1

1

Hauek dira Moisesek Israel herri osoari zuzenduriko hitzaldiak, Jordanez beste aldean, basamortuan, Sufen aurrez aurre dagoen haranean, hau da, Paran eta Tofel, Laban, Hatzerot eta Di-Zahaben arteko haranean.

2 Hamaika eguneko ibilaldia dago Horebetik Kadex-Barnearaino Seir mendialdeko bidetik .

3

Berrogeigarren urteko hamaikagarren hilaren lehen egunean mintzatu zitzaien Moises israeldar guztiei, Jaunak aginduriko guztia adieraziz,

4 Hexbonen bizi zen amortarren errege Sihon eta Axtarot-en eta Edrei-n bizi zen Baxango errege Og garaitu eta gero.

5 Moises ondorengo irakaspena azaltzen hasi zitzaien israeldarrei Jordanez beste aldean, Moab lurraldean.

6

Moisesek esan zuen: «Honela mintzatu zitzaigun Jauna geure Jainkoa Horeb mendian: Luzaro egon zarete jadanik mendi honen ondoan.

7 Abia zaitezte eta joan amortarren mendialde eta inguruetara: haranera, mendialdera eta Xefela lautadara, Negevera eta kostaldera, kanaandarren lurraldera eta Libanora, Eufrates ibai handiraino .

8 Hara, eskura ematen dizuet lurralde hori: joan eta jabetu nik, Jaun honek, zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi eta beraien ondorengoei zin eginez agindutako lurraldeaz .

9

«Orduan esan nizuen: Nik bakarrik ezin zaituztet eraman:

10 Jaunak zeuen Jainkoak ugaldu egin zaituzte eta, egun, zeruko izarrak bezain ugari zarete .

11 Jaunak zeuen arbasoen Jainkoak mila bider ugariago egin eta bedeinka zaitzatela, hitzeman dizuen bezala.

12 Baina nola eraman dezaket nik bakarrik zuen arazo eta auzien zama?

13 Aukera itzazue leinu bakoitzetik gizon jakintsu, buruargi eta trebatuak, eta zuen buru ezarriko ditut.

14

«Nire proposamenari ongi irizten zeniotela erantzun zenidaten.

15 Orduan, zuen artetik gizon jakintsu eta trebatuak hartu eta zuen buru ezarri nituen: mila, ehun, berrogeita hamar eta hamarreko taldeen buru; eta leinuentzat funtzionarioak izendatu nituen.

16

«Agindu hauek eman nizkien zuen epaileei: “Herritarren auziak entzun eta zuzenbidez erabakiko dituzue, auziok beste herritarrekin nahiz etorkinekin izan.

17 Ez duzue alderdikeriaz epaituko: entzun txikiei handiei bezala, eta ez izan inoren beldur, Jainkoa baita benetako epailea. Auziren bat zailegia gertatzen bazaizue, jo niregana eta neuk erabakiko dut”.

18 Aldi hartan bertan, egin behar zenuten guztiaz aginduak eman nizkizuen.

19

«Beraz, Jaunak gure Jainkoak agindu bezala, Horebetik abiatu eta ikusi duzuen basamortu handi eta beldurgarri honetan barrena ibili ginen, amortarren mendialdera bidean, Kadex-Barneara iritsi arte.

20 Orduan esan nizuen: Jaunak gure Jainkoak ematen digun amortarren mendialdera iritsi zarete.

21 Begira, Jaunak zeuen Jainkoak eskura ematen dizue lurraldea. Joan eta jabetu hartaz, Jaunak zuen arbasoen Jainkoak hitzeman bezala. Ez izan beldur! Ez kikildu!

22

«Zuek niregana etorri eta esan zenidaten: Bidal ditzagun aurretik zenbait gizon lurraldea ikertzera, zein bidetatik joan eta zein hiritara sartu jakinaraz diezaguten.

23

«Ongi iruditu zitzaidan proposamena, eta hamabi gizon bereizi nituen, leinu bakoitzeko bat.

24 Haiek mendialderantz abiatu eta, Exkol ibarrera iritsirik, inguruak ikertu zituzten.

25 Hango zenbait fruitu hartu zuten eta, itzultzean, Jaunak geure Jainkoak ematen zigun lurraldea ederra zela adierazi ziguten.

26

«Zuek, ordea, ez zenuten igo nahi izan, baizik eta Jaunaren zeuen Jainkoaren esana desobeditu

27 eta etxoletan marmarrean hasi zineten, esanez: Gorrotoa digulako atera gaitu Jaunak Egiptotik, amortarren esku utzi eta suntsitzeko.

28 Nora joko dugu orain? Mandatariek adore gabe utzi gaituzte esanez, hango jendea gu baino handiagoa eta indartsuagoa dela, hiriak handiak, zerurainoko harresiz inguratuak, eta Anak erraldoiaren ondorengoak ere ikusi dituztela.

29

«Nik esan nizuen: Ez ikaratu! Ez izan haien beldur!

30 Jauna zeuen Jainkoa aurretik doakizue eta zuen alde borrokatuko da, Egipton zuen begi-bistan egin zuen bezala;

31 basamortuan ere ikusi ahal izan duzue nola Jaunak zeuen Jainkoak, aitak bere haurra bezala, ekarri zaituzten honaino bide guztian zehar.

32

«Hala eta guztiz ere, ez zineten Jaunarengan zeuen Jainkoarengan fidatu,

33 etxolatzeko lekua zuei aurkitzeko, bera bidean aurretik zihoakizuen arren, gauez suaren bidez bidea argituz, eta egunez lainoaren bidez gidatuz.

34

«Aditu zituen Jaunak zuen marmarioak eta, sumindurik, honela egin zuen zin:

35 Belaunaldi gaizto honetako gizaseme batek ere ez du ikusiko zuen arbasoei zin eginez agindutako lurralde ederra,

36 Jefuneren seme Kalebek izan ezik: honek, bai, ikusiko du, eta berari eta beraren ondorengoei emango diet ikertzen ibili den lurraldea, guztiz leiala izan baitzait.

37

«Zuen erruz, nirekin ere haserretu egin zen Jauna, eta esan zidan: Zu zeu ere ez zara lurralde horretan sartuko.

38 Nunen seme Josue, zure laguntzailea, izango da sartuko dena. Emaiozu adore, berak eskuratuko baitio lurraldea Israel herriari.

39 Zuen seme-alabak, gatibu eroriko zirela zeniotenak, ongia eta gaizkia bereizteko gai ez diren haurrak, sartuko dira lurraldean: horiei emango diet eta bertako jabe izango dira.

40 Zuei dagokizuenez, egin bira eta jo basamorturantz, Itsaso Gorrirantz .

41

«Zuek erantzun zenidaten: “Bekatu egin dugu Jaunaren aurka! Baina orain borroka egingo dugu, Jaunak geure Jainkoak agindu digun bezala”. Eta guztiok armak hartu zenituzten, mendira aise igoko zinetelakoan.

42 Baina Jaunak esan zidan: Agindu ez igotzeko borrokara, ni ez bainago beraiekin. Etsaiek hondatu egingo dituzte.

43

«Esan nizuen arren, ezentzun egin zenidaten. Desobeditu egin zenioten Jaunari eta, zeuen ausarkerian, mendira igo zineten.

44 Orduan, mendialdean bizi ziren amortarrek, bidera irten eta erle-piloak bezala pertsegituz, garaitu egin zintuzteten Seirtik Hormaraino.

45 Itzuleran, negar egin zenuten Jaunaren aurrean, baina ez zizuen aditu, ez jaramonik egin.

46 Horregatik gelditu zineten hainbeste denbora Kadexen bizitzen.

2

1

«Segidan, bira egin eta basamorturantz jo genuen, Itsaso Gorrirantz, Jaunak agindu bezala, eta Seir mendialde inguruan ibili ginen harat-honat luzaro.

2 Azkenik, Jaunak esan zidan:

3 Luzaroegi ibili zarete jadanik mendialde horren inguruan; jo ezazue iparraldera!

4 Agindu herriari: Ahaide dituzuen Esauren ondorengoen bizileku den Seir lurraldea igaroko duzue. Zuen beldur diren arren, egin kontu!

5 Ez hasi haiekin borrokan, ez baitizuet haien lurralde-zatitxo bat ere emango, Seir mendialdea Esauren ondorengoei eman baitiet jabetzan.

6 Behar duzuen jatekoa eta edateko ura erosi egingo dituzue.

7 Gogoan izan Jaunak zeuen Jainkoak egintza guztietan bedeinkatu zaituztela eta basamortu izugarri honetan egin duzuen ibilaldiaz arduratu dela; zeuekin izan duzue berrogei urte hauetan eta ez zaizue ezer falta izan.

8

«Beraz, gure ahaide diren Esauren ondorengoen Seir lurralde ondotik igaro ginen, Elat eta Etzion-Geberretik datorren Arabako bidetik. Gero, norabidea aldatuz, Moabeko basamorturantz jo genuen.

9

«Orduan, Jaunak esan zidan: Ez eraso moabdarrei, ez hasi borrokan, ez baitizuet haien lurralderik emango; Loten ondorengoak direnez, beraiei eman diet Ar eskualdea.

10 (Lehenago emitarrak bizi ziren bertan, herri handi eta jendetsua, Anak erraldoiaren ondorengoak bezain altuera handikoa.

11 Gehienek refatartzat zeuzkaten, baina moabdarrek emitar deitzen zieten.

12 Seir lurraldean, berriz, hortarrak bizi izan ziren lehenago; baina Esauren ondorengoek lurralde hartatik bota eta suntsitu egin zituzten eta bertan jarri ziren bizitzen, israeldarrek Jaunak jabetzan eman dien lurraldean egin duten bezala).

