erori badira,
harlanduzkoak egingo ditugu.
Piku-habeak bota badituzte,
zedrozkoak jarriko ditugu
haien ordez».

10
Baina Jaunak etsaiak xaxatu dizkio
eta aurka altxarazi:

11
siriarrak ekialdetik,
filistearrak mendebaldetik.
Ahoa betean irentsi dute Israel.
Hala ere,
Jaunaren haserrea ez da baretu;
luzatua du oraindik eskua
zigortzeko.

12
Baina herria ez zen
zigortzen zuenarengana bihurtu;
Jaun ahalguztiduna bilatzen
ez ziren lehiatu.

13
Horregatik, Jaunak Israel
oso-osorik moztuko du:
buru eta buztan,
palmondo eta kanabera ;
egun berean moztuko ere.

14
Arduradunak eta handikiak
dira burua;
gezurra irakasten duten profetak,
buztana.

15
Herria bidetik okertu dute gidariek,
eta galdurik dabiltza haiek gidatuak.

16
Horregatik, herri honetako gazteak
ez ditu Jaunak begiko,
umezurtz eta andre alargunei
ez die gupidarik izango.
Izan ere,
sinesgabe eta makurrak dira denak,
eta ergelkeria darie ahotik guztiei.
Hala ere,
Jaunaren haserrea ez da baretu;
luzatua du oraindik eskua
zigortzeko.

17
Gar bizian ari da gaiztakeria,
sua sasi eta lahar artean bezala;
hartuak ditu denak,
suak txaradia bezala,
kea kiribilean gorantz doala.

18
Jaun ahalguztidunaren haserreaz,
sutan dago lurraldea
eta suaren menpe herria.
Ez dio inork inori bizia barkatzen:

19
eskuinaldetik horzkada,
eta hala ere gose;
ezkerraldetik jan, eta ezin ase.
Bakoitzak bere ondokoa
du jaten.

20
Manasesek Efraim irensten du
eta Efraimek Manases ,
eta biak elkar harturik
Judaren aurka doaz.
Hala ere,
Jaunaren haserrea ez da baretu;
luzatua du oraindik eskua
zigortzeko.

10

1

Zoritxarrekoak
zuzengabeko legeak ematen
eta jasanezineko dekretuak
idazten dituztenak!

2
Jende xeheari
zuzenbidea ukatzen diote
eta dohakabeei eskubideak kentzen;
alargunak larrutzen dituzte
eta umezurtzak zurrupatzen.

3
Zer egingo ote duzue
kontuak hartzeko egunean?
Zer, hondamena urrutitik
etortzen ikustean?
Norengana jo laguntza eske?
Non gorde ondasunak?

4
Preso joan beharko duzue,
makurturik,
edota gerran erori hilda.
Hala ere,
Jaunaren haserrea ez da baretu,
luzatua du oraindik eskua
zigortzeko.

5
Honela dio Jaunak:
«Zoritxarrekoa Asiria,
eskuan dudan sumin-zigor hori!

6
Herri sinesgabearen aurka
bidaltzen dut,
haserretu ninduen herriaren aurka,
lapurretara eta harrapaketara,
hura kaleetako lokatza bezala
zapaltzera.

7
Baina oso bestelako asmoak
ditu Asiriak buruan:
suntsitzea du asmo,
herri asko birrintzea.

8
Hona zer dioen:
“Nire gudalburuak ez al dira
erregeen pareko?

9
Ez ote ditut konkistatu
Kalno eta Karkemix,
Hamat eta Arpad,
Samaria eta Damasko ?

10
Neure esku hartu ditut
sasijainkoak gurtzen
dituzten herriak ,
nahiz eta beraien idoloak
Jerusalem eta Samariakoak
baino ugariago izan;

11
Samariari
eta haren sasijainkoei egina,
nola ez diet egingo, bada,
Jerusalemi eta beronen idoloei?” »

12

Jaunak, Sion mendian eta Jerusalemen egitekoa burutuko duenean, Asiriako erregearen harrokeriak eta handikeriak zigortuko ditu.

13

Izan ere,
honela dio Asiriako erregeak:
«Neure indarrez egin dut
hori guztia,
neure trebeziaz, argia bainaiz.
Herrien arteko mugak
ezabatu ditut,
haien ondasunak harrapatu
eta, gudari ausartaren gisa,
erregeak eraitsi.

14
Habia bati bezala erantsi diet eskua
herrien aberastasunei.
Habian utzitako arrautzak
hartzen diren bezalaxe
hartu dut neuretzat lur guztia,
eta ez zuen inork hegalik mugitu,
ez txio egiteko mokorik zabaldu».


15
Baina aizkorak uste ote du
aizkolaria baino handiago denik?
Trontzeak uste ote du
trontzalaria baino gehiago denik?
Ez du zigorrak erabiltzen
zigorduna!
Ez du zurezko makilak hartzen
zurezko ez den makiladuna!

16
Horregatik, Jaun ahalguztidunak
ahulezia bihurtuko du
asiriarren sendotasuna,
eta haien gorputz ederrak
sukarrez joko ditu,
suak hartuta bezala jarriko.

17
Israelen argi den Jainkoa
su bihurtuko da,
Israelen Santua sugar,
eta bat-batean erreko ditu,
sasia eta laharra bailiran.

18
Basoa eta baratzea bezain jori zena,
goitik behera desegingo du,
gaixotasun larriak gizakia
desegiten duen bezala.

19
Eta basoan geldituko diren
zuhaitzak
hain gutxi izango dira,
ezen ume batek ere
kontatu ahal izango baititu.

20
Egun hartan,
Israelen bizirik geldituek,
Jakoben ondorengoetan
onik aterako direnek
ez dute gehiago beren zigortzailea
hartuko euskarritzat,
baizik eta Jauna, Israelen Santua,
hartuko dute benetako euskarritzat.

21
Jakoben ondorengoen artean,
bakar batzuk besterik
ez dira itzuliko
Jaun indartsuagana.

22
Zure herria itsasoko hondarra
bezain ugaria izango bada ere,
oi Israel,
bakar batzuk besterik
ez dira itzuliko:
erabakia dago hondamendia,
herriak ondo merezia.

23
Erabakia beteko du
Jaun ahalguztidunak,
lurralde osoan beteko ere.

24
Honela dio Jaun ahalguztidunak:
«Oi zu,
Sionen bizi zaren nire herria!
Ez izan Asiriaren beldurrik,
zigorrez jotzen bazaitu ere
eta zure aurka
makila jasotzen badu ere,
behinola egiptoarrek bezala.

25
Izan ere, oso denbora gutxi barru
amaituko da
zure kontra dudan haserrea,
eta nire suminak
haiek ditu hondatuko.

26
Jaun ahalguztidunak haien aurka
astinduko du zartailua,
Horebeko harkaitzean
madiandarrak jo zituenean bezala;
eta Asiriaren kontra
jasoko du makila,
behinola Egipton
itsasoaren kontra bezala.

27
Egun hartan, erori egingo zaizu
Asiriaren zama bizkarretik
eta haren uztarria lepotik;
oparoaldia izango duzu ondoren».

28
Aiatera iritsi da erasotzailea,
Migronen barrena dator,
Mikmasen egin du
armen ikuskapena,

29
igaro du haitzarteko ataka,
Geban eman du gaua;
ikara dira Ramakoak,
ihesi doa Saulen Gibea hiria.

30
Egin garrasi, Bat-Galim hiria!
Entzun, Laixako jendea!
Erantzun, Anatot hiria!

31
Madmenakoek ihesari eman diote,
Gebimgo bizilagunak
babes bila dabiltza.

32
Nob-en da dagoeneko erasotzailea
eta eskua altxatzen du mehatxuka
Sion mendiaren aurka,
Jerusalemgo muinoaren aurka.

33
Hara, Jainko Jaun ahalguztidunak
indarrez lurrera botako ditu
erasotzaileak,
zuhaitzari adarrak
mozten zaizkion bezala,
nahiz eta garaiak eta sendoak izan.

34
Aizkoraz jotzen du baso trinkoa,
eta Libanokoak bezain
zuhaitz mardulak ere lurrera datoz.

11

1

Kimu bat aterako da
Jeseren zuhaitz-ondotik,
adaxka bat erneko
haren sustraietatik.

2
Beraren gainean kokatuko da
Jaunaren Espiritua:
jakinduriaz eta adimenez beteko du,
kontseilari zuhur egingo
eta kemenez jantziko,
Jainkoa ezagutzen
eta haren esaneko izaten
irakatsiko dio.

3
Jainkoarenganako begirunea
izango du pozbide.
Ez du itxuratik bakarrik epaituko,
ez du entzundako hutsetik
erabakiko.

4
Jende xehea zuzenbidez
epaituko du,
lurraldeko dohakabeen eskubideak
defendatuko.
Makilaz bezala zigortu eta hilko ditu
bere hitzez herriko gaiztoak.

5
Justiziak eta leialtasunak
inguratuko dute,
gerrikoak gerria bezala.

6
Orduan, otsoa eta bildotsa
elkarrekin biziko dira,
lehoinabarra eta antxumea
elkarren ondoan etzango;
zekorra eta lehoikumea
batera haziko dira,
eta haurtxo batek zainduko ditu.

7
Behia eta hartz emea
elkarrekin larratuko dira
eta haien umeak batera etzango.
Lehoiak lastoa jango du,
idiaren antzera.

8
Bularreko haurra
suge-zuloetan jolastuko da,
sugegorri-habian sartuko du eskua.

9
Nire mendi santu osoan
ez du inork kalterik,
ez hondamendirik egingo,
Jaunaren ezagupenak beteko baitu
lurralde osoa, urak itsasoa bezala.

10
Egun hartan,
Jeseren zuhaitz-ondoko kimua
bandera gisa altxatua izango da,
herri guztien begi aurrean;
nazioak bila joango zaizkio
eta ospetsua izango da
haren egoitza.

11
Egun hartan,
Jaunak eskua luzatuko du berriro,
bere herrian bizirik geldituak
bereganatzeko,
Asiria eta Egiptotik,
Patros, Etiopia eta Elamdik,
Xinear, Hamat
eta itsasertzeko lurraldeetatik .

12
Bandera jasoko du herrientzat;
israeldar erbesteratuak bilduko ditu
eta Judako sakabanatuak
lurraren lau aldeetatik elkartuko.

13
Efraimen ikusezina galdu egingo da
eta Judaren etsaigoa amaitu.
Efraimek ez du Judarentzat
ikusezinik izango,
ezta Judak ere
Efraimentzat etsaigorik.

14
Biek elkar harturik,
mendebaldeko filistearrei
atzetik erasoko diete,
sortaldeko herriei
aberastasunak kenduko.
Edom eta Moaben jabe egingo dira,
eta amondarrak
menpeko izango dituzte.

15
Jaunak Egiptoko Itsaso Gorria
lehortuko du;
Eufrates ibaiaren gain eskua luzatu
eta, haize errea ateraraziz,
zazpi errekatan banatuko du,
eta oinetako eta guzti
igaro ahal izango dute.

16
Jaunaren herrian bizirik geldituek
bide zabala izango dute
Asiriatik itzultzean,
Israelek Egiptotik irtetean bezala.

12

1

Honela esango duzu egun hartan:
«Eskerrak zuri, Jauna!
Haserre zeunden nire aurka,
baina baretu da zure haserrea
eta kontsolatu egin nauzu.

2
Bai, Jainkoa dut salbatzaile!
Harengan dut uste on
eta ez naiz beldur.
Jauna dut indar eta babes,
bera salbatzaile».

3
Pozik joango zarete zuek ere
salbamen-iturritik ura edatera,

4
eta egun hartan
honela esango duzue:
«Goretsazue Jauna,
dei egin berari,
iragarri haren egintzak herriei!
Ezagutarazi zeinen bikain den!

5
Kanta Jaunari,
gauza harrigarriak egin baititu;
mundu osoan jakin bezate
haren berri.

6
Egin poz-irrintzi eta oihu,
Siongo bizilagunok,
handikiro ari baita zuen alde
Israelgo Santua».

13

1

Babiloniaren aurkako mezua, Jainkoak Amotzen seme Isaiasi agertua.

2

«Jaso guda-bandera
mendi soil baten gailurrean!
Egin irrintzia
eta altxa besoak gudariei,
handikien atetik eraso dezaten!

3
Gudariei dei egin
eta aginduak eman dizkiet:
neure haserrearen ordezkari
aukeratu ditut,
nire ohorearen
defendatzaile gartsu baitira».

4
Entzun zalaparta mendietan:
jendetza handia dirudi.
Entzun erresumen,
bildu diren herrien iskanbila.
Jaun ahalguztiduna
ikuskapena egiten ari zaio
borrokara doan gudarosteari.

5
Urrutiko lurraldetik datoz,
zerumugaz haraindi.
Jauna bera dator etorri,
bere haserrearen
ordezkari dituenekin,
eskualde osoa txikitzera.


6
Egin garrasi,
gainean baita Jaunaren eguna!
Hor dator Jainko ahaltsuaren
hondamen-indarrez.

7
Orduan, denei besoak
eroriko zaizkie,
denek adorea galduko dute.

8
Beldur-ikarak joko ditu,
eta hain estua eta larria
izango da egoera,
ezen erdiminetan dagoen
emakumea bezala
bihurrituko baitira.
Harri eta zur eginik
begiratuko diote elkarri,
aurpegiak lotsaz gorri dituztela.

9
Horra hor Jaunaren eguna,
gupidagabeko eguna,
haserrez eta sumin goriz gainezka;
lurraldea basamortu bihurtuko du
eta bertako bekatariak suntsituko.

10
Zeruko izar eta konstelazioek
ez dute gehiago argirik emango;
eguzkia atera orduko ilunduko da,
eta ilargiak ez du argi egingo.


11
Honela dio Jaunak:
«Zigortu egingo dut
mundua bere bidegabekeriengatik,
gaizkileak beren gaiztakeriengatik.
Zapaldu egingo dut
handiputzen harrokeria,
lurrera botako jauntxoen oilarkeria.

12
Urre garbia baino urriago,
Ofirko urrea baino urriago
bihurtuko dira gizakiak.

13
Dar-dar egingo du zeruak
eta lurrak oinarritik ikara,
Jaun ahalguztidun honek
neure haserrea eta sumin goria
azalduko dudan egunean.

14
Orduan, gazela izutuaren antzera
ibiliko da jendea,
artzain gabeko artalde
sakabanatuaren antzera.
Bakoitzak bere herrira joko du,
nork bere lurraldera ihes egingo.

15
Aurkituko dituzten guztiak
hil egingo dituzte,
harrapatuko dituztenak
ezpataz botako.

16
Haurtxoak txikitu
egingo dizkiete begien aurrean,
etxeak hustu,
emazteak bortxatu.


17
«Mediar herria , zilarrak axolarik
eta urreak ardurarik ez dion jendea,
zirikatuko dut Babiloniaren aurka.

18
Beren geziez
botako dituzte gazteak;
ez dute jaioberrien errukirik,
ez haurren gupidarik izango.

19
Babilonia, erresumarik ederrena,
kaldearren bitxi eta harrotzeko bidea!
Nik, Jainko honek, desegingo dut,
Sodoma eta Gomorra
desegin nituen bezala.

20
Ez da han egundo berriz inor biziko,
bizilagunik gabe
geldituko da sekulako.
Beduinoek ere ez dute han
kanpadendarik jarriko,
ez eta artzainik geldituko.

21
Basakatuak sartuko dira han,
hontzek beteko dituzte etxeak,
ostrukak biziko dira,
mendi-ahuntzak ibiliko saltoka.

22
Gazteluetan basatxakurrak
eta jauretxe ederretan otsoak
egongo dira uluka.
Badatorkio ordua Babiloniari;
ez da egun askotarako».

14

1

Bai, erruki izango die Jaunak
Jakoben ondorengoei:
bere aukeratua
izango du oraindik Israel
eta beren lurraldean
ezarriko ditu berriro.
Atzerritarrak
haiengana bilduko dira
eta bat egingo dute
Jakoben herriarekin.

2
Herri askok lagunduko die,
beren lurralderaino eramanez;
baina israeldarrak
haien jabe egingo dira
Jaunaren lurraldean,
morroi eta neskametzat hartuz.
Lehen gatibu eduki zutenak
gatibu hartuko ditu Israelek
eta lehengo zapaltzaileak
menderatuko.

3

Zeure neke eta nahigabeen ondoren eta jasan duzun morrontza gogorraren ondoren, Jaunak atseden emango dizunean, Israel,

4 honako irri-kanta hau abestuko diozu Babiloniako erregeari:

«Horra zertan den zapaltzailea!
Horra zertan den
haren harrokeria !

5
Hauts egin du Jaunak
gaizkileen aginte-makila,
zapaltzailearen nagusigoa.

6
Honek herriak
amorruz jotzen zituen,
aspertu gabe jo ere;
nazioak suminez zapaltzen zituen,
etengabe pertsegituz.

7
Lasai eta bakean
dago orain lurraldea,
pozez oihu dagi.

8
Libanoko nekosta eta zedroek ere
poz hartzen dute zure lepotik,
esanez:
“Zu erori zarenez geroztik,
ez dator inor gu moztera ”.

9
Egonezinik dago han behean
Hildakoen Egoitza,
zuri harrera egiteko zain.
Zu zarela-eta esnatu egin ditu
hildakoen espirituak ,
lurreko handiki guztien arimak;
beren tronuekin jaikiarazten ditu
herrietako errege guztiak.

10
Denek aho batez esaten dizute:
“Zureak ere egin du,
gure pareko zara orain.

11
Herio Leizera amildu dute
zure harrokeria,
zure harpa-soinuekin batera.
Ustela duzu azpigarri,
harrak estalki”.

12
Horra zerutik eroria,
goizeko izar distiratsu hori!
Horra lurrera amildua,
herrien menderatzaile hori!

13
Honela zenioen zeurekiko:
“Zeruraino igoko naiz;
izarrik garaienak baino gorago
jarriko dut tronua;
iparraldeko azken mugan
eseriko naiz,
jainkoak biltzen diren mendian ;

14
hodei guztien gainetik igoko naiz
eta Goi-goikoaren antzeko izango”.

15
Baina horra:
Herio Leizera jaitsi zara,
zuloaren barren-barrenera!

16
Ikusten zaituztenak
begira-begira gelditzen zaizkizu;
ezin dute sinetsi zuri gertatua:
“Hau al da mundua dardaraz
eta herrialdeak beldur-ikaraz
jartzen zituena?

17
Hau al da mundua basamortu
eta hiriak errauts bihurtzen zituena?
Hau gatibuak sekula
askatzen ez zituena?”

18
Herrietako errege guztiek
ohorezko atsedena izan ohi dute,
nork bere hilobian;

19
zu, ordea, hobiratu gabe
bota zaituzte,
gauza nazkagarriaren pare;
leizeko harri artera
bota dituztenekin zaude,
ezpataz hildakoen gorpuen artean,
hankapean zapaltzen den
gorpuaren pare.

20
Ez duzu, hil eta gero,
beste erregeen zoria izango,
zeure lurraldea hondatu baituzu
eta zeure herriko jendea hil.
Zure, gaizkile horren,
ondorengotzak
ez du luzaroan iraungo.

21
Presta zaitezte, bada,
haren seme-alabak hiltzeko;
gurasoek egindako
gaiztakeriengatik
behar dute hil,
sekula berriz altxa
eta lurraldeaz jabe ez daitezen,
mundua berriro hiriz
bete ez dezaten».

22
Honela dio Jaun ahalguztidunak:
«Haien aurka ekingo diot,
Babiloniaren izena eta aztarna,
hazia eta ondorengotza
ezabatuko ditut.

23
Erratza pasatuko diot
eta guztiz erraustuko;
zingira eta triku-leku bihurtuko dut».
Jaun ahalguztidunak esan du.

24
Honela egin du zin
Jaun ahalguztidunak:
«Nire egitasmoak
burutu egingo dira,
nire erabakiak bete.

25
Asiria neure lurralde Israelen
birrinduko dut,
neure mendietan zapalduko.
Kenduko zaio haren uztarria
nire herriari,
eroriko haren zama bizkarretik.

26
Mundu guztiarekiko hartu dut
erabaki hau.
Luzatua dut eskua
nazio guztiak zigortzeko.

27
Jaun ahalguztidunak hartu duen
erabakia nork galarazi?
Jaunak luzatua duen eskuari
nork atzera eragin?»

28

Akaz erregea hil zen urtean , mezu hau iragarri zuen Isaiasek:

29

«Ez poztu, filistear herria,
jotzen zintuen zigorra
hautsia dela eta; izan ere,
sugegorria sortuko da sugetik,
eta herensuge hegalaria
sugegorritik.

30
Nire herriko gizagaixoenek ere
izango dute non bazkatu,
behartsuek lasai
hartuko dute atseden;
filistearrak, ordea,
goseak hilaraziko ditut,
bat bakarrik ere
ez da bizirik geldituko.

31
Egin aiene eta garrasi,
Filisteako hiriok!
Ikaratu, lurralde osoa!
Hor baitator iparraldetik
gudarostea,
ke-laino trinko baten antzera,
inortxo ere bere lerrotik
okertzen ez dela.

32
Zer erantzungo ote diegu
herri horretako mandatariei?
Sion sendo ezarri duela Jaunak,
eta bertan izango dutela babes
haren herriko dohakabeek».

15

1

Moaben aurkako mezua.
«Moabeko Ar hiria
suntsitu zuten gauean desagertu zen;
Moabeko Kir hiria
suntsitu zuten gauean desagertu zen.

2
Dibongo jendea muinoetara doa,
santutegian negar egitera.
Aieneka ari dira moabdarrak,
Nebo eta Medaba hiriak
suntsituak direlako:
burua soil eta bizarra motz
daramate guztiek.

3
Dolu-jantziz dabiltza kalean;
aieneka eta negarrez urtzen denak,
etxe gain eta plazetan.

4
Hexbon eta Elale garrasika ari dira;
Jahatzetik ere entzun daitezke
haien oihuak.
Horregatik,
ikaraz daude Moabeko gudariak
eta adorea galdurik.

5
Nire barruak garrasi dagi
Moabengatik:
ihesi doa jendea Tzoar-eraino,
ihesi Eglat-Xelixiaraino.
Negarrez doaz
Luhit-eko aldapan gora,
garrasi erdiragarriak darizkiela,
Horonaimgo bidean.

6
Nimrimgo erreka agortu egin da,
belarra ihartu, larrea zimeldu:
hostorik ere ez dago berde.

7
Horregatik, beren ondasunak bildu
eta Sarats errekaz beste aldera
daramatzate.

8
Moabeko muga-bira osoan
zabaldu dira garrasiak,
Eglaim-eraino deitoreak,
Beer-Elimgo mugetaraino aieneak.

9
Dibongo urak
odolez beteak daude,
baina oraindik ere
zoritxar handiagoak
bidaliko dizkiot Diboni:
lehoiak jango ditu
Moaben onik aterako direnak,
lurralde hartan bizirik geldituak».

16

1

«Moabdarrok,
bidali lurraldeko nagusiari
zerga gisa zor dituzuen bildotsak,
basamortuko Sela hiritik
Sion mendira .

2
Habiatik uxaturiko
txorikumeak dirudite
Moabeko bizilagunek ,
Arnon errekaren pasabideetan.

3
Hau diotsote Judako herriari:
“Esaguzue zer egin,
hartu zeuen gain gure defentsa.
Itzalpetu eguerdi betea
eta egizue gauaren antzeko,
erbesteratuak gordetzeko,
ihesi doazenak aurki ez ditzaten.

4
Utziezue Moabeko erbesteratuei
zuenean bizitzen.
Babes itzazue hondatzaileagandik ”».

Zapalkuntza amaitu,
hondamendia igaro eta zapaltzailea
lurraldetik joango denean,

5
Jainkoak maitasunean
finkatuko du errege-tronua,
eta Daviden ondorengoa
eseriko da bertan:
epaile leial izango da, justiziazale,
zuzenbidea egiteko gogotsu.


6
Honela dio Judako herriak:
«Ezaguna dugu
Moaben gehiegizko harrokeria,
haren oilarkeria eta handiustea,
haren handi-iritzi hutsalak.

7
Horregatik,
beren herriarengatik aiene
egingo dute moabdarrek,
aiene guztiek;
intziri egingo dute,
atsekabearen atsekabez,
Kir-Hareseteko
mahats-opilez oroituz.

8
Izan ere, zimelduak daude
Hexbongo landak,
Sibmako mahastiak.
Hango ardoak nazioetako erregeak
zorabiatzen zituen.
Jazer-eraino iristen ziren aihenak,
basamorturaino hedatzen,
Itsaso Hileraino luzatzen.

9
Horregatik, Sibmako mahastiari
negarrez ari natzaio,
Jazerrekin batera;
negar-malkoz bustiko zaituztet,
Hexbon eta Elale,
mahats-biltze
eta uztako poz-irrintziak
galdu baitira zuenean.

10
Joan dira soroetatik
poza eta alaitasuna;
mahastietan ez da gehiago
oihu eta kantarik;
dolareetan ez da gehiago
mahatsik estutzen.
Kito poz-irrintziak!

11
Harpa baten antzera
dardaraz daukat bihotza
Moabengatik,
dardaraz barrua Kir-Haresengatik.

12
Moab nekatzeraino ibiliko da
muinoetara bidean,
otoitzerako bere santutegira
joan eta joan,
baina alferrik izango du».

13

Horra Jaunak Moabi buruz aspaldi esana.

14 Hona zer dioen orain:

«Hiru urte barru juxtu ,
Moabeko handikiak
eta haren jendetza ugaria
guztiz eskas bihurtuko dira:
talde txiki eta indargabe bat
besterik ez da bizirik geldituko».

17

1

Damaskoren aurkako mezua.
Damasko ez da jadanik
hiri izango,
hondakin-pila baizik;

2
haren menpeko hiriak
betiko bertan behera utziak,
abereentzat larre-toki
eta etzaleku lasai izango dira.

3
Israelek galdu egingo ditu
babeslekuak;
Damaskok ere bai burujabetasuna;
bizirik geldituriko siriarrei
israeldar handikiei gertatua bera
gertatuko zaie.
Hala dio Jaun ahalguztidunak.


