1
Daviden seme eta Jerusalemgo errege Koheleten esanak.2
Huskeria hutsa3
Zertarako du gizakiak
lur honetan leher egitea?
4
Belaunaldiak joan,
belaunaldiak etorri,
munduak mundu dirau.
5
Sortzen da eguzkia eta sartzen,
eta bere tokira lehiatzen,
handik berriro sortzeko.
6
Jotzen du haizeak hegoalderantz,
jotzen iparralderantz,
batera jo, bestera jo,
eta jirabiraka hasten da berriro.
7
Ibaiak oro itsasora doaz
eta itsasoak ez du gainez egiten;
ibaiak, nora doazen, harantz dira
behin eta berriro joaten,
bide bera eginez.
8
Ezin inork aski esan
zein aspergarri den guztia.
Ez da begia ikustez nekatzen,
ez belarria entzutez asetzen.
9
Gertatu zena gertatuko da berriro,
lehen egina eginen da gero ere.
Deus ez berririk eguzkipean.
10
Zerbaitetaz hau esan baledi:
«Horra, hori bai berria!»,
horrelakoa ere gertatua da
aurreko mendeetan.
11
Ez gara oroitzen geure antzinakoez;
halaxe gure ondokoez ere,
ez dira oroituko
hurrengo izanen direnak.
12
Ni, Kohelet,
Israel herriaren errege izana naiz
Jerusalemen.
13
Buru-belarri ari izana naiz
mundu honetan gertatzen dena
jakinduriaz ikertzen eta aztertzen.
Lanbide txarra eman die Jainkoak
gizon-emakumeei,
horretan jardun dezaten.
14
Eguzkipean gertatzen denari
begira egon izan naiz,
eta horra, den-dena huskeria da,
haizea atzeman nahi izatea bezala;
15
ezin baita okertua zuzendu,
ezta zenbatu ere ez dagoena.
16
Neure buruari esan nion:
«Nire aurretik Jerusalemen
errege izan diren guztiek baino
jakinduria askoz handiagoa
neureganatu dut,
asko bainaiz ikusia eta ikasia».
17
Buru-belarri ari izana naiz
jakinduria eta ezaguera,
zorakeria eta ergelkeria
zertan bereizten diren aztertzen;
eta ohartu naiz, hori bera ere
haizea atzeman nahi izatea
bezala dela.
18
Izan ere,
zenbat eta jakinduria ugariago,
atsekabea handiago,
zenbat eta ezaguera sakonago,
nahigabea larriago.
1
Neure baitan esan nuen:2
Irri egitea, zorakeria.
Alaitasuna, zertarako?
3
Neure burua ardoz alaitzea
erabaki nuen,
baina zuhurtasunez jokatuz;
zorakeria hori egin nuen,
harik eta ikus nezan arte
eguzkipean zer ote den hoberena
gizon-emakumeentzat,
berauen bizitzako egunetan.
4
Lan handiei ekin nien.
Jauregiak eraikiarazi nituen
eta mahastiak landatu.
5
Lorategiak eta baratzeak
atondu nituen,
mota orotako zuhaitzak sartuz.
6
Urtegiak egin nituen,
zuhaitz gaztez eginiko basoa
ureztatzeko.
7
Esklaboak erosi nituen,
gizaseme nahiz emakume,
eta hauen seme-alabak ere
neuretzat izan nituen.
8
Zilar eta urre ugari metatu nuen,
baita zenbait erregeren
eta eskualdetako ondasunak ere.
Gizon-emakume kantariz
inguratu nintzen,
eta gizonak desira dezakeen
bezainbat emazteki izan nuen.
9
Handi egin nintzen,
Jerusalemen nire aurretik
izan direnak
baino handiago.
Gainera, neurekin nuen jakinduria.
10
Ez nien ukatu neure begiei
eskatzen zidatenik deus ere,
ezta neure bihotzari
pozik batere.
Nire lan guztietan
atsegin hartu nuen;
hauxe izan zen
nire lan guztien saria.
11
Begiratu nien, ordea,
neure eskuz eginiko lanei
eta horretarako
eraman behar izan nituen nekeei.
Eta horra, dena huskeria da,
haizea atzeman nahi izatea bezala;
ez dago onurarik eguzkipean.
12
Jakintsu ala ezjakin eta
ergel izan,
hausnartzen ari izan nintzen
hobea zer ote den.
Zer egingo ote du
erregearen ondoren datorrenak?