13 Eta orain, abiatu eta igaro Zered erreka.

«Hala egin genuen.

14 Kadex-Barneatik atera eta Zered erreka igaro arteko bidean hogeita hemezortzi urte eman genituen. Ordurako desagertua zen kanpalekutik, Jaunak zin egin zien bezala, gerra-gizonen belaunaldi hura guztia.

15 Jaunak berak jo zituen, kanpalekutik erabat desagerrarazi arte.

16

«Gudagizon haiek guztiak hil zirenean,

17 Jaunak esan zidan:

18 “Gaur bertan zeharkatuko duzue Moabeko muga Ar eskualderantz.

19 Amondarrekin topo egitean, ez eraso, ez hasi borrokan, ez baitizuet amondarren lurralderik emango; hauek ere Loten ondorengoak direnez, beraiei eman diet jabetzan lurralde hori”.

20 (Gehienek refatarren herrialdetzat zeukaten hau ere, lehenago refatarrak bizi izan baitziren bertan; baina amondarrek zanzumiar deitzen zieten.

21 Herri handi eta jendetsua zen, Anak erraldoiaren ondorengoak bezain altuera handikoa. Baina Jaunak suntsitu egin zituen, eta amondarrak, haiek lurraldetik bota ondoren, bertan jarri ziren bizitzen.

22 Beste horrenbeste egin zuen Jaunak Seirren bizi ziren Esauren ondorengoen alde: hortarrak suntsitu egin zituen, eta moabdarrak, haiek lurraldetik bota ondoren, bertan bizi dira gaurdaino.

23 Gauza bera gertatu zitzaien Gazarainoko hirietan bizi ziren abiarrei: Kretatik etorritakoek suntsitu egin zituzten eta beraien lurraldean jarri ziren bizitzen).

24

«Gero, Jaunak esan zidan: Abia zaitezte eta igaro Arnon erreka. Zuen esku jartzen ditut Sihon, Hexbongo errege amortarra, eta beronen lurraldea. Ekin borrokari eta hasi lurraldeaz jabetzen.

25 Gaurdanik zuenganako izua eta beldurra sartuko diet munduko herri guztiei: zuen berri jakitean, ikara larriak hartuko ditu.

26

«Kedemot basamortutik mezulariak bidali nizkion Hexbongo Sihon erregeari bakezko mezu honekin:

27 Utz iezaguzu zure lurraldetik igarotzen. Errepidetik joango gara, inora saihestu gabe.

28 Behar ditugun jatekoa eta edateko ura erosi egingo ditugu. Utzi, arren, igarotzen bakarrik,

29 Seirko Esauren ondorengoek eta Ar eskualdeko moabdarrek utzi diguten bezala, Jordan ibaia igaro arte, Jaunak geure Jainkoak ematen digun lurraldera joateko.

30

«Baina Hexbongo Sihon erregeak ez zigun bere lurraldetik igarotzen utzi. Jaunak gure Jainkoak burugogor eta setatsu bihurtu zuen, bera guri eskura emateko asmoz, gaur ikus daitekeen bezala.

31 Izan ere, Jaunak esan zidan: Oraindanik eskura ematen dizkizut Sihon eta beronen lurraldea. Hasi horretaz jabetzen.

32

«Sihon eta beronen gizonak bidera irten zitzaizkigun Jahtzan, borrokara.

33 Baina Jaunak gure Jainkoak gure esku jarri zuen; Sihon, beronen semeak eta herri osoa garaitu genituen.

34 Hala, bertako hiriez jabetu eta jendea erabat suntsitu genuen: gizon, emakume eta haur, ez genuen utzi inor ere bizirik.

35 Abereak eta konkistatu genituen hirietako ondasunak bakarrik gorde genituen guda-harrapakin gisa.

36 Arnon erreka ondoan dagoen Aroer hiritik eta ibarraren ertzean dagoen hiritik Galaaderaino, ez zen izan guretzat eskuraezineko hiririk, denak eman zizkigun eskura Jaunak geure Jainkoak.

37 Amondarren lurraldea bakarrik utzi genuen ukitu gabe: Jabok erreka inguruko eskualdea eta mendialdeko hiriak, hau da, Jaunak geure Jainkoak galarazi zizkigun lekuak.

3

1

«Gero, gora jo genuen, Baxanerantz. Baina, Edrei hirian, Baxango Og erregea bidera irten zitzaigun gudaroste osoarekin borrokara.

2

«Orduan, Jaunak esan zidan: Ez izan horren beldur, bera, beraren gudarostea eta lurraldea zure esku utzi baititut; horri ere Hexbongo Sihon errege amortarrari egindakoa bera egingo diozu.

3

«Horrela, gure esku jarri zituen Jaunak gure Jainkoak Baxango Og erregea eta beronen gudaroste osoa, eta garaitu egin genituen, bizirik inor ere ez uzteraino.

4 Haien hiri guztiak konkistatu genituen, bat ere utzi gabe: guztira, hirurogei hiri, hau da, Baxango Og erregearen erresuma osatzen zuen Argob eskualde osoa;

5 hiri guztiok gotortuak ziren, harresi handiz inguratuak, morroiloz hornituriko atetzarrak zituztelarik; gainera, harresi gabeko beste hiri asko hartu genituen.

6 Erabat suntsitu genituen, Hexbongo Sihon erregearekin egin bezala, bertako jende guztia garbituz: gizon, emakume eta haur;

7 hirietako abere eta ondasunak, aldiz, guda-harrapakin gisa hartu genituen.

8

«Horrela bada, Jordanez beste aldeko, ekialdeko, bi errege amortar haien lurraldeak eskuratu genituen, Arnon errekatik Hermon mendiraino

9 (mendi horri “Sirion” deitzen diote sidondarrek eta “Senir” amortarrek).

10 Gure esku gelditu ziren lautadako hiri guztiak, baita Galaad eta Baxan eskualdeak ere, Baxango Ogen erresumako Salka eta Edrei hirietaraino.

11 (Baxango Og erregea zen antzinako refatar erraldoietarik gelditzen zen bakarra; Raban, amondarren hiriburuan, dagoen basalto harrizko haren hilobiak erakusten du erraldoitasun hori, lau metro eta erdi luze eta bi metro zabal baita, ohiko neurriaren arabera).

12

«Orduan jabetzan hartu genuen lurraldea honela banatu genuen: Arnon erreka ondoan dagoen Aroertik hasita Galaadeko mendialdearen erdia bertako hiriekin Ruben eta Gaden leinuei eman nien.

13 Galaadeko gainerako lurraldea eta Ogena izandako erresuma, hau da, Argob eskualdea eta Baxan osoa, refatarren eskualde esaten ziotena, Manasesen leinu erdiari eman nizkion.

14 Manasesen seme Jairrek Argob eskualdea eskuratu zuen gexurtar eta maakatarren mugetaraino, eta bere izena eman zion Baxango alderdi horri, “Jairren Herrixkak” alegia, eta horrelaxe deitzen da gaurdaino.

15 Makirri Galaad eskualdea eman nion.

16 Ruben eta Gaden leinuei Galaad eskualdearen gainerakoa eman nien, Arnon errekatik —errekaren erdian zegoen muga — amondarren lur-muga zen Jabok errekaraino;

17 gainera, Jordan ibaia muga duen Araba harana eman nien, Genesaret aintziratik Araba itsaso edo Itsaso Hileraino, Pisga mendiaren magaleraino, ekialdean .

18

«Une hartan, agindu hau eman nizuen : Jaunak zeuen Jainkoak eman dizue lurralde hau jabetzan. Borrokarako gai zareten guztiok armaturik igaroko duzue Jordan ibaia zeuen herritarren aurretik.

19 Emakume, haur eta abereak bakarrik —ongi dakit abere ugari duzuela— geldituko dira eman dizkizuedan hirietan,

20 harik eta Jaunak zuen Jainkoak herritar guztiei zuei bezala atsedena eman arte eta Jordanez beste aldean emango dien lurraldeaz jabe daitezen arte. Ondoren, jabetzan eman dizuedan lurraldera itzuliko zarete.

21

«Josueri, berriz, agindu hau eman nion: Zeure begiz ikusi duzu Jaunak zuen Jainkoak errege bi haiei egin dien guztia; beste horrenbeste egingo die errekaz beste aldean aurkituko dituzun erresumei.

22 Ez izan haien beldur, Jauna zuen Jainkoa ari da zuen alde borrokan eta.

23

«Egokiera hartan, honela erregutu nion Jaunari:

24 Jainko Jauna, zure handitasuna eta ahalmena erakusten hasi zatzaizkio zeure zerbitzari honi. Izan ere, ez dago, ez zeruan, ez lurrean, zuk bezalako egintzarik egin dezakeen beste jainkorik.

25 Uztazu, otoi, Jordanez beste aldera igarotzen, hango lurralde ederra, hango mendialdea eta Libano ikus ahal ditzadan.

26

«Baina Jauna haserretu egin zitzaidan zuen erruz eta ez zidan erregua onartu. Esan zidan: Aski da! Ez zakizkit mintza berriro horretaz .

27 Igo Pisga mendiaren gailurrera eta begira bertatik iparralde zein hegoaldera, ekialde zein mendebaldera; zabaldu ongi begiak eta begiratu, ez baituzu Jordan hori zeharkatuko.

28 Eman argibideak Josueri; eman bihotz eta adore, bera igaroko baita herria gidatzen, berak eskuraraziko dio aurrean duzun lurraldea.