4
Egun hartan, Israelen handitasuna
kaskar bihurtuko da
eta haren joritasuna murritz.

5
Refaim haraneko gari-soroetan,
uzta bildu eta galburuak
jaso ondoren,

6
hondar bat besterik
gelditzen ez den bezala;
eta olibondoa astintzean,
adar-puntan bizpahiru oliba
eta adarrik jorienetan
lau/bosten bat baizik
gelditzen ez diren bezala,
halaxe gertatuko zaio Israeli.
Hala dio Jaun ahalguztidunak.


7
Egun hartan,
gizakiak bere Egileari
begiratuko dio
eta Israelgo Santuarengana
zuzenduko ditu begiak.

8
Ez die gehiago bere eskuz egindako
aldareei begiratuko;
ez da gehiago
bere behatzez landutako
Axera jainkosaren eta eguzkiaren
ohorezko harri sakratuei
begira jarriko.


9
Egun hartan,
zure hiri gotortuak
hutsik geldituko dira,
behinola, israeldarrek erasotzean,
hibiarren eta amortarren hiriak
hutsik gelditu ziren bezala.
Eremu bihurtuko dira.

10
Salbatzaile duzun Jainkoa
ahaztu egin baituzu,
babesten zaituen Harkaitzaz
ez zara oroitu.
Lorategi atsegingarriak
landatzen dituzu
eta kanpoko landare-haziak ereiten.

11
Landatzen dituzun egun berean
loratzen dira,
ereiten dituzun egun berean
ernetzen,
baina, azkenean,
bertan behera galduko da fruitua,
zoritxarrak,
sendaezineko gaitzak jota .

12
Ai ene!
Kontaezineko herrien burrunba,
itsaso burrunbatsuarena
bezalako burrunba!
Nazioen marruma,
ur handi marrumatsuena
bezalako marruma!

13
Baina Jaunak mehatxu egin
eta urrun doaz ihesi,
haizeak mendiz mendi daraman
lastoa bezala,
ekaitzak daraman
kardilauna bezala.

14
Arratsaldean beldurgarri,
baina goizerako ezerez.
Horra gure lapurren zoria,
gure harrapatzaileen azkena.

18

1

Ai Etiopiako ibaiez beste aldean
dagoen lurraldea,
eltxo-burrunbadaz
beteriko lurraldea!

2
Mandatariak bidaltzen ditu
Nilon barrena,
ihizko txalupetan, uretan zehar.

Zoazte, mandatari bizkorrak, itzuli
herri lerden eta beltzaran horretara,
edonon beldurra sortzen duen
jendearengana,
ibaiz ureztaturiko lurraldean
bizi den
herri gogor eta menderatzailera!


3
Zuek,
munduan bizi zareten guztiok,
begiratu, mendien gainean
bandera altxatuko denean;
entzun, turutak joko duenean .

4
Honela mintzatu baitzait Jauna:
«Lasai egongo naiz,
neure lekutik begira,
geldi-geldi,
eguerdiko sargoria bezala,
uztaroko sargoritan
ihintz-lainoa bezala.

5
Bai, mahatsa bildu baino lehen,
loraldia igaro
eta mahats-alea heltzen hastean,
kimu berriak moztu
egin ohi dira inauskaiaz,
moztu eta bazterrera bota;

6
mendiko hegazti harraparientzat
eta basapiztientzat uzten dira,
hegazti harrapariek uda
eta basapiztiek negua
bertan igaro dezaten.
Halaxe gertatuko da
etiopiarrekin ere».


7
Egun hartan, Jaun ahalguztidunari
opariak ekarriko dizkio
herri lerden eta beltzaranak,
edonon beldurra
sortzen duen jendeak,
ibaiz ureztaturiko lurraldean
bizi den
herri gogor eta menderatzaileak.
Opariak ekarriko ditu Sion mendira,
Jaun ahalguztidunaren bizilekura.

19

1

Egiptoren aurkako mezua.
Hor dator Jauna Egiptora,
hodei bizkor baten gainean jarria.
Hura agertzean,
ikara dira Egiptoko idoloak,
adoregabe gelditzen egiptoarrak.

2
Honela dio Jaunak:
«Bata bestearen aurka
bultzatuko ditut egiptoarrak,
eta elkarren aurka
borrokatuko dira:
senidea senidearen
eta adiskidea adiskidearen aurka,
hiria hiriaren
eta erresuma erresumaren aurka.

3
Burua galduko dute
eta beren asmoak hautsiko dizkiet.
Orduan, idolo eta zorilariengana,
hildakoen espiritu eta aztiengana
joko dute kontseilu eske.

4
Baina nagusi gogor baten eskuetan
utziko ditut egiptoarrak,
errege bihozgabe batek
menderatuko ditu».
Hala dio Jaun ahalguztidunak.

5
Niloko urak agortu egingo dira,
ibaia hutsik eta lehor geldituko;

6
ubideek kiratsa botako dute,
Niloren adarrak agortzeraino
jaitsiko dira,
kanabera eta ihiak zimelduko.

7
Nilo bazterretako
eta bokaleko ihitegia,
baita ibai ondoan
ereindako guztia ere,
ihartu egingo da
eta erabat galduko.

8
Arrantzaleak intzirika izango dira,
Nilon amua botatzen dutenak
aieneka,
uretan sarea zabaltzen dutenak
atsekabez.

9
Liho-langileak etsita geldituko dira,
nekromante eta ehuleak zurbil,

10
ehungileak lur jota,
langile guztiak gogo-galduta.

11
Bai eroak direla
Tanis hiriko buruzagiak!
Faraoiari ematen dizkioten
kontseiluak
kirtenkeriak dira.
Nolatan esan diezaiokete faraoiari:
«Jakintsuen ondorengo gara,
antzinako erregeen ondorengo?»

12
Non dira zure kontseilari jakintsuak,
faraoi?
Jaun ahalguztidunak
Egiptoren aurka dituen asmoak
iragar diezazkizutela, bada,
gauza badira!

13
Tanisko buruzagiak erotuak daude,
Menfisko buruzagiak engainatuak.
Oker daramate Egipto
bere eskualde-buruek.

14
Zorabio-haizea
sartu die Jaunak barruan:
bere egiteko guztietan
oker daramate Egipto;
eta hala dabil,
botaka eta balantzaka,
mozkor baten antzera.

15
Eta ezin izango du inork,
agintari nahiz kontseilari,
handi nahiz txiki ,
ezer onik egin Egipton.

16

Egun hartan, emakumeen antzeko izango dira egiptoarrak; beldur-ikarak hartuko ditu, Jaun ahalguztidunak eskua beraien aurka jasotzen duela ikustean.

17 Judak izuturik utziko ditu egiptoarrak; haren izena gogoratze hutsarekin, ikarak hartuko ditu, Jaun ahalguztidunak Egiptoren aurka egiteko asmo duenarengatik.

18

Egun hartan, Egiptoko bost hirik hebreeraz hitz egingo dute eta Jaun ahalguztidunari leialtasun-zina egingo diote. Horietako batek «Eguzki-hiri» izango du izena.

19

Egun hartan, Jaunari sagaraturiko aldare bat egongo da Egiptoren erdian, eta Jaunaren ohorezko oroitarri bat muga ondoan.

20 Jaun ahalguztiduna Egiptoko lurraldean dagoenaren ezaugarri izango dira. Zapaltzen dituztenen aurka Jaunari laguntza eske dei egingo diotenean, hark salbatzailea bidaliko die defendatzera eta askatzera.

21 Egun hartan, Jaunak bere burua ezagutzera emango die egiptoarrei, eta egiptoarrek Jauna ezagutuko dute eta kultua emango diote, sakrifizioak eta opariak eskainiz. Jaunari promesak egingo dizkiote eta beteko.

22 Jaunak zigortuko ditu, bai, egiptoarrak, baina baita gero sendatu ere. Jaunarengana itzuliko dira, eta hark beraien erreguak entzun eta sendatu egingo ditu.

23

Egun hartan, bide zabal bat izango da Egiptotik Asiriaraino. Asiriarrak Egiptora etorriko dira eta egiptoarrak Asiriara, eta egiptoarrek eta asiriarrek batera gurtuko dute Jauna.

24

Egun hartan, Egiptoren eta Asiriaren bitarteko izango da Israel, mundu osoaren bedeinkaziorako .

25 Hona Jaun ahalguztidunak emango duen bedeinkazioa: «Bedeinkatua Egipto, nire herria; bedeinkatua Asiria, nire eskuek egina; bedeinkatua Israel, neurea dudan herria».

20

1

Behin batean, Asiriako errege Sargonek bere gudalburu nagusia bidali zuen Axdod-era , eta hark hiriari eraso eta hartu egin zuen.

2 Garai horretan, Amotzen seme Isaiasen bidez mintzatu zen Jauna. Hau esana zion aurretik: «Ea, erantzi soinean daramazun dolu-jantzia eta kendu oinetakoak».

Hala egin zuen Isaiasek, eta larrugorri eta oinutsik gelditu zen.

3 Axdod hartua izan zen garaian, hau esan zuen Jaunak: «Isaias nire zerbitzaria larrugorrian eta oinutsik ibili da hiru urtez, Egipto eta Etiopiarentzat ezaugarri eta aurre-seinale gisa.

4 Asiriako erregeak ere halaxe eramango ditu egiptoar presoak eta etiopiar erbesteratuak, zahar eta gazte, larrugorrian eta oinutsik, ipurdia agerian dutela; Egipto lotsagarri gertatuko da.

5 Espantuz eta lotsaz beteko dira beren itxarobide Etiopia eta beren harrotasun Egipto zutenak.

6 Orduan, honela esango dute kostalde honetako guztiek : “Horra hor geure itxarobide genuenaren atarramentua! Horra hor norengana jo dugun, Asiriako erregeagandik askatzeko laguntza eske! Nola onik atera gu orain?” »

21

1

[1-2] Babiloniaren aurkako mezua . Ikaragarria Jainkoak agertu didana:
hor dator basamortutik,
lurralde beldurgarritik,
Negev aldean sortzen diren
haize-zurrunbiloen antzera,
traidorea traizio eginez,
hondatzailea hondamena zabalduz.
Egin eraso, elamdarrok!
Setiatu hiria, mediarrok!
Jainkoak isilarazten ditu aieneak!

2

3
Hori dela eta, dardara batean nago,
minez josia,
erdiminetan dagoen
emakumea bezala.
Entzuteak ere larritzen nau,
ikusteak izutzen.

4
Burua galtzear nago, larriaren larriz.
Hain maitea nuen
arratseko hozkirria ere
beldurgarri bihurtu zait.

5
Mahaia atondua dago,
alfonbrak zabalik:
jan eta edan ari dira denak .
—Zutik, gudalburuok,
prestatu babeskiak!

6
Hau esan dit Jaunak:
«Ea, jar ezazu begiralea;
ikusitako guztia iragar dezala.

7
Egon bedi erne, argi eta erne,
ea ikusten duen
bi zaldiko gurdiren bat,
eta jendea asto gainean
nahiz gamelu gainean».

8
Begiraleak oihu egin zuen:
«Hemen nago, Jauna,
egun osoan neure tokian,
eta gauez ere
neure guardia-postuan erne.

9
Eta horra non datorren gizon bat
bi zaldiko gurdi gainean.
Hau dio ozenki:
“Erori da Babilonia, erori da!
Haren jainko-irudi guztiak
lurrean gelditu dira apurtuta” ».


10
Ene herri, garia larrainean bezala
jo zaituzten hori,
hona hemen Jaun ahalguztidunari,
Israelen Jainkoari, entzun
eta zuri iragartzen dizudan berria.

11
Edomen aurkako mezua.
Norbaitek Seirtik oihu:
«Begirale, noiz arte gaua?
Begirale, noiz arte gaua?»

12
Eta begiraleak erantzun:
«Egunsentia badator,
baina gaua ere bai berriro.
Oraindik galdetu nahi baduzue,
etorri berriz ere, eta galdetu».

13
Arabiaren aurkako mezua.
Dedango karabanok,
emazue gaua landa zabaleko basoan.

14
Atera bidera egarri direnei
eta eraman ura.
Tema lurraldeko bizilagunok,
eman jatekoa ihesi doazenei.

15
Izan ere, ezpatari doazkio ihesi,
ezpata zorrotzari,
uztai tenkatuari,
gudu gogorrari.


16
Jaunak hau esan dit
«Urtebete barru juxtu ,
Kedarreko herriaren ospea
guztiz galduko da.

17
Kedartarren arkulari ausartetarik,
bakar batzuk besterik
ez dira geldituko».
Jaunak, Israelen Jainkoak, esan du.

22

1

Ikuskari-haranaren aurkako mezua.
Zer duzue, hiriko jendeok,
denok horrela
etxe gainetara igotzeko?

2
Jerusalem,
hiri zaratatsu eta zalapartari,
hiri jostalari,
zure hildakoak ez ditu ezpatak bota,
ez dira gerran hil.

3
Zure gudalburu guztiak
ihesi joan dira,
gezirik bota gabe
preso hartu dituzte.
Zure bizilagun guztiak
preso hartu dituzte,
urrutira ihesi joanak izan arren.

4
Orain, bada, hau diotsuet:
Ez jardun ni kontsolatu nahian
nire herriaren hondamendiagatik;
uztazue saminki negar egiten.

5
Zorigaiztoko eguna baita,
hondamen- eta larritasun-eguna,
Jainko Jaun ahalguztidunak bidalia.
Ikuskari-haranean
harresiak lurrera,
garrasiak mendiraino.

6
Elamdar gudariak
zaldi eta gurdietan datoz,
prest dituzte geziak;
babeskiak atera dituzte kirtarrek .

7
Zure haranik ederrenak
guda-gurdiz estaliak,
zaldizko gudariak hiri aurrean
erasorako prest.

8
Defentsa gabe gelditu da Juda.
Zurezko Zutabeen Etxeko
armategira jo duzue orduan;

9
jabetu zarete zenbateraino dauden
pitzatuak Daviden Hiriko harresiak;
barreneko urtegian
ura bildu duzue.

10
Jerusalemgo etxeen zenbaketa egin
eta batzuk bota egin dituzue,
harresiak gogortzeko.

11
Harresi bien tartean
urmaela egin duzue,
urtegi zaharreko urentzat.
Baina ez diozue begiratu
hori guztia egin duenari,
ez zarete konturatu
aspalditik zuela asmotan.


12
Egun hartan,
Jainko Jaun ahalguztidunak
negar eta dolu egitera
egiten zizuen dei,
ilea moztu eta dolu-jantziz estalirik.

13
Zuek, ostera, poza eta festa,
behiak eta bildotsak hil,
okela jan eta ardoa edan zenuten,
«Jan dezagun eta edan,
bihar hil behar dugu eta», esanez.

14
Jaun ahalguztidunak hau azaldu dit:
«Bekatu hau ez dizuet barkatuko
zeuen bizialdi guztian».
Jainko Jaun ahalguztidunak
esan du.

15

Jainko Jaun ahalguztidunak errege-jauregiko arduradun zen Xebna agintariagana bidali ninduen, esatera:

16

«Zuk ez duzu hemen jabetzarik,
ez senitarterik;
zer eskubide duzu, beraz,
hemen hilobia egiteko,
goian, harkaitzean,
zeure azken egoitza zulatzeko?

17
Horra, bada, jauna:
Jaunak lurrera jaurtiko zaitu;
bil-bil egin

18
eta bueltaka botako zaitu,
pilota bat bezala,
muga gabeko lurraldera.
Hantxe hilko zara,
harrogarri zenituen
guda-gurdi eta guzti,
zeure jaunaren etxearen
lotsagarri hori.

19
Bota egingo zaitut kargutik,
zauden tokitik kendu.


20
«Egun hartan,
neure zerbitzari Eliakimi,
Hilkiasen semeari, dei egingo diot;

21
zure soingainekoa jantzarazi,
zure gerrikoa ezarri
eta zure aginpidea emango diot.
Aita baten pareko izango da
Jerusalemgo eta Judako
herriarentzat.

22
Daviden jauregiko giltzak
jarriko dizkiot lepoan;
hark irekia, ez du inork itxiko;
hark itxia, ez du inork irekiko.

23
Iltzea egur gogorrean bezain sendo
ezarriko dut,
bere senitartearen harrogarri
izango da.

24
Baina senitartekoak,
ondorengo guztiak,
berarengandik zintzilik jarriko dira,
era guztietako ontziak,
katilu nahiz pitxerrak,
iltzetik zintzilik
jarri ohi diren bezala.

25
Orduan, sendo sartua zegoen iltzea
koloka jarri eta erori egingo da,
eta bertatik zintzilik zegoena
apurtu».
Jaun ahalguztidunak esan du.

23

1

Tiroren aurkako mezua.
Egin garrasi,
itsas zabaleko ontziok,
hondaturik baitago
zuen babes-portua.
Zipretik itzultzean jakin duzue.

2
Mutu egon, kostaldeko jendeok,
Sidongo merkatariok;
zuen ordezkariek
itsasoa zeharkatzen zuten,

3
itsasoko ur handiak.
Nilo ibai ondoko ale eta uztari
irabazi ederra ateratzen zenioten.
Sidon, nazioarteko merkataritza-gune
bihurtua zinen.

4
Lotsa zaitez orain, Sidon,
itsas gotorleku!
Itsasoa honela mintzo baitzaizu:
«Ni ez naiz sekula
erdiminetan egon,
ez dut umerik izan,
ez seme-alabarik hazi ere».

5
Egiptoarrek dardara egingo dute
Tiroren hondamendiaren
berri jakitean.

6
Zoazte Tarsiseraino,
egizue garrasi, kostaldeko jendeok!


7
Hau duzue zeuen hiri festazalea,
aspaldidanik eraikia?
Hau, urrutian koloniak
jartzen zituena?

8
Nork erabaki du, beraz,
Tiroren hondamendia?
Erreinu berriak sortu zituen;
haren merkatariak printzeak ziren,
haren salerosleak
mundu guztian aintzat hartuak.

9
Jaun ahalguztidunak erabaki du,
ospezale horien
harrokeria beheratzeko,
mundu guztian ohoratuak zirenak
lotsarazteko.

10
Landu itzazu zeure lurrak, Tiro ,
Nilo bazterrekoek
lantzen dituzten bezala,
orain ez baituzu porturik.

11
Jaunak itsasoaren aurka
luzatu du eskua,
erreinuak dardarazi ditu;
Kanaango gotorlekuak
desegiteko agindu du.

12
Eta Sidoni esan dio:
«Akabo zure jolasak,
Sidon hiriburu!
Neskatxa bortxatuaren pareko
egin zaituzte.
Zipreraino ihesi bazoaz ere,
ez duzu atsedenik izango».

13
Begira Babiloniari:
galdua da herria.
Basapiztien menpe utzi du Asiriak;
eraso-dorreak altxaturik,
jauregiak desegin dizkio
eta lurraldea
hondakin-pila bihurtu .

14
Egizue garrasi,
itsas zabaleko ontziok,
hondaturik baitago
zuen babes-portua.

15

Orduan, Tiro ahaztua geldituko da hirurogeita hamar urtez, errege baten bizialdian, alegia. Urte horiek igaro ondoren, harako emagalduaren kantak dioena gertatuko zaio Tirori:

16

«Hartzazu zitara, egizu herri-jira,
emagaldu ahaztu horrek!
Jo dakizun ongien, kanta aspertu gabe,
zutaz ohar daitezen!»

17

Hirurogeita hamar urteon buruan, Jaunak berriro hartuko du Tiroren ardura, eta honek bere lehengo irabazpidera joko du, eta munduko erresuma guztiekin harremanak berrituko, emagaldu gisa.

18 Baina haren merkataritza-irabaziak Jaunari sagaratuak izango dira; ez dira gordeko, ez pilatuko, baizik eta Jaunaren zerbitzarientzat izango dira, nahikoa jan eta dotore jantzi daitezen.

24

1

Horra Jaunak
lurra suntsitu eta errautsi,
azpikoz gain irauli
eta bizilagunak sakabanatu:

2
apaiz nahiz herri xehe,
nagusi nahiz morroi,
etxekoandre nahiz neskame,
saltzaile nahiz erosle,
mailegu-emaile nahiz hartzaile,
hartzekodun nahiz zordun.

3
Suntsitua ere suntsitua,
hustua ere hustua izango da lurra.
Halaxe iragarri du Jaunak.

4
Dolu dagi lurrak, indargabe,
akiturik dago mundua, indargabe,
akiturik zerua ere lurrarekin batera.

5
Lurra profanatua dute
bertako bizilagunek,
Jaunaren legeak hautsi baitituzte,
haren arauak baztertu,
haren betiko ituna urratu.

6
Horregatik,
madarikazioak hartua du lurra,
eta bertan bizi direnek
zigorra jasan behar.
Horregatik,
lurreko bizilagunak galtzen ari dira;
banaka batzuk besterik
ez dira gelditzen.

7
Ardo berria txepel,
mahastiak zimel,
bizi-poza aiene bihurtua.

8
Isildu da danbolin-soinu alaia,
amaitu da festazaleen zarata-hotsa,
isildu da zitara-soinu alaia.

9
Ez da gehiago kanta-kantari
ardorik edaten,
edaleei garratz bihurtu zaie pattarra.

10
Hiri osoa, nahaspila eta hondamen;
etxe guztiak, ateak trangaturik.

11
Kalean jendea ardo faltaz uluka;
betiko galdu da alaitasuna,
lurraldetik alde egin du pozak.

12
Hirian ez da hondakina besterik;
sarrerako atea, lurrean txikitua.

13
Olibondoak astindu
eta mahatsa bildu ondoren
hondar batzuk baizik
gelditzen ez diren bezala,
horrela gertatuko da
munduko herrialde guztiekin ere.

14
Bizirik geldituek
oihuka ospatuko dute
Jaunaren handitasuna;
mendebaldetik dute goratuko,

15
ekialdetik aintzatuko,
baita itsasertzeko herrialdeetan ere,
Jauna, Israelen Jainkoa.

16
Munduaren bazter guztietatik
kantu-hotsak datozkigu:
«Gora Jainko zuzena!»
Baina nik hau diot:
«Ai ene!
Errukarria ni! Errukarria ni!
Traidoreak beti traizioan!
Traizioa traizioaren gain,
etengabe!»

17
Izua eta zuloa eta zepoa zuretzat,
lurraldean bizi zaren horrentzat.

18
Izu-garrasitik ihes egin dezana
zuloan jausiko da;
zulotik ihes egin dezana
zepoan harrapatua geldituko.
Zeru goitik uholdeak eraso,
lurraren oinarriek dardara.

19
Lurra lehertu egiten da eta zartatu,
gogor dardaratu.

20
Mozkorrak bezala
egiten du balantza,
txosnak bezala ikara.
Bere errebeldiaren zamapean
erori da
eta ezin berriro altxatu.

21
Egun hartan
Jaunak zigorra emango die
zeruko indarrei zeruan,
lurreko erregeei lurrean.

22
Zulo batean bilduko ditu preso,
eta giltzapean gordeko luzaro,
epai-eguna arte.

23
Jaun ahalguztiduna
Sion mendian, Jerusalemen,
errege izango denean,
ilargia eta eguzkia
ezkutatu egingo dira lotsaz,
hain azalduko baita ospetsu,
bere zerbitzariez inguraturik.

25

1

Jauna, zu ene Jainkoa:
goresten zaitut
eta zure izena dut ospatzen,
burutu baitituzu
zeure egitasmo miragarriak,
zeuk aspalditik leial finkatuak.

2
Hiria harri-pila bihurtu duzu,
gotorlekua hondamendi;
atzerritarren gazteluak lur jo du,
eta inork ez du berriro jasoko.

3
Horregatik,
ohore ematen dizu herri ahaltsuak,
begirune dizu
jende ankerreko hiriak.

4
Indargabearentzat
babesleku izan zara,
behartsuarentzat
larrialdian babesleku:
ekaitzean aterpe,
sargorian gerizpe.
Izan ere, jende ankerraren erasoa
ekaitza hormaren kontra bezala da,

5
lurralde lehorrean sargoria bezala.
Zuk mututu duzu
atzerritarren zalaparta-hotsa;
lainoaren itzalak beroa bezala,
hala ito dituzu
jende ankerraren oihuak.

6
Sion mendian, Jaun ahalguztidunak
otordu oparoa emango du
nazio guztientzat,
janari gozo mamitsuz,
ardo zahar bikainez.

7
Mendi honetan kenduko du
herri guztiak estalirik zeuzkan zapia,
nazio guztiak bilduak zeuzkan
oihala.

8
Behin betiko galduko du heriotza!
Jainko Jaunak
guztien begietako malkoak
xukatuko ditu,
eta mundu guztian jasaniko
lotsaizuna
bere herriarengandik baztertuko.
Hala esan du Jaunak.

9
Egun horretan, hau esango dute:
«Hona hemen gure Jainkoa!
Berarengan genuen itxaropena
eta salbatu egin gaitu.
Jauna da!
Berarengan genuen itxaropena:
poztu eta alai gaitezen,
salbatu egin baikaitu».

10
Mendi hau bere eskuz
zainduko du Jaunak;
Moab , ordea, bertan zapalduko,
lastoa simaurtegian
zapaldu ohi den bezala.

11
Han besoak luzatuko ditu Moabek,
igerilariak igerian bezala;
baina bere besoen ahaleginez
ez du bere harrokeria
azpiragotzea baizik lortuko.

12
Haren harresi sendo eta garaiak
Jaunak bota eta eraitsiko ditu,
lur jota eta hauts eginda utziko.

26

1

Egun hartan,
kantu hau kantatuko dute
Juda herrialdean:
«Bai sendoa gure hiria !
Dorre eta harresiak
ditu babesgarri.

2
Ireki ateak,
eta sar bedi herri zintzoa,
Jaunarekiko leial
irauten duen herria.

3
Sendo du gogoa;
Jauna, bake betea ematen diozu,
zuregan baitu konfiantza.

4
Izan beti konfiantza Jaunarengan,
Jauna suntsiezineko
harkaitza da eta.

5
Gailurrean bizi direnak
eraitsi egiten ditu,
hiri garaia lurreraino,
hautsa jotzeraino botatzen,

6
behartsuen oinek zapal dezaten,
indargabeek
hankapean erabil dezaten».

