1

1

Hona Salomonen esaerak ,
Israelgo errege Daviden semearenak.

2
Esaera hauek jakinduria ezagutarazi, heziketa eman
eta esaldi sakonak ulertarazteko dira;

3
baita heziketa egokia lortzen laguntzeko ere:
zuzentasuna, zintzotasuna eta prestutasuna;

4
egokiak dira heldugabeei zuhurtasuna emateko,
gazteei ezaguera eta bereizmena;

5
zuhurrak entzun bitza eta zuhurrago bihurtuko da,
burutsuak trebetasuna bereganatuko du;

6
esaera zahar eta zuhur-hitzak ulertarazten dituzte,
baita atsotitzak eta asmakizunak ere.

7
Jaunarenganako begirunea da ezagueraren oinarria;
baina zentzugabeek mespretxatu egiten dituzte
zuhurtzia eta heziketa.

8
Seme, entzun aitaren oharrak
eta ez baztertu amaren irakaspenak;

9
edertu egingo zaituzte,
koroak burua eta idunekoak lepoa bezala.

10
Seme, ez amore eman,
gaiztoek nahastu egin nahi bazaituzte.

11
Beharbada, esango dizute: «Zatoz gurekin;
zelatan jarriko gara odola isurtzeko
eta errugabeei erasoko geure atseginerako;

12
bizirik irentsiko ditugu, Herio Leizeak bezala,
eta oso-osorik galduko dira, hobira doazenak legez;

13
egundoko altxorrak eskuratu
eta harrapakinez beteko dugu etxea;

14
esku hartuko duzu zeuk ere irabazietan,
gordailu bakarra izango dugu eta».

15
Seme, ez zaitez horrelakoekin joan,
ez ibili horien bideetatik,

16
lasterka baitoaz gaiztakeria egitera
eta presaka odola isurtzera.

17
Benetan alferrik botatzen da sarea,
hegaz doazenek ikusten badute;

18
baina beren odola isurtzeko zain daude horiek zelatan,
beren buruak jartzen dituzte arriskuan.

19
Hauxe da lapurretan dabilenari gertatzen zaiona:
lapurrari berari kentzen dio bizia.

20
Kaleetan aldarrika dabil Jakinduria ,
ibilbideetan oihuka;

21
toki zaratatsuetan egiten du hots,
hiri-sarrerako plazan deiadar:

22
«Zuek, zentzugabeok, noiz arte maiteko duzue zentzugabekeria?
Zuek, harroputzok, noiz arte jarraituko harrokerian?
Zuek, burugabeok, noiz arte gorrotatuko jakinduria?

23
Onar ezazue nire zentzarazpena!
Neure espiritua zabaldu nahi dut zuengana,
ene mezua adierazi.

24
Deitu, eta ezezkoa erantzun duzuenez,
eskua luzatu, eta inork jaramonik egin ez,

25
nire aholkuak baztertu
eta zentzarazpenik ez didazuenez onartu,

26
nik barre egingo dizuet zeuen zoritxarraz,
iseka, izu-ikara sartzen zaizuenean.

27
Ekaitza bailitzan ikarak harrapatzean,
haize-erauntsia bezala zoritxarra iristean,
larria eta nahigabea heltzen zaizkizuenean,

28
orduan dei egingo didazue, baina ez dizuet erantzungo;
bilatu, baina ez nauzue aurkituko.

29
Jakinduria gaitzetsi egin duzuenez
eta Jaunari begirunerik izan ez,

30
nire aholkuak ez dituzuenez onartu
eta bai zentzarazpen guztiak mespretxatu,

31
zeuen jokaeraren fruituak jango dituzue,
zeuen egitasmo gaiztoez asebeteko.

32
Errebeldiak heriotza ekartzen die zentzugabeei,
axolagabekeriak galtzen ditu burugabeak;

33
baina nire esana entzuten duena lasai biziko da,
seguru eta zoritxarraren beldurrik gabe».

2

1

Seme, nire esanak onartu eta aginduak gogoan badituzu,

2
zuhurtziari kasu egin
eta zentzu onari jaramon egiten badiozu,

3
adimenari dei egin eta zentzu onari hots egiten badiozu,

4
dirua eta altxorrak bezala bilatzen saiatzen bazara,

5
orduan ulertuko duzu zer den Jaunarenganako begirunea
eta Jainkoa ezagutzera iritsiko zara.

6
Jauna baita zuhurtzia ematen duena,
berarengandik datoz ezaguera eta zentzu ona.

7
Berak ematen die arrakasta zintzoei
eta babesa jokabide zuzenekoei;

8
zuzenbideari jarraitzen diotenak babesten ditu
eta berarekin leial direnak zaintzen.

9
Orduan ikasiko duzu zuzen, zintzo eta prestu izaten,
eta ongi jokatzen.

10
Honela, zuhurtzia sartuko zaizu bihotzera
eta atsegina izango duzu ezaguerarekin;

11
bereizmenak zainduko zaitu eta zentzu onak babestuko;

12
jokabide txarretik aldenaraziko zaituzte
eta hitz maltzurrekoengandik,

13
bide zuzena utzi eta ilunpetsuetatik doazenengandik,

14
gaizkia egiten gozatu
eta maltzurkeriaz pozten direnengandik,

15
jokaera okerretan eta bide-galdurik dabiltzanengandik.

16
Horrela, emakume lotsagabe
eta lausengariagandik aldenduko zara,

17
bere gaztaroko laguna utzi
eta Jainkoaren ituna ahaztu duenarengandik.

18
Halakoaren etxera joatea heriotzarantz joatea da,
beraren bideak ilunpeetara eramaten zaitu.

19
Han sartzen direnek ez dute itzulerarik,
ez dituzte hartzen bizirako bideak.

20
Beraz, ibili onbidetik
eta jarraitu zintzoen jokabideari.

21
Prestuak biziko baitira lurrean
eta zuzenek iraungo bertan;

22
gaizkileak, berriz, jo eta garbitu egingo dituzte mundutik,
eta maltzurrak desagerrarazi bertatik.

3

1

Ene seme, ez ahaztu nire irakaspena
eta izan gogoan nire aginduak,

2
bizitza luze eta zoriontsua emango baitizute;

3
ez itzazu gal ontasuna eta leialtasuna,
eramatzazu beti zeurekin, ezarri barru-barruan .

4
Onespena eta harrera ona izango dituzu
Jainkoaren eta gizakien aldetik.

5
Izan bihotzez Jaunarengan konfiantza
eta ez fio izan zeure adimenaz.

6
Zeure jarduera guztietan, izan Jauna gogoan,
eta berak eramango zaitu bide zuzenetik.

7
Ez jo zeure burua jakintsutzat;
izan, ordea, begirune Jaunari eta ihes egin gaizkiari.

8
Osasuna eta indarra izango dituzu gorputz osoan .

9
Ohore eman Jaunari zeure ondasunen bidez,
baita uzta guztien hasikinez ere,

10
eta garauez beteko dira zure aletegiak,
ardo berriz gainezka egingo dolareek.

11
Ene seme, ez baztertu Jaunaren heziketa,
ez haserretu zentzarazten bazaitu,

12
maite duenari egiten baitio Jaunak agiraka,
aitak seme kutunari bezalaxe.

13
Zorionekoa zuhurtzia lortzen duena,
zentzu ona bereganatzen duena.

14
Zilarra eskuratzea baino hobe da,
urrea baino errentagarriago.

15
Koralak baino bikainagoa da,
gauzarik baliotsuena ere ez da beraren pareko;

16
eskuinean bizitza luzea dakar,
ezkerrean aberastasuna eta ohorea.

17
Atsegingarriak dira haren bideak,
zorionera eramaten dute.

18
Bizia ematen duen zuhaitza da.
Zorionekoak bertatik jaten dutenak!

19
Jaunak jakinduriaz oinarritu zuen lurra
eta zentzuz ezarri zerua;

20
beraren jakintzaz irteten dira lurpetik urak
eta isurtzen dute hodeiek euria.

21
Ene seme, gorde zentzutasuna eta oharmena,
ez itzazu ken zeure aurretik;

22
biziaren iturri izango dituzu, eta apaingarri, lepokoa bezala;

23
lasai jarraituko diozu bideari, behaztoparik egin gabe.

24
Izu-ikararik gabe lotaratuko zara,
oheratu eta gozo-gozo hartuko zaitu loak.

25
Ez zaitu izutuko ustekabeko ikarak,
ezta gaizkileengandik etor lekizukeen hondamenak ere.

26
Alboan izango baituzu Jauna
eta tranpa guztietatik zainduko zure oinak.

27
Ez ukatu mesederik behar duenari,
zure esku baldin badago egitea.

28
Behar duena baldin badaukazu, ez esan inori:
«Zoaz eta itzuli, bihar emango dizut».

29
Ez pentsatu gaizki egiterik
zurekin lasai bizi den lagunari.

30
Ez inorekin auzitan hasi arrazoirik gabe,
berak ez badizu inolako kalterik egin.

31
Ez zaitez indarkeria-zalearen inbidiaz bizi,
ezta haren biderik hartu ere.

32
Gorroto dio Jaunak maltzurrari,
baina bere konfiantza ematen zuzenari;

33
gaiztoaren etxea madarikatzen du Jaunak
eta zintzoaren egoitza bedeinkatzen;

34
harroputzei iseka egiten die
eta apal direnei babesa ematen.

35
Zuhurrek ohorea berenganatuko dute;
zentzugabeek, ordea, iraina.

4

1

Entzun, semeok, aitaren oharrak;
adi egon, adimentsuak izaten ikasteko.

2
Benetan ikasbide ona da nik emandakoa,
ez baztertu nire irakaspena.

3
Ni ere seme izana nauzue,
seme bakarra bezala maite ninduen amak.

4
Honela irakatsi zidan aitak: Hartu gogoan nire hitzak
eta gorde nire aginduak, bizi nahi baduzu.

5
Saiatu zuhur eta adimentsu izaten,
ez ahaztu nire esanak, berorietatik ez urrundu.

6
Ez baztertu zuhurtzia, eta berak gordeko zaitu;
maita ezazu, eta berak babestuko.

7
Zuhurtziaren oinarria zuhurtzia nahi izatea da ;
zeure ondasun guztiez baliatuz, lortu zuhurtzia.

8
Maita ezazu, eta ohore emango dizu;
besarkatu, eta aberats egingo.

9
Koroa ederrak eta diadema distiratsuak bezala
apainduko zaitu.

10
Entzun, seme, onartu nire esanak,
eta bizitza luzea izango duzu.

11
Nik gidatzen zaitut zuhurtziaren bidetik,
nik ibilarazten zuzentasunaren ildotik.

12
Ibiltzean, ez zara baldar ibiliko;
lasterka egitean, ez duzu behaztopa egingo.

13
Eutsi tinko hartutako heziketari, ez bazter utzi;
gorde ezazu, berak ematen dizu bizia eta.

14
Ez hartu gaizkileen jokabidea,
ez egin aurrera gaiztoen bidetik.

15
Ez igaro handik, utzi alde batera
eta jarrai aurrera!

16
Ez dira lotaratzen gaiztakeriarik egin gabe;
logura galtzen dute, ez badute inor erorarazi.

17
Gaiztakeria dute ogi, indarkeria ardo.

18
Zintzoen bidea egunsentiko argia bezalakoa da,
eguna zabaldu ahala, gero eta argiagoa.

19
Baina gaiztoen bidea iluna,
ez dakite zerez egingo duten behaztopa.

20
Seme, aditu ongi nire hitzak eta kasu egin nire esanei.

21
Ez itzazu begi-bistatik ken,
gorde bihotzaren barru-barruan,

22
onartzen dituenari
bizia eta osasuna ematen baitizkiote.

23
Zaindu arreta osoz gogo-bihotzak,
berauengandik sortzen baita bizia.

24
Aldendu zeuregandik mihi gaiztoa,
urrundu ezpain gaizki-esaleak.

25
So egin bezate aurrez aurre zure begiek,
zure begi-niniek zuzen aitzinera.

26
Pentsa ongi zeure oinak non jarri,
izan bitez seguruak zure ibilbide guztiak.

27
Ez zaitez desbidera ez eskuin, ez ezkerretara;
urrundu oinak gaiztakeriatik.

5

1

Seme, aditu nire hitz zuhurrak
eta kasu egin zentzuzko ene esanei;

2
bereizmen argikoa izango zara horrela,
ezagueraz mintzatuko zara.