29

«Eta ibarrean, Bet-Peorren aurrean, gelditu ginen.

4

1

«Orain bada, israeldarrok, onartu irakasten dizkizuedan lege eta erabakiak, eta bete; horrela, biziko zarete eta Jaunak zeuen arbasoen Jainkoak ematen dizuen lurraldeaz jabetuko.

2 Ez erantsi, ez kendu, nik agintzen dizuedanetik ezer; aitzitik, bete nik Jaunaren zeuen Jainkoaren izenean ematen dizkizuedan aginduak.

3 Zeuen begiz ikusia duzue Jaunak Baal-Peorren eginikoa: nola suntsitu zituen zuen artetik Peorko Baal jainkoari jarraitu zioten guztiak;

4 zuek, berriz, Jaunari zeuen Jainkoari atxikirik iraun zenutenok, bizirik zaudete oraindik.

5 Hara, Jaunak nire Jainkoak agindutako legeak eta erabakiak irakasten dizkizuet, jabetzan hartzera zoazten lurraldean bete ditzazuen.

6 Bete arretaz, horrek jakintsu eta buruargi egingo baitzaituzte herrien begietan. Lege hauen berri jakitean, esango dute: “Bai herri jakintsu eta buruargia nazio handi hau!”

7 Izan ere, ez da munduan naziorik, handia bada ere, bere jainkoak guk bezain hurbil dituenik, guk Jauna geure Jainkoa, dei egiten diogun bakoitzean, dugun bezain hurbil, alegia;

8 ezta gaur adierazten dizuedan irakaspen hau bezain lege eta erabaki zuzenak dituenik ere.

9

«Baina kontuz! Ez gero ahaztu ikusi dituzuen gertakariak, ez kendu gogotik zeuen bizitza osoan. Eman jakitera zeuen seme-alaba eta bilobei ere.

10 Izan gogoan bereziki Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean Horeb mendian egon zineteneko eguna. Jaunak agindua zidan: Bildu herria nire aurrean. Neure hitzak entzunaraziko dizkiet, beti nireganako begirunean bizitzen ikas dezaten, eta irakaspen bera seme-alabei eman diezaieten.

11

«Zuek mendi barrenera hurbildu zineten eta han gelditu; mendia sutan zegoen, zerurainoko sugarretan, laino itxi eta ilun-beltzez inguratua.

12 Jauna suaren erditik mintzatu zitzaizuen: haren hitzak entzun zenituzten, baina ez zenuten irudirik ikusi; ahotsa entzun zenuten bakarrik.

13 Jaunak ituna iragarri zizuen, bete behar zenituzten hamar aginduak , eta bi harlauzatan idatzi zituen.

14 Niri, berriz, legeak eta erabakiak zuei irakasteko agindu zidan Jaunak, jabetzan hartzera zoazten lurraldean bete ditzazuen.

15

«Izan kontu, beraz! Jauna suaren erditik Horeb mendian mintzatu zitzaizuenean, ez zenuten inolako irudirik ikusi.

16 Ez galbideratu edonolako idolo edo jainko-irudiak eginez: gizonezkonahiz emakumezko-irudiak,

17 lur gaineko abere- nahiz airean hegan doazen hegazti-irudiak,

18 lurrean arrastaka dabiltzan narrasti- nahiz lur azpiko uretan dabiltzan arrain-irudiak.

19 Zerurantz begiratu eta eguzki, ilargi, izar eta astro guztiak ikustean, ez eman amore, aurrean ahuspeztuz, haiek gurtzeko tentazioari, Jaunak zuen Jainkoak munduko beste herri guztiei utzi baitizkie jainkotzat.

20 Zuek, ordea, Jaunak hartu eta Egiptotik, burdina urtzeko labetik , atera zaituzte, bere herri eta ondare egiteko, gaur egiaz zareten bezala.

21

«Jauna haserretu egin zen nirekin zuen erruz, eta zin egin zuen ez nuela Jordan ibaia igaroko eta ez nintzela sartuko berak ondaretzat emango dizuen lurralde ederrean.

22 Nik, Jordan igaro gabe, lurralde honetan hil behar dut; baina zuek igaroko duzue eta lurralde oparo horren jabe egingo zarete.

23 Ez gero ahaztu zuen Jainko Jaunak zuekin burutu duen ituna, ez egin ere edozein izakiren irudiko idolorik, Jaunak zeuen Jainkoak galarazi baitizue;

24 izan ere, Jauna, zuen Jainkoa, Jainko jeloskorra da, su kiskalgarria.

25

«Belaunaldiak pasatuko dira eta herri zaharra izango zarete lurraldean. Orduan, galbideratu eta edozein izakiren irudiko idolorik egiten baduzue, Jaunari zeuen Jainkoari gaizki iruditzen zaiona eginez eta haserraraziz,

26 gaur zeru-lurrak jartzen ditut lekuko zuen aurka: Jordanez beste aldean jabetzan hartzera zoazten lurraldean berehala galduko zarete. Ez duzue luzaroan iraungo bertan, erabat suntsituko baitzaituztete.

27

«Jaunak beste herrietan barreiatuko zaituzte; zuetariko gutxi batzuk besterik ez dira bizirik geldituko Jaunak eramango zaituzten nazioetan.

28 Han, giza eskuz eginiko zurezko eta harrizko jainkoak gurtu beharko dituzue, ez ikusi eta ez entzun, ez jan eta ez usaindu egiten ez dutenak.

29 Han zaudetela, Jaunaren zeuen Jainkoaren bila hasiko zarete, eta aurkitu ere aurkituko duzue, bihotz-bihotzez eta gogo osoz harengana jotzen baduzue.

30

«Denboraren joanean, mehatxu hauek gauzatu eta atsekabealdian aurkitzean, Jaunarengana zeuen Jainkoarengana itzuliko zarete eta haren esanera jarriko;

31 Jauna, zuen Jainkoa, Jainko bihozbera baita, ez zaituzte utziko, ez suntsituko, ezta ahaztuko ere zuen arbasoei zin eginez hitzemandako itunaz.

32

«Galdetu antzinako garaiei, zuen aurretik izandakoei, Jainkoak munduan gizakia egin zuen egunetik hasita; galdetu munduaren ertz batetik besteraino, ea inoiz horrelakorik gertatu edo entzun izan den.

33 Ba ote da herririk, zuek bezala Jainkoa suaren erditik mintzatzen entzun eta bizirik gelditu denik?

34 Izan al da inoiz jainkorik, herri bat beste baten menpetik askatu eta beretzat hartzera etorri denik? Bada, Egipton zeuen begi-bistan horixe egin zuen Jaunak zuen Jainkoak. Ezaugarri asko eman zituen, eta mirariak eta egintza harrigarriak egin; borrokaren bidez, ahalmen handiz eta esku indartsuz askatu zintuzten, etsaiengan izua sortuz.

35

«Jauna dela Jainkoa jakin dezazuen ikusarazi zaizue hori guztia: ez da bera besterik .

36 Bere ahotsa entzunarazi dizue zerutik, zentzarazteko; lurrean bere su handia erakutsi dizue, eta hark suaren erditik esandako hitzak entzun dituzue.

37 Zuen arbasoak maite izan zituelako hautatu zaituzte zuek, haien ondorengook, eta ahalmen handiz Egiptotik atera.

38 Zuena baino herri handiago eta ahaltsuagoak bota ditu, zuek haien lurraldera eraman eta lurraldea zuei ondaretzat emateko, gaur egun gertatzen den bezala.

39

«Aitortu, beraz, gaur, eta izan beti gogoan Jauna dela Jainkoa, goian zeruan eta behean lurrean: ez da besterik.

40 Bete gaur ematen dizkizuedan lege eta aginduak, zoriontsu izan zaitezten zeuek eta zuen ondorengoak, eta luzaro bizi, Jaunak zeuen Jainkoak betiko ematen dizuen lurraldean».

41

Orduan, hiru hiri aukeratu zituen Moisesek Jordanen ekialdean,

42 hiltzaileak haietan ihesleku izan zezan: aurrez gorrotatzen ez zuen norbait nahi gabe hiltzen zuenak hiri haietako batera egingo zuen ihes, bizirik irauteko.

43 Hiriok hauek ziren: Betzer, basamortuan, lautadan, Rubenen leinukoentzat; Ramot, Galaaden, Gaden leinukoentzat, eta Golan, Baxanen, Manasesen leinu-erdikoentzat.

44

Hona hemen Moisesek israeldarrei emandako irakaspena,

45 hona Egiptotik irten ondoren adierazi zizkien erabaki, lege eta xedapenak.

46 Jordanen ekialdean aurkitzen ziren israeldarrak, Bet-Peor aurreko haranean, Hexbongo Sihon errege amortarraren lurraldean. Egiptotik irten ondoren, Moisesek eta israeldarrek Sihon erregea garaitu zuten

47 eta beronen lurraldeaz jabetu, Baxango Og erregearenaz bezalaxe (Sihon eta Og, Jordanez ekialdean bizi ziren amortarren erregeak ziren).

48 Haien lurraldea Arnon erreka ondoko Aroer hiritik Sirion edo Hermon mendiraino hedatzen zen,

49 eta Jordanen ekialdeko Araba haran guztian zehar Pisga mendiaren magaleko Itsaso Hileraino.

5

1

Moisesek israeldar guztiak bildu eta esan zien: «Entzun, israeldarrok, gaur adierazten dizkizuedan lege eta erabakiak; ikas itzazue eta saiatu betetzen.