7
Zintzoaren bidea zuzena da:
zuk egiten duzu, Jauna,
zintzoaren bidea zuzen.

8
Zuk ezarritako bidetik
goaz gu ere, Jauna,
itxaropena zuregan dugula.
Zutaz oroitzea, zu goratzea:
horixe dugu irrika.

9
Ene gogoa zure egarri da gauean,
ene barrenak
zu bilatzen zaitu goizean.
Zuk zeure nahia
munduari azaltzean
zure zuzentasuna zer den
ikasten dute lurtarrek.

10
Gaiztoek, ordea, ez dute sekula
zuzena zer den ikasiko,
nahiz eta zuk erruki izan.
Zintzoen lurraldean
gaiztakerian ari dira
eta Jaunaren handitasuna
ez dute aintzat hartzen.

11
Eskua altxatua duzu, Jauna,
zigortzeko,
baina haiek ohartzen ez.
Ikus bezate, lotsaz beterik,
zeure herriarekiko
duzun maitemina;
zure suminak irents bitza etsaiak.


12
Jauna, bakea emango diguzu,
zeuk burutzen baitituzu
gure jarduera guztiak.

13
Jauna, gure Jainkoa,
zu ez beste jaunak
izan ditugu nagusi,
baina zu, zu bakarrik,
nahi zaitugu aitortu.

14
Hilak daude, eta ez dira berpiztuko,
haien arimak ez dira altxatuko,
zuk zigortu baitituzu eta suntsitu.
Haien oroitzapena ere
galdu egingo da.

15
Handi egin duzu, Jauna, gure herria,
handi egin duzu gure herria.
Zeure ospea agertu duzu
eta gure lurraldearen mugak
zabaldu.

16
Jauna, larrialdian
zure bila ibili gara;
zure zigorra jasatean,
otoitza isuri dizugu .

17
Haurra izateko zorian,
minez bihurriturik,
garrasi egiten duen
emakumearen antzeko
ginen zure aitzinean.

18
Ernari geunden eta erdiminetan,
baina haizea besterik ez dugu egin:
ez diogu lurraldeari
salbamenik ekarri,
ez munduari haurrik eman.


19
Zure hildakoak bai, berpiztuko dira,
haien gorpuak altxatuko!
Lurpean etzanak esnatuko dira
eta pozez oihuka ekingo.
Izan ere, zuk, Jauna,
argia bidaltzen duzu ihintza bezala,
eta lurpetik argitara
ateratzen hildakoak.

20
Ea, ene herri, sartu etxean
eta itxi ateak barrutik.
Gorde zaitez alditxo batean,
Jaunaren haserrea igaro arte.

21
Izan ere,
Jauna bere bizilekutik atera da,
lurreko bizilagunen
gaiztakeria zigortzeko.
Orduan, lurrak agerian jarriko du
isuritako odola,
ez ditu ezkutuan gordeko
hilketen biktimak.

27

1

Egun hartan, Leviatan ,
suge iheskor eta makurra,
zigortuko du Jaunak
bere ezpata zorrotz,
handi eta bizkorraz:
hil egingo du itsas herensugea.

2
Egun hartan, Jaunak esango du:
«Goratu kantuz
nire mahasti zoragarria.

3
Nik neuk, Jaun honek, zaintzen dut
eta sarri ureztatzen.
Gau eta egun zaintzen dut,
inork kalterik egin ez diezaion.

4
Ez nago jadanik harekin haserre.
Sasiak eta laharrak
aurkitzen badizkiot,
eraso eta bat-batean erre egingo dut.

5
Baina nire babespean
jarri nahi badu,
egin bitza bakezkoak nirekin.
Bai, egin bitza bakezkoak nirekin».

6
Etorkizunean, Jakoben ondorengoek
sustraiak botako dituzte,
Israel herria loratuko da
eta kimuberrituko,
eta mundu osoa
fruituz beteko dute.

7
Jo ote ditu Jaunak israeldarrak
hauen jotzaileak jo zituen
bezain gogor?
Hil ote ditu israeldarrak
hauen hiltzaileak hil zituen bezala?

8
Zigortu ditu, bai, eta kanpora bota;
mendebal-haizearen antzeko
arnasaldi gogorrez
eraman ditu urrutira.

9
Horrela, ezabatua izango da
Jakoben herriaren errua,
baldin eta beren bekatua
baztertzen badute,
idolo-aldare guztiak,
kareharria bezala,
hauts egiten badituzte
eta Axera jainkosaren
eta eguzkiaren ohorezko
harri sakraturik
gehiago gelditzen ez bada.

10
Izan ere, hiri gotortua
hondaturik gelditu da,
baserri hustuaren pare,
basamortua bezain bakar.
Txekorren larre eta etzaleku
bihurtu da;
bertara datoz adar-kimuak jatera.

11
Zuhaitz-adarrak ihartu
eta hautsi egiten dira,
eta su-egurretarako
biltzen dituzte emakumeek.
Bai, zentzugabeko herria da Israel:
horregatik,
bere egileak ez dio errukirik,
sortzaileak ez dio gupidarik.

12
Egun hartan, israeldarrok,
Eufrates ibaitik Egiptoko ibairaino,
banan-banan
bilduko zaituzte Jaunak,
uztaroan galburuak
bildu ohi diren bezala.

13
Egun hartan,
turuta handia joko du,
Asirian galduei
eta Egipton sakabanatuei
dei egiteko,
eta Jerusalemen, mendi santuan,
Jauna gurtzera etorriko dira.

28

1

Zoritxarrekoa Samaria,
efraimdar mozkorren
koroa harroxko,
haran joriaren gainean garai zauden
apaindurazko lore-sorta zimel,
ardozaleen hiri!

2
Horra hor Jaunak norbait bidali ,
ausarta eta indartsua:
txingorraldiak,
ekaitz hondagarriak bezala,
ur handi oldartsuek bezala,
eskuz lurrera bota

3
eta hankapean zapalduko du
efraimdar mozkorren
koroa harroxkoa.

4
Eta haran joriaren gainean
garai dagoen
apaindurazko lore-sorta zimelari,
sasoian lehenbizi heldutako
pikuarena gertatuko zaio:
ikusten duenak,
eskura orduko ahora.


5
Egun hartan,
Jaun ahalguztiduna bera izango da
bere herrian bizirik geldituentzat
koroa eder, diadema apain.

6
Berak emango die epai-mahaikoei
zuzenbide-sena
eta hiriaren defendatzaileei kemena.

7
Apaiz eta profetak ere
estropezuka dabiltza
ardoaren eraginez,
bidetik oker pattarraren eraginez;
pattarrarengatik estropezuka
eta bidetik oker, ardotan itota:
ikuskariak dituztenean itsumustuka
eta epaia ematean zanbuluka.

8
Oka eginda,
nazkagarri daude mahai guztiak,
ez da inon tarterik garbi.

9
Eta hau diote nitaz:
«Nor eta gu eskolatu honek?
Nori eta guri irakatsi
Jainkoak agertua?
Haurtxo bularretik kendu berriak
ote gara?

10
Hala moduz ari zaigu,
hizki-mizki, xuxu-muxu ».

11
Horra, bada: hizketa nahasiz,
hizkuntza arrotzez,
hitz egingo dio Jaunak herri honi.

12
Behinola esana baitzien:
«Hona hemen lasaibidea,
hona hemen atsedena;
nekatuak atseden har beza».
Baina haiek jaramonik ez.

13
Horregatik,
hizki-mizki eta xuxu-muxu ulergaitz
gertatuko zaie Jaunaren hitza.
Eta hala, bidean hankaz gora erori
eta hezurrak hautsiko dituzte,
tranpan harrapatuak
geldituko dira.

14
Entzun, beraz, Jaunaren hitza,
Jerusalemgo herri honen gobernari
zareten jende harroputzok.

15
Hau diozue:
«Ituna egina dugu Herioarekin,
tratua Hildakoen Egoitzarekin :
ezbehar suntsigarria datorrenean,
ez gaitu harrapatuko,
gezurra hartu baitugu babes,
maltzurkeria gordeleku».

16
Horregatik,
honela dio Jainko Jaunak:
«Hona nik Sionen
harri aukeratua ipini,
giltzarri bikain eta oinarri sendo.
Hura euskarri duenak
kolokarik ez.

17
Eraikuntza horretan,
justizia erabiliko dut plomutzat,
zuzenbidea nibeltzat».

Gezurrean zenuten
babeslekua, berriz,
txingorrak botako du,
zuen gordelekua urak eramango.

18
Herioarekin zenuten ituna
hautsi egingo da,
Hildakoen Egoitzarekiko tratuak
ez du iraungo.
Ezbehar suntsigarriak jo
eta zapalduko zaituzte.

19
Etorraldi bakoitzean joko zaituzte,
egunero-egunero, gau eta egun.
Horren berri jakite hutsak
ikara gorria emango dizue.

20
Harako esaerak dioena
gertatuko zaizue:
«Ohea estuegi etzateko,
burusiak motzegi estaltzeko».

21
Peratzim mendian bezala
ekingo dio Jaunak,
Gabaon haranean bezala,
bere egitekoa betetzeko,
bere lana burutzeko:
egiteko harrigarria,
ohi ez bezalako lana.

22
Ez gehiago harropuzkeriarik, beraz,
kateak estuago
bihur ez dakizkizuen.
Izan ere, zuen lurralde osoa
suntsitzeko erabakia hartua duela
jakinarazi dit Jainko Jaunak.

23
Entzun arretaz nik esana,
adi egon nire hitzetara.

24
Ereiteko garaian, nekazariak
beti goldaketan eta lurra urratzen
eta areatzen jardun ohi ote du?

25
Ez, behin lurra berdinduz gero,
anisa eta kuminoa erein ohi ditu,
ondoren garia
eta garagarra zuinetan,
eta basartoa gero bazterretan.

26
Jainkoak erakutsita daki
dena nola egin.

27
Anisa ez da, noski, eultziaz jotzen,
ezta kuminoa ere
gurdia gainean jiraka erabiliz;
baizik eta makilaz
astindu ohi da anisa
eta zigorrez kuminoa.

28
Garia bai, eultziaz zapaltzen da,
baina ez etengabe jotzen;
gurdia erabiltzen da gainean jiraka,
baina alea txikitu gabe.

29
Hori guztia
Jaun ahalguztidunak xedatua da:
haren egitasmoak harrigarriak dira
eta arrakasta handikoak.

29

1

Ai Jerusalem, Jerusalem ,
behinola Davidek setiaturiko hiri!
Oraindik urte bat edo beste,
urtean urteko jai-saila osotuz,

2
eta estu hartuko dut Jerusalem:
intziriak eta negar-zotinak
izango dira,
eta opariak erretzeko aldarea bezala
jarriko dut hiria.

3
Alde guztietatik setiatuko zaitut,
lubakiz inguratuko,
zure kontra eraso-tresnak jasoko.

4
Lur jota geldituko zara,
lurrean intzirika;
hautsetan itoa geratuko da
zure mintzoa;
hildakoen espirituenaren antzeko
izango da zure ahotsa,
zurrumurruaren antzeko
zure mintzoa.

5
Zure harroputz-piloa
hauts xehea bezala izango da;
zure indartsuen multzoa,
haizeak daraman lastoa bezala.

Baina bat-batean eta ustekabean,

6
trumoi, lurrikara eta burrunbaz,
zurrunbilo, ekaitz
eta sugar kiskalgarriz
ekingo dio Jaun ahalguztidunak.

7
Orduan,
Jerusalemen aurka borrokan
ari diren nazio guztiak,
setiatzen duten gudari-talde
eta eraso-tresna guztiak,
ametsa bezala,
gaueko irudipena bezala
desagertuko dira.

8
Ametsetan jaten ari eta esnatzean
urdaila hutsik duen
gosetuaren antzeko,
ametsetan edaten ari eta esnatzean
eztarria lehor duen
egarrituaren antzeko izango da
Sion mendiari erasotzen dioten
nazioen multzoa .

9
Harri zaitezte, harritu!
Itsu zaitezte, itsutu!
Mozkortu, baina ez ardoz!
Egin balantza,
baina ez edanarengatik!

10
Izan ere,
Jaunak lozorroa bidali dizue,
begiak itxi dizkizue profetoi,
burua estali ikusleoi.

11

Goi-agerpen guztiak zigiluz itxitako idazki baten antzeko gertatzen zaizkizue: irakurtzen dakien bati idazkia eman eta «Irakurri hau» esaten diote, eta hark «Ezin dut, zigiluz itxia baitago» erantzuten;

12 edo irakurtzen ez dakien bati eman eta «Irakurri hau» esaten diote, eta hark «Ez dakit irakurtzen» erantzuten.

13

Jaunak hau esan du:
Herri hau hurbiltzen zait, bai,
ohore ematera,
baina ezpainez bakarrik
ohoratzen nau;
niregandik urruti du bihotza.
Ematen didaten gurtza
ohitura hutsa,
giza agindua besterik ez da.

14
Horregatik,
harrigarriro jokatuko dut
behin eta berriro herri honekiko.
Horrela,
bertako jakintsuen jakinduria
huts aterako da
eta adituen adimena
bertan behera galduko.

15
Zoritxarrekoak beren asmoak
Jaunari ezkutatzen dizkiotenak!
Ilunpetan ari dira azpilanean,
esanez:
«Inork ez gaitu ikusten.
Inor ez da gutaz ohartzen».

16
A zer zorakeria!
Buztinlaria adina ote da, bada,
buztina,
eginak egileari «Ez nauzu zuk egin»
edota ontziak ontzigileari
«Ez dakizu lanean» esateko?


17
Oso denbora gutxi barru,
Libanoko basoa
lorategi bihurtuko da,
eta lorategia baso.

18
Egun hartan, liburuko hitzak
entzungo dituzte gorrek,
eta ilunperik eta itzalik gabe
ikusiko itsuek.

19
Dohakabeak berriro Jaunarekin
poztuko dira
eta gizakirik behartsuenak
Israelgo Jainko santuarekin
gozatuko.

20
Izan ere, zapaltzailea hilko da,
harroputza galduko,
kalte egiteko erne dabiltzanak
akabatuko:

21
alegia, besteak gezurrez salatzen,
auzitegian defentsa eragozten
eta errugabea hondamendira
eramaten dutenak.


22
Horregatik,
Abraham askatu zuen Jauna
honela mintzo zaie
Jakoben ondorengoei:
Jakoben herriak
ez du aurrerantzean
gehiago lotsarik izango,
ez zaio aurpegia gorrituko;

23
zeren, nik beraien artean
egingo dudana ikustean ,
ni naizela Jakoben Jainko santua
aitortuko dute,
Israelen Jainko santu honi
begirune izango diote.

24
Burua galdurik zebiltzanak
adimenez jantziko dira,
protestari zirenek
ikasbidea onartuko dute.

30

1

Hau dio Jaunak:
«Ai zuek, jende errebeldea!
Nire oniritzirik gabe
eratzen dituzue egitasmoak
eta nire borondatearen aurka
burutzen hitzarmenak ,
horrela
bekatua bekatuaren gain pilatuz.

2
Egiptora jotzen duzue,
niri galdetu gabe,
faraoiaren babespean jartzera,
Egiptoren gerizpean gordetzera.

3
Baina faraoiaren babesa
lotsabide gertatuko zaizue,
eta Egiptoren gerizpeko gordelekua laidogarri.

4
Zuen buruzagiak Tanis-era
eta zuen mandatariak
Hanes-era iristean,

5
asmo guztiak ustel aterako zaizkie
probetxugabeko herri horrekin;
ez baitie ezeren laguntzarik
eta probetxurik ekarriko,
lotsa eta laidoa baizik».


6
Negeveko basapiztiei buruz mezua:
«Lehoi orrolari, sugegorri
eta dragoi hegalariz
josia dagoen lurralde beldurgarri
eta arriskutsuan barrena,
hor daramazkiote
beren aberastasun bikainak,
astoen bizkarretan
eta gameluen konkorretan,
probetxugabeko herriari.

7
Alferrekoa eta hutsa da
Egiptoren laguntza;
horregatik,
izen hau jarri diot:
“Geldigaitza mugiezin” ».

8
Jaunak hau agindu zidan:
«Ea, beraien begi aurrean
idatz ezazu hau oholtxoan
eta egin zigilaturiko agiria,
gerorako geldi dadin,
betiko lekukotzat».

9
«Herri errebeldea,
seme engainatzaileak dira benetan,
Jaunaren irakaspena ez baitute
onartu nahi.

10
Hau esaten diete profetei:
“Ez izan ikuskaririk,
ez agertu egia,
baizik eta guri atsegin zaiguna esan,
amets liluragarriak agertu.

11
Alde bide zuzenetik.
Ez iezaguzue aurrean jar
Israelen Jainko santua”».

12
Horregatik,
hau dio Israelen Jainko santuak:
«Nire hitza
mespretxatu egiten duzue,
eta bidegabekerian
eta maltzurkerian
duzue konfiantza,
hauek dituzue euskarri.

13
Beraz,
zeuen gaiztakeriaren ondorioz,
goitik behera pitzaturiko
harresi garaiari bezala
gertatuko zaizue:
pixkanaka okertu
eta, halako batean, gutxien ustean,
lurrera amiltzen da.

14
Hautsi eta erabat txikitzen den
buztinezko pitxerrarena bezalakoa
izango da zuen hondamena:
su-bazterretik ilintia
nahiz putzutik ura
ateratzeko adinako puskarik
ez zaio gelditzen».


15
Hau dio Jainko Jaunak,
Israelen Jainkoak:
«Geldi eta lasai egotea
da zuen salbabidea;
patxada eta konfiantza,
zuen indarra».
Ez duzue, ordea, hala nahi izan,

16
baizik eta esan duzue:
«Ez, zaldiz egingo dugu ihes».
Bai horixe, beharko egin ihes!
Eta zuek areago:
«Gurdi bizkorrak hartuko ditugu».
Zuen pertsegitzaileak
bai izango direla bizkor!

17
Etsai bakar batek mehatxu egin,
eta zuetako milaka ihesi.
Bostek bakarrik mehatxu,
eta den-denok ihesi.
Azkenean,
mendi-gailurrean utzitako
bandera-kirtena
eta tontorrean utzitako
guda-bandera bezain bakan
geldituko zarete.

18
Hala ere, zuei barkatzeko begira,
errukia agertzeko prest dago Jauna,
Jainko zuzena baita.
Zoriontsuak
harengan itxaron dutenak!

19
Siongo herria,
Jerusalemen bizi zaretenok,
ez duzue
negar egin beharrik izango.
Laguntza eske oihu egitean,
Jaunak barkatu egingo dizue
eta entzun orduko erantzun.

20
Larrialdi eta atsekabe artean
bizi beharko baduzue ere,
irakasle duzuen Jauna
ez zaizue gehiago ezkutatuko;
zeuen begiz ikusiko duzue.

21
Zeuen belarriz entzungo duzue
atzetik esaten:
«Hona hemen bidea,
hemendik ibili».
Noiz jo eskuinera, noiz ezkerrera
erakutsiko dizue .

22
Eta kutsatutzat joko dituzue
zilarrez apainduriko jainko-irudiak
eta urrez estalitako idoloak.
Trapu zikinak bezala
botako dituzue kanpora,
esanez: «Utikan hemendik!»

23
Euria emango dizue Jaunak
lurrean ereindako haziarentzat,
eta gari mardul eta oparoa
emango du lurrak.
Egun hartan zuen abereak
larre zabaletan bazkatuko dira.

24
Lurra lantzen dizueten
idi eta astoek
belar gozoa izango dute jateko,
aska betean izango ere.

25
Hilketa handiaren egunean,
etsaien dorretxeak
eroriko direnean,
errekak eta ur-xirripak jaitsiko dira
mendi handi
eta muino garai orotatik.

26
Jaunak bere herriaren zauriak lotu
eta sendatuko dituenean,
ilargiak eguzkiak bezala
egingo du argi;
eguzkiaren argia, berriz,
zazpi aldiz handiagoa izango da,
zazpi eguzkirena batean bezalakoa.

27
Horra non datorren Jauna bera urrutitik.
Garretan eta ketan dago
haren haserrea,
sumina dariela haren ezpainak;
su kiskalgarria dirudi haren mihiak,

28
leporainoko uholde oldartsua
haren arnasak.
Galbahean bezala
astinduko ditu nazioak,
muturrekoaz bezala
masailetik lotuko,
hondamenera eramateko.

29
Zuek, berriz,
kantuari ekingo diozue,
jai arratsean bezala;
bihotzean poz izango duzue,
Israelen Harkaitz den
Jaunaren mendira
txirula-doinuz erromes
doanak bezala.

30
Bere ahots bortitza
entzunaraziko du Jaunak
eta bere indar eraginkorra
erakutsiko,
haserre gorri eta sugar kiskalgarriz,
ekaitz, euri-jasa eta txingor artean.

31
Beldur-ikara izango du Asiriak,
Jaunaren ahotsa entzutean
eta hark zigorrez jotzean.

32
Danbolin eta zitara-soinuz
ospatuko duzue
Jaunak leporatuko dion
zigorraldi bakoitza.
Gogor ere gogor
erasoko dio Jaunak .

33
Asiriako erregearentzat
aspalditik gertu dago
erreleku sakon eta zabala,
egur-pila handia.
Jaunaren arnasak emango dio su,
sufre-bolada baten antzera.

31

1

Zoritxarrekoak laguntza eske
Egiptora doazenak!
Beren zaldietan dute konfiantza,
guda-gurdi asko
eta zaldun ugari dutelako dira fio.
Israelen Jainko santuari, berriz,
begiratu ere ez;
Jaunak ez die axola.

2
Baina bera ere trebea da
zoritxarra ekartzen
eta ez du bere hitza jaten.
Gaizkileen aurka altxatuko da,
eta lagun dituztenen aurka.

3
Egiptoarrak gizaki dira, ez jainko,
haien zaldiak hezur eta mami huts,
ez espiritu.
Luzatuko du Jaunak eskua,
eta babeslea nahiz babestua
biak eroriko dira,
biak batera galduko.

4
Jaunak hau esan dit:
«Lehoiak nahiz lehoikumeak
orro eginez
erasotzen dio harrapakinari,
eta ez dute beldurtzen
aurka datorkion
artzain-taldearen oihuek,
ez eta uzkurrarazten
haien zalapartak.
Halaxe etorriko da
Jaun ahalguztiduna
Sion mendira, bere mendira,
borrokara.

5
Txoriak, hegoak zabaldurik,
habia zaindu ohi duen bezala,
halaxe zainduko du Jerusalem
Jaun ahalguztidunak;
zainduko du eta askatuko,
barkatu eta salbatuko».

6
Israeldarrok,
itzul zaitezte Jaunarengana,
oso urrutira
aldendu baitzarete berarengandik.

7
Orduan,
denok baztertuko dituzue
zilar eta urrezko jainko-irudiak,
zeuen esku bekatariz eginak.

8
Asiria ezpataz joa eroriko da,
baina ez gizakiari esker;
ezpatak garbituko du,
baina ez giza indarrez.
Ezpatak ihes eragingo die,
gudaririk onenak
lan behartuetarako
hartuko dizkiote.

9
Erregeak ihes egingo du beldurrez,
gudalburuek
bandera bertan utziko , ikaraz.
Hala esan du Jaunak,
etsaiak zigortzeko sua Sionen
eta labea Jerusalemen duenak.

32

1

Hara, zuzenbidez aginduko duen
erregea izango da,
eta zuzenbidez gobernatuko duten
gobernariak.

2
Haietako bakoitza
haizetean babes izango da,
ekaitzean aterpe;
lurralde lehorrean ubidea bezala,
basamortuan harkaitz handi baten
geriza bezala.

3
Ikusi behar dutenek begiak zabalik,
entzun behar dutenek
belarriak erne izango dituzte.

4
Buruarinak
burutsu izaten saiatuko dira,
hizmotelak
bizkor eta garbi mintzatuko.

5
Zentzugabea
ez da jatortzat hartuko,
ezta makurra ere prestutzat.


6
Izan ere,
zentzugabeak zorakeria ahoan,
eta asmo txarrak besterik ez
barruan;
Jaunaz arduratu gabe bizi da
eta hari irainka mintzo;
gose dena hutsik bidaltzen du
eta egarri denari
ez dio edaten ematen.

7
Maltzurra, berriz,
azpijokoz ari da
eta zitalkeriaz baliatzen,
dohakabe eta behartsuen
eskubideak gezurrez deuseztatzeko.

8
Jatorrak, ostera, asmo jatorrak,
eta egintzak ere jatorrak.

9
Emakume arduragabeok,
ea, entzun nire esana!
Andre axolagabeok,
aditu nire mezua!

10
Orain axolagabe bizi zarete,
baina urtebete igaro eta laster
dardara egingo duzue,
mahats-biltzea amaituko baita
eta ez da gehiago uztarik izango.

11
Izan ikara, arduragabeok!
Egin dardara, axolagabeok!
Erantzi, kendu soineko horiek,
eta estali dolu-jantziz.

12
Jo bularra eta egin dolu:
landa zoragarri
eta mahasti emankorrak
amaitu dira eta;

13
sasi eta laharrak haziko dira
nire herriaren lurraldean;
dolu egin, bai,
alaitasunez beterik zeuden
etxeengatik,
hiri festazaleagatik.

14
Errege-jauregia utzi egingo dute,
hiri jendetsua hutsik geldituko da;
Ofel auzoa eta zaintzeko dorrea ,
betiko hondaturik,
basastoen etzaleku atsegin
eta artaldeen larre-toki bihurtuko.

15
Baina, azkenik,
Jaunak bere espiritua
isuriko digu goitik berriro.
Basamortua baratze bihurtuko da
eta baratzea baso.

16
Eta batean zein bestean
zuzenbidea eta justizia nagusi.

17
Justiziak bakea ekarriko du,
patxada eta konfiantza betiko.

18
Nire herriak bakea,
konfiantza eta lasaitasuna
izango ditu egoitza eta bizileku,

19
nahiz eta basoa mozturik erori
eta hiriak hondoa jo.