Lehen ere egina bera .
13
Hala ere, ikusi nuen
hobea dela jakinduria
ergelkeria baino,
argia ilunpea baino hobea
den bezala.
14
Izan ere, jakintsua buruargi;
ergela, ordea, ilunpetan dabil.
Badakit, hala ere,
biek etorkizun bera dutela.
15
Orduan, esan nuen neurekiko:
«Ergelak eta biok
etorkizun bera baldin badugu,
zertarako izan hain jakintsu?»
«Hori ere huskeria da»,
esan nuen neure baitan.
16
Ezen jakintsuaz oroitzea
ez baita betiko;
ergelaz ere ez dira beti oroituko;
hurrengo egunetan
guztiez dira ahaztuko.
Ai ene! Nahiz jakintsua nahiz ergela
biak berdin hiltzen dira.
17
Nazkatua nago bizitzeaz,
higuingarri dut
eguzkipean gertatzen dena;
huskeria da,
haizea atzeman nahi izatea bezala.
18
Gogaitua nago
eguzkipean egin ditudan
lan neketsuez,
neure ondorengoari utzi
behar izango baitizkiot.
19
Badakit nik bost,
zuhur ala tentel
izanen ote den.
Nik mundu honetan halako arretaz
egin dudan lanaz jabetuko da.
Ez du honek zentzurik!
20
Etsipenak hartua nago,
mundu honetan zenbat lan
egin dudan ikusirik.
21
Izan ere, eginahaletan ari da bat
zorrotz eta arretaz lan egiten,
emaitza onak lortzen,
eta dena,
inolako lanik egin ez duenari
utzi behar.
Hau bai dela huskeria
eta nardagarria!
22
Zer gelditzen zaio gizakiari
eguzkipean egin duen
hainbeste lan eta eginahaletatik?
23
Egunero atsekabea baizik ez du,
eta bere lanetan nekea;
gauez ere ez du atsedenik hartzen
haren bihotzak.
Hau bai dela huskeria!
24
Gizakiarentzat hoberena
jatea, edatea
eta bere lanaren fruituaz gozatzea.
Nik uste dut, hau ere
Jainkoaren eskutik datorrela;
25
izan ere, honela dio berak:
«Nork jan dezake,
nor goza daiteke nik jakin gabe?»
26
Berak, atsegin duenari
baitizkio ematen
jakinduria eta argitasuna
eta bozkarioa.
Bekatariari, ordea,
biltze- eta metatze-lana ematen dio,
gero Jainkoak atsegin duenari
utzi behar izateko.
Horra bada, hori ere
haizea atzeman nahi izatea
bezain hutsala.
1
Denak du bere sasoia,2
jaiotzeko garaia
eta hiltzeko garaia,
landatzeko garaia
eta landarea ateratzeko garaia,
3
hilarazteko garaia
eta sendatzeko garaia,
hondatzeko garaia
eta eraikitzeko garaia,
4
negar egiteko garaia
eta barre egiteko garaia,
aiene egiteko garaia
eta alai egoteko garaia,
5
harriak jaurtitzeko garaia
eta harriak biltzeko garaia,
besarkatzeko garaia
eta banantzeko garaia,
6
bilatzeko garaia
eta galtzeko garaia,
gordetzeko garaia
eta botatzeko garaia,
7
urratzeko garaia
eta josteko garaia,
isiltzeko garaia
eta mintzatzeko garaia,
8
maitatzeko garaia
eta gorrotatzeko garaia,
gudurako garaia
eta bakerako garaia.
9
Zer on eskuratzen du
lan egiten duenak?
10
Begiratu diot
Jainkoak gizon-emakumeei
ezarri dien egitekoari,
horretan jardun dezaten.
11
Gauza guztiak egoki egin ditu,
bakoitza bere sasoian.
Haien esku utzi zuen mundua,
azter dezaten;
gizakiak, ordea, ezin ulertu
Jainkoak hasieratik bukaerara
egin dituenak.
12
Ikusi dut ez dela ezer hoberik
alai eta ongi bizitzea baino.
13
Jainkoaren emaitza baitu gizakiak
jan, edan eta bere lanaren etekinaz
gozatu ahal izatea.
14
Badakit, Jainkoak egin duen guztiak
beti iraungo duela.
Ezin diogu deus ere erantsi,
ez kendu;
Jainkoak horrelakoa egin baitu,
begirune izan diezaiogun.