3
Bai, eztia darie emakume lotsagabearen ezpainei,
olioa baino ere leunagoa du ahosabaia;

4
baina, azkenean, atsentsio-belarra bezain mikatza da
eta aho biko ezpata bezain arriskutsua.

5
Harekin ibiltzeak heriotzarantz eramaten zaitu,
Hildakoen Egoitzara doaz haren urratsak.

6
Harena ez da bizirako bidea,
konturatu gabe galbideratzen da.

7
Ene seme, entzun adi, ez atzera egin nire esanetatik.

8
Urrundu zeure bidea halakoagandik
eta ez hurbildu haren etxeko atera,

9
arrotz edo bihozgaberen bati eman ez diezazkion
zure ohorea eta bizia bera.

10
Zure lan eta ahaleginen emaitzek
ez ditzatela ezezagunak asebete.

11
Azkenean negar-zotinka egingo duzu,
osasuna galduko duzunean.

12
Orduan esango duzu:
«Zergatik gaitzetsi ote nuen heziketa?
Zergatik mespretxatu ote zentzarazpena?

13
Ez nuen, ez, maisuen esana entzun,
ez nien jaramon egin irakasleei!

14
Ia egon naiz zoritxarrik bete-beteenean
herri-batzar osoaren aurrean salatuta».

15
Emaztea duzu urtegi eta putzu: edan bertatik ura.

16
Kanpora botako ote duzu zeure iturrietako ura,
kaleetan barrena zeure ubideetakoa?

17
Izan bitez zuretzat bakarrik, ez eman arrotzei.

18
Bedeinkatua izan bedi zure iturria,
zeure gaztaroko emaztea: gozatu berarekin!

19
Orein-eme maitagarri, gazela eder duzu.
Ase zaitzatela une oroz beraren bularrek,
lilura zaitzala beti beraren amodioak!

20
Ene seme, zergatik liluratuko zaitu lotsabako batek?
Zergatik besarkatuko duzu emakume arrotzaren gerria?

21
Izan ere, Jaunaren begi-bistan dago bakoitzaren jokabidea,
eta ibilbide guztiak ikusten ditu berak.

22
Maltzurra bere gaiztakerietan trabatua dago,
bere bekatuaren sarean harrapatua.

23
Heziketa ezarengatik hilko da,
bere zentzugabekeria handiarengatik galduko.

6

1

Seme, lagun hurkoaren fidatzaile bihurtu al zara,
arrotzen bati eskua emanez?

2
Sarean harrapatuta geratu al zara zeuk emandako hitzez
eta lakioan preso zeuk esandakoagatik?

3
Hona hemen, seme, zer egin askatzeko:
Lagun hurkoaren esku geratu zarenez,
zoaz berarengana eta, eske eta eske, ez utzi bakean.

4
Ez egin lorik, ez hartu atsedenik,

5
zeure burua askatu arte,
oreinak ehiztariagandik eta txoriak lakiotik bezala.

6
Zoaz inurriagana , alfer hori!
Begira nola jokatzen duen, eta ikasi.

7
Ez dio inork lana agintzen, zuzentzen edo betearazten.

8
Halere, bere ogia ziurtatzen du udan,
eta jatekoa pilatzen uzta-garaian.

9
Noiz arte egongo zara etzanda, alfer hori?
Noiz itzartuko zeure loalditik?

10
Aldika lozorroan, aldika erdi lo,
aldika besoak uztartu eta atsedenean:

11
arlotea bezala iritsiko zaizu gabezia,
eskalea bezala etorriko miseria.

12
Gizon maltzur eta gaiztoa
ezpainetan faltsukeria duela ibiltzen da.

13
Begi, oin eta eskuz keinuak egiten ditu engainatzeko.

14
Maltzurkeriaz betea, beti asmo txarretan
eta sesioan ibiltzen da.

15
Beraz, erabateko hondamendia iritsiko zaio,
bat-batean hondatuko da, erremediorik gabe.

16
Sei gauza gorrotatzen ditu Jaunak
eta zazpigarren bat erabat du higuingarri:

17
begi harroak, mihi gezurtia,
errugabearen odola isurtzen duten eskuak,

18
asmo txarretan dabilen burua,
gaiztakeria egiteko presa duten oinak,

19
gezurra dioen lekuko faltsua,
eta zazpigarrena, senide arteko liskarren sortzailea.

20
Seme, bete aitaren agindua
eta ez baztertu amak irakatsia.

21
Eramatzazu beti bihotzari atxikiak
eta zeure begien aurre-aurrean .

22
Beraiek gidatuko zaituzte zeure joan-etorrietan,
beraiek zainduko lo zaudenean,
beraiek hitz egingo dizute esnatzean.

23
Agindua kriseilu da, irakaspena argi
eta heziketa eta zentzarazpena bizirako bide;

24
emakume gaiztoarengandik gordeko zaituzte
eta lausenguz ari zaizunarengandik.

25
Ez izan haren edertasunaren irrikarik bihotzean
eta ez zaitzala harrapa bere begiratuez.

26
Emagaldua ogi-zati batez asetzen baita,
baina adulteriogileak bizitza osoa harrapatzen du.

27
Inork hartzen ote du sua altzoan, jantziak erre gabe?

28
Edo inor txingar gainean ibiltzen ote, oinak erre gabe?

29
Bada, berdin inoren emaztearen atzetik dabilena:
ukitzen duenik ez da kalte gabe geratuko.

30
Ez du lapurrak mespretxurik merezi,
gosea kentzeko osten badu.

31
Halere, harrapatzen badute,
zazpi aldiz itzuli beharko du,
nahiz eta etxeko ondasun guztiak eman behar izan.

32
Emakume batekin adulterio egiten duena burugabea da,
bere bizia hondatzen baitu.

33
Zigortua eta desohoratua izango da
eta lotsa hori ezin izango du gainetik kendu,

34
jelosiak sutu egingo baitu senarra
eta erruki gabe jokatuko du mendeku hartzean.

35
Ez du inolako ordainik onartuko,
ezta zeure eskaintza biderkatuta ere.

7

1

Seme, gorde nire esanak eta izan gogoan nire aginduak.

2
Bizi nahi baduzu, gorde nire aginduak
eta izan bedi nire irakatsia zuretzat begi-ninia legez.

3
Eramatzazu beti zeurekin, ezarri barru-barruan .

4
Esaiozu zuhurtziari: «Nire arreba zara zu»,
eta hartzazu adimena ahaidetzat;

5
berauek babestuko zaituzte emakume lotsabakoagandik,
lausenguz dabilkizunagandik.

6
Etxeko leihoan nengoela, burdinsarera hurbilduta,

7
heldugabeko gazte batzuen artean
zentzubako bat zegoela ohartu nintzen.

8
Emakumea bizi zeneko kale-kantoira joan
eta beraren etxera bideratu zen.

9
Egunaren amaiera zen, ilunabarra,
gau betea eta iluntasuna zetozen.

10
Eta hara non ateratzen zaion emakumea bidera!
Emagaldu bezala jantzita, ausarkeriaz betea.

11
Marimatraka da eta gizalegerik gabea,
oinak etxean eduki ezin dituzten horietakoa;

12
nahiz plazan nahiz kalean,
bazter guztietan dago zelatan.

13
Eta mutilari heldu, musuz josi
eta lotsagabeki esaten dio:

14
«Esker oneko oparia egin beharrean nengoen,
eta gaur bete dut promesa .

15
Horregatik irten naiz zure bila
zurekin egon nahian, eta aurkitu zaitut!

16
Estalkiz jantzi dut ohea
Egiptoko lihoz egindako oihal koloretsuz,

17
logela mirra, aloe eta kanelaz lurrindu.

18
Zatoz, mozkor gaitezen laztanez goizeraino,
goza gaitezen elkarrekin amodioaz.

19
Nire senarra ez dago etxean,
joana da bidaian, oso urruti.

20
Eramana du diru-zorroa ere,
eta ez da ilbetea arte itzuliko».

21
Bere zurikeriaz menderatu egiten du,
bere hitz goxoez erakarri.

22
Eta mutila atzetik joaten zaio berehala,
hiltegira doan idia bezala,
lakioan jausten den oreina legez ,

23
geziak gibela zeharkatzen dion arte;
sarera erortzen den txoria bezala doa
eta ez daki bizia jokatzen ari dela.

24
Beraz, ene seme, entzun, adi egon nik esandakoari.

25
Ez bedi zure bihotza horrelako emakumearen atzetik abia,
ez zaitez berarengatik galbidean jar,

26
asko izan baitira berak hondatuak,
ugari, heriotzara eraman dituenak.

27
Harekin dabilena Hildakoen Egoitzarako bidetik doa .

8

1

Jakinduria deika ari da, zuhurtziak oihu egiten du;

2
bide gaineko muinoetan, bidegurutzeetan zutik,

3
hiriaren sarrerako plazan,
pasaguneetan, aldarrikatzen du:

4
«Zuei, jaunoi, egiten dizuet dei;
zuentzat, gizasemeontzat, nire hitza.

5
Heldugabeok, ikasi zuhurrak izaten;
zentzubakook, ikasi burutsuak izaten.

6
Entzun, oso garrantzitsua da nire mezua
eta benetan zuzena esaten dizuedana.

7
Bai, egia da diotsuedana,
higuingarri zait maltzurki hitz egitea.

8
Zuzenak dira nire hitz guztiak,
bat ere ez oker edo maltzurrik.

9
Argiak dira guztiak, ulertzen dakienarentzat
eta errazak, jakitun denarentzat.

10
Onar ezazue nire heziketa, eta ez zilarra;
ezaguera urre garbia baino lehen».

11
—Koralak baino hobea da jakinduria,
gauzarik baliotsuena ere ez da haren pareko—.

12
«Nik, Jakinduriak, zuhurtasuna dut lagun,
ezagumen eta bereizmen egokiak ditut neurekin.

13
Gaiztakeria gorrotatzen duenak errespetatzen du Jauna .
Harrokeria eta handikeria,
jokabide gaiztoa eta hizkera maltzurra gorrotatzen ditut.

14
Neuk sortzen ditut egitasmoak eta arrakastaz burutzen,
neureak ditut adimena eta indarra.

15
Niri esker dira erregeak errege
eta agintariak legegile zuzen.

16
Niri esker gobernatzen dute gobernariek
eta epai zuzenak ematen handikiek.

17
Maite nautenak ditut maite,
nire bila saiatzen direnek aurkituko naute.

18
Neuk ematen ditut aberastasuna eta ohorea,
oparotasuna eta justizia.

19
Urre garbia baino hobea da nire fruitua,
zilarra baino hobea ene emaitza.

20
Justiziaren bidetik nabil ni, zuzenbidearen erdi-erditik.

21
Aberats egiten ditut maite nautenak,
beraien altxortegiak betetzen.


22
«Jaunak bere jardueraren hasieran sortu ninduen,
bere lehen egintzen aurretik.

23
Betidanik izan naiz eratua,
hasiera-hasieratik, lurra izan baino lehenagotik.

24
Ur-leizerik ez zenean izan nintzen sortua,
iturbururik ere ez zegoenean.

25
Mendiak landatuak izan aurretik,
muinoak baino lehen izan nintzen sortua;

26
artean ez zituen Jainkoak mundu hau eta kanpokoak eginak,
ezta lurraren lehen hautsa ere.

27
Zeruak ezarri zituenean, han nengoen ni,
ur-leizearen gainetik zeru-sabaia jarri zuenean,

28
hodeiak goian bildu
eta leize-iturriak tinko ezarri zituenean,

29
itsasoari mugak finkatu
—eta urek ez dituzte muga horiek gainditzen—,
eta lurrari oinarriak jarri zizkionean;

30
haren ondoan nengoen ni, obra-maisu bezala;
beraren gozamena nintzen egunero,
beraren aurrean jolastuz aldioro:

31
beraren ludiaz jolasten nuen
eta gizakiekin nuen neure gozamena.

32
«Beraz, semeok, entzun:
Zoriontsuak nire bideetatik dabiltzanak!

33
Onartu heziketa zuhurrak izateko, ez baztertu.

34
Zoriontsua entzuten didan gizona,
egunero nire etxe aurrean zain
eta atalondoan jagole dagoena.

35
Aurkitzen nauenak bizia aurkitu du
eta Jaunaren onespena izango.

36
Iraintzen nauenak, ordea, bere burua hondatzen du,
gorrotatzen nautenek heriotza dute maite».

9

1

Bere etxea eraiki du Jakinduriak,
zazpi zutabe ezarri eta landu;

2
abereak hil, ardoa nahastu eta mahaia prest jarri du.