20
Zorionekoak zuek!
Uraren ondoan ereingo duzue,
asto eta idiak larrean libre utziko.

33

1

Ai zu, inork hondatu gabeko
hondatzaile hori ,
inork traizionatu gabeko
traidore hori!
Besteak hondatzeari
utziko diozunean,
zeu ere hondatuko zaituzte;
traizionatzeari utziko diozunean,
zeu ere traizionatuko zaituzte.

2
Erruki gutaz, Jauna,
zuregan baitugu itxaropen!
Izan gure indar egunero,
gure salbamen estualdian.

3
Zure hotsa entzutean, herriak ihesi;
zuk ekitean, nazioak sakabanatu.

4
Orduan, mamorro-piloa bezala
pilatuko ditugu harrapakinak,
matxinsaltoek bezala
egingo diegu gainera jauzi.

5
Guztiz handia da Jauna!
Goi-goian du bizilekua,
eta zuzenbidez eta justiziaz
betetzen du Sion.

6
Seguru biziko zara beti:
jakinduria eta adimena,
ondasun salbagarri;
Jaunarenganako begirunea,
zeure aberastasun.


7
Horra jerusalemdarrak
kalean garrasika,
bakearen mezulariek
negar dagite saminki.

8
Bideak hutsik daude,
inor ez baitabil;
etsaiek hitzarmena hautsi dute,
lekukoak mespretxatu dituzte;
ez da giza errespeturik.

9
Dolutan, akiturik dago lurraldea,
lotsaz eta zimel Libanoko basoa,
Xaron lautada basamortu bihurtua,
Baxan eta Karmel mendiak gorri.

10
Hau dio Jaunak:
«Orain ekingo diot,
orain altxatuko naiz,
orain agertuko handi.

11
Zuen barne-asmoak belar ihar dira;
hortik sorturiko
egintzak, berriz, lasto.
Suak bezala erreko ditu
nire arnasak .

12
Herriak errauts bihurtuko dira,
moztu eta sutan erretzen diren
sasiak bezala.

13
Urruti nahiz hurbil bizi zaretenok,
jakin ezazue nik eginaren berri
eta nire ahalmena aitortu».


14
Ikara izango dute Sionen
bekatariek,
dardarak hartuko ditu sinesgabeak,
eta esango dute:
«Jaunaren epaia
itzalezineko labea da:
gutarik nork jasan lezake
haren su kiskalgarria?»

15
Zuzen jokatzen
eta egia esaten duenak,
bidegabekeriazko irabazirik
onartzen ez
eta eskupeko dirurik jasotzen ez duenak,
hilketa-proposamenei
jaramonik egiten ez
eta txarkeria begi onez
ikusten ez duenak.

16
Horrelakoa seguru biziko da
zoritxarraren gainetik;
harkaitz arteko gotorlekuan
izango du babes,
ogiz eta urez etengabe hornitua.

17
Erregea ospetsu ikusiko duzu,
luze eta zabal lurraldea.

18
Lehengo beldurrak gogora ekarriz,
honela esango duzu:
«Non da zerga-biltzailea?
Non kontrolatzen gintuena? »

19
Ez duzu ikusiko gehiago
herri harroa,
hizkuntza iluna,
hizketa arrotz ulertezina
duen herria.

20
Begira Sioni, geure jaiak
ospatzen dituguneko hiriari.
Ikus Jerusalem, bizitoki lasaia,
egoitza finkoa,
inork ziririk aterako ez dion
eta sokarik etengo ez dion
oihal-etxolaren pareko.

21
Hor agertuko digu Jaunak
bere ospe handia.
Ibai eta ubide zabaleko
lurraldea izango da;
baina etsaien arraun-txaluparik
ez da handik igaroko,
ez ontzi handirik bertan ibiliko.

22
[22-23] Ontzien sokak lasaituak daude,
ezin diote mastari eutsi,
eta belarik zabaldu ezin.
Orduan,
harrapakinak banatuko ditugu;
hain ugari banatu ere,
ezen herrenak ere
izango baitu partea.
Izan ere,
Jauna dugu epaile eta legegile.
Jauna dugu errege:
berak salbatuko gaitu.

23

24
Jerusalemen bizi den inork
ez du esango: «Gaixo nago».
Jainkoak
barkatu egingo dizkio bekatuak
bertako jendeari.

34

1

Zatozte entzutera,
nazio guztiok,
adi egon, herriok!
Entzun beza lurrak
eta bertan bizi direnek,
munduak
eta munduko sorkari guztiek.

2
Haserre baitago Jauna nazioekin,
sumindua haien gudarosteekin:
erabat suntsitzea erabaki du,
hilketara eman ditu.

3
Hildakoak bazterretan
botako dituzte:
haien gorpuek kiratsa botako dute,
mendiak haien odolez bustiko dira.

4
Zeruko izar guztiak hauts egingo dira
eta zerua
erroilua bezala biribilduko;
izar guztiak erori egingo dira,
piku-hostoak eta mahats-hostoak
zimeldu eta erortzen diren bezala.

5
Jaunaren ezpata egarri da zeruan:
horra, Edomgo herriaren aurka,
Jaunak hondamendira
kondenatua duen
herriaren aurka dator erasoz.

6
Jaunaren ezpata odolez betea,
gantzetan bustia dago:
sakrifizioetako bildots
eta akerren odolez
eta aharien giltzurrun-gantzez.
Izan ere,
sakrifizioa burutu behar du Jaunak
Botzra hirian,
hilketa izugarria Edom herrian.

7
Bufalo, zekor eta zezenak,
batera eroriko dira denak;
odoletan blai geldituko da
haien lurraldea,
gantzetan bustia bertako hautsa.

8
Bai, Sionen aldeko auzian
erabakia du Jaunak
etsaiei ordaina emateko
eta haien lepotik mendekua
hartzeko garaia.

9
Edomgo errekak bike bihurtuko dira
eta lurra sufre.
Bikeak bezala
su hartuko du lurraldeak.

10
Ez da itzaliko ez gau eta ez egun,
ketan egongo da etengabe.
Hutsik geldituko da
menderik mende,
handik ez da sekula inor igaroko.

11
Hontza eta kirikinoa
jabetuko dira hartaz,
hontz zuria eta belea
jarriko han bizitzen.
Nahas-mahas eta huts
bihurtuko du Jaunak.

12
Ez da han gehiago
erregerik izendatuko,
handiki eta buruzagiak,
denak galduko dira.

13
Laharrak aterako dira
hango jauregietan,
sasiak eta garduak gotorlekuetan.
Basa txakurren bizileku izango da,
ostruken gordeleku.

14
Han bilduko dira
basakatu eta hienak,
basakerrak
bata bestearekin elkartuko.
Gau-mamuaren egoitza
eta atseden-toki izango da.

15
Han egingo du sugeak habia,
han egin eta berotuko arrautzak,
eta bere babespean aterako umeak.
Hantxe bilduko dira saiak ere,
arra emearekin elkartuz.

16
Hartu Jaunaren liburua eta irakurri:
hauetako abere batek ere
ez du huts egingo,
arrari ez zaio lagunik faltako,
Jaunak berak agindu baitu,
haren espirituak elkartu ditu.

17
Bere eskuz lurraldea neurtu du
eta bakoitzari bere saila izendatu.
Betiko izango dira haren jabe,
menderik mende biziko bertan.

35

1

Poztu bitez basamortua
eta lur elkorra,
alai bedi eta loratu landa lehorra,

2
jantzi bedi lorez,
irrintzi eta jauzi egin beza
pozaren pozez!
Libano bezain ospetsu
egingo du Jainkoak,
Karmel mendia eta Xaron lautada
bezain eder.
Denek ikusiko dute Jaunaren ospea,
gure Jainkoaren ederra.

3
Sendotu beso ahulduak,
bizkortu belaun makalduak.

4
Esan bihotz-eroriei:
«Eutsi gogor, ez beldurtu!
Horra zuen Jainkoa!
Berbera dator zuek salbatzera
eta merezia duten zigorra
etsaiei ematera».

5
Orduan, itsuek
ikusi egingo dute berriro
eta gorrek entzun.

6
Oreinak bezala
salto egingo du herrenak,
pozaren pozez irrintzi mutuak.
Basamortuan iturriak sortuko dira,
landa lehorrean errekak,

7
hareatza kiskalietan aintzirak,
paraje agorretan iturburuak.
Basa txakurren bizilekuetan
belarra, kanabera eta ihia
aterako dira.


8
Eta galtzada bat izango da han;
«Bide santu» deituko zaio.
Kutsaturiko inor
ez da handik igaroko,
ezta zentzugabeak ere
handik ibiliko.
Jaunak berak irekiko du bidea.

9
Ez da han lehoirik izango,
ez piztia gaiztorik ibiliko,
ezta bat bakarrik ere.
Bide horretatik itzuliko dira
Jaunak askatuak,

10
Jaunak libre eginak;
poz-oihuka etorriko dira Sionera:
amaigabeko alaitasuna
haien aurpegian!
Zoriona eta alaitasuna
izango dituzte lagun;
nahigabeak eta negarra kito!

36

1

Ezekiasen erregealdiko hamalaugarren urtean , Asiriako errege Senakeribek Judako hiri gotor guztiei eraso eta hartu egin zituen.

2

Asiriako erregeak ordezkari nagusia bidali zuen Lakixtik, gudaroste handi batekin, Jerusalemera Ezekias erregearen aurka. Goiko urtegirako ubide ondoan gelditu zen, oihal-garbitzailearen sororako bidean .

3 Hilkiasen seme Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta Asafen seme Joah, erregearen bozeramailea, atera ziren harengana.

4 Asiriar ordezkari nagusiak esan zien:

—Eramaiozue Ezekias erregeari errege handiaren, Asiriako erregearen, mezu hau: «Zer dela-eta zaude hain ziur?

5 Uste al duzu hitz hutsek gerrako planak eta ausardiak bezainbat balio dutela? Norengan duzu zeure ustea, nire kontra jaikitzeko?

6 Egiptorengan? Hara, kanabera printzatua bezala da Egipto: euskarritzat hartzen duenari eskua zulatzen dio alderik alde. Horrelakoxea da Egiptoko errege faraoia, ustea berarengan duten guztientzat.

7 “Jaunarengan, geure Jainkoarengan, dugu ustea”, erantzungo didazu. Baina ez al ditu, bada, Jainko horren muinoetako kultu-leku eta aldareak kendu Ezekiasek, Juda eta Jerusalemgo jendeari Jauna Jerusalemgo aldarean bakarrik gurtzeko aginduz?

8 Ea, bada, egiozu desafio nire jaunari, Asiriako erregeari: bi mila zaldi emango dizkizut, beste hainbeste zaldun aurkitzeko gauza bazara.

9 Ezin diozu-eta atzera eragin nire ofizialik txikienetariko bati ere! Egiptok guda-gurdiak eta zaldiak emango dizkizulakoan al zaude?

10 Gainera, uste al duzu Jaunaren baimenik gabe etorri naizela lurralde honi eraso egin eta hondatzera? Jaunak berak esan dit lurralde honi eraso eta hondatzeko!»

11

Orduan, Eliakimek, Xebnak eta Joahek hau erantzun zioten asiriar ordezkari nagusiari:

—Mesedez, hitz egiguzu arameeraz, ulertzen baitugu. Ez mintzatu hebreeraz, harresi gainean dagoen jendea entzuten ari da eta.

12

Ordezkari nagusiak ihardetsi zuen:

—Zer uste duzu? Mezu hau zure erregeari eta zuri bakarrik esatera bidali nauela neure jaunak? Harresi gainean dagoen jende horrentzat ere bada, horiek ere beren kaka jan eta pixa edan beharko baitute, zuek bezalaxe.

13

Orduan, ordezkari nagusiak, zutiturik, deiadarka esan zuen hebreeraz mintzatuz:

—Entzun ezazue errege handiaren, Asiriako erregearen, mezua:

14 «Ez zaitzatela engaina Ezekiasek, ezin izango baitzaituzte libratu.

15 Ez diezazuela Ezekiasek ustea Jaunarengan jarrarazi, Jaunak libratuko zaituztelakoan eta hiri hau Asiriako erregearen menpean eroriko ez delakoan».

16 Ez aditu Ezekiasi; entzun Asiriako erregeak dioena: «Egin bakezkoak nirekin eta jar zaitezte nire menpe. Horrela nork bere mahatsondoaren eta pikondoaren fruituak jan ahal izanen ditu eta bere putzuko ura edan.

17 Eta gero, zuena bezalako beste lurralde batera, garia eta ardoa, ogia eta mahastiak dituen lurraldera, eramango zaituztet.

18 Ez zaitzatela Ezekiasek engaina, Jaunak libratuko zaituztela esanez. Beste herrietako jainkoek libratu ote dituzte beren lurraldeak Asiriako erregearen eskutik?

19 Zer egin dute Hamat eta Arpadeko jainkoek? Zer Sefarbaimgo jainkoek ? Libratu al dute Samaria nire eskutik?

20 Inongo jainkok ez du libratu bere lurraldea nire eskutik, eta Jaunak libratuko al du, bada, Jerusalem nire menpean erortzetik?»

21

Haiek isilik gelditu ziren; ez zioten hitzik erantzun, erregeak agindua baitzien ez erantzuteko.

22 Hilkiasen seme Heliakim jauregizainak, Xebna idazkariak eta Asafen seme Joah bozeramaileak, jantziak urraturik, Ezekiasengana joan eta ordezkari nagusiak esana adierazi zioten.

37

1

Ezekias erregeak ere, hori entzutean, jantziak urratu zituen eta, doluz jantzirik, Jaunaren etxera jo zuen.

2 Eta Amotzen seme Isaias profetagana bidali zituen Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta apaizik zaharrenak, doluz jantzirik,

3 esatera: «Hau dio Ezekiasek: Larritasun-, zigor- eta lotsa-eguna dugu gaurkoa. Haurra izateko zorian eta egiteko indarrik gabe dagoen emakumearen antzeko gara.

4 Jainko bizia laidotzera bidali du Asiriako erregeak bere ordezkari nagusia. Entzungo al zituen Jaunak, zure Jainkoak, hark esan dituen irainak, eta zigortuko al du, entzun behar izan dituen irain guztiengatik! Eta zuk egizu otoitz oraindik bizirik dirautenen alde».

5

Hala, joan ziren Ezekias erregearen funtzionarioak Isaiasengana.

6 Isaiasek erantzun zien: «Emaiozue zeuen nagusiari Jaunaren mezu hau: “Ez beldurtu entzun dituzun hitzengatik; ni iraintzeko esan dituzte halakoak Asiriako erregearen ofizial horiek.

7 Hara, zurrumurruren bat helaraziko diot eta, orduan, bere lurraldera itzuliko da. Han hil egingo dute ezpataz”».

8

Ordezkari nagusiak, itzultzean, jakin zuen Asiriako erregea Lakixtik joana zela Libna hiriari erasotzera; eta han aurkitu zuen.

9 Handik, Etiopiako errege Tirhaka borrokatzeko asmoz zetorkiola jakin zuelarik, Senakeribek mezulariak bidali zizkion berriro Ezekiasi,

10 Judako erregeari, esatera: «Ustea berarengan duzun arren, ez zaitzala engaina zeure Jainko horrek, Jerusalem nire eskuetan ez dela eroriko esaten badizu ere.

11 Zeuk entzun duzu zer egin dieten Asiriako erregeek herrialde guztiei: erabat hondatu. Eta zu libratuko zarelakoan al zaude?

12 Nire aurreko erregeek Gozan, Harran, Retzef eta Telasarren bizi ziren edendarrak hondatu zituztenean, libratu al zituzten beren jainkoek?

13 Non dira Hamateko, Arpadeko, Lairreko, Sefarbaimgo, Henako eta Ibako erregeak?»

14

Hartu zuen Ezekiasek gutuna mandatarien eskutik eta, irakurri ondoren, Jaunaren etxera joan zen eta, gutuna Jaunaren aurrean zabaldurik,

15 honela egin zion otoitz:

16 «Jaun ahalguztiduna, Israelen Jainkoa, hegaldun izakien arteko tronuan eseria zauden hori, zu zara munduko erreinu guztien Jainko bakarra. Zuk eginak dira zeru-lurrak.

17 Itzul belarria niregana, Jauna, eta entzun. Zabal begiak, Jauna, eta ikusi. Entzun nolako irainak zuzendu dizkizun Senakeribek zuri, Jainko bizi horri.

18 Egia da, bai, Jauna, Asiriako erregeek birrindu egin dituztela herriak eta berauen lurraldeak,

19 eta suari eman dizkiotela berauen jainkoak; ez baitziren jainko, zurezko nahiz harrizko irudi hutsak baizik, giza eskuek eginak. Horregatik xehatu ahal izan dituzte.

20 Zuk, ordea, Jauna, gure Jainko horrek, salba gaitzazu Senakeriben eskuetatik. Horrela, lurreko erreinu guztiek jakingo dute, Jauna, zu bakarrik zarela Jainko».

21

Amotzen seme Isaiasek honako mezu hau bidali zion Ezekiasi: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Aditu dut Asiriako errege Senakerib dela-eta egin didazun otoitza.

22 Hona hemen zer diodan haren aurka:

«Mespretxu eta barre degizu,
Senakerib,
Sion neska gazte ederrak;
buruaz keinuka ari zaizu atzetik
Jerusalem hiri ederra.

23
Nori egin diozu irain eta iseka?
Noren aurka jaso duzu ahotsa
eta altxatu begiak harro?
Nire aurka,
Israelgo Jainko santuaren aurka!

24
Ni, Jaun hau, iraindu nauzu
zeure mezularien bidez.
Zera esan duzu:
“Neure guda-gurdi ugariei esker
mendi-gailurretara igo naiz,
Libanoko tontor hurbilgaitzetara.
Hango zedrorik tantaienak
eta zipresik bikainenak bota ditut.
Tontorrik garaienetara
eta basarterik itxienetara heldu naiz.

25
Atzerrietan putzuak zulatu ditut
eta bertako ura edan;
hankapean zapalduz
lehortu egin ditut
Egiptoko ubide guztiak”.

26
Baina ez al dakizu, Senakerib,
aspalditik neuk prestatua nuela,
antzinatik neuk erabakia
orain burutzen ari naizen hau?
Horregatik bihurtu dituzu
hiri gotorrak zabor-pila.

27
Haietako bizilagunak
indarrik gabe,
ikaraturik eta burumakur
utzi dituzu,
larre-belarra bailiran,
hazi baino lehen ihartua.

28
Badakit zure egintzen
eta nondik norako guztien berri;
badakit noiz zauden
amorru bizitan nire kontra.

29
Nire kontra amorruz zaudelako
eta zure harrokeria
nireganaino iritsi delako,
sudurrekoa eta ahokoa
ezarriko dizkizut,
etorri zaren bidetik itzularazteko».

30

Ondoren, hau esan zion Isaiasek Ezekiasi :

«Hauxe izanen duzu ezaugarri:
aurten, alorrean utzitako hazitik
sortua jango duzu;
datorren urtean,
bere kasa erneko dena;
baina hurrengo urtean
erein ahal izango duzue
eta uzta bildu,
mahatsondoak landatu
eta mahatsa jan.

31
Judako erreinuan bizirik geldituak,
lurrean sustraiak botatzen
eta adarretan fruituak
ematen dituzten
zuhaitz izango dira berriro.

32
Izan ere, bakar batzuk
bizirik geldituko dira Jerusalemen,
onik aterako Sion mendian.
Jaun ahalguztidunaren
maitemin sutsuak egingo du hori!


33
«Hau dio Jaunak
Asiriako erregeari buruz:
“Ez da hiri honetan sartuko,
ez dio gezirik jaurtiko,
ez ezkutuen babespean erasoko,
ez hiria hartzeko betelanik egingo.

34
Etorri den bidetik itzuliko da;
ez da sartuko hiri honetan.
Hala diot nik, Jaunak.

35
Neuk gerizatuko dut
eta salbatuko hiri hau,
naizena naizenagatik
eta neure zerbitzari Davidengatik”».

36

Gau hartan bertan , Jaunaren aingeruak ehun eta laurogeita bost mila gizon jo eta hil zituen asiriarren kanpalekuan; denak hilda aurkitu zituzten biharamun goizean, jaiki zirenean.

37 Asiriako errege Senakerib, orduan, guda-etxolak jaso eta Ninivera itzuli zen eta bertan gelditu.

38 Egun batez, bere jainko Nisrok-en jauretxean ahuspeztua zegoelarik, Adramelek eta Saretzer bere semeek ezpataz jo eta hil egin zuten; gero, Ararat inguruko lurraldera egin zuten ihes hiltzaileek. Beste seme bat, Asarhadon, izan zen hurrengo errege.

38

1

Egun batez, larriki gaixotu zen Ezekias. Amotzen seme Isaias profetak berarengana joan eta esan zion:

—Hau dio Jaunak: «Konpondu etxeko arazoak, hil egingo zara eta. Ez zara luzaro biziko».

2

Ezekiasek aurpegia paretari eman eta honela egin zion otoitz Jaunari:

3 «Arren, Jauna! Oroit zaitez leial eta zintzo jokatu izan dudala beti zurekin, atsegin zaizuna eginez». Eta negarrari eman zion saminki.

4

Orduan, Jaunak Isaiasi agindu zion

5 Ezekiasengana itzultzeko, honako hau esatera: «Hona zer dioen Jaunak, zure arbaso Daviden Jainkoak: Aditu dut zure eskaria eta ikusi ditut zure malkoak; beste hamabost urtez luzatuko dizut bizia.

6 Libratuko zaituztet zu eta Jerusalem Asiriako erregearen eskuetatik eta babestuko dut hiri hau».

7

8

9

10

11

12

13

14

15

16

17

18

19

20

21

Orduan , Ezekiasi pikuz eginiko enplastoa ekartzeko agindu zuen Isaiasek eta zauriaren gainean ezartzeko, senda zedin.

22 Ezekiasek galdetu zion Isaiasi:

—Zer izango dut berriz ere Jaunaren tenplura joango naizenaren ezaugarri?

Isaiasek erantzun:

—Hona hemen Jaunak emango dizun ezaugarria, agindutakoa beteko duela adierazteko: Akazen mailadian, jaitsiak dituen hamar mailak igoaraziko dizkiot eguzkiaren itzalari.

Eta eguzkiaren itzalak ordurako jaitsiak zituen hamar mailak igo egin zituen.

Ezekiasen gorespen-kanta

Judako errege Ezekiasek, bere gaitzetik sendatu zenean, gorespen-kanta hau egin zuen:

«Hau pentsatu nuen:
Bizitzako sasoirik onenean
joan behar;
Hildakoen Egoitzara naramate,
gainerako bizi-urteak
kentzen dizkidate.
Hau pentsatu nuen:
Ez dut gehiago Jauna ikusiko
bizidunen lurrean,
ez eta gizakirik
mundu honetako
bizilagunen artean.
Bizia kentzen didate
eta urruti eramaten,
artzainaren oihal-etxola bezala.
Ehotzen amaitu ondoren,
ehuleak mozten duen
ehunaren antzeko da nire bizia.
Gau eta egun hilzorian naukazu.
Goiza arte negar-zotinka ari naiz,
lehoiak bezala hausten
baitizkidazu hezurrak.
Gau eta egun hilzorian naukazu.
Enara txioka bezala
ari naiz intzirika,
usoa urrumaka bezala.
Ahulduak ditut begiak
zerura begira.
Estu naiz, Jauna!
Egizu zerbait nire alde!
Baina zer esango diot, zer,
berak egin baitu hau guztia?
Ezinez ibili behar bizialdi osoan,
barruko saminaren saminez.
Jaunak gordetzen dituenak
biziko dira,
eta ni ere haiekin biziko naiz.
«Sendatu egin nauzu,
bizia berritu didazu!
Hara, samina bake bihurtu zait.
Nire bizia hondamen-leizean
erortzetik gorde duzu,
bizkarra eman baitiezu
nire bekatu guztiei.
Hildakoen Egoitzan
ez dago zu goresterik,
hildakoek ezin zaituzte zu laudatu,
hilobiratuek ezin
zure leialtasunean itxaron.
Biziek, biziek bakarrik,
zaituzte goresten,
orain nik goresten zaitudan bezala.
Gurasoek haurrei ematen diete
zure leialtasunaren berri.
Salbatu egin nauzu, Jauna!
Soinua joko dugu eta kantu egin
Jaunaren etxean,
bizi garen artean».

39

1

Aldi hartan, Baladanen seme Merodak-Baladan Babiloniako erregeak, Ezekias gaixorik egona zela jakin zuelarik, gutuna eta erregaluak bidali zizkion.

2 Ezekiasek ongi hartu zituen mandatariak eta bere gordailu guztiak, hango zilar, urre, lurrin eta usain gozoko olioak, erakutsi zizkien, baita bere armategia eta bere altxortegian zituen ondasun guztiak ere. Ez zien deus ere erakutsi gabe utzi, ez bere jauregian, ez erresuma osoan.

3

Orduan, Isaias profetak, Ezekiasengana joan eta galdetu zion:

—Zer esan dizute gizon horiek? Nondik etorri zaizkizu?

Ezekiasek erantzun:

—Urrutitik etorri dira, Babiloniatik.

4

Isaiasek, berriro:

—Zer ikusi dute zure jauregian?

Eta Ezekiasek erantzun:

—Etxean daukadan guztia ikusi dute. Ez diet neure altxortegiko deus ere erakutsi gabe utzi.

5

Isaiasek, orduan, Ezekiasi:

—Entzun Jaun ahalguztidunak dioena:

6 «Egunen batean —eta badator egun hori—, etxean daukazun guztia, zure aurrekoek gaurdaino bildu duten guztia, Babiloniara eramango dute. Ez da ezer ere geldituko —dio Jaunak—.

7 Zuregandik jaio diren, zeuk sortu dituzun seme-alabetariko batzuk ere eraman egingo dituzte, Babiloniako erregearen jauregian zerbitzari izateko».