15
Iragan zena
orain ere halaxe gertatzen da;
etorkizun dena
lehen ere gertatua da.
Joana behin eta berriro
egin ohi du Jainkoak.
16
Ikusi dut mundu honetan
bidegabekeria dagoela
zuzenbidearen ordez,
eta gaiztakeria
zuzentasunaren ordez.
17
Eta honela nioen neure baitan:
«Jainkoak epaituko ditu
zuzena eta gaiztoa,
gauza eta egintza guztiei
baitatorkie beren ordua ».
18
Beste hau ere bururatu zitzaidan:
«Jainkoak probatu egin nahi ditu
gizon-emakumeak,
abereak bezalakoak direla
ikusarazteko».
19
Etorkizun bera dute
gizon-emakumeek zein abereek:
abereak hiltzen diren bezala
dira hiltzen gizon-emakumeak ere.
Arnasa bera dute denek hartzen.
Gizon-emakumeek ez dute deus ere
abereek baino gehiago,
eta dena huskeria da.
20
Toki berera doaz denak:
hautsetik datoz
eta hautsera itzuliko dira.
21
Ba al daki inork
gizon-emakumeen arnasa
gorantz igotzen den,
eta abereen arnasa, aldiz,
lur azpira jaisten den?
22
Ikusi dudanez,
ez du gizonak deus hoberik
bere egintzez gozatzea baino;
horixe du bere zoria.
Izan ere, nork ikusaraziko dio
ondoren zer gertatuko den?
1
Hausnartzen ari izan nintzen2
Zori hobekotzat jotzen ditut
hilak biziak baino,
3
eta biok baino zoriontsuago
jaio ez dena
eta eguzkipean egin ohi diren
okerrak ikusi ez dituena.
4
Ikusi ditut, orobat,
jendearen lan guztiak
eta eginahalen emaitzak:
elkarrentzako bekaizkeriaz
eginak denak.
Hau ere huskeria da
eta haizea atzeman nahia bezalakoa.
5
Ergela, eskuak tolestatu eta
goseak hiltzen da .
6
Hala ere, hobe da esku-hutsik lasai bizi,
esku beterik neketan baino .
7
Beste zentzugabekeria hau ere
ikusi dut eguzkipean:
8
Demagun
bakarrik bizi dela gizon bat;
ez du lagunik, ez seme-alabarik,
ez anai-arrebarik,
eta, hala ere,
etengabe dihardu lanean,
ez da asetzen aberasteaz,
galdetu ere ez du egiten bere baitan:
«Norentzat ari ote naiz lanean,
neure buruari atseginak ukatuz?»
Horra beste zentzugabekeria
eta lanbide txarra.
9
Hobe, bi elkarrekin ari izatea
bakarka baino,
elkartze horretatik
etekin hobea aterako baitute.
10
Bietarik bat eroriko balitz,
besteak jasoko luke;
baina urrikalgarri bakarrik dagoena;
eroriko balitz,
ez bailuke izango nork jaso.
11
Orobat, bik, batera lotaratuz,
elkar dute berotuko;
bakarrik dagoena nola berotu?
12
Bati erasotzen diotelarik,
biek eginen dute aurre.
Hiru hariko soka etetea gaitz.
13
Hobe, gazte behartsu baina zuhurra,
aholkurik nahi ez duen
errege zahar eta zoroa baino.
14
Zeren gaztea,
noizbait presondegian egona
eta bere herrian behartsu jaioa
izanik ere,
errege-aulkira igo baita,
15
eta zaharraren tokian altxatzen den
gaztearen alde jartzen ikusi dut
eguzkipean dabilen jende guztia ere.
16
Ezin zenbatu ahalako herri baten
buruzagi izan arren,
gerokoak ez dira
harekin ere pozik izanen.
Hau ere huskeria da,
haizea atzeman nahi izatea.
17
Zabiltza arretaz
Jainkoaren etxera sartzean,
hobe duzu entzutera hurbildu,
ergelek egin ohi duten oparia
eskaintzera baino;
ergelek ez baitakite
gaiztakeria baizik egiten.
1
Ez bedi zure ahoa2
Izan ere, kezka gehiegik
amesgaiztoa dakar,
eta hitz-jarioak
zoro-berriketak egitea.
3
Jainkoari promesen bat
egin badiozu,
bete lehenbailehen,
ez baititu atsegin axolagabeak.
Bete hitzemana.