3
Neskameak bidali ditu, hiriko goialdeetatik aldarrikatzera:

4
«Heldutasun gabekoa, betor hona!»
Zentzugabeari esaten dio:

5
«Ea, jan nire ogia eta edan nik nahasturiko ardoa.

6
Utzi txorakeriak eta biziko zarete!
Gero, jarraitu zuzen zentzuzko bideari».

7
Harroputza zentzarazten duenak mespretxua jasotzen du,
gaiztoa zuzenarazten duenak iraina.

8
Beraz, ez saiatu harroputza zuzentzen, gorrotoa izango dizu eta;
zuzenarazi zuhurra eta maite izango zaitu;

9
zuhurrari aholku eman eta zuhurrago bihurtuko da,
zintzoari irakatsi eta gehiago ikasiko du.

10
Jauna errespetatzea da zuhurtziaren hasiera
eta benetako ezaguera, Guztiz Santua aintzat hartzea.

11
Zuhurtziari esker urte asko hartuko dituzu,
bizitza oso luzatuko.

12
Zuhurra bazara, zeure onerako da;
harroputza bazara, zeure kalterako.

13
Andere Zorakeria zaratatsua da,
tentela eta ezer ulertzen ez duena.

14
Etxeko ate ondoan dago eserita,
hiriaren goialdeko eserleku batean,

15
bidean zuzen doazen ibiltariei zera aldarrikatzen:

16
«Heldutasun gabekoa, betor hona!»
Zentzugabeari esaten dio:

17
«Gozoa da lapurtutako ura, benetan ona isilpeko ogia!»

18
Ez daki beraren gonbidatuak hilik daudela,
Hildakoen Egoitzan daudela jadanik.

10

1

Salomonen esaera zaharrak.

Seme zuhurra aitaren pozbide,
seme zentzugabea amaren atsekabe.

2
Bidegabeki pilaturiko altxorrek probetxurik ez,
baina zuzentasunak heriotzatik libratzen du.

3
Jaunak ez du zintzoa goseak uzten;
bai, ordea, gaiztoen irrika asegabe.

4
Esku alferrak txirotu, beso langileak aberastu.

5
Burutsuak bildu egiten du udaldian,
uzta-garaian lokartzen dena gaitzesgarri da.

6
Zintzoak bedeinkazioa bereganatzen du,
gaiztoaren mihiak indarkeria gordetzen.

7
Zintzoa oroitua izango da eta onetsia,
gaiztoen izena bera ere usteldu egingo.

8
Bihotz zuhurrekoak onartzen ditu aginduak,
mihi txorokoa hondamendirantz abiatzen.

9
Zuzen dabilena seguru dabil,
bide okerretik doana nabarmen geratzen.

10
Azpikeriaz dabilenak atsekabea dakar,
aurrez aurre zentzarazten duenak konponbidea .

11
Zintzoaren mihia bizi-iturri da,
baina gaiztoarenak indarkeria gordetzen.

12
Gorrotoak haserreak sortzen ditu,
maitasunak akats guztiak ezkutatzen.

13
Burutsuaren ezpainetan hitz zuhurrak;
burugabearen bizkarrari, eman egurra!

14
Zuhurrak jakinduria biltzen du,
mihi txorokoak berehalako hondamendia ekartzen.

15
Aberatsak bere ondasunetan du babesa,
behartsuak bere gabezian hondamendia.

16
Zintzoaren lansaria bizia da,
gaiztoaren irabazia porrota.

17
Heziketa onartzen duena bizirako bidetik doa,
zentzarazpena baztertzen duena okerbidetik.

18
Mihi maltzurrekoak gorrotoa estaltzen du,
iraina zabaltzen duena zentzugabea galanta.

19
Hizketa ugari, huts egitea sarri;
mihiari eusten dakiena, hori bai zuhurra!

20
Zintzoaren mihia zilar garbi-garbia,
gaiztoaren bihotza hutsaren parekoa.

21
Zintzoaren hitzak askoren bizigarri,
baina txoroak burugabekeriaz hiltzen dira.

22
Jaunaren bedeinkazioak aberasten du,
eta ezer ez gure nekeak gehitzen.

23
Izen belzten aritzea da zentzugabearen gozamena,
zuhur jokatzea pertsona burutsuarena.

24
Zeren beldur, huraxe gertatzen zaio gaiztoari;
zeren irrika, huraxe ematen zintzoari.

25
Ekaitza pasa, eta kito gaiztoa!
Baina betiko oinarriak ditu zintzoak.

26
Nola ozpina ahorako eta kea begietarako,
hala alferra lanean hartzen duenarentzako.

27
Jauna errespetatzeak bizia luzatzen du;
gaiztoaren urteak, ordea, labur egiten.

28
Zintzoak bizitza pozgarria espero du,
gaiztoaren itxaropenak porrot egiten.

29
Jauna babesgarri da zuzen dabilenarentzat,
hondamendi gaizkilearentzat.

30
Zintzoa ez da inoiz koloka ibiliko;
gaiztoak, ordea, ez du lurrean iraungo.

31
Zintzoaren ahotik zuhurtzia sortzen da,
moztu egingo dute mihi maltzurra.

32
Atsegingarri dira zintzoaren hitzak,
maltzurkeria huts gaiztoarenak.

11

1

Gorroto ditu Jaunak engainuzko pisuak;
begiko ditu, ordea, neurgailu zehatzak.

2
Harrokeria non, desohorea han;
zuhurtzia apaltasunaren lagun.

3
Beren prestutasunak gidatzen ditu zuzenak,
beren faltsukeriak hondatzen maltzurrak.

4
Alferrikakoak dira aberastasunak epaiketa-egunean ;
zuzentasunak, ordea, heriotzatik libratzen du.

5
Zintzoari zuzentasunak bidea prestatzen,
gaiztoa bere maltzurkeriak erorarazten.

6
Zuzentasunak aske egiten ditu prestuak,
gutiziak preso hartzen maltzurrak.

7
Gaiztoa hiltzen denean, kito haren itxaropena!
Baita aberastasunetan zuen esperantza ere.

8
Zintzoa estuasunetik atera dute
eta gaiztoa sartu da haren lekura.

9
Maltzurraren esanak galtzen du lagun hurkoa,
jakintzak salbatzen zintzoa.

10
Zintzoen zorionaz hiria pozik,
gaiztoen galtzeaz are pozikago.

11
Zuzenen bedeinkazioak hiria eraikitzen du,
gaiztoen hizketak erabat desegiten.

12
Lagun hurkoa gutxiesten duena burugabea,
burutsua dena isilik egoten da.

13
Berritsuak isilpekoak ere azaltzen ditu,
pertsona fidagarriak dena gordetzen.

14
Zuzendaritza gabe, herria behera;
aholkulari asko bada, orduan aurrera.

15
Ezezagunaren fidatzaileak bere buruari kalte,
konpromisorik hartzen ez duenak lasaitasuna ziur.

16
Emakume atseginak ospea bereganatuko du,
eta gizon ausartak aberastasuna.

17
Bihotz onekoak bere buruari egiten dio on,
bihotz gogorrekoak bere buruari kalte.

18
Gaiztoak irabazi hutsalak izaten ditu,
zuzentasuna ereiten duenak sari segurua.

19
Zuzentasunaren bidetik bizitzara,
gaiztakeriaren atzetik heriotzara.

20
Gorroto ditu Jaunak bihotz makurrekoak;
atsegin ditu, ordea, jokabide prestukoak.

21
Azken finean, zigorra izango du gaiztoak;
zintzoaren ondorengoa onik aterako da.

22
Nola urrezko eraztuna txerriaren muturrean,
hala da zentzugabeko emakume ederra.

23
Zintzoaren nahia bete egiten da,
gaiztoaren itxaropenak huts egiten.

24
Batak beti eman, eta halere aberastu;
besteak dena gorde, eta beti gabe.

25
Eskuzabalak oparotasuna izango du,
edaten ematen duenak hartu ere egingo du.

26
Garia gordetzen duena jendeak madarikatu,
salgai jartzen duena bedeinkatu.

27
Ongiaren bila saiatzen denak izango du onespenik,
gaizkiaren bila dabilenari gaizkia etorriko zaio.

28
Bere aberastasunez fidatzen dena zimelduta eroriko da,
zintzoa zuhaitz mardula bezala jorituko.

29
Bere etxeaz arduratzen ez denak putza izango du gero,
zentzugabea zuhurraren esklabo izango.

30
Bizi-arbolarena bezalakoa da zintzoaren fruitua;
zuhurrak jendearen onespena bereganatzen du.

31
Zintzoak lurrean izaten badu bere ordaina,
are gehiago gaizto eta bekatariak!

12

1

Heziketa maite duenak maite du jakinduria;
zentzapena gorrotatzen duena, inozoa galanta!

2
Onak Jaunaren onespena lortzen du,
asmo txarrekoak gaitzespena.

3
Gaiztakeria ez da oinarri sendoa inorentzat;
zintzoaren sustraia, ordea, iraunkorra.

4
Emazte jatorra senarraren koroa,
emazte lotsagabea minbiziaren parekoa .

5
Zintzoek zuzentasuna dute gogoan,
gaiztoek iruzurkeria besterik ez.

6
Gaiztoen hitzak heriotzako tranpa dira;
zintzoenak, berriz, salbameneko bide.

7
Gaiztoak lur jo eta kito! Zintzoen etxeak zutik dirau.

8
Nor bere zentzu onaren arabera txalotuko dute,
bihotz okerrekoak mespretxua izango du.

9
Hobe apal izan zerbitzari bat bakarra edukiz,
handiustean ibili baino, zer janik izan gabe.

10
Zintzoak ez ditu ahazten abereen beharrak ere,
gaiztoak izaten dira barru gogorrekoak.

11
Bere lurra lantzen duenak ogia ugari,
huskerien atzetik dabilena burugabea galanta.

12
Gutizia gaiztoen sarea da ; zintzoen sustraia emankorra.

13
Gaiztoa bere gezurretan geratzen da harrapatua,
zintzoak ihes egiten dio arriskuari.

14
Nor bere esanen fruituaz aseko,
nork bere eginen ordaina jasoko.

15
Txoroak ongi deritzo bere jokabideari;
zuhurra, berriz, adi egoten da besteen iritziari.

16
Txoroak berehala agertzen du bere haserrea,
zuhurrak isilean gordetzen iraina.

17
Egiazaleak zuzentasunez du aitortzen,
lekuko faltsuak gezurrez.

18
Berritsuen mihia ezpata zorrotza, zuhurrena osasunbidea.

19
Egiazaleak betiko irauten du,
gezurtiak begien itxi-ireki bat.

20
Gaizkileen buruan engainua,
bakea aholkatzen dutenengan poza.

21
Zintzoari ez zaio kalterik suertatuko,
gaiztoari zoritxarra bete-betean.

22
Jaunak gorroto ditu gezurtiak;
atsegin ditu, ordea, egiaz jokatzen dutenak.

23
Zuhurrak gorde egiten du dakiena,
zentzugabeak bere txorakeria agerrarazten.

24
Langilea agintari, nagia zerbitzari.

25
Kezkak gizona bihozgabetzen du, hitz gozoak adore ematen.

26
Zintzoak bidea erakusten dio lagun hurkoari ,
gaiztoak desbideratu egiten du.

27
Nagiak ez du ehizakia prestatzen lanik;
lanerako gogoa giza ondasunik handiena.

28
Zuzentasunaren bidea bizirakoa da,
ongi eginiko bidea heriotzarik gabea .

13

1

Seme zuhurrak aitaren heziketa onartzen du,
lotsabakoak ez dio agirakari jaramonik egiten.