2 Jaunak gure Jainkoak ituna egin zuen gurekin Horeb mendian.

3 Ituna ez zuen burutu gure arbasoekin, gurekin baizik, gaur hemen bizirik gauden guztiokin.

4 Aurrez aurre hitz egin zizuen Jaunak mendian, suaren erditik.

5 Egokiera hartan, ni Jaunaren eta zuen artean nengoen, Jaunaren hitza zuei adierazteko, ez baitzineten mendira igo suaren beldurrez.

«Jaunak esan zuen :

6

«Neu nauzu Jauna zeure Jainkoa, Egiptotik, esklabotzatik, atera zintuena.

7

«Ez izan ni beste jainkorik.

8

«Ez egin idolorik, ez irudirik, goian zeruan, behean lurrean nahiz lurpeko uretan dagoenetik.

9 Ez ahuspeztu haien aurrean, ezta gurtzarik eman ere, ni, Jauna, zure Jainkoa, Jainko jeloskorra bainaiz: gorroto didaten gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen dut hirugarren eta laugarren belaunaldiraino ere;

10 baina mila belaunaldiz agertzen diet onginahia maite nautenei eta nire aginduak betetzen dituztenei.

11

«Ez erabili alferrik Jaunaren zeure Jainkoaren izena, ez baitut hori egingo duenik zigorrik gabe utziko.

12

«Gorde larunbata, Jaunari sagaratuz, Jaunak zure Jainkoak agindu bezala.

13 Sei egunez egingo duzu lan eta zeure eginbehar guztiak burutuko;

14 baina zazpigarrena atseden-eguna duzu, Jaunari zeure Jainkoari sagaratua. Ez egin inolako lanik egun horretan, ez zuk, ez zure seme-alabek, ez zure morroi-mirabeek, ez zure idi, asto zein beste abereek, ezta zure hirietan bizi den etorkinak ere; horrela, zure morroi-mirabeek ere, zeuk bezala, atseden hartu ahal izango dute.

15 Izan gogoan zeu ere esklabo izan zinela Egipton, eta Jaunak zeure Jainkoak atera zintuela handik ahalmen handiz eta esku indartsuz. Horregatik agindu dizu Jaunak zeure Jainkoak atseden-eguna gordetzeko .

16

«Ohoratu aita-amak, Jaunak zeure Jainkoak agindu bezala, luzaro bizi eta zoriontsu izan zaitezen, Jaunak zeure Jainkoak ematen dizun lurraldean.

17

«Ez hil inor.

18

«Ez egin adulteriorik.

19

«Ez ostu.

20

«Ez egin gezurrezko testigantzarik lagun hurkoaren aurka.

21

«Ez gutiziatu lagun hurkoaren emaztea. Ez irrikatu haren etxerik, ez sororik, ez morroi-miraberik, ez idirik, ez astorik eta ez beste ezertxo ere.

22

«Horiek dira Jaunak, mendi barrenean denok bildurik zeundetela, ahots handiz aldarrikatu zizkizuen aginduak, suaren eta laino itxi eta ilunaren erditik, eta ez zuen beste ezer esan. Gero, bi harlauzatan idatzi zituen, eta niri eman zizkidan.

23

«Mendia sugarretan zegoela, ilunpe artetik zetorren ahots hura entzutean, zuen leinuburuek eta herri-arduradunek niregana hurbildu

24 eta zuen izenean esan zidaten: Jaunak geure Jainkoak egiaz erakutsi dizkigu bere ospea eta handitasuna, eta hura suaren erditik mintzatzen entzun dugu. Gaur ikusi dugu Jainkoak gizakiari hitz egin diezaiokeela eta hau bizirik gelditu .

25 Baina, zergatik hil orain? Sute horrek kiskali egin behar gaitu. Jaunaren ahotsa entzuten jarraitzen badugu, hil egingo gara.

26 Izan ere, ba al da gizasemerik, Jainko bizia guk bezala suaren erditik mintzatzen entzun eta bizirik gelditu denik?

27 Hurbil zaitez zeu, Jaunak gure Jainkoak esango duena entzutera; eta, gero, berak esandako guztia adieraziko diguzu, eta guk onartu eta bete egingo dugu.

28

«Entzun zituen Jaunak zuek niri esandako hitzak, eta adierazi zidan: Entzun dut herriak zuri esandakoa eta ongi deritzot.

29 Ai ni errespetatzeko eta nire aginduak betetzeko jarrera hori izango balute beti! Zoriontsu izango lirateke beti, bai beraiek, bai ondorengoak.

30 Zoaz eta esaiezu etxoletara itzultzeko.

31 Baina zu gelditu hemen nirekin, haiei irakatsi behar dizkiezun agindu, lege eta erabakiak adierazi behar baitizkizut, jabetzan ematen diedan lurraldean bete ditzaten.

32

«Beraz, saiatu Jaunak zeuen Jainkoak agindu dizuen guztia betetzen, ezertan ere saihestu gabe.

33 Ibili beti Jaunak zeuen Jainkoak erakutsitako bidetik, bizirik iraun eta zoriontsu izan zaitezten, eta luzaro biziko zarete jabetzan hartuko duzuen lurraldean.

6

1

«Agindu, lege eta erabakiok zuen Jainko Jaunak zuei irakasteko emanak dira, jabetzan hartzera zoazten lurraldean bete ditzazuen.

2 Jaunari zeuen Jainkoari begirunea behar diozue izan, bai zeuek eta bai ondorengoek, nik agintzen dizkizuedan beraren lege eta agindu guztiok bizitza osoan betez; hori eginez, luzaro biziko zarete.

3 Onar itzazue, bada, israeldarrok, eta saiatu betetzen. Horrela, zoriontsu izango zarete eta biziki ugalduko esnea eta eztia darizkion lurraldean , Jaunak zuen arbasoen Jainkoak hitzeman bezala.

4

«ENTZUN, ISRAEL: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da !

5 Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz.

6 Izan beti gogoan gaur ematen dizkizudan agindu guztiok;

7 irakatsi behin eta berriro zeure seme-alabei; mintzatu haietaz etxean zaudela nahiz bidean zoazela, oheratzean nahiz jaikitzean;

8 lot itzazu seinale bezala eskumuturrean eta oroigarri bezala bekokian,

9 eta idatzi etxeko ate-alboetan eta hiri-sarreran.

10

«Zeuen Jainko Jaunak zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez zuei emango zizuela agindutako lurraldean sarraraziko zaituzte. Lurralde horrek zuek eraiki gabeko hiri handi eta ederrak ditu,

11 zuek bildu gabeko ondasun-mota guztiz beteriko etxeak, zuek zulatu gabeko putzuak, zuek landatu gabeko mahasti eta olibadiak. Asetzeraino jan ahal izango duzue.

12 Orduan, ez ahaztu Jauna, Egiptotik, esklabotzatik, atera zaituztena.

13 Begirune izango diozue Jaunari zeuen Jainkoari, bera bakarrik gurtuko duzue eta beraren izenean zin egingo.

14 Ez ibili auzoko herriek gurtzen dituzten jainko arrotzen atzetik,

15 zeuen erdian duzuen Jauna, zeuen Jainkoa, Jainko jeloskorra baita; bestela, haren haserrea piztuko da zuen aurka eta suntsitu egingo zaituzte lur gainetik.

16 Ez tentatu Jauna zeuen Jainkoa, Masan egin zenuten bezala.

17

«Bete arretaz Jaunak zeuen Jainkoak ematen dizkizuen agindu, lege eta xedapenak.

18 Egin Jaunarentzat zuzen eta atsegin dena, zoriontsu izan zaitezten eta Jaunak zuen arbasoei zin eginez hitzemandako lurralde ederrean sartu eta jabetzan har dezazuen.

19 Jaunak ihes eragingo die etsai guztiei zuen aurretik, berak hitzeman bezala.

20

«Bihar edo etzi zuen seme-alabek galdetzean: “Zer esan nahi dute Jaunak geure Jainkoak agindu dizkigun lege, xedapen eta erabaki horiek?”,

21 hau erantzungo diezue : Faraoiaren esklabo ginen Egipton, eta Jaunak ahalmen handiz atera gintuen bertatik.

22 Jaunak mirari handiak eta egintza izugarriak egin zituen gure begi-bistan faraoiaren eta beraren etxekoen kontra eta Egipto osoaren kontra;

23 gu, berriz, handik atera egin gintuen, eta hona ekarri, gure arbasoei zin eginez agindutako lurraldea emateko.

24 Gero, lege horiek guztiak betetzeko agindu zigun Jaunak geure Jainkoak eta berarenganako begirunean bizitzeko, beti zoriontsu izan gintezen eta bizirik iraun genezan, gaur bezala.

25 Jaunak geure Jainkoak zuzentzat hartuko gaitu, agindu guztiok betetzen saiatzen bagara, berak agindu bezala.

7

1

«Jaunak zeuen Jainkoak jabetzan hartzera zoazten lurraldean sarraraziko zaituzte, eta kanpora botako dituzue zuek baino handiago diren herriak: hitita, girgaxtar, amortar, kanaandar, periztar, hibiar eta jebustarrak, zazpi herri zuek baino jendetsu eta indartsuagoak.

2 Jaunak zeuen Jainkoak eskura eman eta zuek garaitu egingo dituzue. Orduan, suntsitu egingo dituzue erabat: ez egin haiekin hitzarmenik, ez izan errukirik.

3 Ez ahaidetu haiekin, zeuen seme-alabak haienekin ezkonduz;

4 bestela, Jaunarengandik saihestu eta jainko arrotzei kultua ematera eramango lituzkete zuen seme-alabak; orduan, Jaunaren haserrea zuen kontra piztu eta bat-batean suntsituko zintuzkete.