8

Ezekiasek, orduan, Isaiasi:

—Berri ederrak ekarri dizkidazu Jaunaren partetik.

Izan ere, bere garaian behintzat bakea eta segurtasuna izango zituela pentsatu zuen.

40

1

Hau dio zuen Jainkoak:
«Kontsola ezazue,
kontsolatu nire herria!

2
Mintza bihotzera Jerusalemi;
hots egiozue
burutu duela bere morrontza,
ordaindu bere erruen zorra,
gogor ordainarazi baitizkio Jaunak
bere bekatuak».

3
Ahots bat oihuka:
«Prestatu basamortuan
bidea Jaunari,
berdindu eremuan galtzada
gure Jainkoari.

4
Bete daitezela sakanak,
beheratu mendi-muinoak;
bihur bitez zelai eta lautada
paraje latz eta malkarrak.

5
Orduan, Jaunak
bere ospea agertuko du
eta gizaki guztiek batera
ikusiko dute.
Jaunak berak esan du».


6
Ahots batek dio: «Hots egin!»
Eta nik: «Zer behar dut hots egin?»
«Gizaki oro belarraren pareko da,
landako lorea bezain sendo:

7
ihartzen da belarra, zimeltzen lorea,
Jaunak haizeari joaraztean.
Bai, belarraren pareko da gizateria:

8
ihartzen da belarra, zimeltzen lorea;
gure Jainkoaren hitzak, ordea,
betiko dirau».


9
Igo mendi garai batera, Sion,
albiste pozgarria hots egitera ;
goratu indarrez ahotsa, Jerusalem,
goratu beldurgabe ahotsa,
esan Judako hiriei:
«Hemen da zuen Jainkoa!

10
Hara, ahalmen osoz dator
Jainko Jauna,
bere nagusigoa indartsu ezarriz.
Hara, berekin dakar garaipen-agiria,
berak askaturiko herria .

11
Artzainak bezala
zaintzen du artaldea:
arkumea besoan hartu
eta altzoan eramaten du,
ama berria arduraz gidatzen».

12
Nork neurtu du itsasoa esku beteka,
edo zeruen zabala arra beteka,
edo lurreko hautsa lakarika?
Nork pisatu
mendi-muinoak balantzan?

13
Nork neurtu du Jaunaren espiritua?
Nor izan da haren aholkulari?

14
Nork eman dio
kontseilu eta argibide,
nork irakatsi jokabide zuzena?
Nork irakatsi jakintza
eta eginbide burutsua?

15
Nazioak, harentzat,
suilean ur-tanta dira,
balantza gainean hautsa baino ez;
itsas herriak ,
hondar-alea bezain astun.

16
Libanok ez du aski abere
harentzat oparitan erretzeko,
ezta egurrik aski ere sutarako.

17
Haren aurrean,
nazio guztiak ezer ez,
hutsaren hurrengo dira harentzat.


18
Norekin konparatuko duzue
Jainkoa,
zein irudiz emango aditzera?

19
Artisauak urtzen du idoloa,
zilarginak estaltzen urrez
eta apaintzen zilarrezko katez.

20
Horretarako ahalbiderik ez duenak
zur ustelgaitza aukeratzen du
eta artisau treberen bat bilatzen,
zartatuko ez den irudia
molda diezaion.


21
Ez al dakizue?
Ez al duzue inoiz entzun?
Ez al dizuete hasieratik
horren berri eman?
Ez al duzue ulertu
nork eraiki zuen mundua?

22
Lurraren gaineko sabaian
du Jainkoak tronua
eta handik lurtarrek
matxinsaltoak dirudite;
oihala bezala hedatu du zerua,
oihal-etxola bezala zabaldu,
bizitzeko.

23
Handikiak ezereztu egiten ditu,
munduko gobernariak
hutsaren pareko bihurtzen.

24
Oraindik lurrean
sendo sustraitu gabeko landareen,
erein edo landatu berrien
antzeko dira:
Jainkoak haize eman
eta ihartu egiten dira;
haize-erauntsiak eramaten
lastoa bezala.


25
Jainko santuak galdetzen dizue:
«Norekin konparatuko nauzue,
norekin berdinduko?»

26
Jaso begiak gorantz eta ikus:
Nork egin zuen hori guztia?
Banan-banan aterarazten ditu
zeruko astroak,
bakoitzari bere izenez deitzen dio;
hain baita ahaltsu,
hain biziki indartsu,
batek ere ez dio
haren deiari huts egiten.


27
Zergatik, Israel,
Jakoben herri hori,
zergatik ari zara esaten:
«Jauna ez da nire zoriaz arduratzen,
nire eskubideek ez diote axola?»

28
Ez al dakizu?
Ez al duzu inoiz entzun?
Jauna betiereko Jainkoa da,
lurbira osoa egin duena:
ez da nekatzen, ez akitzen;
ulermenaz gaindikoa
haren adimena.

29
Nekatuari indarrak berritzen dizkio,
ezinduari ahalmena bihurtzen.

30
Gazteak ere
nekatzen dira eta akitzen,
sasoitsuenak ere
ahuldu eta erortzen,

31
baina Jaunarengan itxaro dutenek
indarrak berritzen dituzte:
arrano-hegoak hazten zaizkie,
lasterka egin eta ez dira nekatzen,
ibili eta ez akitzen.

41

1

«Entzun niri isilik,
urrutiko herriok ;
jantzi adorez, naziook.
Etorri hitz egitera,
bil gaitezen elkarrekin auzitara.

2
Nork sorrarazi du ekialdean
edonon garaile ateratzen den hori ?
Nork eskuratzen dizkio nazioak
eta menpean jartzen erregeak?
Hauts egiten ditu bere ezpataz,
haizeak daraman lasto bihurtzen
bere uztaiaz.

3
Pertsegitu egiten ditu
eta aurrera doa seguru,
bere oinez lurrik ia ukitu gabe.

4
Nork egin eta burutu du
hori guztia?
Ni, Jauna, neu naiz lehena,
hasieratik gizaldiak mundura
ekartzen dituena,
eta azkenekoak iristean ere
ni betiko berbera.

5
Ikusi eta beldur dira
urrutiko herriak,
ikaraz lurraren azken bazterrak;
hurbiltzen ari dira, hor datoz».


6
Elkarri laguntzen diote idologileek
eta adore-hitzak esaten elkarri.

7
Artisauak zilarginari
ematen dio adore,
mailukari leuntzaileak
ingude-jotzaileari,
esanez: «Ederra soldaketa!»
Eta gero
iltzez gogortzen dute irudia,
ez dadin zarta.

8
«Zu, Israel, nire zerbitzaria;
zu, Jakob, nik aukeraturiko herria,
nire adiskide Abrahamen
ondorengoa.

9
Lurraren azken bazterretatik
hartu zintudan,
urrutieneko zokoetatik deitu
eta esan: “Zu nire zerbitzaria”.
Baztertu ez,
baino aukeratu egin zaitut.

10
Ez izan beldur, zeurekin bainauzu;
ez larritu, zure Jainkoa bainaiz.
Neure laguntzaz
ahaltsu egiten zaitut,
neure esku garaileaz eusten dizut.

11
Lotsaz eta laidoz geldituko dira
zure aurka lehiatzen direnak;
ezerezean galduko dira
zure kontra liskarrean ari direnak.

12
Bilatu eta inon ez dituzu aurkituko
borroka egiten zizutenak;
ezerez eta huts bihurtuko dira
gerra egiten zizutenak.

13
Nik, Jaunak, zeure Jainkoak,
eskutik heltzen baitizut
eta esaten: “Ez beldurtu,
neuk laguntzen dizut!”»


14
Hau dio Jaunak:
«Ez izan beldur, Israel,
Jakoben herri,
hartxo bat bezain ezerez
eta ahul zaren hori!
Neuk laguntzen dizut;
ni, Israelen Jainko santua,
nauzu askatzaile.

15
Eultziaren antzeko bihurtzen zaitut,
hortz zorrotzeko
eultzi berriaren antzeko;
mendiak xehatu
eta hauts egingo dituzu,
muinoak lasto bihurtuko.

16
Zuk astindu
eta haizeak eramango ditu,
haize-erauntsiak barreiatuko.
Zu, berriz,
pozik izango zara Jaunaz,
harro Israelen Jainko santuaz.


17
«Dohakabe eta behartsuak
ur bila dabiltza, baina alferrik;
lehor dute mihia egarriz.
Nik, Jaunak,
erantzungo diot haien premiari,
nik, Israelen Jainkoak,
ez ditut bazterrera utziko.

18
Mendi-kasko soiletan errekak
sortuko ditut,
ibarretan iturriak;
basamortua aintzira bihurtuko dut,
lur lehorrean
iturburuak sorraraziko.

19
Zedro, arkazi, mirto eta olibondoak
landatuko ditut basamortuan;
zipres, zumar eta izeiak eremuan.

20
Horrela ikusiko dute denek
eta jakingo,
ohartuko dira eta behingoz ulertuko
nik, Jaunak, egin dudala hori guztia,
nik, Israelen Jainko santuak,
dudala sortu».

21
Hau dio Jaunak,
Jakoben herriaren erregeak :
«Aurkeztu zeuen auzia, idolook,
ekarri frogak.

22
Zatozte eta iragarri
gero gertatzekoa.
Esan guri
zeuen lehengo iragarpenak
eta arretaz entzungo dugu;
adierazi etortzekoak,
betetzen diren ikus dezagun.

23
Iragarri geroko gertakizunak
eta aitortuko dugu jainko zaretela.
Eman zoriona edo zoritxarra,
ohar gaitezen eta zuen beldur izan.

24
Baina hara: zuek ez zarete ezer,
zuen egintzak hutsaren hurrengo.
Mespretxagarria, zuek jainkotzat
aukeratzen zaituztena.


25
«Gizon bat sorrarazi dut ekialdean,
bere izenez egin diot dei ;
iparraldetik etorri da.
Lokatza bezala
zapalduko ditu gobernariak,
eltzegileak buztina
zapaltzen duen bezala.

26
Nork iragarri zuen hau hasieratik,
nork aurrez adierazi,
jakin genezan
eta egia zela aitortu?
Ez, ez zuen inork iragarri,
ez zuen inork adierazi,
ez zizuen inork ezer entzun.

27
Nik jakinarazi diot
lehendabizi Sioni ,
nik bidali albistari pozgarria
Jerusalemi.

28
Idoloei begiratu diet: ez zen inor,
inortxo ere ez kontseilu emateko,
nire galderei erantzuteko.

29
Idolo guztiak ez dira ezer,
horien egintzak hutsaren hurrengo,
irudiak haizea bezain hutsal».

42

1

Jaunak dio :
«Hona hemen nire zerbitzaria,
nik eusten diodana,
nik hautatua, atsegin dudana.
Beronen gain ezarri dut
neure espiritua:
nazioei justizia ekarriko die.

2
Ez du oihu egingo,
ez ahotsa goratuko,
ez kaleetan bere mintzoa
entzunaraziko.

3
Kanabera printzatua ez du hautsiko,
ahulduriko argi-metxa
ez du itzaliko.
Justizia ekarriko du leialki.

4
Ez du adorea galduko, ez etsiko,
lurrean justizia ezarri arte.
Haren legearen zain egongo dira
urrutiko herriak».


5
Hau diotso bere zerbitzariari
Jainko Jaunak,
zeru zabalak egin zituenak,
lurra finkatu eta landaretza
sortu zuenak,
gizakiei eta lurrean mugitzen diren
guztiei bizi-arnasa eman zienak:

6
«Nik, Jaun honek,
salbamen-ekintzarako dei egin dizut
eta eskutik heldu;
nik eratu zaitut
eta egiteko hau ezarri:
herriarentzat nire ituna berritu
eta nazioei argi egitea,

7
itsuen begiak zabaldu
eta presoak espetxetik ateratzea,
ilunpetan bizi direnak kartzelatik.

8
Ni naiz Jauna, horixe dut izena:
ez diot neure ospea inori utziko,
ez niri zor zaidan gorespena
idoloei emango.

9
Begira, bete dira
lehen iragarri nituenak;
orain gauza berriak iragartzen ditut,
gertatu baino lehen
adierazten dizkizuet».

10
Kanta Jaunari kantu berria,
goretsazue
lurraren azken bazterretan ere;
goretsazue,
itsas gizon eta piztia guztiok,
goretsi, urrutiko bizilagunok.

11
Poz bitez basamortua
eta bertako kanpalekuak,
Kedar leinuaren bizilekuak.
Sela hiriko bizilagunek
egin bezate poz-oihu,
mendi-gailurretan irrintzi.

12
Eman ohore Jaunari,
iragarri urrutiko herrietan
goresgarri dela.

13
Heroi baten antzera atera da Jauna,
borrokarako gartsu,
gerlari baten antzera,
guda-irrintzi zolia eginez,
etsaiei bulartsu aurre emanez.

14
Jaunak dio:
«Luzaro egon naiz geldi,
ezer esan eta egin gabe;
baina orain garrasika ari naiz,
intzirika eta aienez,
emakumea erdiminetan bezala.

15
Mendi eta muinoak lehortuko ditut,
belar guztia ihartuko,
ibaiak lur lehor bihurtu
eta putzuak agortuko.

16
Ezagutzen ez duten bidetik
eramango ditut itsuak,
ibilbide ezezagunetan barrena.
Ilunpea argi bihurtuko diet,
paraje malkarrak bide lau.
Horra zer egiteko asmotan naizen,
eta ez dut etsiko.

17
Atzera egingo dute, lotsaren lotsaz,
idoloetan uste on dutenek,
irudiei “Zuek zaituztegu jainko”
esaten dietenek».

18
Jaunak dio:
«Entzun, gorrok;
begira eta ikus, itsuok.

19
Ba al da inor
nire zerbitzaria bezain itsu
eta nik bidalitako mezularia
bezain gor?
Inor ez nik aukeratua bezain itsu,
Jaunaren zerbitzaria bezain gor !

20
Gauza asko ikusi ditu,
baina gogoan hartu ez;
zabalik ditu belarriak,
baina ezer entzuten ez.

21
Jaunak,
bere salbamen-asmoari leial,
handi eta eder egin nahi izan du
bere legea;

22
baina herri larrutu eta pipildua da,
denak presondegian sartu
eta kartzelan loturik daude;
larrutu egin dituzte,
eta inork askatzen ez;
pipildu, eta inork ez
haien egoera aldatzeko ardurarik».


23
Zuetariko nork
egingo dio jaramon honi guztiari?
Nork entzungo du arretaz
hemendik aurrera?

24
Nork jarri du Israel, Jakoben herria,
larrutu eta pipildu dutenen esku?
Ez ote Jaunak berak?
Beraren kontra egin baitute bekatu,
ez dute nahi izan haren bidetik ibili,
ez haren legea onartu.

25
Horregatik, gainera isuri zien
bere haserre-sumina,
gudu latza jasanaraziz:
haren sugarrak inguratu zituen,
oso-osorik kiskali;
baina haiek ez zuten
ezer jakin nahi izan,
ezta arretarik jarri ere.

43

1

Baina orain, Israel,
Jakoben herri,
honela mintzo zaizu Jauna,
sortu eta eratu zaituena:
«Ez izan beldur,
askatu egin baitzaitut
eta zeure izenez deitu: nirea zara zu.

2
Ibaiak pasatzean,
zurekin izango naiz:
urek ez zaituzte hondoratuko;
sutatik igarotzean, ez zara erreko,
ez zaitu sugarrak kiskaliko.

3
Neu bainaiz Jauna, zure Jainkoa,
Israelen Jainko santua da
zure salbatzailea.
Egipto eman dut zure askapen-sari,
Etiopia eta Seba, zure ordainetan

4
hain preziatua baitzara niretzat:
biziki estimatzen
eta maite zaitudalako,
gizakiak ematen ditut zure truke,
herriak zure biziaren ordain.

5
Ez izan beldur, zurekin bainago.
Ekialdetik eta mendebaldetik
bildu eta ekarriko ditut
zure herritarrak.

6
Iparraldeari esango diot:
“Itzul itzazu”,
eta hegoaldeari: “Ez eduki hor”.
Itzul itzazue lurraren urrutieneko
bazterretatik nire seme-alabak,

7
nire izena daramaten guztiak,
neuk sortu eta eratu nituenak,
neure aintzarako egin nituenak.

8
Utzi etortzen nire herriari,
begiak eduki arren itsu
eta belarriak eduki arren
gor dagoenari.

9
«Bil bitez nazio guztiak,
elkar bitez herriak:
horietako zeinek iragarri zuen
hau guztia
edo lehengo gertakizunak
jakinarazi?
Aurkez bitzate lekukoak,
beren buruak zuri ditzaten,
entzun diezaiegun
eta aitortu egia zela.

10
Honela diot nik, Jaun honek:
Zuek zarete nire lekuko,
israeldarrok,
zuek nire zerbitzari;
nik aukeratu zaituztet,
ni ezagutu, niregan sinetsi
eta ni beti berbera naizela
uler dezazuen.
Nire aurretik ez da jainkorik izan,
ezta izango ere nire ondoren.

11
Neu naiz Jauna, neu;
ez da ni beste salbatzailerik.

12
Nik iragarri dut
eta aurrez adierazi,
nik salbatu zaituztet,
eta ez zen zuen artean
jainko arrotzik.
Zuek nire lekuko
eta ni zuen Jainko,

13
aurrerantzean ere beti berbera.
Ezin dit inork eskutik ezer kendu.
Nik egina nork desegin?»


14
Hau dio Jaunak, zuen askatzaileak,
Israelen Jainko santuak:
«Zuen onerako,
gudarostea bidaliko dut Babiloniara
eta denak ihesi aterako dira,
ihesi babiloniarrak,
beren ontzietan babesturik.

15
Neu naiz Jauna, zuen Jainko santua,
Israelen egilea, zuen erregea».

16
Hau dio Jaunak:
«Nik ireki nuen bidea itsasoan,
ur oldartsuetan zehar;

17
gurdi eta zaldizko gudaroste ahaltsua
aterarazi nuen gudura:
bat-batean lur jo zuten,
eta berriz jaiki ez;
kandela-metxa bezala
itzali ziren eta galdu.

18
Baina orain ez oroitu antzinakoez,
ez gogoratu lehenago gertatuez.

19
Hara, zerbait berria egitera noa:
hasia da sortzen,
ez al diozue antzematen?
Bidea irekiko dut basamortuan,
ibaiak sorraraziko landa lehorrean.

20
Basapiztiek, txakal eta ostrukek,
ohore emango didate,
basamortuan ura emango baitut
eta landa lehorrean
ibaiak sorraraziko,
nire herriari, neure aukeratuari,
edaten emateko.

21
Eta neuretzat eratu dudan herriak
nire gorapena iragarriko du.

22
«Zuk, Israel, Jakoben herri horrek,
ez didazu dei egin, nitaz asperturik.

23
Ez didazu erre-oparitzat
ardirik eskaini,
ez nauzu sakrifizioez ohoratu.
Nik ez zaitut opariak
eskaintzera behartu,
ezta intsentsu eske aspertu ere.

24
Ez duzu niretzat usaingarririk erosi,
ez nauzu oparigaien gantzez ase.
Alderantziz, behartu egin nauzu
zeure bekatuekin,
aspertu zeure erruekin.

25
Nik, ordea,
neure kabuz suntsitu nituen
zure errebeldiak,
ez nituen kontuan hartu zure erruak.

26
Emadazu kontu,
goazen elkarrekin auzitara;
defenda zaitez,
arrazoi eman diezazuten.

27
Zure lehen arbasoak ere
bekatu egin zuen,
zure ordezkariak
nire aurka errebelatu ziren.

28
Horregatik, santutegiko arduradunak
zapuztu egin nituen,
Israel suntsipenera eman nuen,
Jakoben herria irainetara».

44

1

Hau dio Jaunak:
«Entzun orain, Israel,
Jakoben herri,
nire zerbitzari, nik aukeratu horrek.

2
Neu naiz Jauna, zure egilea,
amaren sabelean eratu zintuena,
zure laguntzailea.
Ez izan beldur, Jakoben herri,
ene zerbitzari,
Jexurun , ene aukeratu hori,

3
ura isuriko baitut lur egarrituan,
ur-lasterrak sortuko landa lehorrean.
Neure espiritua isuriko diet
zure ondorengoei,
neure bedeinkazioa
zure seme-alabei.

4
Belardia bezala haziko dira,
ibai ondoko sahatsa bezala.

5
“Jaunarena naiz” esango du batak,
Jakob izena hartuko besteak;
beste batek
“Jaunarena” idatzi besoan
eta Israel izena hartuko
ohoragarritzat».

6
Hau dio Jaunak,
Israelen errege eta askatzaileak,
Jaun ahalguztidunak:
«Neu naiz lehena eta azkena;
ez da ni beste jainkorik.

7
Nor ni bezalakorik? Mintza bedi,
iragarri eta azal biezat historia,
aspaldian gizateria
ezarri nuenetik honakoa .

8
Ez ikaratu, ez beldurtu!
Ez ote nizuen aspalditik
iragarri eta adierazi?
Zeuek zaituztet lekuko:
Ba ote da ni beste jainkorik?
Ez dut ezagutzen beste harkaitzik,
euskarri izan dezakezuenik».

9
Idolo-moldeatzaileak
hutsa dira denak,
hain estimatuak dituzten irudiak
ezertarako ez.
Horien gurtzaileak
itsu eta burugabe;
horregatik, lotsagarri geldituko dira.

10
Nork moldeatzen du irudia
eta idoloa urtzen,
probetxurik espero ezean?

11
Idolozaleak, ordea,
lotsagarri gertatuko,
gizaki huts baitira egileak.
Bil bitez, aurkeztu denak:
ikaraz eta lotsaz
geldituko dira bat-batean.

12

Errementariak burdin puska hartu eta, txingarretan goriturik, mailuka moldeatzen du, beso indartsuz lantzen. Baina gose baldin bada, indarrak galtzen ditu, eta edaten ez badu, leher egiten.

13

Zurginak, berriz, erregelaz neurtu, arkatzez eta konpasez marraztu eta gubiaz lantzen du eta, giza gorpuzkera eta edertasuna emanik, tenpluan kokatzen.

14 Aurrez, zedro bat botatzen du, edo arte nahiz haritzen bat aukeratzen; zuhaitzok basoko besteen artean egiten dira mardul. Edo lizarren bat landatzen du, eta hazi egiten da euriarekin.

15 Jendeak su-egurretarako erabili ohi ditu: nahiz su egin eta berotzeko, nahiz ogia erretzeko. Baina berak jainko-irudi bat egiteko erabiltzen du. Eta gurtu egiten, ahuspezturik.

16

Egurraren erdiarekin sua egiten du, eta gainean okela erre eta asetzeraino jaten. Ondoren, su ondoan berotzen da eta esaten: «Ederki! Bero-bero nago! A zer lamada!»

17 Beste erdiarekin, berriz, jainko-irudi bat egiten du eta aurrean ahuspezturik gurtzen. Eta otoitz egiten dio, esanez: «Salba nazazu, zu baitzaitut jainko!»

18

Ez dute ulertzen, ez bereizten; begiak itsu dituzte eta ezin ikusi, burua ere ilun eta ezin konprenitu.

19 Ez dute gogoeta egiten, ez dute zentzurik, ez ulermenik, esateko: «Egurraren erdia sutara bota dut, ogia eta okela txingarretan erre eta jan egin dut. Eta gainerakoarekin, jainko-irudi higuingarria egin? Egur-puska baten aurrean ahuspeztu?»

20 Errautsez janaritzen da, gezurrezko burutapen zoroek okerbidetik daramate; idoloak ez du salbatuko, baina ez du, hala ere, aitortuko gezur huts dela eskuetan duena.

21

«Israel, Jakoben herri horrek,
gogoan izan nire zerbitzari zarela.
Nik eratu zaitut,
eta nire zerbitzari zara.
Israel, ez zaitut ahaztuko.

22
Lainoa bezala suntsitu ditut
zure errebeldiak,
gandua bezala zure bekatuak.
Itzul niregana,
askatu egin baitzaitut».

23
Egin poz-oihu, zeruok,
Jaunak ekin baitio!
Egin irrintzi, lurreko barrunbeok!
Ekin poz-oihuka, mendi eta baso,
zuhaitz guztiekin batera!
Askatu egin du Jaunak Israel,
Jakoben herria,
bere ospea agertuz horrela.

24
Hau dio Jaunak, zure askatzaileak,
amaren sabelean eratu zintuenak:
«Neu naiz Jauna,
gauza guztien egilea;
bakar-bakarrik
hedatu nuen zerua,
inoren laguntzarik gabe
finkatu lurra.

25
Huts eragiten diet aztien zantzuei,
zentzugabe bihurtzen igarleak;
jakintsuak hankaz gora botatzen
eta haien zientzia
zorakeria bilakarazten.

26
Baina neure zerbitzarien hitza
betearazten dut,
neure mezularien egitasmoa
gauzatzen.
Jerusalemi diotsot:
“Berriro izango dituzu bizilagunak”,
eta Judako hiriei:
“Berriz eraikiko zaituztete”.
Neuk jasoko ditut
bertako horma eroriak.

27
Itsaso zabalari diotsot:
“Lehor zaitez;
neuk agortuko ditut
zure korronteak”;

28
eta Zirori :
“Zu zara nire artzaina,
nik nahi guztia burutuko duzu”.
Jerusalemi diotsot:
“Berriz eraikiko zaituzte”,
eta tenpluari:
“Oinarri berriak jarriko dizkizute”».

45

1

Honela diotso Jaunak
Ziro erregeari,
berak aukeratu eta sagaratuari :
«Eskutik heldurik eusten dizut,
nazioak zure menpean jarri
eta erregeei soinetik
armak kentzeko,
zure aurrean hiri-ateak zabaltzeko,
guzti-guztiak zabaldu ere.

2
Neu joango naiz zure aurretik,
goraguneak berdinduz,
brontzezko ateak apurtuz,
burdinazko morroiloak txikituz.

3
Zoko ilunetan pilaturiko altxorrak,
ongi gorderiko ondasunak
emango dizkizut.
Horrela jakingo duzu
neu naizela Jauna, Israelen Jainkoa,
zeure izenez dei egiten dizuna.