2
Bere hitzen emaitza du gizonak janari on,
baina maltzurra indarkeri gose beti.

3
Mihia zaintzen duenak bizia babesten du;
mintzatzeak sobera darama kaltera.

4
Alferrak nahi, bai, baina lorrezin;
saiatuaren gogoa asebetea izango.

5
Zintzoak gorroto dio gezurrari,
gaiztoak laidoa eta iraina zabaltzen.

6
Zuzentasunak babesten du prestua,
gaiztakeriak hondatzen bekataria.

7
Bada aberatsarena egin eta ezer ez duenik,
baita behartsu-itxurak egin eta asko duenik.

8
Aberatsak bere ondasunez zaindu behar bizia,
ezer ez duenak mehatxuen beldurrik ez.

9
Zintzoak argi distiratsu dira, gaiztoak itzalitako kriseilu.

10
Harrokeriak ez du liskarra baizik sortzen;
aholkuak onartzen dituztenena da zuhurtzia.

11
Erraz aberastu, erraz galdu; poliki-poliki bilduz, gehitu.

12
Gauzatzen ez den itxaropenak bihotzean pena sortzen;
betetzen den nahia, bizi-fruituak dituen zuhaitza.

13
Esana gutxiesten duena damutu egingo da,
agindua errespetatzen duena saritua izango.

14
Bizi-iturri da zuhurraren irakaspena
herioaren sareetatik ihes egiteko.

15
Zentzu onekoak jendearen onespena irabazten du,
gaiztoaren bidea hondamendira doa.

16
Zuhurrak ongi pentsatuta jokatzen du,
zentzugabeak bere txorakeria erakusten.

17
Mezulari maltzurrak zoritxarra ekartzen du,
mandatari leialak sendabidea.

18
Behar gorria eta lotsa heziketa baztertzen duenarentzat,
ohorea zentzarazpena onartzen duenarentzat.

19
Betetzen den nahia atsegingarri da,
zentzugabearentzat higuingarri gaiztakeriatik alde egitea.

20
Zuhurrekin ibiltzen dena zuhur bihurtzen da,
zentzugabeekin elkartzen dena galbidean jartzen.

21
Bekatariei zoritxarrak jarraitzen die,
zintzoek zoriona dute sari.

22
Zintzoaren herentzia, bere ondorengoentzat;
bekatariaren ondasunak ere zintzoarentzat.

23
Behartsuen soroak ematen du zer jana ugari,
baina hondatu egiten da ez bada neurriz lantzen .

24
Makila erabiltzen ez duenak ez du semea maite,
maite duenak luzatu gabe zentzarazten du.

25
Zintzoak jan eta asebete, gaiztoaren sabela beti gose.

14

1

Emakume zuhurrak eraiki egiten du etxea,
zentzugabeak bere eskuez desegin.

2
Jokabide zuzenekoak begirune dio Jainkoari,
bide okerretik dabilenak mespretxatu egiten du.

3
Zentzugabeari harrokeria dario ahotik,
zuhurra bere hitzek babesten dute.

4
Idirik ezean, askak hutsik;
beharrezkoa idiaren indarra uzta oparoa izateko.

5
Lekuko egiazaleak gezurrik ez,
lekuko faltsuak gezurra barra-barra.

6
Harroputzak zuhurtziaren bila ibili eta aurkitzen ez;
buruargiak erraz bereganatzen du jakintza.

7
Urrun zaitez burugabeagandik,
ez duzu haren hitzetan jakintzarik aurkituko.

8
Ongi pentsatuta jokatzea zuhurraren trebezia da;
burugabekeriak zentzugabea engainatu egiten du.

9
Zentzugabeek barre egiten beren erruei ;
Jaunaren onespena zuzenen artean dago.

10
Norberak du bere saminaren berri,
kanpokoek ezin parte hartu haren alaitasunean.

11
Gaiztoen etxeak behea joko du, zintzoenak gora egingo.

12
Badira zuzen itxurako jokabideak,
baina azken finean heriotzarantz daramate.

13
Barre artean ere izaten da bihotza triste,
eta alaitasuna atsekabean amaitzen.

14
Bihotz okerrekoak bere jokabidearen fruituak jasoko,
bihotz zuzenekoak bere egintzenak .

15
Esaten den guztia sinesten du heldugabeak,
nondik ibiliko aztertzen zentzudunak.

16
Zuhurra gaizkiaren beldur da eta ihes egiten dio,
zentzugabeak aurrera egiten ziurtasun osoz.

17
Odol-beroak txorakeriak egiten ditu,
azpikerietan dabilena higuingarri bihurtzen.

18
Heldugabeei dagokie zentzugabekeria,
jakintza zuhurren koroa da.

19
Txarrek onen aurrean makurtuko dute burua,
gaiztoek jokabide zintzokoen ataurrean erregutuko.

20
Behartsua bere lagunarentzat ere higuingarri;
aberatsaren adiskideak, ordea, ugari.

21
Lagun hurkoa gutxiesten duenak bekatu egiten du;
zorionekoa dohakabeez errukitzen dena!

22
Desbideraturik dabiltza gaizkileak;
onginahia eta leialtasuna ongileentzat.

23
Nekeak beti du bere irabazia,
berritsukeriak pobrezia bakarrik.

24
Aberastasunak zuhurren koroa,
zentzugabeen ergelkeria beti ergelkeria.

25
Lekuko egiazaleak biziak salbatzen ditu,
iruzurtiak gezurra barra-barra.

26
Jauna errespetatzeak konfiantza osoa sortzen du,
eta ondorengoak ere horretan babestuko dira.

27
Bizi-iturri da Jaunarenganako begirunea,
herioaren sareetatik ihes egiteko.

28
Herri jendetsua erregearen ohore,
jende gutxiko herria printzearen hondamendi.

29
Eroapen handikoak zentzu ona ugari,
haserrekorrak zentzugabekeria nabari.

30
Bihotz lasaia gorputzaren bizia,
bekaizkeria minbiziaren parekoa .

31
Jende xehea zapaltzen duenak irain egiten dio Egileari,
behartsuaz errukitzen denak ohore ematen.

32
Gaiztoak bere gaiztakerian egiten du estropezu,
zintzoak bere prestutasunean du konfiantza.

33
Buruargiengan bizi da zuhurtzia,
baina zentzugabeen artean ez da aintzat hartua .

34
Zuzentasunak goretsi egiten du herria,
bekatua nazioen lotsagarri da.

35
Zerbitzari trebeak erregearen onespena du,
duin ez denak haren haserrea.

15

1

Erantzun goxoak haserrea baretzen,
hitz mingarriak amorrua areagotzen.

2
Zuhurraren hitzek jakintza atsegingarriago bihurtzen dute;
zentzugabeen esanetan ergelkeria bor-bor.

3
Edonon daude Jaunaren begiak gaiztoei eta onei begira.

4
Mihi eztia bizia ematen duen arbola da,
mingain gaiztoak barne-barnean egiten du min.

5
Zentzugabeak aitaren heziketa gaitzesten du;
zentzarazpena onartzen duena zentzudun bihurtzen da.

6
Zintzoaren etxean ugaritasuna,
gaiztoaren irabazia kezka-sortzaile.

7
Zuhurren ezpainek jakintza barreiatzen dute;
ez horrela zentzugabeen buruak.

8
Jaunak higuin du gaiztoaren sakrifizioa,
atsegin du gizon zuzenen otoitza.

9
Jaunak higuin du jokabide gaiztoa,
zuzentasun bila dabilena du maite.

10
Bidetik okertzen dena gogor zentzaraziko dute;
zentzarazpena gorrotatzen duena hil egingo da.

11
Jaunak bistan baditu Hildakoen Egoitza eta Hondamen Leizea,
are gehiago gizakien bihotzak!

12
Harroputzak ez du maite bere zentzarazlea,
ezta zuhurrekin elkartzea ere.

13
Bihotza pozik, aurpegia argi; bihotza triste, begitartea ilun.

14
Buruargia jakintzaren bila ibiltzen da,
burugabea zentzugabekeriaz elikatzen.

15
Zoritxarrekoarentzat egun guztiak txarrak,
zoriontsuarentzat etengabeko festa.

16
Hobe gutxi eduki eta Jaunarenganako begirunean bizi,
altxor handia eduki eta izu-ikaraz bizi baino.

17
Hobe barazkiak maitasunarekin,
txahalki gozoa gorrotoarekin baino.

18
Gizon suminkorrak liskarra piztu,
eroapen handikoak haserreak baretu.

19
Alferren bidea laharrez josia,
pertsona zuzenena bide zabala.

20
Seme zuhurrak aitari poz ematen,
seme zentzugabeak ama mespretxatzen.

21
Zentzugabekeria burugabearen poza,
zentzuduna bide zuzenetik doa.

22
Plangintzarik gabe egitasmoek porrot,
askoren aholkuez arrakasta.

23
Bai pozgarria erantzuten jakitea!
Bai ona hitz egokia bere garaian!

24
Bizirako bidean gora doa zuhurra,
Herio Leizera jaistetik urruti.

25
Harroaren etxea desegiten du Jaunak,
baina alarguntsaren mugarriei sendo eusten.

26
Egitasmo txarrak higuin ditu Jaunak, hitz atseginak gogoko.

27
Diruzaleak bere etxea hondatzen du,
eroskeria gorroto duena luzaro biziko da.

28
Zintzoak, ongi pentsatu eta gero erantzun;
gaiztoak, gaiztakeria botatzen ahotik.

29
Jauna urruti dago gaiztoengandik,
baina entzuten du zintzoen otoitza.

30
Begirada argiak bihotzondoa alaitzen,
albiste pozgarriek indarra berritzen .

31
Zentzarazpen osasungarria gogoan hartzen duenak
jakintsuen artean izango du bere tokia.

32
Heziketa nahi ez duenak bere burua mespretxatzen du,
zentzarazpena gogoan hartzen duenak zentzu ona bereganatzen.

33
Jauna errespetatzea da zuhurtziaren ikasbidea;
apaltasuna lehenengo, ohorea gero.

16

1

Gizakiak egitasmoak, Jaunak azken hitza.

2
Gizakiak garbi deritze bere jokabide guztiei,
baina Jauna da kontzientziak aztertzen dituena.

3
Utzi Jaunaren esku zeure eginbeharra
eta bete egingo dira zure egitasmoak.

4
Zerbaitetarako egiten du Jaunak guztia:
gaiztoa ere bai, zigor-egunerako .

5
Jaunak higuin du bihotz-harroa,
goiz edo berandu izango du zigorra.

6
Bekatua onginahi eta leialtasunaz ezabatzen da,
gaizkiari Jaunarenganako begiruneaz egiten zaio ihes.

7
Jaunak onesten duenean norbaiten jokabidea,
etsaiak ere adiskide bihurtzen dizkio.

8
Hobe ondasun gutxi zuzentasunez,
irabazi handiak bidegabekeriaz baino.

9
Gizonak bere bidea aukeratzen du,
baina Jauna da urratsak zuzentzen dituena.

10
Jainkoaren izenean mintzo da erregea,
ez du inoiz epai okerrik ematen;

11
baina Jaunarenak dira zuzen epaitzeko tresnak,
neurgailu guztiak berak eginak dira.

12
Erregeak higuin ditu egintza gaiztoak,
zuzentasunean oinarritzen baita errege-aulkia.

13
Egia esaten dutenak atsegin ditu erregeak
eta zuzen mintzo direnak maite.

14
Erregearen haserreak heriotza iragartzen du,
baina zuhurrak baretzea lortzen du.

15
Erregeak aurpegi argia, orduan bizia;
haren onginahia euria dakarren hodeia.


16
Lortu zuhurtzia eta adimena,
urre eta zilar garbia baino hobeak baitira.

17
Zuzenen bidea gaiztakeriatik urruntzen da,
bizia gorde nahi duenak bere jokabidea zaintzen du.

18
Harropuzkeriaren ondoren hondamendia,
handikeriaren ostean erorketa.

19
Hobe dohakabeekin batera apal izan,
harroputzekin aberats izan baino.

20
Irakaspenari jaramon egiten dionak izango du arrakastarik.
Zorionekoa Jaunarengan uste ona duena!

21
Zuhur epaitzen duena buruargitzat har daiteke;
hitzak zenbat eta goxoago, orduan eta eraginkorrago.

22
Zentzu ona bizi-iturri da jabearentzat,
zentzugabekeria zigor burugabearentzat.

23
Bihotz zuhurrekoak hitzak ere egokiak;
are eraginkorragoak halakoaren esanak.

24
Hitz atseginak, ezti-abaraska:
ahorako goxo, gorputzerako osasungarri.

25
Badira zuzen-itxurako jokabideak,
baina azken finean heriotzarantz daramate.

26
Goseak eragiten dio lan beharginari,
jan beharrak egiten baitio bultza.

27
Maltzurrak gaiztakeria prestatzen du bere barruan,
eta beraren hitzak su kiskalgarri.

28
Maltzurrak liskarrak sortzen ditu,
iraintzaileak lagunak ere urrunarazten.

29
Indarkeria-zaleak lagun hurkoa bereganatu
eta bide okerretik eramaten du.

30
Begiak ixten dituena asmo txarretan dabil,
ezpainak estutzen dituenak egina du gaizkia.

31
Koroa eder dira ile urdinak buruan,
jokabide zuzenaren ondorio dira eta.

32
Hobe eroapena adorea baino,
nor bere buruaren jabe izatea hiriak menderatzea baino.

33
Gizakiak zotz eginez asmatu nahi geroa ;
erabakia, ordea, Jaunarena da.

17

1

Hobe ogi-puska gogor bat eta lasaitasuna,
etxean festa eta liskarra baino.