5 Aitzitik, hau egingo duzue: haien aldareak bota, zutarri sakratuak apurtu, zutoin sakratuak moztu eta idoloak erre.

6 Jaunarentzat zeuen Jainkoarentzat sagaraturiko herri zarete: berak hautatu zaituzte munduko herri guztien artean bere herri, bere jabego berezi , izateko.

7

«Jaunak atsegin izan eta hautatu bazaituzte, ez da, ez, herririk handiena zaretelako —txikiena zarete eta, izan ere—,

8 baizik eta maite zaituztelako eta zuen arbasoei eginiko zin-hitza bete nahi izan duelako; horregatik, hain zuzen, atera zaituzte ahalmen handiz esklabotzatik eta Egiptoko faraoiaren menpetik askatu.

9

«Aitor ezazue, beraz, Jauna zeuen Jainkoa dela egiazko Jainkoa: Jainko leiala, maite dutenei eta beraren aginduak betetzen dituztenei itun-hitza gorde eta onginahia mila belaunaldiz agertzen diena;

10 gorroto diona, berriz, zuzen-zuzenean ordaina eman eta suntsitu egiten du, luzatu gabe ematen dio ordaina.

11 Bete, bada, gaur ematen dizkizuedan agindu, lege eta erabakiak.

12

«Erabaki horiek onartu eta arretaz betetzen badituzue, Jaunak zeuen Jainkoak gordeko dizue zuen arbasoei zin eginez hitzemandako ituna, eta agertuko bere onginahia.

13 Maite izango zaituzte, bedeinkatu eta ugalduko, emankor egingo zaituzte zeuek, zuen abereak eta lurrak: garia, ardoa eta olioa oparo emango dizkizue, eta zekor eta arkumeak ugalduko, zuen arbasoei zin egindakoaren arabera emango dizuen lurraldean.

14 Herri guztien gainetik bedeinkatuko zaituzte: ez da zuen artean inor agorrik izango, ezta antzurik ere zuen abereen artean.

15 Jaunak gaixotasun guztiak urrunduko ditu zuengandik; ez dizkizue bidaliko ongi ezagutzen dituzuen Egiptoko izurri ikaragarriak, baizik eta gorrotoa dizuetenei bidaliko dizkie.

16

«Deuseztatu egingo dituzue Jaunak zeuen Jainkoak eskura emango dizkizuen herri guztiak. Ez izan haien gupidarik, ez gurtu haien jainkorik, galbide gertatuko bailitzaizueke.

17

«Agian, esango diozue zeuen buruari: “Herri horiek gu baino jendetsuago dira; nola bota beren lurraldetik?”

18 Ez izan horien beldur! Gogoratu ongi Jaunak zuen Jainkoak faraoiari eta Egipto osoari egindakoa;

19 gogoratu zuen begi-bistan egin zituen ezaugarri handiak, mirari eta egintza harrigarriak; gogoratu zuek Egiptotik ateratzeko erabili zituen ahalmen handia eta esku indartsua. Bada, beste horrenbeste eginen die Jaunak zuen Jainkoak beldur diezuen herri horiei guztiei.

20 Liztortzarrak bidaliko ditu Jaunak zuen Jainkoak haien kontra, ezkutuan gordeta bizirik gelditutako azkenak ere garbitu arte.

21

«Ez ikaratu, beraz, haien aurrean, zeuekin baituzue Jauna, zeuen Jainkoa, Jainko handi eta beldurgarria.

22 Jaunak zuen Jainkoak ezari-ezarian botako ditu herri horiek zuen aurretik: ezin izango dituzue bizkorregi deuseztatu, basapiztiak ugalduko bailirateke inguruan zuen kalterako.

23 Baina zuen Jainko Jaunak zuen esku utziko ditu herri horiek; izu-ikara larria sartuko die, guztiak suntsitu arte.

24

«Zuen eskura emango ditu herri horietako erregeak, eta beraien oroitzapena ere desagerrarazi egingo duzue mundutik. Ezin izango dizue inork aurre egin, guztiak suntsitu arte.

25

«Erre egingo dituzue horien idoloak. Ez gutiziatu idoloak estaltzen dituzten urre-zilarrak, ez hartu zeuentzat, idoloen tranpan harrapatuak geldi ez zaitezten: idoloak higuingarri zaizkio Jaunari zuen Jainkoari.

26 Ez eraman, beraz, ezer higuingarririk zeuen etxera, zuek ere, idoloak bezala, erabat suntsi ez zaitzaten. Guztiz arbuiagarri eta higuingarritzat hartuko dituzue, erabat suntsituak behar dute izan eta.

8

1

«Saiatu betetzen gaur ematen dizkizuedan agindu guztiok, bizirik iraun, ugaldu eta Jaunak zuen arbasoei zin eginez hitzemandako lurraldeaz jabetzera sar zaitezten.

2 Gogoratu Jaunak zeuen Jainkoak basamortuan berrogei urte hauetan eginarazi dizuen bidea: egoera latzean jarri zintuzten probatzeko, zuen barne-asmoak ezagutzeko eta bere aginduak beteko zenituzten ala ez jakiteko.

3 Behar gorrian jarri zintuzten, gosea pasarazi eta mana eman zizuen jaten, ez zuek, ez zuen arbasoek, ezagutzen ez zenuten janaria, zuei jakinarazteko, gizakia ez dela ogiz bakarrik bizi, baizik Jaunak esaten duenetik bizi dela .

4 Berrogei urte hauetan ez zaizue arroparik higatu, ez oinik handitu ,

5 ohar zaitezten zeuen baitan, aitak semea bezala zentzarazi zaituztela Jaunak zeuen Jainkoak.

6 Beraz, bete Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak, ibili berak erakutsitako bidetik eta bizi berarenganako begirunean.

7

«Jaunak zeuen Jainkoak lurralde ederrera eramango zaituzte: lurralde oparoa da, errekaz, iturriz eta ibar eta mendian sorturiko iturburuz hornitua,

8 gari, garagar, mahasti, pikondo, granadondo, olibondo eta eztiz hornitua;

9 neurririk gabe jan ahal izango duzue ogia, eta ez zaizue ezer falta izango; hango harriek burdina dute eta mendietatik kobrea aterako duzue.

10 Ase arte jango duzue, beraz, eta Jauna zeuen Jainkoa bedeinkatuko, eman dizuen lurralde ederrarengatik.

11

«Baina kontuz! Ez ahaztu gero Jauna zeuen Jainkoa, gaur ematen dizkizuedan agindu, lege eta erabakiak bete gabe utziz.

12 Ez dadila gerta, ase arte jatean, zeuek eraikitako etxe ederretan bizitzean

13 eta zeuen behi eta arkumeak, zilar eta urreak eta era guztietako ondasunak gehitzean,

14 zuek harrotu eta Jauna zeuen Jainkoa ahazturik uztea. Bera da Egiptotik, esklabotza-lurraldetik, atera zaituztena;

15 bera da suge pozoitsu eta eskorpioiz beteriko basamortu handi eta ikaragarritik, ur-tantarik gabeko eremu elkor horretatik, eraman zaituztena; bera, suharritik ura atera eta edaten eman dizuena;

16 bera, zuen arbasoek ezagutu ez zuten mana jaten eman dizuena. Probatu egin zaituzte, bai, egoera latzean jarriz, baina zeuen onerako izan da azken batean.

17

«Ez esan zeuen buruari: “Geure indarrez eta trebeziaz lortu dugu aberastasun hau”;

18 baizik eta gogoratu, Jaunak zeuen Jainkoak ematen dizuela aberastasuna lortzeko indarra; horrela, leial eusten dio gaur ere zuen gurasoei zin eginez hitzemandakoari.

19

«Baina noizbait Jauna zeuen Jainkoa ahazten baduzue, jainko arrotzen atzetik joan eta, haien aurrean ahuspezturik, gurtza ematen badiezue, zinez diotsuet gaur guztiz galduko zaretela.

20 Aurrean aurkituko dituzuen herriak desegingo dituen bezala desegingo zaituzte Jaunak, berari, zeuen Jainkoari, obeditzen ez badiozue.

9

1

«Entzun, israeldarrok! Jordan ibaia igaroko duzue gaur, zuek baino herri handi eta ahaltsuagoen lurraldeaz jabetzeko; hiri handiak, zerurainoko harresiz inguratuak ditu lurralde horrek;

2 Anak erraldoiaren ondorengoak bizi dira bertan, altuera handiko jendea. Ezaguna duzue horiei buruzko esaera: “Nork egin aurre Anaken ondorengoei?”

3 Gaur jakingo duzue Jauna zeuen Jainkoa aurretik igaroko zaizuela Jordan zeharkatzean, su kiskalgarria bezala: berak suntsitu eta makurraraziko ditu herri horiek zuen aurrean, eta zuek beren lurraldetik bota eta deuseztatu egingo dituzue berehala, Jaunak hitzeman bezala.

4

«Zuen Jainko Jaunak zuen aurretik haiek jaurtitzean, ez esan zeuen baitan: “Geure zuzentasunagatik ekarri gaitu Jaunak lurralde honetaz jabetzera”. Izan ere, herri horiek kanpora botatzen baditu, beren gaiztakeriagatik botatzen ditu.

5 Beraz, ez duzue lurralde hori jabetzan hartuko zuzenak edo bihotz zintzokoak zaretelako, baizik eta Jaunak zuen Jainkoak herri horiek beren gaiztakeriagatik botatzen dituelako eta Jaunak zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez hitzemandakoari leial eutsi nahi diolako.