4
Israel neure zerbitzariaren onerako,
Jakob, neuk aukeraturiko
herriarengatik,
deitu zaitut zeure izenez
eta ohorezko eginkizuna ezarri,
ezagutzen ez nauzun arren.

5
Neu naiz Jauna, ez da besterik;
ez da ni beste jainkorik.
Aginpidez jantzi zaitut,
ezagutzen ez nauzun arren,

6
ekialdetik mendebaldera
jakin dezaten
ez dela inor ni besterik.
Neu naiz Jauna, ez da besterik.

7
Neu naiz argiaren egilea
eta ilunpearen sortzailea,
neu zorionaren egilea
eta zoritxarraren sortzailea:
neu, Jaun hau, horren guztiaren egilea!

8
«Isuri goitik, zeruok, ihintza bezala,
isuri garaipena , hodeiok,
euria bezala!
Har beza lurrak zabalik:
sor bedi salbamena,
erne justizia harekin batean!
Nik, Jaunak, egin dut hori guztia».

9
Zoritxarrekoa,
lurrontzi hutsa izanik,
bere egilearekin eztabaidan
hasten den gizakia!
Buztinak buztinlariari esango ote:
«Zertan ari zara?»,
edota «Zure ontziak ez du
heldulekurik»?

10
Zoritxarrekoa aitari esaten diona:
«Zergatik sortu ninduzun?»,
eta amari:
«Zergatik
ekarri ninduzun mundura?»

11
Hau dio Jaunak,
Israelen Jainko santuak,
haren egileak:
«Neure seme-alabengatik
kontuak eskatuko ote dizkidazue,
edo neure lanean
aginduak emango ote?

12
Neuk egin dut lurra
eta lur gainean gizakia sortu;
neuk hedatu ditut neure eskuz zeruak,
eta neuk agintzen
bertako astro guztiei.

13
Neuk sorrarazi dut Ziro
salbamen-ekintzarako,
eta bide guztiak zelaituko dizkiot;
berak berreraikiko du nire hiria
eta libre ateraraziko
nire erbesteratuak,
ordain eta saririk eskatu gabe».
Jaun ahalguztidunak esan du.

14
Hau diotso Jaunak Israeli:
«Egiptoko langileak,
Etiopiako merkatariak
eta altuera handiko sebatarrak
zure menpean jarriko dira,
zureak izango;
zure atzetik joango dira,
katez loturik;
zure aurrean ahuspeztuko dira
eta erreguka esango dizute:
“Zuregan bakarrik dago Jainkoa,
ez da besterik;
beste jainkoak ezer ez dira”».


15
Jainko ezkutua zara zu, benetan,
Israelen Jainkoa, salbatzailea.

16
Lotsaz eta laidoz beterik,
bai, laidoz estalirik
doaz idologileak.

17
Israel, berriz, Jaunak salbatu du,
behin betiko salbatu,
eta ez da, ez, sekula
lotsaz eta laidoz geldituko.


18
Jaunak sortu du zerua,
bera da Jainkoa;
berak eratu eta egin du lurra,
berak finkatu;
ez du hutsik egoteko sortu,
bizileku izateko baizik.
Hau dio Jaunak:
«Neu naiz Jauna, ez da besterik.

19
Ez naiz mintzatu ezkutuan,
lur-zoko ilunen batean;
ez diet esan Jakoben ondorengoei:
“Bila nazazue ezerez hutsean”.
Ni naiz Jauna, zuzen dena iragarri
eta bidezkoa adierazten dudana.

20
«Bil zaitezte, etorri,
hurbildu denok,
nazioetan bizirik geldituok.
Burugabeak dira zurezko idoloak
prozesioan daramatzatenak,
salbatu ezin dituen jainkoari
otoitz degiotenak.

21
Galdegin elkarri,
mintza zaitezte, azaldu frogak:
nork adierazi zuen hau lehendanik,
nork iragarri aspalditik?
Ez ote nik, Jaunak?
Ez baita ni beste jainkorik.
Jainko garaile eta salbatzailerik
ez da neu besterik.

22
Lurreko bazter guztiok,
itzuli niregana, salba zaitezten,
neu bainaiz Jainkoa,
eta ez da besterik.

23
Neure buruarengatik egin dut zin,
promes sendoa,
hitz aldaezina eman dut:
Belaun oro
nire aurrean makurtuko da,
eta mihi orok
nire izenean zin egingo,

24
esanez: “Jaunarengan bakarrik
garaipena eta ahalmena”.
Lotsaren lotsaz etorriko zaizkit
nire aurka lehiatzen diren guztiak.

25
Niri esker, garaile izango da
eta harro egongo
Israel herri osoa».

46

1

Makurtu da Bel jainkoa,
lur jo du Nebo jainkoak.
Zamariek daramatzate
haien irudiak,
abere nekatuen gainean
karga astun.

2
Lur jota daude
eta makurturik idoloak,
ezin dituzte eramaileak salbatu;
beraiek ere erbestera doaz.


3
«Entzun niri,
Jakoben ondorengook,
Israel herrian bizirik geldituok:
neure gain hartuak zaituztet
amaren sabeletik,
neuk zaramaztet altzotik bertatik,

4
eta zuek zahartzean ere,
ni beti berbera:
zuei ilea zuritzean ere,
nik eutsiko dizuet.
Orain arte bezala,
aurrerantzean ere
nik eramango zaituztet,
nik eutsi eta salbatuko.

5
Norekin konparatuko nauzue,
norekin berdinduko?
Norekin parekatuko nauzue,
nire ondoan nor jarriko?

6
Batzuek urrea poltsatik atera,
zilarra balantzan pisatu
eta zilargina alokatzen dute,
jainkoa egin diezaien,
eta ahuspezturik huraxe gurtzen.

7
Lepoan harturik eramaten dute;
gero, bere lekuan kokatu
eta hantxe gelditzen da,
inora mugitu gabe.
Deiadar egiten badiote ere,
ez du erantzuten,
ez du inor
bere larrialditik salbatzen.

8
«Egin gogoeta eta izan kementsu !
Errebeldeok, hartu arreta,

9
gogoratu
antzinatik gaurdaino gertatuak.
Neu naiz Jainkoa, ez da besterik;
neu Jainkoa, ez da ni besterik.

10
Hasieratik iragarri dut etorkizuna,
lehendanik
oraindik gertatzekoa dena.
Hauxe diot:
“Nire egitasmoa beteko da,
nik nahi guztia burutuko dut”.

11
Ekialdetik dei egin diot gizon bati ,
urrutiko herrialdetik:
hegazti harrapariaren antzera etorri
eta nire egitasmoa beteko du.
Hala esan dut eta hala gertaraziko,
hala erabaki eta hala egingo.

12
Entzun niri, burugogorrok,
askapena urruti dela uste duzuenok:

13
gertatzear da nire askapen-ekintza,
nire salbamena ez da luzatuko.
Salbamena ekarriko diot Sioni,
neure ospea emango Israeli.

47

1

«Makurtu lurrera, eseri hautsetan,
Babilonia neskatxa eder ;
eseri lurrean, tronua utzirik,
babiloniarren hiriburu:
ez dizute deituko gehiago
hiri gozo, hiri dotore.

2
Hartu errota eta egin irina;
kendu musu-estalkia,
jaso gonak,
agertu izterrak,
ibaiak oinez igarotzeko:

3
ager bedi zure gorputza biluzik,
zeure lotsariak bistan dituzula.
Mendeku hartuko dut,
ez dit inork eragotziko».


4
Hau dio gure askatzaileak,
Israelen Jainko santuak,
Jaun ahalguztiduna deritzanak:

5
«Eser zaitez isilik,
babiloniarren hiriburu,
zoaz ilunpetara:
ez dizute deituko gehiago
“Erreinuen erregina”.

6
Neure herriarekin haserre nintzela,
neure ondarea zapuztu egin nuen
eta zure eskuetara eman.
Zuk ez zenien gupidarik izan,
zaharrak ere lehertu egin zenituen
zeure uztarri astunaz.

7
Esan zenuen:
“Beti-betiko izango naiz erregina”,
gertaera hauei arretarik jarri gabe,
ondorenak kontuan hartu gabe.


8
«Entzun, bada, orain,
emakume atseginzale,
tronuan lasai zauden horrek;
zeurekiko zenion:
“Neu, eta beste inor ez!
Ez naiz alargunduko,
ez haurrik gabe geldituko”.

9
Zoritxar biok gertatuko zaizkizu,
bat-batean, egun berean:
haurrik gabe eta alargun
geldituko zara
—zoritxarraren zoritxarra!—;
ez dizute balioko
zeure sorginkeria ugariek
eta aztikerien ahalmen handiak .

10
Zeure gaiztakerian seguru zeunden,
pentsatuz: “Ez nau inork ikusten”.
Zeure jakinduriak eta zientziak
desbideratu zaituzte,
eta pentsarazi:
“Neu, eta beste inor ez!”

11
Ba, uxaezineko zoritxarra
gertatuko zaizu,
saihestu ezineko ezbeharra
jausiko gainera,
ustekabean hartuko zaituen
bat-bateko hondamendia etorriko.

12
Eutsi gogor, beraz,
gaztetandik
hain gogoko izan dituzun
aztikeria eta sorginkeria guztiei:
ea ezertarako balio dizuten,
ea inor izutzea lortzen duzun.

13
Aspertu gabe ibili zara
hainbat eta hainbat kontseilarirekin:
betoz, bada, salba zaitzatela,
zerua aztertu
eta izarrak ikertzen dituztenek,
hilero etorkizuna
iragartzen dizutenek!

14
Hara, suak irensten duen
lastoaren antzeko izango dira;
ezin izango dituzte beren buruak
sugarretatik libratu.
Ez da, ez, txingar-sua izango,
ondoan eseri eta berotzekoa.

15
Horra zer etekin
emango dizuten aztiek,
gaztetandik arduraz
zaindu dituzun horiek.
Bakoitza bere bidetik galduko da,
eta zu salbatzeko inor ez.

48

1

«Entzun ezazue,
Jakoben ondorengook,
Israel izena daramazuenok,
Judaren hazitik sortuok.
Jaunaren izenean egiten duzue zin
eta Israelen Jainkoa aitortzen,
baina ez egiaz eta zintzotasunez;

2
“Hiri Santukoak” omen duzue izen,
Israelen Jainkoa,
Jaun ahalguztidun deritzana,
euskarri.

3
Aspalditik iragarriak nituen
gertatu direnak,
neuk hitzeman nituen eta adierazi;
bat-batean ekin nion
eta denak gertatu.

4
Banekien, jakin, tematsuak zaretela,
burdina bezain gogorra
duzuela lepoa
eta brontzezkoa kopeta;

5
horregatik,
aspalditik iragarri nizuen dena,
gertatu baino lehen adierazi,
esan ez zenezaten:
“Nire idoloak egin du,
nire zurezko nahiz metalezko
irudiek gertarazi”.

6
Entzun zenuten iragarpena:
den-dena bete dela ikusirik,
ez ote duzue iragarriko?
Eta orain gauza berriak
adieraziko dizkizuet,
ez dakizkizuen gerta gauza ezkutuak;

7
sortu berriak dira, ez aspaldikoak,
eta ez zenuten haien berri
orain arte,
esan ez zenezaten:
“Banekien lehendik”.

8
Ez, ez zenituzten entzunak,
ez ezagunak,
ez zenekiten ezer,
belarriak itxiak baitzeneuzkaten
betidanik.
Banekien, bai, jakin,
zeharo desleial zaretela,
errebelde deitzen dizuetela
jaio zinetenetik.

9
Neure izenaren ohoreagatik
eutsi diot haserreari,
zor zaidan gorespenagatik
egin dut atzera
eta ez zaituztet suntsitu.

10
Garbitu egin zaituztet,
baina ez zilarra bezala,
sufrimenduaren arragoan
probatuz baizik.

11
Neuregatik jokatu dut horrela,
neuregatik bakarrik,
ezin baitut neure izena belzten utzi.
Ez diot neure ospea inori utziko.

12
«Entzun, Israel, Jakoben herri,
entzun, nik deitu horrek:
Ni beti berbera,
neu lehena eta neu azkena.

13
Neure eskuz oinarritu nuen lurra,
neure eskuz hedatu zerua;
nik dei egin orduko
hasi ziren izaten.

14
Bildu denok eta entzun!
Zuetako nork
iragarri du horrelakorik?
Nire adiskideak
burutuko du nire nahia,
Babilonia eta bertako jendearen
aurkako erabakia.

15
Neuk hitzeman nuen,
neuk egin nion dei eta etorrarazi,
eta haren egitekoak
arrakasta izango du.

16
Hurbildu niregana eta entzun:
Ez dut ezkutuan hitz egin,
eta iragarriak gertatzean,
bertan naiz ni».
(Eta orain, Jaunak bidali nau,
bere espiritua emanik ).


17
Hau dio Jaunak, zure askatzaileak,
Israelen Jainko santuak:
«Neu naiz Jauna, zure Jainkoa,
zeure onerako irakasten dizudana,
ibili beharreko bidetik
gidatzen zaitudana.

18
Ai nire aginduei jaramon
egin izan bazenie!
Ibaika izango zenuke zoriona,
uholdeka salbamena;

19
itsas hondarra bezain ugari
izango lirateke zure ondorengoak,
hondar-aleak bezainbat
zure seme-alabak;
haien izena ez litzateke suntsituko,
inoiz ere ez
nire aurretik ezabatuko».

20
Irten Babiloniatik,
ihes egin babiloniarren artetik!
Adierazi mezua, iragarri poz-oihuz,
helarazi lurraren bazterretaraino:
«Jaunak askatu du Israel
bere zerbitzaria!»

21
Ez zuten izan egarririk,
eremu lehorretan zehar
eraman zituenean;
harkaitzetik ura
jarioarazi zuen haientzat:
harkaitza zulatu eta ura sortu zen.

22
(Gaiztoentzat, ordea, ez da zorionik.
Jaunak esan du ).

49

1

Entzun, itsas herriok ,
adi egon, urrutiko naziook.
Jaio aurretik izan ninduen
gogoan Jaunak,
amaren sabelean nengoela,
neure izenez deitu.

2
Ezpata zorrotz bihurtu zidan mihia,
bere eskupean babestu ninduen;
gezi zorrotz ninduen bihurtu
eta geziontzian gorde.

3
Esan zidan:
«Zu zara nire zerbitzaria, Israel,
zure bidez agertuko dut
neure ospea».

4
Ni, berriz,
hau ari nintzen pentsatzen:
«Alferrik nekatu naiz,
hutsean eta zertarako gabe
akitu ditut indarrak».
Baina Jaunaren eskuetan zegoen
nire eskubidea,
nire Jainkoaren eskuetan
nire lansaria.

5
Ohorez jantzi nau Jaunak
eta neure Jainkoa dut indar.
Amaren sabelean eratu ninduen
bere zerbitzari izateko,
Jakoben leinuak berarengana
bihurrarazteko
eta Israel herria biltzeko.
Orain, honela mintzo zait Jauna:

6
«Ez da aski zu nire zerbitzari izatea
Jakoben leinuak susperrarazi
eta berritzeko
eta Israelen bizirik geldituak
itzularazteko;
nazioen argitzat ezarriko zaitut,
nire salbamena
lurraren bazterreraino
eraman dezazun».


7
Hau diotso Jaunak,
Israelen askatzaile
eta Jainko santuak,
erabat mespretxatua izan denari,
mundu guztiak gorrotatu
eta zapaltzaileek esklabo
bihurtu dutenari:
«Zu ikustean,
altxatu egingo dira erregeak,
makurtu buruzagiak,
leiala den Jaunarenganako
begirunez,
aukeratu zaituen
Israelen Jainko santua dela eta».

8
Hau dio Jaunak:
«Onginahi-garaian
erantzungo dizut,
salbamen-egunean lagunduko.
Nik eratu zaitut eta izendatu,
herriarentzat ituna berritzeko,
herrialdea susperrarazi
eta leheneratzeko,
hondaturiko lurraldea
ondaretzat banatzeko.

9
Presoei esango diezu: “Kanpora!”,
eta ilunpetan daudenei:
“Irten argitara!”
Bide-bazter guztietan
aurkituko dute larrea,
muino gorri guztietan bazka.

10
Ez dira gose, ez egarri izango,
ez ditu sargoriak, ez eguzkiak joko,
gupidaz hartuko baititut
eta gidatuko,
iturburu freskoetara eramango.

11
Bideak zabalduko ditut
mendietan zehar,
galtzada erosoak
prestatuko dizkiet».


12
Horra non datozen urrutitik:
ipar eta mendebaldetik datoz,
Egipto aldetik ere bai.

13
Egin poz-oihu, zeruok!
Alai zaitez, lurra!
Egin poz-irrintzi, mendiok!
Jaunak bere herria kontsolatu baitu,
atsekabean gupida izan dio.

14
«Sionek esaten zuen:
“Jaunak utzia nauka,
ene Jaunak ahaztua”.

15
Ahaztu ote dezake amak
bere haurtxoa
edo bere sabeleko umeari
errukia ukatu?
Ba, amak haurra ahaztuko balu ere,
nik ez zaitut ahaztuko.

16
Neure esku barruan
zauzkat grabatua,
zure harresiak begi aurrean ditut.

17
Zure berregileak
bizkorragoak izan bitez
desegileak baino;
urruti zuregandik hondatzaileak!

18
Begira ingurura eta ikus:
seme-alaba guztiak
zuregana datoz, bildurik.
Neure biziarengatik egiten dut zin:
Jantzi zoragarri
izango dituzu soinean,
andregai-jantziz bezala
inguratuko zaituzte.

19
Orain hondatuak, erraustuak,
dituzu bazterrak,
suntsitua herrialdea;
baina laster estuegi
gertatuko da bizilagunentzat;
irentsi zintuztenak, berriz,
urruti joango dira.

20
Kendu zizkizuten seme-alabek
hurbildu eta esango dizute:
“Estuegia dugu toki hau:
emaguzu lekua bizitzeko”.

21
Orduan, zeure baitan esango duzu:
“Nork eman dizkit
seme-alaba hauek?
Haur gabe nengoen eta antzu,
erbestean eta baztertua:
nork hazi dizkit hauek?
Bakarrik gelditua nintzen:
nondik datozkit haurrak?”»


22
Hau dio Jainko Jaunak:
«Keinu egingo diet nazioei,
neure bandera jasoko herrientzat:
besoetan ekarriko dituzte
zure semeak,
lepoan zure alabak.

23
Erregeak izango dituzu haurtzain,
printzesak inude.
Lurreraino ahuspeztuko dira
zure aurrean
eta oinetako hautsa
miazkatuko dizute.
Horrela jakingo duzu
ni naizela Jauna;
niregan itxaro dutenei
ez die inoiz usteak huts egingo.

24
Ken ote dakioke harrapakina
garaileari?
Ihes egin ote diezaioke
presoak indartsuari ?

25
Hauxe diot nik, Jaunak:
Bai noski!
Kenduko diote garaileari presoa,
ihes egingo dio
indartsuari harrapakinak.
Neuk borrokatuko ditut
borrokatzen zaituztenak,
neuk salbatuko zure seme-alabak.

26
Zure zapaltzaileei beren okela
janaraziko diet,
beren odolez mozkorraraziko ditut,
ardo berriz bezala.
Horrela jakingo dute gizaki guztiek
ni, Jauna, naizela zure salbatzailea,
ni, Jakoben Jainko indartsua,
zure askatzailea».

50

1

Hau dio Jaunak:
«Jerusalem zuen ama
zapuztu egin omen nuen:
ea, non da dibortzio-agiria?
Saldu egin omen zintuztedan:
ea, non da nire hartzekoduna?
Saldu bazintuztedan,
zeuen erruengatik
zintuztedan saldu,
zuen errebeldiengatik
nuen ama zapuztu.

2
Zergatik ez zegoen inor,
etorri naizenean?
Zergatik ez du inork erantzun,
deitu dudanean?
Nire eskua laburregia ote
zuek askatzeko?
Nik ez ote aski indar
zuek libratzeko?
Mehatxu-hitz bat aski dut,
itsasoa lehortu
eta ibaiak basamortu bihurtzeko:
urik gabe arrainak egarriz hil
eta usteldu egiten dira.

3
Zerua beltzez janzten dut
eta dolu-jantziz estaltzen».

4
Jainko Jaunak
hitz egiteko trebatu nau ,
bihotz-eroriak adore-hitzez
bizkor ditzadan.
Goizero dit belarria ernearazten,
ikasle onak bezala
entzun diezaiodan.

5
Jainko Jaunak belarria zabaldu dit,
eta nik ez diot aurka egin,
ez atzera jo.

6
Bizkarra eskaini nien
zigorkatzen nindutenei,
eta masailak,
bizarretik tiraka ari zitzaizkidanei.
Ez nien aurpegia saihestu
iraintzen
eta listua botatzen zidatenei.

7
Baina Jauna dut laguntzaile:
horregatik ez didate
irainek etsiarazten;
horregatik gogortu dut aurpegia
harkaitza bezala,
bai baitakit ez didala
usteak huts egingo.

8
Ondoan dut defendatzailea:
nork du zerbait nire kontra?
Goazen elkarrekin auzitara!
Nork salatuko nau?
Datorrela!

9
Jainko Jauna dut laguntzaile:
nork kondenatuko nau?
Sitsak jandako arropak bezala
galduko dira nire etsai guztiak.


10
Zuek, Jaunari begirune diozuen
eta haren zerbitzariaren ahotsa
entzuten duzuenok,
ilunpetan eta argi-izpirik gabe
bizi baldin bazarete ere,
jarri konfiantza Jaunarengan,
hartu Jainkoa euskarri.

11
Baina zuek, sua egin
eta suzko azkonak
pizten dituzuenok,
eror zaiteztela zeuen sugarretan,
erori zeuek pizturiko
azkonen pean!
Horixe da Jaunak
emango dizuen zigorra:
oinazetan hilko zarete.

51

1

Jaunak dio:
«Entzun niri, Jaun honi,
zuzenbidearen atzetik lehiatzen
eta nire bila zabiltzatenok.
Begira zein harkaitzetan ebakiak,
nongo harrobitik
ateratakoak zareten:

2
begira Abraham zeuen aitari,
eta mundura ekarri zintuzten Sarari.
Bat bakarra zen Abraham,
nik deitu nionean,
baina bedeinkatu egin nuen
eta ugaldu ».


3
Bai, Jaunak Sion kontsolatzen du,
hondatua dagoen hiriari
poz ematen.
Herrialde erraustua
Edengo baratze bihurtuko du,
eremua Jaunaren paradisu.
Zoriona eta alaitasuna izango dira,
gorespena eta kantu-hotsa.


4
«Adi egon, ene herri,
entzun arretaz, ene hiri :
neure irakaspena emango dut,
eta nire esanak
herrientzat argi izango dira.

5
Hurbil da nire garaipena,
badator nire salbamena
goiz-argia bezala;
aginpidez gobernatuko ditut nazioak.
Urrutiko herriak
nire zain egongo dira,
nire aginpidean
izango dute itxaropen.

6
Jaso begiak zerura,
begira behera, lurrera:
kea bezala desagertuko da zerua,
jantzia bezala gastatuko lurra
eta eltxoak bezala hilko
bertako bizilagunak.
Baina nire salbamenak
beti iraungo du,
nire garaipenak
ez du azkenik izango.


7
«Entzun niri, zuzenbidean adituok,
nire legea bihotzean
daramazun herri horrek.
Ez izan beldurrik gizakien isekei,
ez kikildu haien irainengatik,

8
sitsak jandako jantzia bezala,
harrak jotako artilea bezala
galduko baitira.
Baina nire garaipenak
beti iraungo du,
nire salbamenak gizaldiz gizaldi».

9
Esna zaitez, esnatu,
Jaun ahaltsu hori,
jantzi zaitez indarrez!
Esnatu, aspaldi bezala,
antzinako garaietan bezala!
Ez al zenuen zuk
itsas munstroa txikitu
eta herensugea sarraskitu?

10
Ez al zenituen zuk itsaso zabaleko
ur handiak lehortu
eta itsas hondoa bide bihurtu,
askatuak igaro zitezen?

11
Halaxe itzuliko dira
Jaunak libratuak,
poz-oihuka etorriko dira Sionera:
amaigabeko alaitasuna
haien aurpegian!
Zoriona eta alaitasuna
izango dituzte lagun;
nahigabeak eta negarra kito!

12
Jaunak dio:
«Neuk kontsolatuko zaitut, neuk:
zer dela-eta diozu beldur
gizaki hilkorrari,
belarra bezain igarokor den gizakiari?

13
Ahaztu egiten zara Jaunaz,
zeure egileaz,
zerua hedatu
eta lurra oinarritu zuenaz,
eta ikara zara egun osoan, etengabe,
zu suntsitu nahian suturik
dabilen zapaltzailearen aurrean!
Non da, bada,
zapaltzailearen sumina?

14
Berehala aterako dira libre gatibuak:
ez dira kartzela-zuloan hilko,
ez zaie ogirik faltako.

15
Neu naiz Jauna, zure Jainkoa,
itsasoa astintzen duena,
olatuei orroa eraginez.
Jaun ahalguztiduna,
horixe dut izena.

16
Neuk hedatu dut zerua
eta oinarritu lurra,
eta Sioni esaten diot: Zu nire herria!
Neure mezuaren bozeramaile
egin zaitut,
eta neure eskupean babestu ».

17
Esna zaitez, esnatu,
jaiki, Jerusalem!
Edan baituzu Jaunak emaniko
zigor-edari samina,
hondoraino edan duzu
zorabiozko kopa .

18
Izan dituzun semeetan,
inor ez da zu gidatzeko;
hazi dituzunen artean,
inor ez zu eskutik eramateko.

19
Zoritxar biok gertatu zaizkizu:
herrialdea hondatua eta desegina,
jendea goseak eta gerrak hila.
Baina nor errukitzen zaizu?
Nork kontsolatzen zaitu?