2
Morroi trebeak gain hartuko dio duin ez den semeari:
herentzian parte izango du gainerako senideekin.

3
Zilarra arragoan, urrea labean:
bihotzak Jaunak ditu probatzen.

4
Maltzurra gaizki-esaleei dago adi,
gezurtia mintzo gaiztokoari.

5
Behartsuari iseka egiten dionak irain egiten dio Egileari,
haren zoritxarraz pozten dena ez da zigor gabe geratuko.

6
Aiton-amonen koroa ilobak dira,
seme-alaben harrotasuna gurasoak.

7
Hizkera finik ez dagokio txoroari,
are gutxiago gezurra jatorrari.

8
Eskupekoak mirariak egiten dizkio eman lezakeenari,
zernahi lortzen baitu beraren bidez.

9
Adiskidetasuna nahi duenak iraina ahazten du,
behin eta berriz gogoratzen duenak laguna ere urrunarazten.

10
Agiraka bat eraginkorrago burutsuarentzat
ehun zartada burugabearentzat baino.

11
Gaiztoa istilu bila beti;
zentzarazle ankerra bidaliko diote kontra.

12
Kumerik gabe utzi duten hartz emearekin topo egin nahiago,
zentzugabekerietan dabilen ergelarekin baino.

13
Ona txarraz ordaintzen duenak
ez du inoiz zorigaitza etxetik botako.

14
Urei jaregitea da liskarretan hastea;
alde egin, gatazka zabaldu baino lehen.

15
Erruduna zuzenestea, errugabea gaitzestea:
biak zaizkio higuingarri Jaunari.

16
Zertarako dirua zentzugabearen eskuan?
Zuhurtzia erosteko? Ez du baina bururik!

17
Adiskideak beti zaitu maite,
anaia larrialditarako jaioa da.

18
Burugabea galanta, eskua emanez
lagun hurkoaren fidatzaile bihurtzen dena!

19
Liskarzaleak bekatua du maite,
handinahikoak hondamendia bereganatzen.

20
Bihotz maltzurrekoak ez du zorionik aurkituko,
mihi bihurrikoa zoritxarrean jausiko.

21
Zentzugabea munduratzen duenak izango du atsekaberik,
txoroaren aitak pozbiderik ez.

22
Bihotz alaiak osasuna ekarri,
bihotz tristeak hezurrak ihartu.

23
Gaiztoak eskupekoak onartzen ditu
zuzenbidea okertzearren.

24
Buruargiak zuhurtzia begi aurrean;
burugabearen begiak auskalo non !

25
Seme zentzugabea aitarentzat mingarri,
sortu zuen amarentzat samingarri.

26
Errugabeari multa jartzea ez da bidezko,
handikiak jotzea zuzenbidearen aurkako.

27
Jakintsuak badaki mihiari eusten,
zentzuzkoak ere bai bere buruaren jabe izaten.

28
Ergela ere, ahoa itxi eta isilik egoten bada,
burutsu eta zuhurtzat hartzen dute.

18

1

Berekoiak bereari jarraitzen dio,
besteen aholkuei kontra egiten.

2
Burugabeak ez du zentzu ona gogoko,
nahiago du barruan duena aldarrikatu.

3
Gaiztakeriarekin mespretxua dator, zitalkeriarekin iraina.

4
Ur sakon dira gizakiaren hitzak,
erreka gainezka, zuhurtzi iturri!

5
Ez da bidezko errudunaren alde jokatzea
errugabeari bere eskubideak ukatzeko.

6
Zentzugabearen hitzek liskarra sortzen,
beraren mintzoak kolpeak erakartzen.

7
Bere hitzez hondatzen da zentzugabea,
bere esanetan gelditzen harrapatua.

8
Iraintzailearen hitzak jaki goxoak bezalako:
barren-barreneraino iristen dira.

9
Bere eginkizunetan zabarra, desegiten duenaren anaia.

10
Jaunaren izena, gotorleku sendo;
bertara joan eta babesten da zintzoa.

11
Hiri babestu dira ondasunak aberatsarentzat,
menderaezinezko harresi, haren ustetan.

12
Handiustearen atzetik hondamendia,
apaltasunaren ondoren ohorea.

13
Entzun baino lehen erantzuten duenak
zentzugabearen lotsa jasan beharko du.

14
Adoreak eutsi egiten dio gizakiari gaixoaldian;
bihotz-eroria, ordea, nork altxatuko du?

15
Buruargiak jakintza lortzen,
entzule zuhurra bila saiatzen.

16
Opariek ateak zabaltzen dizkiote gizakiari,
handikien aurreraino ere iritsarazten.

17
Lehenengo hitz egiten duenak arrazoi du auzian,
gero kontrakoak kentzen dion arte.

18
Zotz eginez amaitzen dira eztabaidak,
lehiakideen arteko auzia erabakiz.

19
Hiri gotorrera baino zailago anaia irainduagana heltzea;
gazteluko morroiloak bezala ixten dute liskarrek gizakia.

20
Nor bere hitzen fruituez elikatzen da,
nor bere mintzoaren emaitzez asebetetzen.

21
Mihiari lotuta daude heriotza eta bizitza;
zer aukeratu, hura jango du bakoitzak.

22
Emazte ona aurkitu duenak zoriona aurkitu du;
Jaunak egiten du horrelako mesedea.

23
Behartsuak erreguka eskatzen,
aberatsak gogortasunez erantzuten.

24
Badira adiskideak elkar hondatzen dutenak;
baita anaia baino lagun minagoak direnak ere.

19

1

Hobe behartsu eta prestu izan,
mihi maltzurreko eta zentzugabe baino.

2
Gogoetarik gabeko lehia ez da ona,
presaka ibiltzeak huts egitera darama.

3
Batzuk beren zentzugabekeriaz galbideratzen dira,
eta gero Jaunari egozten diote errua.

4
Adiskide asko erakartzen du aberastasunak,
behartsua lagunek ere bertan behera uzten.

5
Ez da zigor gabe geratuko lekuko faltsua,
gezurra dioenak ez du ihes egingo.

6
Askok hitz egiten dute ongi handikiaz,
mundu guztia eskuzabalaren lagun.

7
Neba-arrebentzat ere higuingarri bada behartsua,
nola ez zaizkio, bada, urrunduko lagunak?

8
Zentzu ona lortu eta berari eusten dionak
maite du bere burua eta izango du zoriona.

9
Ez da zigor gabe geldituko lekuko faltsua,
gezurra dioena galdu egingo da.

10
Zentzugabeari ez dagokio atseginetan bizitzea,
are gutxiago menpekoei printzeei agintzea.

11
Zentzudunak menderatu egiten du haserrea,
ohoragarri zaio iraina kontuan ez hartzea.

12
Erregearen sumindura lehoiaren orroa,
haren onespena belar gaineko ihintza.

13
Seme zentzugabea aitaren zoritxarra,
emazte liskartia etengabeko itogina.

14
Etxea eta ondasunak gurasoen herentzia,
emazte zentzuduna Jaunaren dohaina.

15
Alferkeriak lozorroa ekartzen du,
zabarrak gosea pasa beharko.

16
Agindua betetzen duenak bizia du babesten,
bere jokabideaz arduratzen ez dena hil egingo.

17
Jende xeheaz errukitzen denak Jaunari ematen dio
eta berak itzuliko dio ordainsaria.

18
Zentzarazi semea, itxaropena dagoen bitartean;
baina ez hartu gogorregi, hiltzeraino zigortuz.

19
Gogor haserretzen denak zigorra behar du;
gabe uzten baduzu, ez da inoiz aldatuko .

20
Aditu aholkua, onartu zentzarazpena,
zuhur izatera irits zaitezen.

21
Egitasmo ugari gizonak buruan;
baina bete, Jaunaren erabakia bakarrik.

22
Gizonari eskatzen zaiona zintzotasuna da;
hobe behartsu izan gezurti baino.

23
Jaunarenganako begiruneak bizia ematen du,
atseden betea, zoritxarren beldurrik gabe.

24
Alferrak eskua platerean sartu bai,
baina ez da gauza ahoraino eramateko.

25
Jipoitu harroputza eta zentzudun bihurtuko da heldugabea,
zentzarazi buruargia eta are gehiago jakingo du.

26
Aita gaizki hartu eta ama etxetik bidaltzen duena
seme lotsabako eta ohoregabea da.

27
Ene seme, utzi heziketa onartzeari
eta aholku zuhur faltaz galduko zara .

28
Lekuko maltzurrak iseka egiten dio zuzenbideari;
gaiztoaren ahoak gaiztakeria irensten du.

29
Prest daude zigorrak harroputzentzako,
kolpeak zentzugabeen bizkarrerako.

20

1

Ardoak harrotu egiten du, pattarrak asaldatu;
mozkortzen dena ez da inoiz zuhur izango.

2
Lehoia orroka bezala da erregea haserre:
suminarazten duenak bere bizia jartzen du arriskuan.

3
Gizakiarentzat ohoragarri da liskarretatik ihes egitea;
baina zentzugabea auzitarako beti prest.

4
Udazkenean, alferrak ez du sororik landu nahi;
uzta-garaian, bilatu eta ez du ezer aurkitzen.

5
Ur sakonak dira giza pentsamenduak,
zentzudunak asmatzen du ateratzen.

6
Askok dituzte beren buruak zintzotzat;
baina fidagarria denik, nork aurkitu?

7
Zintzoak prestu jokatzen du beti;
zorionekoak haren ondorengo seme-alabak!

8
Erregeak, epaimahaian esertzean,
begiratu hutsez haizatzen du gaiztakeria guztia.

9
Nork esan dezake: «Garbitu dut bihotza,
bekaturik gabe nago?»

10
Pisu faltsuak, neurgailu faltsuak:
biak ditu higuingarri Jaunak.

11
Bere ekintzen bidez adierazten du gazteak
jokaera garbi eta zuzeneko izango ote den.

12
Belarria entzuteko eta begia ikusteko:
Jaunak eginak dira biak.

13
Ez zaitez loti izan, behartsu bihurtuko zara eta;
izan begiak zabalik eta ogiz asebeteko zara.

14
«Txarra, txarra» esaten du erosleak;
baina hor doa gero, pozik asko egindako erosketaz.

15
Bada munduan urrea eta korala ugari;
askoz baliotsuago, ordea, jakintsu mintzo dena.

16
Ken iezazkiozu jantziak, hartu zerbait bahituran,
arrotz ezezagunaren fidatzaile bihurtu denari.

17
Gozoa da bidegabeki eskuratutako ogia,
baina gerora, harri-koxkorrak jatea bezala da.

18
Egitasmoak aholkuen bidez sendotzen dira,
gerra estrategia egokiaz egiten.

19
Hizki-mizkiekin dabilenak isilpekoak ere azaltzen ditu;
ez zaitez, beraz, berritsuekin elkartu.

20
Bere aita eta ama madarikatzen dituenari
biziaren kriseilua itzaliko zaio iluntasun beltzean.

21
Hasieran bizkorregi lortutako aberastasunak
azkenean ez du atarramentu onik izaten.

22
Ez esan: «Emango diot nik horri berea!»
Itxaron Jaunarengan eta berak salbatuko zaitu.

23
Jaunarentzat higuingarri dira pisu faltsuak,
ez dira bidezko engainuzko neurgailuak.

24
Jaunak segurtatzen ditu gizakiaren pausoak;
nola jakin lezake gizakiak nora doan?

25
Arriskutsua da arinkeriaz Jaunari zerbait eskaini
eta, botoa egin eta gero, pentsatzen hastea.

26
Errege zuhurrak gaiztoak haizatzen ditu,
eultziak garia bezala zanpatzen.

27
Giza espiritua Jaunak emandako argia da,
izatea barren-barreneraino arakatzen du.

28
Zintzotasunak eta leialtasunak zaintzen dute erregea,
zintzotasunean dago sendo errege-aulkia.

29
Indarra gaztearen harrotasun, ile urdinak agurearen ohore.

30
Zulatu eta ebakiz osatzen da gaitza ,
zigorrez izakiaren barrena.

21

1

Erregearen bihotza ubidea da Jaunaren eskuetan:
nahi duen alderantz zuzentzen du.