6 Ohartu, bada, Jaunak zeuen Jainkoak lurralde eder horren jabetza ez dizuela zeuen merezimenduengatik ematen; izan ere, herri burugogor baitzarete.

7

«Ez ahaztu sekula sumindu egin zenutela Jauna zeuen Jainkoa basamortuan. Egiptotik irten eta hona iritsi arte, etengabe errebelatu izan zarete Jaunaren aurka.

8

«Horeb mendian sumindu egin zenuten Jauna eta, hainbesteraino haserretu zen, zuek suntsitzea erabaki baitzuen.

9 Ni mendian nintzen, Jaunak zuekin eginiko itunaren harlauzak jasotzera igota. Berrogei egun eta berrogei gau egin nituen mendian ezer jan eta edan gabe.

10 Jaunak bi harlauza eman zizkidan, Jainkoak berak idatziak: harlauzetan, zuek mendi barrenean bildurik zeundetela Jaunak suaren erditik adierazitako hitzak zeuden jasoak.

11 Berrogei egun eta berrogei gau haien buruan eman zizkidan Jaunak bi harlauzak.

12 Orduan, Jaunak esan zidan: Jaiki eta jaitsi berehala menditik, Egiptotik atera zenuen herri horrek okerrera jo baitu; laster asko okertu dira agindu nien bidetik: metal urtuzko irudia egin dute!

13

«Jaunak esan zidan gainera: Ikusia dut zein burugogorra den herri hau!

14 Uztazu suntsitzen eta beraren oroitzapena mundutik ezabatzen, eta zuregandik hori baino herri ahaltsuago eta jendetsuagoa sorraraziko dut.

15

«Sutan zegoen menditik jaitsi nintzen, itunaren harlauzak eskuetan nituela,

16 eta ikusi nuen Jaunaren zeuen Jainkoaren aurka bekatu egin zenutela, zekor-irudia eginez; laster asko okertu zineten Jaunak agindutako bidetik.

17 Orduan, harlauza biak jaurti eta puskatu egin nituen zuen aurrean.

18

«Gero, Jaunaren aurrean ahuspeztu nintzen eta, aurrekoan bezala, berrogei egun eta berrogei gau egin nituen ezer jan eta edan gabe, zuek egindako bekatuagatik barkamena eskatzen; izan ere, Jaunari gaizki iruditzen zitzaiona egin zenuten, bera haserraraziz.

19 Beldurrak jota nengoen, haserre bizian baitzegoen Jauna, zuek suntsitzea erabakitzeraino sumindua; baina, orduan ere, Jaunak aditu egin zidan.

20 Aaron bera ere suntsitu nahi izateraino zegoen Jauna haserre, eta Aaronen alde ere erregutu nuen.

21 Gero, bekatu egiteko erabili zenuten zekorra hartu eta sutara bota nuen eta, xehe-xehe egiteraino erraustu ondoren, menditik zetorren errekara isuri.

22

«Taberan, Masan eta Kibrot-Taaban ere sumindu zenuten Jauna.

23 Eta berak emandako lurraldeaz jabetzera Kadex-Barneatik bidali zintuztenean ere, ez zenioten obeditu: ez zineten berarengan fidatu, ezta jaramonik egin ere.

24 Ezagutzen zaituztedan egunetik errebelde izan zatzaizkiote Jaunari.

25

«Horrela bada, zuek suntsitzeko Jaunaren mehatxua zela eta, berrogei egun eta berrogei gau egin nituen Jaunaren aurrean ahuspezturik.

26 Honela egin nion otoitz: Jainko Jauna, ez hondatu zeure herria, zeure ondarea, handikiro askatu eta Egiptotik ahalmen handiz atera duzuna.

27 Gogora itzazu Abraham, Isaak eta Jakob, zeure zerbitzariak, eta ez hartu aintzakotzat herri honen setakeria, desleialkeria eta bekatua.

28 Egiptotik atera gaituzu; ez dezatela herrialde hartakoek esan: “Jaunak ezin izan ditu eraman hitzeman zien lurraldera ”, edota “Gorrotoa zielako atera ditu, basamortuan hilarazteko”.

29 Jauna, zeure herria duzu, zeure ondarea, ahalmen ikaragarriz zeuk Egiptotik atera duzuna.

10

1

«Orduan, Jaunak esan zidan: Ebaki lehengoak bezalako beste bi harlauza; egin zurezko kutxa ere, eta zatozkit mendira.

2 Hautsi zenituen harlauzetan idatziak zeuden hitz berberak idatziko ditut; gero, kutxan sartuko dituzu.

3

«Akazia-zurezko kutxa egin, lehengoak bezalako bi harlauza ebaki eta, harlauzak eskuetan nituela, mendira igo nintzen.

4 Aurreko txandan bezala, zuek mendi barrenean bildurik zeundetela Jaunak suaren erditik adierazi zizkizuen hamar aginduak idatzi zituen harlauza berrietan eta niri eman zizkidan.

5 Gero, menditik jaitsi eta kutxan sartu nituen, eta han gelditu ziren, Jaunak agindu bezala.

6

«Israeldarrak, Bene-Jaakango putzuetatik abiaturik, Moserara iritsi ziren. Han hil zen Aaron, eta bertan ehortzi zuten. Aaronen ordez, beraren seme Eleazar izan zen hurrengo apaiz.

7 Handik Gudgodara joan ziren eta Gudgodatik Jotbatara, erreka asko duen lurraldera.

8 Orduan bereizi zuen Jaunak Lebiren leinua, eginkizun hauek ezarriz: itun-kutxa eraman, Jaunaren aurrean liturgi zerbitzua bete eta beraren izenean herria bedeinkatzea, gaur egun ere egin ohi duten bezala.

9 Horregatik, lebitarrek ez dute ondare-zatirik beste israeldarrek bezala, Jauna baitute beren ondare, Jaunak gure Jainkoak hitzeman dien bezala.

10

«Bigarren aldian ere , berrogei egun eta berrogei gau egin nituen mendian eta entzun egin zidan berriro Jaunak, eta ez zintuzten suntsitu.

11 Gero, esan zidan: Ea, jar zaitez herriaren buru eta abiatu arbasoei zin eginez agindutako lurraldeaz jabetzera.

12

«Eta orain, israeldarrok, zer da Jaunak zeuen Jainkoak eskatzen dizuena? Errespeta dezazuela Jauna zeuen Jainkoa, haren bideetan ibiliz, hura maitatuz eta zerbitzatuz bihotz-bihotzez eta gogo osoz,

13 eta bete ditzazuela ematen dizkizuedan Jaunaren agindu eta legeak, horrela jokatuz zoriontsu izan zaitezten.

14 Izan ere, Jaunarenak zeuen Jainkoarenak dira zeru zabalak, lurra eta bertako guztia.

15 Baina Jaunak zuen arbasoak bakarrik izan zituen atsegin eta maite, eta segidan zuek, haien ondorengoak, hautatu zintuzten herri guztien artean, gaur egun gertatzen denez.

16

«Ezarri ituna bihotzean eta ez izan burugogor aurrerantzean,

17 Jauna, zuen Jainkoa, jainkoen Jainko eta jaunen Jaun baita, Jainko handi, ahaltsu eta beldurgarria; ez du alderdikeriaz jokatzen, ez eroskeriarik onartzen:

18 justizia egiten die umezurtz eta alargunari, eta maite du etorkina, jatekoa eta janztekoa ematen dizkiolarik.

19 Maita ezazue, bada, etorkina, zeuek ere etorkin izan baitzineten Egipton.

20

«Errespetatu Jauna zeuen Jainkoa eta zerbitza ezazue, bizi zaitezte berari atxikiak eta zin egin beraren izenean.

21 Bera da zuen Jainkoa eta bera duzue goretsiko, bera baita ikusi dituzuen gauza handi eta beldurgarriak egin dituena.

22

«Hirurogeita hamar lagun besterik ez ziren zuen arbasoak Egiptora iritsi zirenean; orain Jaunak zeuen Jainkoak zeruko izarrak bezain ugari egin zaituzte.

11

1

«Maita ezazue Jauna zeuen Jainkoa eta bete arretaz beti haren lege, erabaki eta aginduak.

2

«Zuek ezagunak dituzue gaur Jaunaren zeuen Jainkoaren ikasbidea, ahalmen handia eta esku indartsua, zuen seme-alabek ez bezala, hauek ez baitituzte ezagutu, ez ikusi.

3 Ikusi duzue Egipton bertan faraoiaren eta herriaren aurka eginiko mirari eta egintzak

4 eta egiptoar gudarosteari, zaldi eta guda-gurdiei, egindakoa: nola, zuei erasoka Itsaso Gorrian sartu zirelarik, urak haien gainera amildu eta Jaunak betiko galdu zituen.

5 Ikusi duzue basamortuan, Egiptotik irten eta hona iritsi arte, zuen alde egindako guztia;

6 baita Rubenen leinuko Eliaben seme Datan eta Abirami egindakoa ere: nola lurrak zabaldu eta irentsi zituen israeldarren aurrean, beren familia, oihal-etxola eta jarraitzaile guztiekin batera.

7

«Zeuen begiz ikusi dituzue Jaunak burutu dituen egintza handi guztiok.

8

«Bete, bada, gaur ematen dizkizuedan agindu guztiak, adoretsu izan eta hartzera zoazten lurraldeaz jabetzeko gauza izan zaitezten

9 eta luzaro bizi esnea eta eztia darizkion lurraldean, Jaunak zuen arbasoei, beraiei eta ondorengoei emango ziela zin eginez agindutako lurraldean.