4
Askoz hobe duzu hitzik ez ematea,
emaniko hitza ez betetzea baino.
5
Ez utzi zeure ahoari
bekatu eginarazten,
ez esan gero Jainkoari
ohartu gabe egin duzula.
Ea haserretzen zaizun Jainkoa
zeure hitzengatik
eta zeure lanak oro
desegiten dizkizun!
6
Amets eta huskeria ugari denean,
berriketa ere ugari.
Zuk, aldiz, izan begirune Jainkoari .
7
Herrian behartsuak
zapaltzen dituztela,
gogorki epaitzen
eta zuzenbidea desegiten dutela
ikusten baduzu,
ez harritu horregatik.
Handikiak, beste handikiago bat
du babesle, eta biok,
goitiago daudenak dituzte babesle.
8
Denek ateratzen diote
etekina lurrari;
erregea ere
lurrak ematen duenetik bizi da .
9
Diruzalea ez da inola asetzen,
aberastasuna maite duenak
ez du onurarik.
Hori ere, beraz, huskeria da.
10
Zenbat eta ondasun gehiago,
hainbat eta irensle ugariago;
zertarako, hortaz,
aberastasunak jabeak
begien aurrean ikusteko izan ezik?
11
Asko jan, gutxi jan,
langileak lo egiten du gozoki;
aberatsak, aldiz,
bere asean ezin egin lorik.
12
Ikusia dut
beste gaitz handi bat ere
eguzkipean:
aberastasunak pilatzea
berorien jabearen kaltetan dela;
13
izan ere, une txar batean
gal ditzake denak;
jaioko zaio semea
eta esku-hutsik geldituko da.
14
Bere amaren sabeletik
biluzik irten zen,
halaxe da itzuliko,
bere lanaren saririk batere
ez du berekin eramango.
15
Hau bai gaitz negargarria:
etorri bezalaxe joan behar.
Eta zein fruitu atera dio
egin duen lanari?
16
Bere bizitza osoa
goibel eta atsekabeturik,
neke, oinaze eta haserre artean
eman du.
17
Ikusi dudanez, hauxe dute
gizon-emakumeek hoberena:
eguzkipean egiten duten lanetik
jan, edan eta alai gozatu,
Jainkoak eman
bizitzako egunetan zehar;
horixe dute beren zoria.
18
Aberastasunak eta ondasunak
eman dizkion gizaki orori,
berorietatik jateko,
dagokion zatia hartzeko
eta lanaz pozteko eskubidea ere
eman dio Jainkoak;
Jainkoaren dohaina da hori.
19
Ez du bere bizitzako egunetan
buruhausterik izango
Jainkoak bihotza atseginez
betetzen dionak.
1
Ikusia dut eguzkipean2
Ematen dizkio Jainkoak bati
aberastasunak, ondasunak, ohorea;
nahi duen guztia du,
ez du falta deus ere.
Baina Jainkoak ez dio uzten
halakoez gozatzen,
arrotz batek dizkio irensten.
Hau bai zentzugabekeria
eta zoritxar handia!
3
Batek ehun seme-alaba ukan,
urte luzez bizi
eta anitz egun harturik ere,
bere ondasunez
aski gozatzen ez badu,
eta hilobitarako ere ez badu,
horra zer diodan: halakoa
haur-galdua baino okerrago da.
4
Haur-galdua, etorri ere,
alferrik etorri baitzen,
eta ilunpetan dabil,
beronen izena ere
ilunpetan geldituko da.
5
Ez du egun-argia ikusi,
ez ezagutu;
hala ere, beste horrek baino
atseden handiagoa du.
6
Izan ere, gerta daiteke,
hark, mila urte bi aldiz bizi arren,
bere ondasunak ez gozatzea.
Baina, azkenean,
ez al doaz guztiak toki berera?
7
Ahora zer eramana izateko
lehiatu ohi dira
gizon-emakumeak lanean;
hala ere beren barnea asetzen ez.
8
Zer du jakintsuak
ergelak baino gehiago?
Eta bizien aurrean
jokatzen dakien behartsuak ere
zer du onik?
9
Hobe desiratzen dena ikusi,
ikusten ez dena desiratu baino.
Hau ere, ordea, huskeria da,
haizea atzeman nahi izatea.
10
Orain den guztia
izendatua zuen jadanik Jainkoak
eta bazekien zer den gizona.
Ezin dio gizonak auzian aurre egin
bera baino indartsuagoa denari.