2
Gizakiak zuzen deritze bere jokabide guztiei,
baina Jaunak ditu kontzientziak aztertzen.

3
Nahiago Jaunak gizakiak justiziaz eta zuzenbidez jokatzea,
sakrifizioak eskaintzea baino.

4
Begirada harroa, handinahiko gogoa,
gaiztoen argia: dena da bekatu.

5
Saiatuaren egitasmoak irabazia,
zalapartaka dabilenarenak pobrezia.

6
Gezurrez altxorrak eskuratzea
heriotzarantz daraman amets hutsala da.

7
Indarkeriak menderatzen ditu gaiztoak,
ez baitute zuzenbidez jokatu nahi.

8
Bihurria da gaizkilearen jokabidea,
zuzena bihotz garbikoaren portaera.

9
Hobe sabaian bizi, baztertxo batean,
emakume liskartiarekin etxe berean baino.

10
Gaiztoak ez du gaizkia baino irrikatzen,
lagun hurkoak ez dio errukirik sortzen.

11
Harroputza zigortzean, zuhur bihurtzen da heldugabea,
eta zuhurrari dagokion heziketaz lortzen du jakintza.

12
Jainko zuzena begira dago gaiztoen etxekoei:
hondamendira botatzen ditu gaiztoak.

13
Behartsuaren deiadarrei ez entzunarena egiten dienari,
ez diote berari ere entzungo, laguntza eske dei egitean.

14
Ezkutuko opariak sumina baretzen du,
isilkako erregaluak haserrerik biziena.

15
Zuzenbidea betetzean, zintzoa poztu;
gaizkilea, ordea, izu-ikaratu.

16
Zentzuzko jokabidetik okertzen denak
hildakoen artean amaituko du.

17
Atseginetara emanak behartsu bukatuko,
ardozalea eta lurrinzalea ez da aberastuko.

18
Zintzoa eta zuzena salbatuak,
gaiztoa eta maltzurra haien ordez gaitzetsiak.

19
Hobe basamortuan bizi
emakume liskarti eta petralarekin baino.

20
Altxor bikain eta oparoa zuhurraren etxean;
zentzugabeak dena eralgitzen du.

21
Zuzen eta zintzo izaten saiatzen dena
luzaro eta ohorez betea biziko da.

22
Ongi babestutako hiriari eraso
eta honen babesgarri den gotorlekua eraitsiko zuhurrak.

23
Bere hitzak zaintzen dakiena ez da larrialditan aurkituko.

24
Harroputz eta handiustekoari esaten zaio «lotsabako»,
harrokeria handiegiz jokatzen baitu.

25
Nahikundeek hilarazten dute alferra,
haren eskuak ez baitaude lanerako prest.

26
Batzuk egun osoan irrikaz bila,
zintzoak ezer gorde gabe eman.

27
Gaiztoen sakrifizioak higuingarriak dira,
are gehiago asmo txarrez eskainiak badira.

28
Lekuko faltsua galdu egingo da;
entzuten dakiena ez da hitzik gabe geldituko.

29
Gaiztoa ausarti agertzen da;
zintzoak bere jokabidea sendotzen du.

30
Jaunaren laguntzarik gabe, ezertarako ez dira
zuhurtzia, zentzu ona eta aholkua.

31
Zaldia gudurako gizakiak prestatzen,
garaipena Jaunak ematen.

22

1

Hobe izen ona aberastasun ugari baino,
hobe onetsia izatea urrea eta zilarra baino.

2
Aberatsa eta behartsua honetan dira berdinak:
Jaunak egin zituen biak.

3
Arriskua ikusi eta gorde egiten da zentzuduna,
heldugabeak aurrera segitu eta kaltea jasan behar.

4
Apaltasunaren ondorio dira Jaunarenganako begirunea ,
aberastasuna, ohorea eta bizia.

5
Sasiz eta tranpaz betea maltzurraren bidea,
ez da halakotik ibiltzen bizia gorde nahi duena.

6
Hezi hasiera-hasieratik gaztea
eta zahartzaroan ere jokabide zuzena izango du.

7
Aberatsa behartsuen nagusi,
zorduna hartzekodunaren menpeko.

8
Bidegabekeria ereiten duenak zoritxarra jasotzen du,
haren irrika guztia ezerezean amaituko.

9
Eskuzabala bedeinkatua izango da
bere ogia behartsuarekin banatzeagatik.

10
Bota harroputza, kito liskarrak!
Sesioak eta irainak ere amaitu.

11
Bihotz garbia maite duena eta hitz atseginekoa,
hori du erregeak adiskide.

12
Jaunaren begiek zaintzen egia,
eta huts eragiten maltzurraren hitzei.

13
«Lehoia dago kanpoan, kale-kalean;
hil egingo nau», dio alferrak.

14
Leize-zulo sakona emagalduaren ahoa;
bertara amilduko Jaunak gaitzetsia.

15
Zentzugabekeria gaztearen bihotzari eransten zaio;
zentzarazteko makilak libratuko dio.

16
Behartsua zapaltzen duenak indartu egiten du;
aberatsari ematen dionak bere burua pobretu.

17
Entzun arretaz jakintsuen esanak,
gogoan hartu nire irakaspenak;

18
atsegingarri izango zaizkizu barru-barruan gordeak,
mintzatzerakoan denak prest izango ezpainetan.

19
Zuri ere irakasten dizkizut gaur,
zure konfiantza Jaunarengan jar dezazun.

20
Hogeita hamar esaera idatzi ditut zuretzat,
irakaspen eta aholkuak dituztenak,

21
egia ezagut dezazun
eta hartu duzun mandatuari leialki erantzun .

22
Ez ustiatu behartsua, behartsu dela eta,
ez zanpatu gizagaixoa auzitegian,

23
Jaunak defendatuko baitu haien auzia
eta bizia kenduko haiei kentzen dienari.

24
Ez zaitez haserrekorraren lagun egin,
ezta suminkorrarekin elkartu ere,

25
ez zaitezen haien jokabideetara ohitu
eta zeure bizia arriskuan jarri.

26
Ez ezazu eskua eman, zordunaren fidatzaile bihurtuz;

27
zerez ordaindurik ez baduzu,
etzateko duzun ohea ere kenduko baitizute.

28
Ez aldatu lekuz antzinako mugarririk,
zure arbasoek jarritakoak dira eta.

29
Aurkitu duzu bere lanean trebea den norbait?
Erregeen zerbitzura egongo da
eta ez edonolako jendearenera.

23

1

Handiki baten mahaian zaudenean eserita,
ez ahaztu noren aurrean zauden.

2
Jatun handia bazara, eutsi zeure jangurari .

3
Ez egon haren jaki gozoen irrikaz,
zu harrapatzeko izan litezke eta .

4
Ez ibili ahaleginetan aberastasunaren atzetik,
utzi horretan pentsatzeari.

5
Begien itxi-ireki batean desagertu da!
Hegoak hartu eta han doa airean arranoaren antzera.

6
Ez zaitez eseri xuhurraren mahaira,
ezta haren jakien irrikaz egon ere,

7
eginak baititu bere kalkuluak:
«Jan eta edan» diotsu, baina ez zaitu gogoko.

8
Jandakoa bota egin beharko duzu
eta zure hitz atseginak alferrikakoak izango lirateke.

9
Ez hitz egin zentzugabearen belarrira,
mespretxatu egingo baititu zure zentzuzko arrazoiak.

10
Ez aldatu lekuz antzinako mugarririk,
ezta sartu ere umezurtzen lursailetara,

11
ahaltsua baita haien eskubideen babeslea
eta berak defendatuko du haien auzia zure kontra.

12
Egin jaramon heziketari eta entzun arretaz irakaspenak.

13
Ez izan beldur gaztea zigortzeko,
makilakada batzuengatik ez da hilko eta;

14
aitzitik, zigorraren bidez
Hildakoen Egoitzatik libratuko duzu.

15
Ene seme, zuhur bihurtzen bazara,
ni bihotz-bihotzez poztuko naiz;

16
barru-barrutik alaituko naiz,
zuzen mintzatzen zarela ikustean.

17
Ez izan bekatariekiko inbidiarik;
izan, ordea, Jaunarenganako begirunea beti;

18
segurua baita etorkizuna dagoela,
eta ez du zure itxaropenak porrot egingo.

19
Entzun, seme, eta izan zuhur,
bideratu zuzen zeure bizia.

20
Ez zaitez elkartu zurruteroekin,
ezta tripazainekin ibili ere;

21
izan ere, mozkorrek eta jatunek gabezian amaitzen dute
eta nagiak zarpailez janzten.

22
Entzun sorrarazi zintuen aitari,
ez mespretxatu ama, zahartu egin dela eta.

23
Erosi eta ez saldu benetan baliotsu direnak:
zuhurtzia, heziketa eta adimena.

24
Seme zintzoaren aita pozez betetzen da,
zuhurra mundura ekarri duena alaitu egiten.

25
Zure gurasoak ere alai daitezela zuregatik,
eta poz dadila mundura ekarri zintuen ama!

26
Ene seme, egidazu jaramon,
zeureganatu gogo onez nire ikasbideak.

27
Leize-zulo sakona da emagaldua,
putzu estua emakume arrotza.

28
Zelatan egoten da lapurra bezala
eta desleialtasun asko sorrarazten gizonen artean.

29
Nor ari da aieneka? Nor zotinka? Nor liskarretan?
Nor kexuz? Nor da arrazoirik gabe kolpatua?
Nork du begirada lausotua?

30
Ardoa edaten akaberarik ez duenak,
edarien dastaketara emanak.

31
Ez begiratu ardoari, gorri-gorri
kopan distiratsu dagoenean,
goxo-goxo sartzen da eta.

32
Azkenean, ordea, sugeak bezala egiten du kosk,
sugegorriak bezala zizta.

33
Gauza bitxiak ikusiko dituzu,
zentzugabekeria handiak pentsatu eta esango;

34
itsaso zabalean bazeunde bezala sentituko zara,
mastaren puntan kulunka.

35
«Jo naute, baina ez dut minik —esango duzu—,
gogor zigortu naute, baina ez naiz konturatu.
Noiz esnatuko ote naiz? Gehiago eskatuko dut berriro!»

24

1

Ez zaitez gaiztoen inbidiatan egon,
ezta haiekin elkartzeko gogoz ere,

2
indarkeria bakarrik baitute gogoan
eta kalte egiteaz baizik ez dira mintzo.

3
Zuhurtziaz eraikitzen da etxea, zentzuaz sendotu egiten,

4
jakintzaz janzten dira gelak
mota guztietako ondasun baliotsu eta atseginez.

5
Hobe gizon zuhurra indartsua baino,
eta gizon ikasia ahaltsua baino .

6
Estrategiaz egiten da gerra,
aholku egokien poderioz lortzen garaipena.

7
Zuhurtzia eskuraezina da burugabearentzat,
ez da gauza jendaurrean ahoa zabaltzeko.

8
Beti gaizkia nola egin pentsatzen ari denari,
«azpisuge» deitzen diote.

9
Burugabeak bekatua bakarrik du gogoan;
lotsabakoari higuin diote guztiek.

10
Larrialdian adorea galdu baduzu,
larri zabiltza indarrez!

11
Salba itzazu heriotzara kondenatuak,
askatu hiltzera dardaraz doazenak.

12
Zeuk zerikusirik ez zenuela esan arren,
adi dago kontzientziak aztertzen dituena,
badaki zuri begira dagoenak:
nori bere egintzen arabera ordaintzen dio hark.

13
Jan eztia, ene seme, ona da eta,
gozoa da abaraska ahoarentzat:

14
hala bedi maitagarri zuretzat zuhurtzia;
aurkitzen baduzu, geroko etorkizunean
ez du zure itxaropenak porrot egingo.

15
Gaizto hori, ez egin egitasmo txarrik zintzoaren etxearen aurka,
ezta hondatu ere haren egoitzarik,

16
zazpi aldiz erori arren, jaikiko baita zintzoa;
gaiztoa, berriz, zoritxarrean murgilduko.