10

«Jabetzan hartzera zoazten lurraldea ez da utzi duzuen Egipto bezalakoa; han hazia erein eta nekatuz ureztatu behar izaten zenuten, baratzean egin ohi den bezala;

11 jabetzan hartzera zoazten lurraldea, berriz, bere mendi eta ibarrekin, zeruko euriz ureztatzen da.

12 Jauna zuen Jainkoa arduratzen da lurralde horretaz eta etengabe ditu bere begiak hartan ezarriak, urte osoan zehar.

13

«Gaur ematen dizkizuedan agindu hauek benetan onartzen badituzue, Jauna zeuen Jainkoa maitatuz eta bihotz-bihotzez eta gogo osoz zerbitzatuz,

14 berak emango dio lurrari sasoian sasoiko euria, eta garia, ardoa eta olioa izango dituzue;

15 abereentzat belarra zelaietan eta zeuentzat asetzeko adina janari emango dizue.

16

«Baina kontuz! Ez gero engainatu zeuen buruak, ez saihestu Jaunarengandik, jainko arrotzak gurtuz eta haien aurrean ahuspeztuz;

17 bestela, Jaunaren haserrea piztuko da zuen aurka, zerua itxiko du eta ez duzue euririk gehiago izango; lurrak ez du uztarik emango eta berehala desagertuko zarete Jaunak ematen dizuen lurralde eder horretatik.

18

«Ezarri nire hitz hauek zeuen buru-bihotzetan; lot itzazue seinale bezala eskumuturrean eta oroigarri bezala bekokian;

19 irakatsi zeuen seme-alabei, etxean zaudetela nahiz bidean zoaztela haietaz mintzatuz;

20 idatzi etxeko ate-alboetan eta hiri-sarreran,

21 zeruak lur gainean bezain luzaro iraun dezazuen, bai zuek, bai zuen ondorengoek, Jaunak zuen arbasoei zin eginez agindutako lurraldean.

22

«Gaur ematen dizkizuedan agindu guztiak arretaz betetzen badituzue eta Jauna zeuen Jainkoa maitatzen, berak erakutsitako bideari jarraitzen eta berari atxikitzen bazatzaizkiote,

23 bota egingo ditu Jaunak zuen aurretik zuek baino handiago eta indartsuago diren herri horiek, eta beraien lurraldeaz jabetuko zarete.

24 Zuen oinek zapalduko dituzten leku guztiak zeuenak izango dituzue, eta zuen lurraldea basamortutik Libanoraino eta Eufrates ibaitik Mediterraneo itsasoraino hedatuko da.

25 Ezin izango dizue inork aurre egin, izu-ikara sartuko baitu Jaunak igaroko zareten edonon, berak zuei agindu bezala.

26

«Hara, aukeran jartzen dizkizuet gaur bedeinkazioa eta madarikazioa;

27 bedeinkazioa, baldin eta Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen badituzue, gaur nik esan bezala;

28 madarikazioa, baldin eta Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen ez badituzue eta, ezezagunak dituzuen jainko arrotzei jarraituz, gaur nik erakutsitako bidetik saihesten bazarete.

29

«Jaunak zeuen Jainkoak jabetzan hartzera zoazten lurraldean sarrarazi ondoren, Garizim mendian emango duzue bedeinkazioa eta Ebal mendian madarikazioa.

30 Mendi hauek Jordanez beste aldean daude, mendebaldeko bidearen atzealdean, Araban bizi diren kanaandarren lurraldean, Gilgalen aurrez aurre eta Moreko arte zuhaitzen ondoan.

31

«Jordan ibaia igarotzear zaudete, Jaunak zeuen Jainkoak ematen dizuen lurraldeaz jabetzera joateko. Hartaz jabetu eta bertan bizitzen jartzean,

32 arretaz saiatuko zarete gaur ematen dizkizuedan lege eta erabaki guztiak betetzen.

12

1

«Hauek dira Jaunak zuen arbasoen Jainkoak jabetzan emango dizuen lurraldean arretaz bete behar dituzuen lege eta erabakiak. Bertan biziko zareten denbora guztirako balioko dute.

2

«Erabat desegingo dituzue beren lurraldetik botako dituzuen herrien kultu-lekuak. Herri horiek mendi-gailur eta muino-tontorretan eta edozein zuhaitz handiren azpian eman ohi diete kultu beren jainkoei.

3 Bota egingo dituzue aldareak, zutarri sakratuak apurtu, zutoinak erre, jainko-irudiak desegin; jainko horien oroitzapena bera ere desagerrarazi egingo duzue leku hartatik.

4 Ez duzue jokatuko herri horiek bezala, Jaunari zeuen Jainkoari kultu ematean;

5 aitzitik, Jaunak zuen Jainkoak, bera bizitzeko eta berari kultu emateko zuen leinuetatik aukeratuko duen lekura joango zarete kultu ematera.

6 Han eskainiko dituzue erre-opariak eta sakrifizioak, lurreko fruituen hamarrenak eta zeuen emaitzak, botoa betetzeko nahiz borondatez eginiko opariak eta abere handi eta txikien lehen-kumeak.

7 Han otordua egingo duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, eta festa ospatuko zeuen etxekoekin, eginkizun guztiak ongi burutzea emango dizuen Jaunari eskerrak emateko.

8

«Ez jokatu han orain hemen bezala, norberari iruditzen zaion moduan,

9 ez baitzarete iritsi oraindik atseden-lekura, Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat emango dizuen lurraldera.

10 Jordan ibaia igaro eta Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat emango dizuen lurraldean bizitzen jarri bezain laster, libratu egingo zaituzte Jaunak inguruko etsaiengandik, eta bakean eta seguru biziko zarete.

11 Orduan, Jaunak zuen Jainkoak bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokira eramango dituzue agintzen dizkizuedan eskaintzak: erre-opariak eta sakrifizioak, lurreko fruituen hamarrenak eta emaitzak, eta botoz aginduriko zeuen opari hoberenak.

12 Festa ospatuko duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, bai zeuek, bai zuen seme-alabek eta morroi-mirabeek, baita zuekin hiri berean bizi den lebitarrak ere, berak ez baitu zuek bezala lursailik ondaretzat hartu.

13

«Kontuz, beraz! Ez eskaini erre-oparirik herrialde hartan aurkituko dituzuen kultu-lekuetan.

14 Zuen leinuetako batean Jaunak berak aukeratuko duen lekuan bakarrik eskainiko dituzue zeuen erre-opariak, eta han beteko nik agindutako guztia.

15

«Alabaina, nahi izanez gero, biziko zareten edozein hiritan hil ditzakezue abereak jateko, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen ondasunen arabera; denok jan ahal izango dituzue, baita legez garbi ez dagoenak ere, ehizakia —gazela nahiz oreina— jan ohi den bezala.

16 Baina ez duzue odola jango, lurrera isuriko baizik, ura bezala.

17

«Ezin izango duzue, ordea, jan biziko zareten hirietan Jaunari eskaini beharrekoa: gari, ardo eta olioaren hamarrenak, abere handi eta txikien lehen-kumeak, botoa betetzeko nahiz borondatez eginiko opariak eta gainerako emaitzak.

18 Horiek Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, berak aukeratuko duen lekuan jango dituzue, bai zeuek, bai zuen seme-alabek eta morroi-mirabeek, baita zuekin hiri berean bizi den lebitarrak ere. Festa ospatuko duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, zeuen lanaren emaitzengatik eskerrak emanez.

19 Ez gero bertan behera utzi lebitarra, herrialdean biziko zareten denbora guztian.

20

«Jaunak zeuen Jainkoak lurraldeko mugak hedatuko dizkizue, berak hitzeman bezala; orduan, jan gura izanez gero, nahi adina haragi jan ahal izango duzue.

21 Jaunak zuen Jainkoak bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokia bizi zareten hiritik urruti badago, berak emandako abere handi nahiz txikietatik hil dezakezue haragitarako, nik zuei agindutakoaren arabera, eta nahi adina jan.

22 Ehiza —gazela nahiz oreina— bezala jango duzue, eta denok jan ahal izango duzue, legez kutsatuak garbi dagoenak bezalaxe.

23 Baina odola ez duzue inola ere jango, bizi-iturri baita; beraz, haragiarekin ez duzue odolik jango,

24 baizik eta lurrera isuriko duzue, ura bezala.

25 Ez jan, bada, eta zoriontsu izango zarete, bai zeuek, bai ondorengoak, Jaunari ongi iruditzen zaiona egiteagatik.

26

«Jaunarentzat zuen Jainkoarentzat sagaratu beharrekoa eta botoz aginduriko opariak, aldiz, berak aukeratuko duen lekura eramango dituzue.

27 Erre-oparitarako abereak ere hara eramango dituzue eta, haragi eta odol, oso-osorik erreko Jaunaren zeuen Jainkoaren aldarean. Beste sakrifizioetako odola Jaunaren zeuen Jainkoaren aldare gainean isuriko duzue; haragia, berriz, jan egingo.

28

«Onartu eta bete ematen dizkizuedan agindu guztiok, beti zoriontsu izan zaitezten, bai zeuek, bai ondorengoak, Jaunari zeuen Jainkoari on eta zuzen iruditzen zaiona egiteagatik.

29

«Jaunak zuen Jainkoak garbitu egingo ditu kanaandar herriak, eta zuek bota egingo dituzue beren lurraldetik. Herri horien lurraldeaz jabetu eta bertan bizitzen jar zaiteztenean,

30 izan kontu: herri horiek suntsitu ondoren, ez erori idoloen tranpan, haien jokabideari jarraituz; ez jo haien jainkoengana, ez ibili herri haiek beren jainkoak nola zerbitzatu dituzten jakin nahian, zeuek ere gauza bera egiteko.