20
Hor daude zure seme-alabak,
kaleburu guztietan etzanik,
ezinaren ezinez,
sarean harrapaturiko
antilopeak bailiran,
Jaunaren suminak,
zure Jainkoaren zigorrak jota.

21
Entzun, beraz, hiri gaixo,
mozkortua zauden horrek,
baina ez ardoz;

22
entzun zer diotsun Jaunak,
zeure Jainkoak,
bere herria defendatzen duenak:
«Eskutik kenduko dizut
zorabiozko kopa;
ez duzu gehiago
nire zigor-edari samina edango.

23
Zure borreroei emango diet,
zuri esaten zizutenei:
“Etzan lurrean,
gainetik igaro gaitezen!”
Eta bizkarra
eskaini behar izan zenien,
zoru eta kale gisa,
gainetik igaro zitezen».

52

1

Esna zaitez, Sion, esnatu,
jantzi indarrez!
Jantzi soinekorik ederrenak,
Jerusalem, hiri santu horrek!
Atzerritar sinesgaberik ,
kutsaturiko inor
ez baita berriro zuregan sartuko.

2
Astindu hautsa, Jerusalem,
jaiki esklabotzatik!
Puskatu lepoko kateak,
Sion hiri gatibu horrek!


3
Hau dio Jaunak:
«Ordainik hartu gabe
saldu zintuztedan,
ordainik eman gabe
askatuko zaituztet».

4
Bai, hau dio Jainko Jaunak:
«Hasieran nire herria
Egiptora joan zen,
atzerritar gisa bertan bizitzera;
gero, Asiriak zapaldu zuen
arrazoirik gabe.

5
Orain, berriz, zer ari naiz ikusten?
Nire herria hutsaren truke
eraman dute gatibu,
eta menderatzaileek
ulu dagite harro,
nire izena egun osoan
etengabe gaitzetsiz.

6
Baina laster jakingo du nire herriak
nor naizen;
ekingo diodan egunean jakingo du
neu naizela hitz egin diona.
Hona hemen ni!»


7
Bai ederra mendi gainetan
albistaria etortzen ikustea!
Bakea iragartzen du,
zorionaren berri ona ematen,
askapena aldarrikatzen.
Sioni diotso:
«Errege da zure Jainkoa!»

8
Zure begiraleak deiadarka!
Poz-oihu dagite denek,
beren begiz ikusten baitute
Jauna Sionera itzultzen.

9
Ekin denok poz-oihuka,
Jerusalemgo horma eroriok,
Jaunak bere herria kontsolatu baitu,
Jerusalem askatu.

10
Bere jainkozko indar paregabea
azaldu du Jaunak
nazio guztien aurrean.
Mundu-bazter guztiek ikusiko dute
gure Jainkoaren garaipena.

11
Alde, alde! Irten hortik!
Ez ukitu ezer kutsaturik!
Irten Babiloniatik, zaudete garbi,
Jaunaren kultu-tresnak
daramatzazuenok!

12
Baina ez zarete zalapartaka irtengo,
ezta arrapaladan ihes egingo ere,
Jauna izango baituzue
aurretik gidari
eta bera, Israelen Jainkoa,
ondoren babesgarri.

13
Jaunak dio :
«Nire zerbitzariak
arrakasta lortuko du,
goratua, gorengo mailan jarria
izango da.

14
Asko eta asko ikaratu ziren hartaz,
hain baitzegoen itxuragabetua,
giza antzik ere gabe,
gizaki ez zirudiela;

15
era berean,
nazio asko harrituko dira ,
erregeak haren aurrean
mutu geldituko,
inoiz esan gabeko zerbait ikustean,
inoiz entzun gabekoa aditzean».

53

1

Nork sinetsi du gure mezua?
Nori agertu dio Jaunak
bere ahalmena?

2
Jaunak nahi izan zuen
bere zerbitzaria
lur agorrean sustraiak dituen
kimu berria bezala haztea.
Ez zuen duintasunik,
ez edertasunik,
ez gure begientzat
itxura erakargarririk.

3
Mespretxatua zen,
eta jendeak baztertua,
oinaze-gizona, sufritzen ikasia.
Ikusteak ere nazka ematen duen
norbait bezalaxe,
mespretxatu egin genuen,
eta aintzakotzat hartu ez.

4
Baina gure gaitzak
hartu zituen bere gain,
gure oinazeen zama jasan.
Guk, berriz,
Jainkoak zauritu zuela uste genuen,
Jainkoak zigortu
eta atsekabetu zuela.

5
Baina gure errebeldiengatik
zulatu zuten,
gure erruengatik birrindu;
berak jasan zuen
guretzat salbagarri
izango zen zigorra:
haren zauriek sendatu gintuzten.

6
Ardiak bezala genbiltzan galdurik,
bakoitza geure bidetik,
eta Jaunak haren gain bota zuen
gu guztion errua.

7
Gaizki tratatu zuten,
eta bera apaldu egin zen,
ahorik zabaldu gabe;
hiltzera daramaten
arkumeak bezala,
moztaileen aurrean isilik dagoen
ardiak bezala,
ez zuen ahorik zabaldu.

8
Gogorkeriaz eta bidegabez
eraman zuten;
baina haren zoria nori axola?
Bizidunen lurretik kanpora
atera zuten,
bere herriaren errebeldiagatik jota.

9
Gaiztoekin batera hilobiratu zuten,
gaizkileekin eman zioten lur ,
nahiz eta berak
bidegabekeriarik ez egin
eta haren ahoan
maltzurkeriarik ez izan.

10
Jaunak oinazez josi nahi izan zuen.
Eta bekatuen ordainetan
bizia eman zuelarik,
ondorengoak izango ditu
eta bizitza luzea,
eta haren bitartez
bere nahia burutuko du Jaunak.

11
Jaunak dio:
«Hainbat neke jasan ondoren,
argia ikusiko du eta asea izango .
Bere ezagutzaren bidez,
nire zerbitzari zuzenak
asko egingo ditu zuzen,
haien erruak
bere gain hartu baitzituen.

12
Horregatik, jendetza ugaria
emango diot ordainetan,
eta giza multzoak
izango ditu garaipen-sari,
bere burua heriotzara eman zuelako
eta bekatarien kide iritzi ziotelako,
guztien bekatuak bere gain hartu
eta bekatarien alde
erregutu zuelako».

54

1

Egin poz-oihu, Jerusalem,
emakume agor
eta haur gabe horrek!
Ekin kantari pozaren pozez,
erdiminik izan ez duzun horrek!
Jaunak baitio:
«Bakarrik utziaren seme-alabak
gehiago izango dira
senardunarenak baino».

2
Zabalagotu
zeure etxolaren esparrua,
hedatu beldur gabe
zeure egoitza-oihalak;
luzatu lokarriak,
sartu gogor ziriak,

3
ezker-eskuin haziko baitzara;
zure ondorengoek
nazio asko berenganatuko dituzte
eta orain hondaturik dauden
hirietan biziko dira.

4
Ez beldurtu,
ez zara barregarri geldituko;
ez lotsatu, ez zaituzte laidotuko.
Ahaztu egingo duzu
gaztetako lotsaizuna,
ez zara oroituko
alargun zineneko laidoaz ,

5
egin zintuenak emaztetzat
hartuko baitzaitu:
Jaun ahalguztiduna, horixe du izena.
Israelen Jainko santua da
zure askatzailea:
lur osoaren Jainkoa deritza.


6
Senarrak utziriko emaztea,
emazte atsekabetua zinen,
baina Jaunak berriro dei egin dizu.
Hau dio Jaunak:
«Utz ote daiteke
gaztetako emaztea?

7
Unetxo batez utzi zintudan,
baina gupidarik handienaz
hartuko zaitut.

8
Haserrealdi batean, unetxo batez
aurpegia ezkutatu nizun,
baina etengabe maite zaitudalako
gupidatu naiz zutaz.
Hala diot nik, Jaunak,
zure askatzaileak.

9
Noeren uholdekoan bezala
gertatzen zait:
zin egin nuen orduan
ez zela berriro uholderik
izango munduan,
eta halaxe egiten dut zin orain
ez naizela zurekin
berriro haserretuko,
ez dizudala gehiago
mehatxurik egingo.

10
Mendiak beren lekutik aldenduko
eta muinoak koloka jarriko balira ere,
nire maitasuna
ez da zuregandik aldenduko,
zure zorionaren aldeko
nire konpromisoak
ez du kolokarik egingo.
Hala diot nik, barru-barrutik
maite zaituen Jaunak».

11
Oi Jerusalem, zoritxarreko hiri,
ekaitzak astindua,
inork kontsolatu gabea!
Jaspezko oinarri gainean
eraikiko zaitut,
zafirozko zimendu gainean ezarriko.

12
Dorreak errubiz
eta ateak esmeraldaz
egingo dizkizut,
harribitxiz harresi guztiak.

13
Zure seme-alabak nire ikasle
izango dira
eta denak zorion betean biziko.

14
Justizian sendo ezarria egongo zara.
Zapalkuntzatik libre izango zara
eta ez duzu ezeren beldurrik izango,
ikara ez zaizu inoiz hurbilduko.

15
Inork erasotzen badizu,
ez da nire baimenaz izango;
zure kontra lehertuko da erasotzailea.

16
Nik egin dut artisaua,
txingarrari haize emanez
helburu ezberdinetarako tresnak
egiten dituena;
eta nik egin dut suntsitzailea,
hondaketa helburu duena.

17
Baina zure kontra egindako arma,
huts gertatuko da;
auzitan salatuko zaituena
erruduntzat utziko duzu.
Hauxe da
Jaunaren zerbitzarien senipartea,
nik ematen diedan garaipena.
Nik, Jaunak, esana.

55

1

«Egarri zareten guztiok,
etorri uretara,
etorri, dirurik ez duzuenok ere!
Etorri, hartu garia eta jan,
hartu ardoa eta esnea,
dena hutsean, ordaindu gabe.

2
Zergatik gastatu zeuen dirua
goserik utziko zaituzten janaritan,
eta lansaria
aseko ez zaituzteten gauzetan?
Entzun niri arretaz,
eta ongi jango duzue,
janari gozo mamitsuz
elikatuko zarete.

3
Etorri niregana eta egon adi,
entzudazue eta biziko zarete.
Betiko ituna egingo dut zuekin,
Davidi eginiko
maitasunezko agintzariari
leial eutsiz.

4
Nik herrientzako testigu
jarri nuen hura,
nazioen buruzagi eta agintari.

5
Zuk herri ezezagunei
egingo diezu dei,
eta ezagutzen ez zintuzten herriek
zuregana joko dute lasterka,
nik, zure Jaunak,
Israelen Jainko santu honek,
ospez jantzi zaitudalako».


6
Bila ezazue Jauna,
aurki dezakezue eta ;
egiozue dei, hurbil duzue eta.

7
Utz beza gaiztoak bere bidea,
gaizkileak bere asmo txarrak.
Bihur dadila Jaunarengana,
gupidaz hartuko baitu;
bihurtu gure Jainkoarengana,
guztiz barkabera baita.

8
Hau dio Jaunak:
«Egiaz, nire egitasmoak
ez dira zuenak bezalakoak,
ezta nire jokabidea ere
zuena bezalakoa.

9
Nola zerua lurraren gainetik garai,
halaxe nire jokabidea
zuenaren gainetik
eta nire egitasmoak zuenen gainetik.


10
«Euria eta elurra zerutik jaitsi
eta ez dira bertara itzultzen,
lurra urez ase gabe,
emankor bihurtu
eta ernamuindu gabe,
ereiteko hazia
eta jateko ogia sor ditzan;

11
berdin nire ahotik irtendako
hitza ere:
ez da niregana itzultzen
bere eragina izan gabe,
baizik eta nik nahi dudana egiten du
eta nik ezarritako helburua
betetzen».


12
Pozaren pozez irtengo zarete,
bake osoan ekarriko zaituztete.
Zuek ikustean, mendi eta muinoek
poz-irrintzika ekingo diote,
landako zuhaitz guztiek txalo joko.

13
Laharren ordez
zipresak haziko dira,
asunen ordez mirtoak .
Jaunarentzat ohoragarri izango da,
sekula ezabatuko ez den ezaugarri.

56

1

Hau dio Jaunak:
«Errespetatu zuzenbidea,
egin justizia,
iristear baitago nire salbamena,
agertzear nire garaipena.

2
Zorionekoa
nire aginduen arabera jokatzen
eta horretan leial irauten duena,
larunbata profanatu gabe
errespetatzen
eta ezer txarrik egiten ez duena!»


3
Jaunari atxiki zaion atzerritarrak
ez dezala inola ere esan:
«Bere herritik baztertu
egin nau Jaunak».
Irenduak ere ez dezala esan:
«Zuhaitz ihartua besterik ez naiz».

4
Izan ere, hau dio Jaunak:
«Irenduei,
nire larunbata errespetatzen badute,
niri atsegin zaidana gogotsu egiten
eta nire itunari tinko eusten badiote,

5
beren izenaren oroitarria
egingo diet neure tenpluan
eta hiriko hormetan:
seme-alabak edukitzea baino
hobe izango dute hori,
sekula ezabatuko ez den izena
emango baitiet.


6
«Eta nire kultu-zerbitzurako,
ni maitatu eta nire zerbitzari izateko
atxikiko zaizkidan atzerritarrak,
larunbata profanatu gabe
errespetatzen
eta nire itunari tinko eusten badiote,

7
neure mendi santura
ekarriko ditut
eta neure otoitz-etxean
pozez beteko.
Atseginez onartuko ditut
neure aldarean
haien erre-opari eta sakrifizioak,
nire etxea herri guztientzat
otoitz-etxe izango baita».

8
Hau dio israeldar sakabanatuak
biltzen dituen Jainko Jaunak:
«Orain arte bildu ditudanak baino
gehiago ere bilduko ditut».

9
Etorri jatera, basapiztiok,
etorri, basabereok!

10
Israelen begiraleak itsu daude,
ez da inor ezertaz ohartzen.
Zaunkarik egin ezin duten
txakur mutuak dira;
hor daude etzanda, ametsetan,
beti logura.

11
Aseezineko txakur goseak dira.
Eta horiek dira herriaren artzain ,
ezer ulertzeko gauza ez direla!
Nor bere bidetik doa,
bere probetxuari baino
begiratu gabe.

12
Hau diote: «Ea, goazen ardotara.
Mozkor gaitezen pattarrez!
Eta bihar beste horrenbeste,
nahikoa baitago!»

57

1

Zintzoak hil,
eta inori axolarik ez;
leialak desagertu,
eta inork ulertu nahi ez
gaiztakeriak desagerrarazten
duela zintzoa.

2
Baina iritsiko da bakea,
eta zuzen jokatu dutenek
hartu ahal izango dute atseden.

3
Jaunak dio:
«Etorri hona, zuek, sorginkumeok,
adulteriogile
eta prostituziozale zaretenok:

4
Nori egiten diozue barre?
Noren kontra zabaltzen duzue ahoa
eta luzatzen mihia?
Ez zarete, bada, zeuek ere
bekatukume eta sasi-umealdi?

5
Edozein haritz
eta zuhaitz handiren azpian
berotzen zarete lizunkeriatan;
erreka ondoko haitzarteetan
hiltzen dituzue umeak oparitzat.

6
Israel, erreka ondoko harri leunak,
zeure kultugai izan dituzunak,
horiexek izango dituzu zorigaitz.
Horiei eskaini dizkiezu
isur- eta labore-opariak.
Eta horrek baretu behar ote du
nire haserrea?

7
Mendi-tontor garai batean
ipini zenuen ohea,
eta bertara igotzen zinen
sakrifizioak eskaintzera.

8
Etxeko ate-alboetan
ezarri zenituen
idolatriazko zeure oroigarriak.
Ni alde batera utzirik, biluzik jarri,
zeure ohe zabalean etzan
eta maitaleez aprobetxatzen zinen.
Atsegin zenuen haiekin oheratzea .

9
Molok jainkoarengana
joaten zinen,
olioa eta lurrinak ugari eramanez;
urrutiraino bidali zenituen
mandatariak,
Hildakoen Egoitzaraino jaitsarazi.

10
Ibiliaren ibiliz nekatu egiten zinen,
baina sekula ez zenuen
dena alferrik zela aitortu.
Behin eta berriro indarberrituz,
ez zenuen inoiz etsi.


11
«Noren ikara zinen, noren beldur,
niri huts egiteko,
nitaz erabat ahazteko?
Luzaroegi isilik egon naizelako
galdu didazu beldurra, ezta?

12
Baina orain salatu egingo dut
zure jokabidea,
zure ustetan hain zuzena:
ez dizu ezertarako balio izango.

13
Ea salbatzen zaituen
zeure idolo-multzoak,
zuk laguntza eske deiadar egitean!
Haizeak eramango ditu denak,
putzaldi batek desagerraraziko.
Niregan babesten denak, ordea,
lurraldea eskuratuko du,
nire mendi santua
hartuko jabetzan».

14
Jaunak esango du:
«Berdindu galtzada, berdindu;
zabaldu bidea,
kendu nire herriari
oztopoak bidetik».

15
Bai, hau dio
garai eta goren den Jainkoak,
betiko erregeak, santu deritzanak:
«Toki garai eta sakratuan bizi naiz,
baina hurbil nago atsekabeturik
eta lur jota daudenengandik,
lur joak arnasberritzeko
eta atsekabetuei
adorea bizkortzeko.

16
Ez dut beti auzitan jardungo,
ez naiz etengabe haserre egongo,
neuk egindako bizidunek
nire aurrean
bizi-arnasa gal ez dezaten.

17
Herriaren gaiztakeriagatik,
haserretu egin nintzen une batez,
zigortu egin nuen
eta ezkutatu egin nintzaion.
Berak bizkarra eman zidan
eta bere gogoko bidetik jo zuen.

18
Badakit nondik nora ibili den,
baina sendatu egingo dut eta gidatu,
eta kontsolamendu betea
emango diot.

19
Dolutan zeudenei
kantua jarriko diet ezpainetan.
Eta esango diet:
“Bakea, bakea urrutikoei
eta hurbilekoei!”
Bai, sendatuko dut neure herria.


20
«Gaiztoek, berriz,
itsaso zakarra dirudite:
haren urak ezin baretu,
zikina eta lohia
harrotzen dutelarik beti.

21
Gaiztoentzat ez da bakerik».
Nire Jainkoak esan du.

58

1

Jaunak esan zidan:
«Egin oihu eztarria betean,
beldurrik gabe,
goratu ahotsa turutaren pare,
aurpegiratu Israeli bere errebeldiak,
nire herriari bere bekatuak.

2
Egunero jotzen dute niregana
eta atsegin dute
nire nahiaren berri jakitea;
zuzen jokatzen duen herria dirudi,
bere Jainkoaren legeak
zintzo betetzen dituen herria.
Erabaki zuzenak eskatzen dizkidate
eta ni hurbil edukitzea maite dute.

3
“Zertarako egin barau ,
zuk ez ikustekotan? —diote —.
Zertarako zigortu geure buruak,
zu ez konturatzekotan?”
Hara, barau-egunez ere
negoziotan zabiltzate,
zeuen langileak lanera behartuz.

4
Liskar eta haserre artean
egiten duzue barau,
gupidarik gabe ukabilka.
Ez egin barau horrela,
zeuen garrasiak
zeru goian entzunaraziz .

5
Hori ote da gogoko dudan baraua
gizakiak bere burua
zigortzen duen egunean,
hau da, zumeak bezala
burua kulunkatu
eta dolu-jantziz hautsetan etzatea?
Horri esaten al diozue baraua,
Jainkoak atsegin duen eguna?

6
Ez ote beste hau
gogoko dudan baraua:
injustizi kateak hautsi
eta uztarri-hedeak etetea,
zapalduak libratu
eta uztarri oro apurtzea,

7
gose denari zeure ogitik eman
eta aterperik ez duen behartsua
etxean hartzea,
biluzik dagoena jantzi
eta zeure gizakideari
laguntzarik ez ukatzea?»


8
Orduan, goiz-argiak bezala
egingo duzu distira
eta zure gaitzak berehala
sendatuko dira.
Justizia izango duzu
aurretik gidari
eta Jaunaren presentzia
atzetik babesgarri.

9
Zuk dei egin
eta hark erantzun egingo dizu,
zuk laguntza eskatu
eta hark esango: «Hemen nauzu!»
Uztarri oro baztertzen
eta salaketak eta gaizki-esateak
uxatzen badituzu,

10
gose denari
zeure ogia ematen
eta behartsuaren premiari
erantzuten badiozu,
orduan, ilunpetan distira
egingo du zure argiak,
zure gau beltza
eguerdi bihurtuko da.

11
Jaunak gidatuko zaitu beti,
basamorturik gorrienean ere
asebeteko
eta zure gorputza indarberrituko.
Ongi bustiriko baratze izango zara,
agortzen ez den iturburu.

12
Antzinako etxe-hondakinak
berreraikiko dituzu,
menderik mende ahaztuta zeuden
oinarrien gainean jasoko.
«Harresi zulatuen konpontzaile»
eta «Etxe hondatuen berritzaile»
deituko dizute.

13
«Larunbatez
zeure eginkizunak uzten
eta nire egun santuan
negoziotan jarduten ez baduzu,
larunbatari zeure atsegin deitzen
eta Jaunaren egun santua
ohoragarritzat hartzen baduzu,
zeure eginkizun,
negozio eta arazoak baztertuz,

14
orduan, neu, zeure Jauna,
izango nauzu atsegin.
Herrialdeko mendi gainetan
ezarriko zaitut
eta zure arbaso Jakobi agindu nion
ondarea gozaraziko dizut».
Jaunak berak esan du.

59

1

Jaunaren eskua ez da, ez,
laburregia zuek salbatzeko,
ezta haren belarria ere
gogorregia zuei entzuteko:

2
zeuen erruek ezarri dute hesia
zuen eta Jainkoaren artean;
zeuen bekatuek
ezkutarazi diote aurpegia,
zuen otoitzik ez entzuteko.

3
Izan ere, gaiztakeria egiten duzue
eta eskuak odolez zikin dauzkazue;
gezurra darizue ezpainetatik,
hitz kaltegarriak ahotik.

4
Inork ez du justizia aldarrikatzen,
ez auzitegian zuzenbidez jokatzen:
faltsukeriaz fidatzen dira,
gezurrezko aitorpenak
egiten dituzte.
Okerra sortzen dute barruan,
gaiztakeria ematen fruitu.

5
[5-6] Haien asmoak
suge-arrautzak bezain zital:
arrautzok jaten dituena
hil egiten da,
kraskatzen dituenari
sugegorria ateratzen.
Haien emaitzak
armiarma-sareen antzeko:
hauekin inor ezin jantzi, ez estali.
Egintza guztiak gaiztoak dituzte,
gogorkeria besterik ez dute egiten.

6

7
Lasterka doaz gaiztakeriara,
presaka odol errugabea isurtzera.
Gaitz egiteko asmoa dute buruan,
hondamendia eta triskantza
uzten dituzte pasatzen diren tokian.

8
Ez dute ezagutzen bake-bidea,
zuzenbiderik ez da haien urratsetan.
Bide bihurriak hartzen dituzte;
hortik dabilenak
ez du bakerik ikusiko.

9
Horregatik, urruti dugu askapena,
ez zaigu iristen salbamena;
argia espero genuen,
eta iluna dugu gainean;
egunsentia espero,
eta gau beltzetan gabiltza.

10
Itsumustuka gabiltza,
hormari haztaka itsua bezala,
itsumustuka bistagabea bezala.
Eguerdi betean
estropezu egiten dugu,
ilunabarra bailitzan,
sasoirik onenean,
hilda bezala gaude.

11
Marraka dihardugu hartzek bezala,
urrumaka usoek bezala.
Askapena espero genuen,
eta ezer ez;
salbamena espero, eta urruti da.

12
Izan ere,
zure kontrako gure errebeldiak
ugari dira,
geure bekatuek salatzen gaituzte;
errebeldia itsatsia daramagu,
aitortzen ditugu geure erruak:

13
errebelde eta desleial
izan gara Jaunarekin,
bizkarra eman diogu
geure Jainkoari,
bidegabekeriaz eta traizioz
jardun dugu,
azpikeriak hausnartu ditugu.

14
Beraz, aldendua dugu askapena,
urruti salbamena;
estropezu egin du herriko plazan
leialtasunak,
zuzentasunak han sartzerik ez;

15
huts egin du leialtasunak,
eta gaiztakeriatik urruntzen dena
larrutua gertatzen da.
Atsekabetu egin zen Jauna,
justiziarik ez zela ikustean;

16
txunditurik zegoen,
inork ez zuela ezer egiten ikusiz;
orduan,
bere ahalmenaz ekin zion,
bere justizia euskarri zuelarik.

17
Justizia hartu zuen bularrekotzat,
salbamen-indarra buru-oskoltzat;
mendekua jantzi zuen soineko,
haserre-sumina soingaineko.

18
Bakoitzari merezi duena
emango dio ordainetan,
baita urrutiko herrietakoei ere;
mendekua eta haserre-zigorra
emango die etsaiei.

19
Haize indartsuak bultzaturiko
ibai oldartsua bezala
etorriko da Jauna,
eta ekialdetik mendebalderaino
denek izango diote
begirune Jaunari.

20
Baina askatzaile gisa
etorriko zaio Sion hiriari,
beren errebeldiaz damu diren
Jakoben ondorengoei.
Jaunak esan du.


21
Jaunak dio:
«Hona nik zuekin
egiten dudan ituna:
zeuengan duzuen nire espiritua
eta eman dizuedan mezua
ez ditut zuengandik
inoiz aldenduko,
ezta zuen seme-alabengandik
eta ondorengo guztiengandik ere
sekula».

60

1

Jaiki , Jerusalem, egizu distira,
badator-eta zure argia:
Jaunaren aintza zure gain ageri da!

2
Ikus, ilunpetan dago lurra,
gau beltzean herriak;
zure gain, ordea, Jauna ageri da,
haren aintza zure gain nabari.

3
Zure argirantz joko dute herriek,
zure egunsenti-distirarantz
erregeek.


4
Begira ingurura eta ikus:
seme-alaba guztiak
zuregana datoz, bildurik:
urrutitik datoz zure semeak,
besoetan dakartzate zure alabak.