17
Ez poztu zeure arerioaren erorketaz,
ezta gozatu ere behaztopa egiten badu,

18
Jaunak, hori ikusi eta oker iritzirik,
ez dezan bere haserrea harengandik desbidera.

19
Ez odol-berotu gaizkileengatik,
ezta gaiztoen inbidiatan egon ere,

20
ez baitu etorkizun onik gaizkileak:
itzali egingo zaio biziaren kriseilua.

21
Ene seme, errespetatu Jauna eta erregea,
ez zaitez nahasleekin elkartu:

22
bat-batean irits daiteke hauen hondamendia,
eta nork daki nolako zigorra eman liezaieketen!

23
Hauek ere jakintsuen esaerak dira:

Ez da bidezko epaiketan alderdikeriaz jokatzea.

24
Erruduna errugabetzat aitortzen duena
jendeak madarikatu egiten du, herriak gaitzetsi;

25
erruduna salatzen duena onetsia izaten da,
jendeak zoriondu egingo du.


26
Ezpainetan musu ematea bezala da
erantzun egokia ematea.

27
Ziurtatu zeure ogibidea,
lortu eta hasi lantzen zeure soroak,
eta gero eraikiko duzu etxea.


28
Ez egin testigantzarik lagun hurkoaren aurka arrazoirik gabe,
ezta gezurrez mintzatu ere.

29
Ez ezazu esan: «Neuri egin didana egingo diot.
Nori bere egintzen arabera ordainduko diot».


30
Alferraren landa ondotik pasatu nintzen,
burugabeko gizonaren mahasti albotik:

31
dena laharrez eta sasiz josia ikusi nuen,
harresia ere behera botata.

32
Hura ikustean, gogoeta egin nuen;
hari begiratu eta eskarmentu hartu nuen.

33
Aldika lozorroan, aldika erdi lo,
aldika besoak uztartu eta atsedenean:

34
arlotea bezala iritsiko zaizu gabezia,
eskalea bezala etorriko miseria.

25

1

Hauek ere Salomonen esaera zaharrak dira,
Judako errege Ezekiasen funtzionarioek jasoak.

2
Bere egintzen misterioagatik zor zaio aintza Jainkoari,
arazoak aztertu eta argitzeagatik erregeari.

3
Zeruaren goitasuna, lurraren sakontasuna
eta erregeen bihotzak aztergaitzak dira.

4
Kendu zilarrari hondakinak
eta ontzia egingo du zilarginak.

5
Kendu gaiztoa erregearen aurretik
eta haren tronua zuzentasunean sendotuko da.


6
Ez harrotu zeure burua erregearen aurrean,
ezta handikien ondoan jarri ere.

7
Hobe duzu «Igo hona!» entzun,
handiago baten aurrean apalarazia izan baino.

Zeure begiez ikusi baduzu ere,

8
ez bizkorregi eraman auzitara;
zeren eta zer egingo duzu azkenean
beste lekuko batek nahastuta uzten bazaitu?


9
Defendatu zeure auzia salatzailearen kontra,
baina ez azaldu inoren sekreturik,

10
entzuten dizunak ez zaitzan lotsaraz
eta betiko ospe txarra zeureganatu.


11
Urrezko sagarrak zilarrezko azpilean:
horrelakoxeak egoki esandako hitzak.

12
Urrezko eraztun eta urregorrizko lepoko:
zentzarazpen zuhurra, entzuteko prest dagoenarentzat.


13
Nola elurraren freskotasuna uzta-garaian,
hala mezulari fidagarria igorlearentzat:
ugazaba indarberritu egiten du.


14
Hodei eta haize handiak, baina euririk ez:
horrelakoxea da erregaluak agindu eta ematen ez dituena.

15
Eroapenez buruzagiak ere konbentzi daitezke,
mihi eztiak hezurrak ere hautsi.


16
Eztia aurkitu duzu? Ez jan behar baino gehiago;
bestela, ok eginda, bota egingo duzu.

17
Ez joan gehiegitan lagunaren etxera,
zutaz aspertu eta gorrota ez zaitzan.


18
Mazoa eta ezpata eta gezi zorrotza:
horrelakoxea da hurkoaren aurkako testigantza faltsua.


19
Leiala ez denaz arriskualdietan fidatzea,
hortz hautsiaz jatea eta zango bihurrituaz ibiltzea bezala da.


20
Atsekabetuaren aurrean abestiak kantatzea,
hotz dagoenean biluztea eta gesalari ozpina botatzea bezala da.

21
Zure etsaia gose bada, emaiozu jaten;
egarri bada, emaiozu edaten;

22
horrela, lotsa gorrian utziko duzu
eta Jaunak ordainsaria emango dizu.

23
Iparrak euria dakar, mihi gaiztoak aurpegi ilunak.

24
Hobe sabaian bizi, baztertxo batean,
emakume liskartiarekin etxe berean baino.

25
Nola ur freskoa eztarri lehorrarentzat,
hala dira urrutitik jasotako albiste onak.

26
Ur-begi zikina, iturri ustela:
halaxe gaiztoaren aurrean kikiltzen den zintzoa.

27
Ez du onik egiten ezti gehiegi jateak,
ezta ohore gehiegiren atzetik ibiltzeak ere .

28
Harresiak hondatutako hiri babesgabea
bere buruaren jabe ez den gizakia.

26

1

Elurra udan edo euria uztaroan bezain desegoki
ohorea zentzugabeagan.

2
Txolarrea eta enara beti hegaldaka bezala,
madarikazio funsgabea ere ez da inora iristen.

3
Zaldiari zigorra, astoari aho-soka,
zentzugabearen bizkarrari egurra.


4
Ez erantzun zentzugabeari bere ergelkeriaren arabera,
ez zaitezen zeu ere haren antzeko izan.

5
Erantzun zentzugabeari bere ergelkeriaren arabera,
bere burua zuhurtzat eduki ez dezan.

6
Bere zangoak moztu eta ozpina edaten du
zentzugabearen bidez mezuak bidaltzen dituenak.

7
Ezin da elbarria bere zangoez baliatu,
ezta zentzugabea ere zuhur-hitzez.

8
Habailan harria lotzea bezain zentzugabea
burugabeari ohore ematea.

9
Mozkorraren eskuetan arantza bezala
zuhur-hitza zentzugabearen ahoan.

10
Edonor zauritzen duen gezilaria bezalakoa
zentzugabea eta edozein bidaiari kontratatzen dituena .

11
Ok egin eta botatakoaren jirabiran dabilen txakurra bezalakoa da
behin eta berriz ergelkeria berera itzultzen den zentzugabea.

12
Aurkitu duzu bere burua zuhurtzat duen norbait?
Ba, gehiago espero daiteke zentzugabeagandik.

13
Alferrak dio: «Lehoi bat dago bidean, basapiztia kalean».

14
Ateak orpoan bira, alferrak ohean.

15
Alferrak eskua platerean sartu bai,
baina nekagarri zaio ahoraino eramatea.

16
Alferra bere ustez zuhurrago
zuzen erantzuten dakiten zazpi baino.


17
Txakur galduari belarrietatik heltzea bezala
inoren eztabaidatan sartzea.


18
Suzko azkonak eta gezi hilgarriak
jaurtitzen dituen eroa bezalakoa da

19
lagunari iruzur egin eta «Txantxetan zen» esaten duena.


20
Egurra amaitzean, sua itzali;
iraintzailerik gabe, kito liskarra!

21
Ikatzak txingarra, egurrak sua:
berdin suspertzen liskartiak sesioa.


22
Iraintzailearen hitzak jaki goxoak bezalako:
barren-barreneraino iristen dira.


23
Buztin gaineko berniza bezala dira
bihotz txarrekoaren hitz goxoak.


24
Gorrotoa duenari ez zaio hitzetan igartzen,
baina maltzurkeriaz betea du barrua.

25
Ez sinetsi eztiki mintzatzen bazaizu,
hamaika gogoeta higuingarri badu barnean eta.

26
Gorrotoa ezkutatzen saiatzen bada ere,
haren txarkeria herri osoaren aurrean agertuko da.

27
Tranpa prestatzen duena bertara jausiko da,
harria birarazten duenari gainera eroriko zaio.

28
Gezurtiak gorroto dio biktimari,
lausengariak hondamendira darama.

27

1

Ez zaitez biharkoaz harrotu,
ez baitakizu zer gertatuko zaizun gaur bertan ere.

2
Bestek goraipa zaitzala,
ez baita egokia zuk zeure burua gorestea.

3
Harria astuna da, harea pisua;
are astunagoa burugabearen zitalkeria.

4
Sumina ankerra da, haserrea suntsigarria;
baina nork aurre egin jelosiari?

5
Hobe da agerian zentzarazten zaituena,
sekula ezer aurpegiratzen ez dizun adiskidea baino.

6
Fidatzekoa da laguna, zauritzen bazaitu ere;
kontuz ibiltzekoa arerioa, besarkatzen zaituenean ere.

7
Sabel asearentzat mespretxagarri ezti-abaraska,
sabel gosearentzat mingotsa ere gozo.

8
Herritik urruti harat-honat dabilen gizakia,
habiatik alde eginda noraezean dabilen txoria.

9
Lurrin eta usainki gozoek bihotza alaitzen,
adiskidearen aholkuak barrua gozatzen.

10
Ez baztertu zeure lagunak eta aitarenak;
larri zaudenean, ez joan anaiarengana:
hobe duzu hurbileko auzokoa urrutiko anaia baino.

11
Izan zuhur, seme: emadazu poz hori,
eta izango dut zer erantzun gutxiesten nauenari.

12
Arriskua ikusi eta ezkutatu egiten da zentzuduna,
heldugabeak aurrera segitu eta kaltea jasan behar.

13
Ken iezazkiozu jantziak, hartu zerbait bahituran,
arrotz ezezagunaren fidatzaile bihurtu denari.

14
Egunsentian goiz eta ozenki laguna agurtzea,
bedeinkatzea baino gehiago da madarikatzea.

15
Etengabeko itogina eurite-egunean
eta emakume liskartia antzerakoak dira;

16
halakoari eustea haizeari eustea
eta eskuaz olioa hartzea bezala da.

17
Burdina burdinaz zorrozten da,
gizakia lagun hurkoarekin harremanetan leuntzen.

18
Pikondoa zaintzen duenak haren fruituak jaten ditu,
ugazabaz arduratzen denak ohorea izaten.

19
Aurpegia uretan islatzen da,
gizakia gizakiaren bihotzean .

20
Hildakoen Egoitza eta Hondamen Leizea asegaitzak dira;
asegaitzak, halaber, gizakiaren begiak.

21
Zilarra arragoan, urrea labean,
gizakia goratzen duenaren ahoan.

22
Nahiz eta alearekin batera burugabea errotarrian xehatu,
ez diozu ergelkeria kenduko.

23
Begira ongi zeure ardiak eta arduratu artaldeaz;

24
aberastasunak ez du betiko irauten,
agintea ez da belaunez belaun pasatzen.

25
Belarra sartu, bibelarra hazi
eta mendietako bazka bildu egin ohi da;

26
eduki ardiak artileaz jantziak egiteko,
antxumeak, alor bat erosteko beste ateratzeko,

27
ahuntzak, esneaz zeu eta familia elikatu
eta zerbitzariak mantentzeko.

28

1

Inork pertsegitzen ez badu ere, gaiztoa ihesi;
zintzoa bere buruaz lehoia bezain ziur.

2
Matxinada denean, herriak buruzagi ugari;
gizon burutsu eta adituarekin ordena nagusi.

3
Behartsu izan eta, gero, jende xehea zapaltzen duena
uholde suntsigarria da: zer janik ere ez du uzten!

4
Jaunaren legea baztertzen dutenek gaiztoa goraipatzen dute;
legea betetzen dutenak, berriz, haren kontra jartzen.

5
Gaizkileek ez dute zuzenbidea ulertzen,
Jaunaren bila dabiltzanek dena dakite.

6
Hobe behartsu eta prestu izan,
jokabide okerreko aberats baino.

7
Legea betetzen duena seme zentzuduna da,
jende galduarekin dabilena aitaren lotsa.

8
Bere ondasunak lukurreriaz gehitzen dituenak
behartsuez errukitzen denarentzat metatzen ditu.

9
Norbaitek ez badu legea aditu nahi,
haren otoitza bera ere Jaunarentzat higuingarri.

10
Zuzenak bide txarretik eramaten dituena,
berak prestatutako tranpan jausiko da;
baina prestuek zoriona izango dute sari.