11
Zenbat eta hitz gehiago
zorakeria gehiago.
Zertarako jardun?
12
Batek daki
zer duen hoberena gizonak
bere bizitza hutsalean
ematen dituen egun urrietan!
Itzala bezala joaten zaio denbora.
Esan ote diezaioke inork gizonari
zer izanen ote den beraren ondoren
eguzkipean?
1
Hobe izen ona, lurrin gozoa baino.2
Hobe hiletak jotzen ari diren
etxera joan,
jai-otordua egiten
ari direnera baino;
etxe hartan ikusten baita zein den
gizon-emakume ororen azkena,
han du hausnartzen bizi denak
zer datorkion.
3
Hobe negarra, irria baino;
begitartea goibel egon arren,
bihotza ondu egiten baita.
4
Zuhurrak, hiletak jotzen ari diren
etxean du bihotza;
tentelak, berriz,
jaietan dagoen etxean.
5
Hobe zuhur baten zentzarazpena,
tentel baten goraipamena baino.
6
Izan ere, eltzepeko zotzaren
txinparta-hotsa bezalakoa
ergelaren irria, huskeria hutsa.
7
Bortxakeriak zuhurra ere
ergel du bihurtzen,
eta eskupekoak bihotza usteltzen.
8
Hobe arazoa bukatu, hasi baino;
hobe eroapena, harrokeria baino.
9
Ez zaitez bizkorregi haserretu,
ergelena baita haserretzea.
10
Ez galdegin zergatik
ote ziren hobeak
aldi joanak oraingoak baino.
Zuhurrak ez luke
horrelako galderarik egingo.
11
Hoberena, zuhurtasuna
ondasunekin batera izatea;
hori da onurakorrena
lur honetan bizi direnentzat.
12
Zuhurtziaren itzala
aberastasunaren itzala adinakoa da;
baina zuhurtzia hobea,
biziarazi egiten baitu bere jabea.
13
Begira Jainkoak eginari:
nork zuzen ote dezake
hark okertua?
14
Aldi onean goza ezazu,
eta txarrean pentsa;
bata zein bestea Jainkoak egin ditu,
gizonak bere etorkizunari
igarri ez diezaion .
15
Hamaikatxo ikusia naiz
neure bizitza itxuragabe honetan:
gizaki zuzena, zuzen izanik ere,
galdu egiten da;
makurra, berriz, makur izanik ere,
luzaro bizitzen.
16
Ez izan zuzenegi,
ezta behar baino jakintsuago ere,
ea hondatzen duzun zeure burua.
17
Ez izan makurregi,
ezta ergelegi ere,
ea garaia baino lehen
hiltzen zaren.
18
Hobe duzu honi heldu,
hura eskutik utzi gabe;
Jainkoari begirune dionak
ez baitu ezertan huts egiten.
19
Jakinduriak
indartsuago egiten du jakintsua,
hamar buruzagik hiria baino .
20
Hala ere,
ez da lurrean gizaki zuzenik
hutsik gabe on dagienik.
21
Ez egin jaramonik esamesa guztiei;
horrela,
ez diozu entzungo zeure morroiari
zutaz gaizki-esaka.
22
Ohar zaitez
zeu ere maiz ari izana zarela
besteez gaizki-esaka.
23
Arretaz aztertu nuen hau guztia,
neure artean esanez:
«Jakintsu izan behar dut».
Hori, ordea, ez zegoen nire esku.
24
Gertatu zena urruti dago
eta sakon-sakona da.
Nork aurki lezake?
25
Gogotik aztertu nuen dena,
hausnartu eta jakitearren,
jakinduria eta arrazoia
aurkitzearren.
Ohartu naiz
gaizto izatea zorakeria dela,
bihurrikeria eta ergelkeria.
26
Entzun dut
heriotza baino garratzagoa dela
lakioa bezalakoa den emakumea:
horren bihotza xedera,
horren besoak lotura.
Jainkoaren begiko denak
ihes egingo dio;
bekataria, aldiz,
harrapatu egingo du
halako emakumeak.
27
Hona hemen
zertaz ohartu naizen ni, Kohelet,
argibide bila,
denak banan-banan
aztertu ditudanean:
28
bila nabilen hori
ez dudala aurkitu, alegia.
Gizon bakarra aurkitu dut
milaren artean;
baina emakume bakar bat ere ez,
denen artean.