5
Haiek ikusiz, distiratsu jarriko zara,
bihotza pozez lehertzeko zorian;
zuregana bilduko dituzte
urrutiko herrien altxorrak,
zuregana ekarriko
nazioen ondasunak.

6
Gamelu ugariz beteko zara,
Madian eta Efako karabanak
etorriko dira,
baita Sabako guztiak ere,
urrea eta intsentsua ekarriz
eta Jaunaren egintza goresgarriak
hots eginez.

7
Zuretzat bilduko dituzte
Kedarko artalde guztiak,
zeure zerbitzurako izango dituzu
Nebaiot-eko ahariak;
Jaunari eskainiko zaizkio
bere aldare gainean,
berarentzat opari atsegingarri,
eta Jaunak
are bikainago bihurtuko du
beraren ospea agertzen duen
tenplua.


8
Zer ari naiz ikusten?
Zeruan zehar hodeiak bezala,
usategira usoak hegan bezala,

9
itsasontziak datoz Jaunarengana,
Tarsiseko ontziak aurretik direla;
zure seme-alabak
urrutitik dakartzate,
urrez eta zilarrez beterik.
Jaunaren, zure Jainkoaren,
omenez datoz,
ospez jantzi zaituen
Israelen Jainko santuaren omenez.


10
Jaunak dio:
«Atzerritar jendeak
berreraikiko ditu zure harresiak,
eta haien erregeak
zerbitzari izango dituzu;
izan ere, neure haserrean
zigortu zintudan arren,
neure onginahian
gupidatu egin naiz zutaz.

11
Zure ateak
zabalik egongo dira beti,
gau eta egun itxi gabe,
nazioen erregeak
beren ondasunekin
erreskadan zuregana sarrarazteko.

12
Zerbitzura jarriko ez zaizkizun
herri eta erreinuak
bertan behera galduko dira,
nazioak erabat hondatuko.


13
«Zuregana ekarriko dituzte
Libanoko zedro ospetsuak,
zipres, zumar eta izeiekin batera,
nire santutegia apaintzeko;
ospez beteko dut
bizi naizen tenplua .

14
Burumakur etorriko zaizkizu
zeure zapaltzaileen seme-alabak,
zure oinetan ahuspeztuko
mespretxatu zintuzten guztiak.
“Jaunaren Hiri”,
“Israelen Jainko santuaren Sion”
deituko dizute.


15
«Bazterturik, gorrotatua
eta bakarrik utzia egon bazara ere,
gizaldien harro-bide egingo zaitut,
mende guztien pozgarri.

16
Amak haurtxoa bularrean bezala
janarituko zaituzte
nazio eta erregeek ,
orduan jakingo duzu
ni, Jauna, naizela zure salbatzailea,
ni, Israelen Jainko indartsua,
naizela zure askatzailea.


17
«Brontzearen ordez urrea
ekarriko dizut,
burdinaren ordez zilarra,
zuraren ordez brontzea
eta harriaren ordez burdina.
Bakea jarriko dizut gobernari,
justizia zuzendari.

18
Ez da gehiago zure herrialdean
gogorkeri hotsik entzungo,
ez zure mugetan
hondamendi eta triskantzarik izango;
“Salbamen” deituko diezu
zeure harresiei,
“Gorespen” zeure ateei.


19
«Aurrerantzean ez duzu
eguzkirik beharko eguna argitzeko,
ezta ilargi-distirarik ere gauez,
ni, Jauna, izango bainauzu
zeure argi betiko,
ni, zeure Jainkoa, distira.

20
Zure eguzkia
ez da behin ere jaitsiko,
ezta zure ilargia gordeko ere,
ni, Jauna, izango bainauzu
zeure argi betiko,
eta amaituak izango dira
zure negar-egunak.

21
Zure herritarrak
zintzo izango dira denak
eta lurraldearen jabe
bihurtuko betiko:
nik ezarritako landare berri,
neure ospea agertzeko
eginiko obra.

22
Hain gutxi izanik,
milaka ugalduko dira;
hain kaskar izanik,
nazio handi bihurtuko.
Berehala gertaraziko dut nik,
Jaun honek,
garaia iritsi bezain laster».

61

1

Jainko Jaunaren espiritua
nire gainean dago,
Jaunak sagaratu bainau;
berak nau bidali
behartsuei berri ona hots egitera,
bihotz-hautsiak sendatzera,
gatibuei askatasuna
eta kartzelatuei libertatea
iragartzera,

2
Jaunak onginahia
azalduko duen urtea
eta mendekatuko den eguna
iragartzera.
Siongo atsekabetuak kontsolatzera
bidali nau Jaunak:

3
koroa distiratsua emango diet
samintasunezko errautsaren ordez,
jaietako usainki gozoa
dolu-jantziaren ordez,
gorespen-kantak etsipenaren ordez.
«Jainko zuzenaren haritz»
deituko diete,
Jaunak bere ospea agertzeko
landaturiko haritz.

4
Antzinako etxe-hondakinak
berreraikiko dituzte,
aspaldiko horma eroriak jasoko,
menderik mende erraustuak zeuden
hiri hondatuak berrituko.

5
Atzerriko jendea zerbitzari
izango duzue:
zuen artaldeak zainduko dituzte,
nekazari eta mahastizain
izango dituzue.

6
Zuei, berriz,
«Jaunaren apaiz» deituko dizuete,
«Gure Jainkoaren zerbitzari»
esango.
Beste nazioen ondasunez
gozatuko zarete,
haien aberastasunez hornituko.


7
Jaunak dio:
«Lotsaizuna ugari eta laidoa
jasan behar izan dituztenez,
aberastasuna ugari izango dute
beren herrialdean
eta amaigabeko poza eskuratuko.

8
Nik, Jaun honek,
zuzenbidea dut maite,
lapurreta eta bidegabekeria gorroto.
Leialki emango diet saria
eta betiko ituna egingo beraiekin.

9
Haien ondorengoak
ospetsu izango dira
nazio eta herrien artean;
ikusiko dituzten guztiek
aitortuko dute
nik, Jaun honek,
bedeinkaturiko herria direla».

10
Pozaren pozez nago Jaunarekin,
alai dut arima neure Jainkoarekin,
bere salbamenez jantzi bainau,
garaipenezko soinekoz estali;
eztei-koroa janzten duen
senargaiaren antzeko naiz,
bitxi ederrez apaintzen den
andregaiaren antzeko.

11
Lurrak landareak
ematen dituen bezala,
baratzeak hazia
ernearazten duen bezala,
halaxe ernearaziko du Jaunak
salbamena
eta gorespen-kantak altxaraziko
nazio guztien aurrean.

62

1

Sionengatik,
ez naiz isilik egongo,
Jerusalemengatik,
ez naiz geldi egongo,
haren garaipena
goiz-argia bezala agertu arte,
haren salbamenak
zuziak bezala distiratu arte.

2
Eta ikusiko dute
nazioek zure salbamena,
errege guztiek zure ospea.
Izen berria emango dizute,
Jaunak berak ezarria.

3
Koroa distiratsu izango zara
Jaunaren eskuan,
errege-diadema
zeure Jainkoaren eskuan.

4
Ez dizute deituko gehiago
«Hiri zapuztu»,
ezta zure lurraldeari ere
«Lur hondatu»;
zure izena «Ene atsegin» izango da,
eta zure lurraldearena
«Ene emazte»,
Jaunak atsegin izango baitzaitu
eta zure lurraldea
emaztetzat hartuko.

5
Mutilak neskatxa emaztetzat
hartzen duen bezala,
halaxe hartuko zaitu emaztetzat
zeure Egileak;
senarra emaztearekin
gozatzen den bezala,
halaxe gozatuko da Jainkoa zurekin.

6
Zure harresietan, Jerusalem,
begiraleak jarri ditut,
gau eta egun isildu gabe
ari daitezen.
Ez hartu atseden,
Jaunari bere agintzariak
gogorarazten dizkiozuenok!

7
Ez eman atseden Jaunari,
harik eta Jerusalem berri dezan arte,
lur osoan miresgarri
egin dezan arte.


8
Zin egin du Jaunak,
bere eskua,
bere beso indartsua altxatuz:
«Ez diet sekula zure garia
etsaiei janaritzat emango;
ezta zure ardoa ere,
zure izerdien fruitua,
kanpotarrei edaritzat emango.

9
Garia jaso
eta mahatsa bildu dutenek
jango dute ogia eta edango ardoa,
eta ni, Jauna, goretsiko naute
neure tenplu santuko atarian».

10
Irten, irten hiritik kanpora,
prestatu bidea herriarentzat!
Berdindu, berdindu galtzada,
kendu harriak!
Jaso bandera herrientzat!

11
Hona zer oihukatzen duen Jaunak
lur-bazterretaraino:
«Esan Sion hiri ederrari:
Hara, badator zure salbatzailea!
Berekin dakar garaipen-agiria,
berak askaturiko herria ».

12
«Herri santu» deituko diete,
«Jaunak askatuak».
Eta zuri, Jerusalem,
«Hiri desiratu» deituko dizute,
«Zapuztu gabeko hiri».

63

1

—Nor da Botzratik,
Edomgo hiriburutik,
soinekoa gorriz tindaturik
datorren hori,
jantzi dotorez,
indar-kemenez datorren hori?

—Neu naiz,
justiziaz epaitzen dudana,
salbatzen ahaltsu naizena.


2
—Zergatik dituzu, bada,
jantziak gorri,
dolarean mahatsa
zapaltzen duenak bezala?


3
—Bai, mahatsa zapaltzen jardun dut,
neuk bakarrik jardun ere,
beste herrietako inork
lagundu gabe.
Amorru biziz zapaldu ditut etsaiak,
suminez estutu lurraren kontra,
eta haien odol-zipriztinez
jantziak erabat zikindu zaizkit.

4
Izan ere,
heldua zen erabakia nuen eguna,
etsaiez mendekatu
eta nire herria askatzeko eguna.

5
Begiratu nuen, eta laguntzailerik ez;
txunditurik nengoen
niri eusteko inor ez zelako.
Neure ahalmenak
eman dit garaipena,
neure sumina izan dut euskarri.

6
Amorru biziz zapaldu ditut herriak,
neure sumin-edariz mozkortu
eta haien odola lurrean isuri.

7
Gogora ditzadan
Jaunaren mesedeak,
gorets dezadan Jauna,
guztiz ona izan baita Israelekin:
gupida eta maitasun handiz
jokatu du haren alde.

8
Hau zioen Jaunak berekiko:
«Neure herria dut,
neure seme-alabak:
ez didate, ez, huts egingo».
Eta onik atera zituen

9
larrialdi guztietatik;
ez inolako ordezkari
edo mandatarik,
berak zituen onik atera.
Berak zituen askatu
maitasun eta gupidaz;
ardura handiz gidatu zituen
antzinako garaietan.

10
Baina haiek
Jaunaren kontra errebelatu
eta haren espiritu santua
atsekabetu zuten;
horregatik, etsai bihurtu zitzaien
eta borroka egin zien.

11
Orduan, antzinako garaiez,
Moisesen garaiez, oroitu zen herria:
«Non da Jauna,
Moises bere artaldearen artzaina
uretatik bizirik atera zuena?
Non da bere espiritu santua
harengan ezarri zuena?

12
Non bere ahalmen bikainaz
Moisesen eskuinaldean ibili zena
eta, betiko izena bereganatzeko,
israeldarren aurrean itsasoa
zabaldu zuena?

13
Non haiek,
zaldiak basamortuan bezala,
itsas hondoan zehar
ibilarazi zituena?
Ez zuten estropezurik egin,

14
ibarrera jaisten den
abere-taldearen antzera.
Jaunaren espirituak atsedenera
eraman zituen».

Halaxe eraman zenuen, Jauna,
zeure herria,
izen bikaina zeureganatuz horrela.

15
Begira, Jauna, zerutik,
zeure bizileku santu
distiratsu horretatik:
Non dira
zure maitemina eta indarra?
Non zure bihotz samurra
eta errukia?
Ez bitez egon guregandik urrun!

16
Zeu zara gure aita!
Abrahamek ez daki gure berri,
Jakobek ere ez gaitu ezagutzen.
Zeu zara, Jauna, gure aita,
«Gure askatzaile»
duzu izena betidanik.

17
Zergatik utzi diguzu
zure bideetatik aldentzen,
zuri begirunerik ez izateraino
gure bihotzak gogortzen?
Itzul zakizkigu,
zeure zerbitzariongatik,
zeure oinordetzat aukeratu dituzun
leinuongatik.

18
Bai denbora gutxiko izan dela
zure herri santua lurraldearen jabe!
Profanatua dute etsaiek
zure santutegia.

19
Zuk gobernatuko
ez bagintuzu bezala
gaude aspalditik,
zure izena eramango
ez bagenu bezala.

Ai zerua urratu eta jaitsiko bazina!
Mendiek dar-dar egingo lukete
zure aurrean.

64

1

Ai jaitsiko bazina,
sastraka erretzen
edo urari irakinarazten dion
sua bezala!
Horrela, zure etsaiek
nor zaren jakingo lukete,
nazioek zure aurrean dar-dar egingo,

2
guk uste gabeko
gauza ikaragarriak zuk egitean.
Zu jaitsi,
eta mendiek zure aurrean dar-dar.

3
Ez da inoiz entzun,
ez da inoiz aditu, ez ikusi,
zuk ez beste jainkoren batek
berarengan itxaro duenaren alde
horrelakoak egin dituenik.

4
Bere poza zuzen jokatzean
jartzen duenari,
zure nahia beti gogoan duenari,
bidera ateratzen zatzaizkio.

Bai, haserre zaude
bekatu egin dugulako,
antzinatik bide-galdurik
ibili garelako .

5
Kutsaturik gaude guztiok,
gure egintzarik onenak ere
zapi zikinen antzeko;
orbela bezala gaude iharturik
eta haizeak bezala garamatzate
geure erruek.

6
Inork ez dizu dei egiten,
ezta zuri atxikitzen saiatzen ere,
zeure aurpegia ezkutatu baitiguzu,
eta geure erruetan murgilduta utzi.


7
Baina zu, Jauna, gure aita zara;
gu buztina, eta zu buztinlaria:
zeuk eginak gaituzu guztiok!

8
Ez zaitez, Jauna, gehiegi haserre,
ez izan beti gogoan gure errua.
Begira, zure herria gara guztiok!

9
Zure hiri santuak
basamortu bihurturik daude,
Sion basamortu,
Jerusalem hondamendi.

10
Arbasoek goresten zintuzteneko
gure tenplu santu distiratsua
suak kiskali du.
Maiteen genuena hondaturik dago!

11
Honek guztiak, Jauna, ez al dizu axola?
Geldi egon behar al duzu?
Amaigabe
atsekabetu behar al gaituzu?

65

1

Hau dio Jaunak:
«Galdetzen ez zutenei
eskaini nien erantzuna;
nire bila ez zebiltzanei
atera nintzaien bidera;
dei egiten ez zidan herriari
esan nion:
“Hemen naiz, hemen naiz”.

2
Egun osoan luzatuak nituen eskuak
bide txarretik,
bere nahierara dabilen
herri errebeldeagana,

3
aurrez aurre etengabe
iraintzen nauen herriarengana:
baratze sakratuetan
sakrifizioak eskaintzen dituzte
eta adreiluzko aldareetan
intsentsua erretzen,

4
hilobietan esertzen dira
eta gauak haitzuloetan
ematen dituzte,
beren errituak eginez;
txerrikia jaten dute
eta janari kutsatuz eginiko
salda-katilukadak hartzen ;

5
zera diote: “Kontuz! Ez ukitu ni,
sakratu bihurtuko zintuzket eta!”
Sudurrean kea bezain mingarri
zait hori guztia,
egun osoan haserre-sutan jartzen nau.

6
Dena gogoan jasoa daukat,
eta ez naiz geldi egongo:
bete-beteko ordaina emango diet,

7
beren erruak eta gurasoenak
batean ordainduko dituzte.
Mendietan
intsentsua erretzen baitzuten
eta muinoetan niri irain egiten,
orain arteko jokabideen
kontua atera
eta ordain bete-betea emango diet».
Jaunak esan du.


8
Hau dio Jaunak:
«Mahatsak zuku ona duenean,
esan ohi da: “Ez dezagun honda,
ardoa ugari dakar eta”.
Halaxe jokatuko dut nik ere
neure zerbitzarien amoreagatik:
ez dut herria erabat hondatuko.

9
Nire mendien jabe izango den
ondorengotza aterako dut
Jakob eta Judaren herriengandik.
Nire aukeratuak
lurraldearen jabe izango dira,
nire zerbitzariak biziko bertan.

10
Niregana joko duen herriak
Xaron lautada izango du
ardien bazkaleku,
Akor harana abelgorrien etzaleku.

11
Baina zuei,
ni, Jauna, baztertu
eta nire mendi santua
ahaztu duzuenoi,
Zorion eta Patu izeneko
jainkoentzat
mahaia prestatu
eta kopa bete duzuenoi,

12
zoritxarra emango dizuet:
ezpatak hilko zaituzte,
denok burua makurtuko duzue
eta lepoa moztuko dizuete.
Izan ere, nik deitu
eta ez zenuten erantzun;
nik hitz egin eta zuek jaramonik ez;
niri gaizki iruditzen zaidana
egin zenuten,
nahi ez dudana aukeratu.


13
«Hau diot, beraz, nik,
Jainko Jaun honek:
Nire zerbitzariek
zer jan izango dute,
zuek, berriz, gosea;
nire zerbitzariek
zer edan izango dute,
zuek, berriz, egarria;
nire zerbitzariak pozik izango dira,
zuek, berriz, lotsa gorrian;

14
nire zerbitzariek
poz-oihu egingo dute
bihotza bete zorionez;
zuek, berriz,
garrasi egingo bihotzeko nahigabez,
aiene barruko saminez.

15
Zuen izena aipatuko dute
nire aukeratuek
norbait madarikatzean, eta esango:
“Halaxe hilko ahal zaitu
Jainko Jaunak!”
Nire zerbitzarien gain, ordea,
beste izen bat aipatuko da,
guztiz bestelakoa.

16
Herrialdean norbaiti
bedeinkazioa opatu nahiko dionak
Jainko fidagarri
eta leialaren izenean
opatuko dio,
eta zin egin nahi dutenean
Jainko fidagarri
eta leialaren izenean
egingo dute.
Erabat ahaztuko dira
iraganeko larrialdiak,
nire begi-bistatik ere
desagertu egingo».

17
Jaunak dio:
«Hara, zeru-lur berriak
sortuko ditut.
Lehengoaz ez da inor oroituko,
ez du inork gogora ekarriko.

18
Alderantziz,
amaigabeko poza eta alaitasuna
izango duzue
nik sortuko dudanagatik,
poz-hiri bihurtuko baitut Jerusalem,
alaitasun-herri bertako jendea.

19
Neu ere alai izango naiz
Jerusalemengatik,
pozaren pozez neure herriarengatik.
Ez da gehiago entzungo bertan
negar-hotsik, ez garrasirik.

20
Ez da izango han
jaio eta laster hilko denik,
ezta bere adin betera
iritsiko ez denik ere,
ehun urterekin hiltzea
gazterik hiltzea izango baita,
eta ehun urtera heltzen ez dena
madarikatutzat emango .

21
Etxeak egin eta bertan biziko dira,
mahastiak landatu eta fruitua jango;

22
beraiek egindako etxeetan
ez da besterik biziko,
ezta beraiek landaturiko
mahastien fruitua bestek jango ere.
Zeren zuhaitzak bezainbat urte
biziko baitira nire herrikoak
eta nire aukeratuak baliatuko
beren lanaren emaitzaz.

23
Ez dira alferrik nekatuko,
ezta ezbeharrez hiltzeko haurrik
ekarriko ere,
Jaunak bedeinkaturiko
herria baitira,
eta halaxe izango
beraien ondorengoak ere.

24
Orduan, dei egin baino lehen
erantzungo diet,
hitz egiten amaitu baino lehen
entzungo.

25
Otsoa eta arkumea
elkarrekin larratuko dira,
lehoiak lastoa jango du,
idiaren antzera,
eta sugeak hautsa izango janari.
Nire mendi santu osoan
ez du inork kalterik,
ez hondamenik egingo».
Jaunak esan du.

66

1

Hau dio Jaunak:
«Neure tronu dut zerua,
neure oin-aulki lurra.
Zer etxe egingo didazue, bada,
edo zein toki nire atsedenerako?

2
Neuk eginak dira gauza guztiok,
neureak ditut denak.
Hala diot nik, Jaunak.
Hona norengan ditudan
begiak jartzen:
atsekabetu eta bihotz-eroriengan,
nire hitzari begirune diotenengan.


3
«Zezena oparitan lepo egiten dute,
baina baita gizakia hiltzen ere;
ardia sakrifiziotzat eskaintzen dute,
baina baita txakurrari
lepo-hezurra hausten ere;
labore-oparia eskaintzen dute,
baina txerri-odola ere bai;
intsentsua erretzen,
baina baita idoloa gurtzen ere.
Horiek beren bidea aukeratu dute
eta beren idolo higuingarriak
dituzte atsegin .

4
Neuk ere beren nahikerien menpe
uztea erabaki dut:
beldurgarrien zaiena,
horixe bidaliko diet.
Izan ere, nik deitu
eta ez zuen inork erantzun;
nik hitz egin, eta inork jaramonik ez;
niri gaizki iruditzen zaidana
egin zuten,
atsegin ez dudana aukeratu».

5
Entzun Jaunaren hitza,
haren hitzari begirune diozuenok.
Hau diote
gorroto dizueten herritarrek,
ni naizela-eta
baztertzen zaituztetenek:
«Ager dezala Jaunak bere aintza,
eta ikus dezagula guk zuen poza!»
Bada, beraiek geldituko dira
lotsagarri.

6
Entzun zarata-hotsa hirian,
tenplutik bertatik
datorren zarata-hotsa.
Jauna da: etsaiei merezitako ordaina
ematen ari zaie.

7
Erdiminak baino lehen
izan du Sionek haurra,
oinazeak baino lehen
ekarri du umea.

8
Nork entzun du inoiz horrelakorik?
Nork ikusi du antzekorik?
Egun batean jaiotzen ote da
herrialde bat osorik?
Bat-batean sortzen ote
nazio bat osorik?
Sionek, ordea,
erdiminak hasi bezain laster
izan ditu seme-alabak.

9
Hau dio Jaunak, zure Jainkoak:
«Nik, haurrari irtenbidea
ematen diodan honek,
ez ote nion, bada, jaiotzen utziko?
Haurrak jaioarazten ditudan honek,
irtetea eragotziko ote nion?»

10
Poz zaitezte Jerusalemekin,
alaitu berarengatik,
maite duzuen guztiok!
Izan orain berarekin zoriontsu,
harengatik dolu egin zenutenok!

11
Edan asetzeraino
haren bular gozotik!
Xurgatu atseginez
haren ugatz oparotik!

12
Zeren hau baitio Jaunak:
«Ibaika ekarriko diot
Jerusalemi zoriona,
erreka betean nazioen ondasunak.
Amak haurra bezala
zainduko zaituztet:
bularra eman eta altzoan hartuko
eta magalean gozatuko.

13
Amak haurra
kontsolatzen duen bezala,
halaxe kontsolatuko zaituztet;
bai, Jerusalemen
kontsolatuko zaituztet».


14
Hau ikustean,
pozaren pozez
izango duzue bihotza,
belar berria bezain heze
hezur-mamiak.
Horrela erakutsiko die Jaunak
ahalmena bere zerbitzariei
eta sumina bere etsaiei.

15
Sutan etorriko da Jauna,
haize-erauntsiaren antzera
haren gurdiak;
amorruz hustuko du bere haserrea,
su eta gar beteko bere mehatxua.

16
Bai, suz eta ezpataz armaturik
epaituko ditu Jaunak gizaki guztiak;
asko eta asko eroriko dira hilik.

17
Beren zuzendariaren atzetik
baratzeetan kultua egitera joateko
beren burua sagaratzen
eta garbi egiten dutenak,
txerri, arratoi
eta beste abere kutsatuen
okela jaten dutenak,
denak batera galduko dira,
baita beraien egite eta asmoak ere.
Jaunak esan du.

18
Jaunak dio:
«Hizkuntza orotako nazioak
biltzera etorriko naiz;
haiek etorri
eta nire ospea ikusiko dute.

19
Ezaugarri bat emango diet:
beraien artean bizirik
geldituriko batzuk
nazioetara bidaliko ditut,
Tarsis, Put
eta arkulari trebeak dituen Ludera,
Tubal , Grezia
eta urrutiko herrietara,
inoiz nire berri izan ez duten
eta inoiz nire ospea ikusi ez duten
herrialdeetara.
Nire ospea iragarriko dute
nazioen artean.

20
Atzerriko nazio guztietatik
ekarriko dituzte zuen herritarrak
zaldi, gurdi eta ohatiletan,
mando nahiz gamelu gainean;
niretzat, Jaun honentzat,
opari gisa ekarriko dituzte
Jerusalemgo nire mendi santuraino,
israeldarrek beren opariak
ontzi garbietan Jaunaren etxera
eraman ohi dituzten bezalaxe.
Hala diot nik, Jaunak.

21
Eta beraietako batzuk ere
aukeratuko ditut apaiz eta lebitar.
Hala diot nik, Jaunak.

22
Nik egingo ditudan zeru-lur berriek
tinko iraungo duten bezala,
tinko iraungo dute
zuen ondorengotzak eta izenak ere.
Hala diot nik, Jaunak.

23
Eta ilberri oro eta larunbatero
nire aurrean ahuspeztera
etorriko dira gizaki guztiak.
Hala diot nik, Jaunak.

24
Eta, tenplutik irtetean,
nire kontra altxatu zirenen
gorpuak ikusiko dituzte:
karraskatzen dituen harra
ez da hilko,
ezta erretzen dituen sua
itzaliko ere;
mespretxagarri izango dira
gizaki guztientzat».