11
Aberatsak zuhurtzat du bere burua,
baina behartsu buruargiak ongi ezagutzen du.

12
Zintzoen arrakastaz ospakizun handia,
gaiztoak nagusitzean denak ezkutatu.

13
Bere hutsegiteak ezkutatzen dituenak ondoren txarra izango du,
aitortu eta damutzen denak errukia lortuko.

14
Zorionekoa beti begirunez jokatzen duena;
bihotz gogorrekoa zoritxarrean jausiko da.

15
Orroka ari den lehoia eta hartz gosetia bezalakoa
gobernari gaiztoa herri xehearentzat.

16
Printze zentzugabeak zapalkuntza areagotzen;
bidegabekeriazko irabaziak gorrotatzen dituena luzaroan biziko.

17
Hilketa baten zama gainean duen gizakia
hobiraino doa ihesi: ez geldiarazi!

18
Portaera prestukoa salbatu egiten da,
jokabide okerrekoa bat-batean erori .

19
Bere lurra lantzen duenak ogia ugari,
huskerien atzetik dabilenak miseria sarri.

20
Gizon leialak bedeinkazio ugari bereganatzen;
bizkor aberastu nahi duena ez da zigor gabe gelditzen.

21
Ez da bidezko alderdikeriaz jokatzea;
ogi-puska batengatik ere saltzen du gizonak bere burua.

22
Xuhurrak presa izaten du aberasteko;
ez daki premia gorria datorkiola gainera.

23
Zentzarazlea estimatuagoa da azkenean
zurikeriaz ari dena baino.

24
Gurasoei lapurtu eta «Ez da bekatu» dioena
kriminalen pareko bihurtzen da.

25
Gutizia handikoak liskarrak sorrarazten;
konfiantza Jaunarengan duena asebetea izango.

26
Bere buruaz fidatzen dena zentzugabea da,
zuhurtziaz jokatzen duena onik aterako.

27
Behartsuari ematen dionak ez du ezer faltako,
ez ikusiarena egiten dionak madarikazioa ugari.

28
Gaiztoak nagusitzean jendea ezkutatu,
haiek desagertzean zintzoak ugaldu.

29

1

Zentzarazpenen aurrean setatsu dena
bat-batean hondatuko da, erremediorik gabe.

2
Zintzoak gobernari, herria pozik;
gaiztoak agintari, herria kexu.

3
Zuhurtzia maite duenak bere aita pozten du;
emagalduekin dabilenak ondasunak alferrik galtzen.

4
Zuzenbideaz, erregeak herria sendotu;
gehiegizko zergak ezarriz, hondatu.

5
Lagun hurkoari zurikeria egiten dionak
tranpa jartzen dio bidean.

6
Lakio bihurtzen zaio bere bekatua gaiztoari,
pozez alai bizi da zintzoa.

7
Jende xehearen eskubideez arduratzen da zintzoa,
gaiztoak ez du ezer jakin nahi izaten.

8
Harroputzek herria asaldatzen dute,
zuhurrek haserrea baretzen.

9
Burugabearekin auzitan hasten den zuhurrak,
haserretu nahiz barre egin, ez du atsedenik izaten.

10
Odolzaleek gorrotatu egiten dute prestua,
zuzenek bizia babesten diote.

11
Zentzugabeak aske uzten ditu bere grina guztiak,
zuhurrak eutsi eta baretzea lortzen.

12
Gezurrak erraz irensten dituen gobernariak
funtzionario guztiak bihurtzen ditu gaizto.

13
Behartsua eta lukurrerua honetan dira berdinak:
Jaunak ematen die argia bien begiei.

14
Erregeak zintzo babesten badu jende xehea,
haren tronua betiko dago sendo.

15
Zigorrak eta zentzarazpenak zuhur bihurtzen dute;
bere kasa utzitako gazteak ama lotsarazten.

16
Gaiztoak agintean, bidegabekeria ugari;
haien erorketaren lekuko izango zintzoak.

17
Hezi semea: lasai egongo zara
eta atseginez beteko zaitu.

18
Profetaren gidaritzarik gabe, herria zabartu;
legea betez, herria zoriontsu.

19
Hitz hutsez ez da morroia zentzarazten;
ulertu egin arren, ez du esanik egingo.

20
Ohartu zara etengabeko hitz-jarioa duenaz?
Ba, gehiago espero daiteke zentzugabeagandik.

21
Morroiari gaztetan nahi duena egiten uzten diona
ondo damutuko da gero .

22
Odol-beroak liskarra sorrarazten,
suminkorrak bekatuak ugaltzen.

23
Harroa apaldu egingo dute;
bihotz apalekoa, berriz, ohorez bete.

24
Lapurraren partaideak bere buruari gorroto;
madarikazioa bereganatzen du ez duelako salatzen.

25
Gizakiaren beldur dena lakioan jausiko da,
Jaunarengan konfiantza duena babestua dago.

26
Asko ibiltzen dira agintariaren onespen bila,
baina Jaunak bakarrik babesten ditu giza eskubideak.

27
Gizaki txarra higuingarri da zintzoentzat,
jokabide zuzenekoa higuingarri gaiztoentzat.

30

1

Jake-ren seme Agur-en esanak.
Hona gizon honen mezua, Itieli eta Ukali emana .

2
Animalia gehiago naiz gizon baino,
ez dut giza adimenik;

3
ez dut zuhur izaten ikasi,
eta nola izango dut Santu Santuaren ezagutzarik ?

4
Nor igo da inoiz zerura eta berriro jaitsi?
Nork harrapatu du haizea eskuetan?
Nork eutsi dio urari gainjantziaz?
Nork ezarri dizkio lurrari mugak?
Nola ote du izena? Eta haren semeak?
Segur aski, jakingo duzu!

5
Ongi egiaztatuak dira Jainkoaren promesak;
berarengana jotzen dutenak babesten ditu.

6
Ez gehitu ezer haren hitzei,
berak agiraka egin eta gezurtitzat gera ez zaitezen.

7
Bi gauza eskatu dizkizut, ene Jainko,
ez iezazkidazu uka bizi naizen artean.

8
Urrundu niregandik faltsukeria eta gezurra;
ez nazazu egin ez txiro, ez aberats:
eman soilik bizitzeko behar dudana,

9
zeren eta, asebeterik, baliteke zu ukatu
eta esatea: Nor da Jauna?
Edo behar gorrian aurkituz, lapurretari eman
eta ene Jainko horren izena iraintzea.

10
Ez zikindu morroiaren izena ugazabaren aurrean:
madarikatu egingo zaitu eta ondorioak jasan beharko.

11
Hau jendea, aita madarikatu
eta ama bedeinkatzen ez duena!

12
Hau jendea, bere burua garbitzat izan
eta jokabide zikinak baztertu nahi ez dituena!

13
Hau jendea, burua tente eta begirada harroa dituena!

14
Hau jendea, hortzak ezpatak bezalakoak
eta matrailezurrak labanak bezalakoak dituena,
herriko dohakabeak irentsi
eta behartsuak lurretik suntsitzeko!

15
Izainak bi alaba ditu: «Eman» eta «Eman».
Hiru gauza dira asegaitzak,
baita laugarren bat ere «Aski!» esaten ez duena:

16
Herio Leizea, sabel agorra,
urez asetzen ez den lurra,
eta sua, «Aski!» sekula esaten ez duena.


17
Aitari isekaz begiratu eta amari esana egiten ez dionari
beleek begiak aterako dizkiote eta arranoek irentsiko.


18
Badira hiru gauza gainditzen nautenak,
baita laugarren bat ere ulertzen ez dudana:

19
arranoaren bidea ortzian, sugearen bidea haitzean,
ontziaren bidea itsaso zabalean
eta gizonaren bidea emakumearen baitan.


20
Honela jokatzen du emakume adulteriogileak:
jan, ahoa garbitu eta
«Ez dut ezer txarrik egin» esaten du.


21
Hiru gauza dira herrialde bat dardararazten dutenak,
baita laugarren bat ere jasan ezin duena:

22
errege bilakatzen den esklaboa,
jakia sobera duen txoroa,

23
ezkontzea lortzen duen emakume zarpaila
eta etxekoandre bihurtzen den neskamea.


24
Badira munduan lau izaki txiki-txiki,
jakintsuak baino jakintsuagoak:

25
inurriak, herri ahula izan arren,
udan beren ogia ziurtatzen dutenak;

26
azkonarrak, indar gabeko herria izan arren,
bizilekua harkaitzetan dutenak;

27
matxinsaltoak, erregerik izan gabe ere,
denak sailkatuta txukun ibiltzen direnak;

28
sugandilak, eskuaz harrapa daitezkeen arren,
errege-jauregietara sartzen direnak.


29
Hiru dira ibilera ederrekoak,
baita laugarren bat ere dotore ibiltzen dena:

30
lehoia, animalien arteko ausartena,
inoren aurrean atzera egiten ez duena;

31
bizkar sendoko zaldia, akerra,
eta erregea gudarostearen buruan .


32
Harropuzkeriaz txoratu egin bazara
eta asmo txarrik gogoan izan baduzu,
kontu egizu :

33
esnegaina irabiatuz gurina ateratzen da,
sudurra jota odola, haserreari eraginez liskarra.

31

1

Lemuel erregearen esanak, bere amak irakatsitakoak .

2
Oi ene seme! Oi ene erraietako seme!
Oi zu, ene erreguetako seme!

3
Ez eman zeure indarra emakumeei,
ezta zeure bizia erregeak ere galtzen dituztenei.

4
Lemuel, erregeei ez dagokie ardorik,
ezta printzeei ere pattarrik;

5
zeren eta, edanez gero, legea ahaztuko bailukete
eta dohakabeen eskubideak hautsiko.

6
Hobe pattarra lur jota dagoenari ematea
eta ardoa samindutakoari,

7
edan eta ahantz dezan bere miseria,
ez dadin bere nahigabeaz oroit.

8
Ireki ahoa hitz gabearen alde,
zorigaiztokoen eskubidea babesteko.

9
Ireki ahoa zuzentasunez epaitzeko,
dohakabe eta behartsuen eskubideak babesteko.

10
Nork aurkituko etxekoandre jatorra ?
Koralek baino askoz gehiago balio du.

11
Konfiantza osoa du senarrak harengan,
ez da sekula beharrean aurkituko.

12
Zoriona ekartzen dio, eta ez zoritxarra,
bizitzako egun guztietan.

13
Artilea eta lihoa eskuratzen ditu,
gogotsu lan egiten haren eskuek.

14
Merkataritza-ontziak bezalaxe,
urrutitik ekartzen ditu hornigaiak.

15
Egunsentia baino lehen jaikitzen da,
etxekoen jatorduak prestatu
eta zerbitzariei aginduak emateko.

16
Lursaila ikuskatu eta erosi egiten du,
bere lanaren emaitzaz mahastia landatzen.

17
Kementsu prestatzen da lanerako,
ez zaizkio inoiz besoak nekatzen.

18
Bere tratuen onuraz arduratzen da,
gauez ere ez du kriseilua itzaltzen.

19
Eskuaz goruari heltzen dio
eta atzamarrez ardatzari eragiten.

20
Dohakabeari eskua zabaltzen dio
eta behartsuari laguntza ematen.

21
Elurtean, ez da etxekoengatik beldur,
guztiak baitaude ongi jantziak.

22
Ohe-estalkiak egiten ditu,
liho eta purpurazko jantzi ederrak.

23
Ongi ikusia da senarra batzarrean,
herriko arduradunen artean esertzen denean.

24
Jantziak eta gerrikoak egin
eta merkatariei saltzen dizkie.

25
Indarrez eta duintasunez horniturik,
irribarretsu dago etorkizunaren aurrean.

26
Zuhurtziaz hitz egiten du
eta onginahiz beteriko irakaspena ematen.

27
Etxeko burubideaz arduratzen da,
ez du bere ogia merezi gabe jaten.

28
Zorionak ematen dizkiote seme-alabek,
senarrak honela goraipatzen du:

29
«Asko dira emakume jatorrak,
baina zuk ez duzu parekorik!»

30
Gezurrezkoa da xarma, hutsala edertasuna;
goresgarria, ordea, Jauna errespetatzen duen emakumea.

31
Kanta iezaiozue bere lanarengatik,
goretsi herri osoaren aurrean berak eginarengatik.