29
Azken batean, honetaz ohartu naiz:
Jainkoak zuzena egin duela gizakia;
gizakiak, ordea, bere burua
mila arazoz nahasi duela.
1
Nor jakintsua adinakoa?2
Bete itzazu erregearen esanak,
hala egin baitzenion zin
Jainkoaren aurrean.
3
Ez arbuiatu erregearen nagusigoa ,
eta ez jardun gaiztakerian,
nahi duen guztia
egiten baitu erregeak.
4
Honen esana, izan ere,
ahalmen handikoa;
nork galdetu hari zertan ari den?
5
Agindua bete dezanak
ez du inolako txarrik izanen;
jakintsuak badaki noiz eta zer egin.
6
Arazo guztientzat daude
aldi eta era bereziak;
gizakiarentzat, berriz, atsekabe ugari.
7
Izan ere, inork ezin jakin
zer gertatuko den.
Adieraz ote diezaioke norbaitek?
8
Gizon-emakumeak ezin izan
beren bizi-arnasaren jabe ;
ezin egin ihes heriotza-egunari,
ezin alde egin borrokaldi honetatik.
Gaiztakeriak ez du salbatuko
gaiztoa.
9
Hauen guztien berri izan dut,
eguzkipean egin ohi diren
lan guztiak
aztertzen saiatu naizenean,
kalte eginez, gizakiak gizakia
menderatzen duenean.
10
Era berean, ikusia dut
nola lurperatu dituzten gaiztoak;
toki santutik urruti bizi izan ziren;
hala ere, hirian ahaztu egin zuten
haien jokabidea .
Hau ere zentzugabekeria!
11
Izan ere,
gaiztakeriaren aurkako epaia
berehala betetzen ez delako,
makurkeria egiteko gogoz
bete ohi da
gizon-emakumeen bihotza.
12
Hamaika gaiztakeria egin ohi du
bekatariak!
Baina luzaz bizi da.
Hala ere, badakit:
«Jainkoari begirune eta lotsa
diotenei ongi doakie.
13
Gaiztoak ez du onik izango
eta ez du bere bizia luzatuko
itzal bat adina,
ez baitio begirunerik Jainkoari».
14
Lurrean, ordea,
beste zentzugabekeria hau
gertatu ohi da:
zenbait gizaki zuzenek
gaizkileei dagokien zoria dute,
eta zenbait gizaki gaiztok
ongileei dagokiena.
Nire ustez, hau
guztiz zentzugabekoa da.
15
Gora, bada, alaitasuna!
Ez baitu gizakiak
eguzkipean beste onik,
jan, edan eta gozatzea baizik.
Horixe bakarrik atera dezake
bere eginahaletik,
Jainkoak mundu honetan bizitzeko
eman dizkion egunetan.
16
Gogotik saiatu naiz jakintsu izaten
eta lurrean egin ohi diren jarduerak
ulertzen.
Gau eta egun, begirik bildu gabe,
ari izaten dira gizon-emakumeak.
17
Baina, ikusi dudanez,
Jainkoak eguzkipean ari dituen
egintza guztietarik bat ere
ezin dute gizon-emakumeek
garbi ulertu.
Zenbat eta gehiago saiatu
egintza horien arrazoi bila,
hainbat eta nekezago
aurkituko dute.
Jakintsuak berak,
badakiela esanik ere, ez du ulertzen.
1
Hauek guztiak hausnartu ditut2
Zori bera dute denek:
zuzenek zein makurrek,
garbiek zein likitsek;
opariak eskaintzen dituenak
bezalakoa
eskaintzen ez dituenak ere;
zintzoak bezalakoa bekatariak;
zin dagienak bezalakoa
zin egiteko beldur denak ere.
3
Hauxe duzu,
eguzkipean direnen artean txarrena:
ororentzat zori berbera.
Horregatik,
gaiztakeriaz eta zorakeriaz
betea dago
gizon-emakumeen bihotza,
bizi diren bitartean;
eta, azkenean, hildakoen artera!
4
Batek, bizirik dagoen bitartean,
baduke itxaropen:
hobe zakur bizia, lehoi hila baino.
5
Badakite biziek hil beharra dutela;
hilek, ordea, ez dakite ezer,
ez dute aurrerantzean saririk,
galdua da haien oroitzapena.
6
Bukatu ziren jadanik haientzat
amodioa, gorrotoa eta grinak.
Ez dute aurrerakoan esku-hartzerik
mundu honetan
egiten diren lanetan.
7
Ea bada! Jan bozkarioz zeure ogia,
edan alai zeure ardoa,
atsegin baititu jadanik Jainkoak
zure egintzak.
8
Eraman beti jantzi zuriak soinean,
ez egon zeure burua lurrindu gabe.
9
Goza bizitzaz
maite duzun emaztekiarekin,
Jainkoak eguzkipean bizitzeko
eman dizkizun egun hutsal orotan;
horixe baituzu zeure bizitzaren
eta eguzkipean dagizun
lanaren saria.
10
Egin dezakezun guztia egizu gogoz,
ez baita lanik, ez gogoetarik,
ez zientziarik,
ezta jakinduriarik ere
zu zoazen Hildakoen Egoitza horretan.
11
Beste hau ere ikusia dut
eguzkipean:
lasterketan ez dela beti
bizkorrena nagusitzen,
ezta guduan ere indartsuena;
jakintsuak ez duela beti
ogia irabazten,
ezta buruargia ere aberasten;
jakituna ez dela beti
ongi ikusia izaten.
Denei datozkie
aldi onak eta txarrak.
12
Gainera,
ez dakite gizon-emakumeek
noiz duten beren ordua;
sareak harrapatzen baititu arrainak
eta lakioak txoriak,
halaxe ditu aldi txarrak
bat-batean harrapatzen
gizon-emakumeak.
13
Ikusia dut eguzkipean
beste gauza oso jakingarri bat.
14
Ba omen zen herri txiki bat
bizilagun gutxikoa.
Errege handi batek
eraso omen zion, setiatu
eta inguruan erasogailu handiak
eraiki omen zituen.
15
Ba omen zen hiri hartan
gizon behartsu baina jakintsu bat,
eta bere jakinduriaz
libratu omen zuen hiria.
Ondoren, ordea,
ez zen inor ere oroitu
gizon behartsu hartaz.
16
Hobe da jakinduria indarra baino,
diot nik;
behartsuaren jakinduria, ordea,
arbuiatu egin ohi da
eta ez dira haren hitzak aditzen.
17
Jakintsuaren hitz eztiak
errazago aditzen dira
ergelen buruzagiaren
deiadarrak baino.
18
Hobe jakinduria armak baino.
Aski da, ordea, batek huts egitea
on guztiak hondatzeko.
1
Euli hilek lurringilearen olioa2
Jakintsuak burua bere tokian;
ergelak, aldiz, oinazpian .
3
Hor dabil ergela bidez bide;
bera izan zentzugabea,
eta besteak jotzen ditu
zentzugabetzat .
4
Nagusia haserretzen bazaizu ere,
ez utzi horregatik zeure tokia,
otzan izateak
oker handiak eragozten baititu.
5
Ikusia dut eguzkipean,
agintariengandik datorren
beste oker handi bat:
6
ergela toki gorenean jarria
eta aberatsa behean eseria.
7
Ikusi izan ditut
morroiak zaldi gainean
eta nagusiak oinez, morroi bailiran.
8
Zuloa dagiena bertan da eroriko,
horma botatzen duenari
sugeak zizta egingo.
9
Harriak ateratzen dituenak
beraiekin min hartuko;
egurra ebakitzen ari dena
zauritzeko arriskuan dago.
10
Aizkora kamutsarekin,
zorrozten ez baduzu,
lan handiagoa egin beharko.
Joka ezazu buruz,
ahaleginari onura ateratzeko.
11
Garaiz xorarazi baino lehen
sugeak zizta egiten badu,
ez du irabazirik suge-xorarazleak.
12
Jakintsuaren ahoari darion mintzoa
atsegina da;
zentzugabea, berriz,
bere hitzak galduko du:
13
hizketan hasi orduko zorakeria dio,
eta bukatzean
ergelkeria gaiztoa dario;
14
ergelak berriketa ugari.
Gizonak ez daki zer datorkion.
Eta nork adieraz diezaioke
beraren ondoren zer gertatuko den?
15
Bai neketsua ergelaren lana;
ez daki hirirako bidea ere.
16
Zoritxarrekoa
erregetzat haurra duen lurraldea,
agintariek goizetik
tripakadak egiten
dituzteneko lurraldea.
17
Zorionekoa
erregea aitoren semea
duen lurraldea;
agintariek,
indarrak hartzeko
eta ez sabelkeriaz,
beren orduetan jaten
duteneko lurraldea.
18
Nagiaren sabaia erraz eroriko,
zabarraren etxean itogin franko.
19
Gozatzeko da ogia,
bizia alaitzeko ardoa,
eta denetan laguntzeko dirua.
20
Ez iraindu erregea,
ezta zeure baitan ere;
ez mintza aberatsaren aurka,
ezta zeure gelako isilean ere;
txori txiki batek baitie
zure mintzoa eramango,
eta hegaztiek
zure esana jakinaraziko.
1
Itxuraz galduan bada ere,2
Banatu zeure ondasunak zazpien,
baita zortzien , artean ere,
ez baitakizu nolako ezbeharra
etor daitekeen lurrera.
3
Hodeiek, aseak daudelarik,
euria egin ohi dute lur gainera.
Zuhaitza,
hegorantz nahiz iparrerantz erori,
han geldituko da,
erori den tokian.
4
Haizeari begira dagoenak
ez du ereiten,
ezta lainoei begira dagoenak ere
uztarik biltzen.
5
Bizi-arnasa haurdunaren sabelean
nola sartzen den
eta haurra nola
hezurmamitzen den
ez dakizun bezala,
ez dakizu ere nola diharduen
gauza guztien egile den Jainkoak.
6
Erein goizean zeure hazia,
eta arratsaldean ere ez egin opor,
ez baitakizu ereinaldi bietan
zein izanen duzun hoberena,
ezta bata bestea bezain ona
izango den ere.
7
Bai eztia egun-argia,
eta bai atsegina begientzat
eguzkia ikustea!
8
Gizonak, urte luzez bizi baledi ere,
bizi bitza denak alai;
baina oroit bedi
aldi ilunak ere ugari direla.
Gertatzen den guztia huskeria da.
9
Alai hadi, mutil,
gazte haizen bitartean,
izan zoriontsu heure gaztaroan,
jarrai hakie heure bihotzari
eta heure begien grinari.
Ez ahaztu, ordea,
horien guztien kontua
eskatuko diala Jainkoak auzian.
10
Bota heure bihotzetik kezkak,
uxa heure gorputzetik gaitza,
gaztetasuna eta gaztaroa
agudo joaten baitituk.
1
Oroit hadi heure Egileaz2
Orduan eguzkia eta egun-argia,
izarrak eta ilargia
ilundu egingo zaizkik,
eta euria egin ondoren
berriro lainotuko dik.
3
Orduan eskuak
dardaraka zaizkit jarriko
eta zangoak ahulduko;
hortz-haginak gutxituko
eta alferrik dituk izango,
begiak ere ilunpetan geldituko.
4
Belarriak itxiko zaizkik,
ezin izango duk aditu
errotarri-hotsik,
ezta entzun ere txorien kanturik.
Ahotsa moteldu egingo zaik.
5
Toki goietan ibiltzeak
beldurra emango dik,
baita bide zelaian ibiltzeak ere.
Ilea zurituko zaik
ibilera baldartuko
eta atsegin-grina hoztuko.
Gizakia bere betiko
etxerantz zihoak;
jadanik hilketariak
kalez kale zebiltzak .
6
Orduan,
zilarrezko haria eten egingo zaik,
urrezko ontzia hautsiko,
pitxerra iturrian puskatuko,
eta putzu gainean txirrika zartatuko.
7
Hautsa lurrera itzuliko duk,
handik sortua denez.
Bizi-arnasa Jainkoarengana
bihurtuko duk,
berak emana denez.
8
Huskeria hutsa —dio Koheletek—,
dena huskeria da.
9
Oso jakintsua zenez, Koheletek
irakaspenak eman zizkion herriari;
esaera asko ikertu,
aztertu eta asmatu zuen.
10
Hitzik egokienak bilatu zituen
Koheletek,
irakaspen ederrak
eta egiaz beteak idatzi.
11
Jakintsuaren hitzak akuilu dira,
bilduma-egileak
ongi sarturiko hesolak;
artzain bakarrak emanak dira.
12
Ez ibili, ene seme, gehiagoren bila;
liburu asko egiteak
ez du bukaerarik.
Gainera, gehiegi hausnartzeak
gorputza nekatu egiten du.
13
Esanak esan, eta bukatzeko,
izan begirune Jainkoari
eta bete beronen aginduak;
horixe baita
egiazko gizon-emakume izatea.
14
Jainkoak epaituko ditu
gure egintza guztiak,
onak zein txarrak,
orobat ezkutukoak.