31 Ez jokatu Jaunarekin zeuen Jainkoarekin, herri haiek bezala; izan ere, Jaunarentzat higuingarri eta gorrotagarri dena egin dute beren jainkoen ohorez, beren seme-alabak jainkoentzat erretzeraino iritsiz.

13

1

«Saiatu nik ematen dizkizuedan aginduak betetzen: ez erantsi, ez kendu ezer.

2

«Gerta daiteke profeta edo ikusketariren bat zuen artean agertzea, eta, mirari edo egintza harrigarriren bat iragarriz,

3 ezezagunak dituzuen jainko arrotzen atzetik joan eta gurtzeko eskatzea. Iragarritakoa egiaz gertatuko balitz ere,

4 ez egin kasurik profetaren esanei, ezta ikusketariaren ikuskariei ere; izan ere, horrela, probatu egin nahi zaituzte Jaunak zeuen Jainkoak, bera bihotz-bihotzez eta gogo osoz maite duzuen ikusteko.

5 Jarraitu Jaunari zeuen Jainkoari eta izan begirune berari, gorde aginduak eta egin haren esana, eman kultu Jaunari eta atxiki berari.

6 Delako profeta edo ikusketaria, berriz, hil egin behar da, Egiptotik atera eta esklabotzatik askatu zintuzten Jaunaren zuen Jainkoaren aurka errebeldia predikatu duelako eta Jaunak zuen Jainkoak agindutako ibilbidetik zuek saihesten ahalegindu delako. Horrela ezabatuko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

7

«Gerta daiteke ere, gehien maite duzuenetariko batek —anaiak, aita edo ama beraren semeak, zeure semeak edo alabak, emazteak berak edo lagun minak— isilka etorri eta jainko arrotzak gurtzera bultzatu nahi izatea, hau da, ez zeuek, ez zuen gurasoek ezagutu ez dituzuen jainkoak,

8 hurbileko herrienak nahiz urrutikoenak, munduko ertz batetik bestera diren herrienak, gurtzera bultzatu nahi izatea.

9 Ez egin kasurik, ez entzun ere; ez izan horrelakoen gupidarik, ez barkatu, ezta estali ere errua;

10 aitzitik, hil egin behar duzue, eta zeuek izango zarete lehenak halakoa hiltzen, eta herri osoa ondoren.

11 Harrika emango diozue hil arte, Egiptotik, esklabotza-lurraldetik, atera zintuzten Jaunarengandik zeuen Jainkoarengandik saihestu nahi izan zaituztelako.

12 Horrela, horren berri izatean, beldur izango dira israeldar guztiak eta uko egingo diote horrelako gaiztakeriak egiteari.

13

[13-14] «Gerta daiteke, Jaunak zeuen Jainkoak bizitzeko emango dizkizuen hirietako batean, gizon gaizto-maltzurrak sortzea, ezagutzen ez dituzten jainko arrotzak gurtzera herritarrak bultzatu nahi izango dituztenak. Horrelakorik gertatzen ari dela entzungo bazenute,

14

15 ikertu lehenengo, zehatz-mehatz galdetuz eta aztertuz. Eta ikusten baduzue, egiaz gertatu dela zuen artean gaiztakeria hori,

16 zeharo suntsituko duzue hiria, barruan den guztiarekin: ezpataz garbituko dituzue jendea eta abereak,

17 eta harrapakin guztiak, plaza erdian bildurik, hiriarekin batera erreko dituzue Jaunaren zeuen Jainkoaren ohorez. Betiko hondamendi izango da eta ez dute sekula berreraikiko.

18 Ez gorde hiri horretako ezertxo ere, Jaunak bere haserrea baretu eta errukia azal diezazuen; orduan, gupidaturik, ugaldu egingo zaituzte, zuen arbasoei zin egin bezala;

19 eta hori, Jaunari zeuen Jainkoari obeditzeagatik, gaur ematen dizkizuedan aginduak bete eta berari ongi iruditzen zaiona egiteagatik.

14

1

«Zuek Jaunaren zeuen Jainkoaren seme-alaba zarete. Ez duzue gorputza urratuko, ezta soilduko ere buruaren aurrealdea, dolua adierazteko .

2 Jaunarentzat zeuen Jainkoarentzat sagaraturiko herri zarete; berak hautatu zaituzte bere herri, bere jabego berezi , izateko.

3

«Ez duzue Jaunak debekaturiko ezer jango.

4 Hona hemen jan ditzakezuen animaliak : zezena, bildotsa, antxumea,

5 oreina, gazela, orkatza, basahuntza, antilopea, bisontea eta sarrioa.

6 Bitan banaturiko apatxak dituzten eta hausnartzaile diren animalia guztiak jan ditzakezue.

7 Beraz, hausnartzaileak diren edo apatxak bitan banaturik dituzten animalien artean ezin izango duzue jan, ez gamelua, ez erbia, ez azkonarra; hausnartzaile izan arren, ez baitute bitan banaturiko apatxik; kutsatutzat edukiko dituzue;

8 ezta urdea ere, bitan banaturiko apatxak dituen arren, ez baita hausnartzailea; beraz, kutsatutzat edukiko duzue. Ez duzue horien haragirik jango, ezta horien sarraskirik ukituko ere.

9

«Uretako piztietatik, hegalak eta ezkatak dituzten guztiak jan ditzakezue;

10 ez, ordea, hegal eta ezkata gabeak: kutsatutzat edukiko dituzue.

11

«Hegazti garbi guztiak jan ditzakezue;

12 hurrengo hauek, ordea, ezin izango dituzue jan: arranoa, gabiraia, itsas arranoa,

13 mirua eta mota guztietako saiak,

14 mota guztietako beleak,

15 ostruka, hontz zuria, kaioa, mota guztietako belatzak,

16 hontza, ibisa, zisnea,

17 belabeltza, uroiloa, itsas belea,

18 zikoina, mota guztietako koartzak, marti-oilarra eta saguzarra.

19 Intsektu hegaldun guztiak kutsatutzat edukiko dituzue; ezin izango dituzue jan.

20 Baina hegazti garbi guztiak jan ditzakezue.

21

«Ez duzue jango berez hildako abereren haragirik; eman zuekin bizi den etorkinari, jan dezan, edota saldu atzerritarrei. Zuek Jaunarentzat zeuen Jainkoarentzat sagaraturiko herri zarete.

«Ez egosi antxumerik amaren esnetan .

22

«Urtero, zeuen lurreko uztaren emaitzen hamarrena bereiziko duzue.

23 Gariaren, ardo berriaren eta olioaren hamarrenak, abere handi nahiz txikien lehen-kumeekin batera, Jaunak zuen Jainkoak bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokira eramango dituzue, eta han otordu sakratua egingo Jaunaren aurrean. Horrela, zeuen bizitza osoan Jaunari begirune izaten ikasiko duzue.

24 Baina Jaunak zuen Jainkoak beretzat aukeratutako lekutik urruti bizi bazarete eta, Jaunak uzta oparoak eman dizkizuelarik, hamarrenak eramateko egin beharreko bidea luzeegia bada,

25 diruz trukatuko dituzue eta, dirua harturik, Jaunak aukeraturiko lekura joango zarete.

26 Diruaz, gura duzuena erosiko duzue han, abere handi nahiz txiki, ardoa, pattarra nahiz beste edozein gauza, eta Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean otordu sakratua egingo duzue eta festa ospatuko zeuen etxekoekin.

27 Ez utzi bertan behera zuekin hiri berean bizi den lebitarra, ez baitu zuek bezala lursailik ondaretzat hartu.

28

«Hiru urtez behin, urteko uztaren emaitzen hamarrena bereizi eta hiriko biltegian gordeko duzue;

29 horrela, ondaretzat zuek bezala lursailik hartu ez duen lebitarrak eta zuekin bizi diren etorkin, umezurtz eta alargunek zer jana izango dute; eta Jaunak zeuen Jainkoak eginkizun guztiak ongi burutzeko bidea emango dizue.

15

1

«Zazpi urtez behin, zor guztiak barkatuko dituzue.

2 Hona nola egingo duzuen: Jaunaren ohorez zorren barkamen-urtea aldarrikatzean, lagun hurkoari mailegu egin dionak barkatu egingo dio maileguz emana; ez du lagun hurko herritarra zorra itzultzera behartuko.

3 Atzerritarra bai, behartu dezakezue zorrak ordaintzera; baina herritarrari barkatu egingo dizkiozue.

4

«Egia da ez dela zuen artean behartsurik izango, oparo bedeinkatuko baitzaituzte Jaunak zeuen Jainkoak berak jabetzan emango dizuen lurraldean,

5 arretaz obeditzen badiozue eta gaur nik emandako agindu guztiak betetzen saiatzen bazarete.

6 Jaunak zeuen Jainkoak ondasunez beteko zaituzte, berak hitzeman bezala: nazio askori mailegu egingo diozue, baina inori maileguz eskatu beharrik ez duzue izango; nazio ugari menderatuko duzue, baina zuek ez zaituzte inork menpean hartuko.

7

«Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldeko hiriren batean zuen herritarren bat behartsu bada, ez izan bihozgabe, ez laguntzarik ukatu senide behartsuari;

8 eskuzabal izango zarete berarekin eta bere premia estaltzeko behar duena emango diozue maileguz.

9 Ez dakizuela, gero, etor gogora pentsamendu zital hau: “Hurbil da zazpigarren urtea, zor guztiak barkatzen direnekoa”, herritar behartsuarekin zeken izan eta ezer eman gabe uzteko; zeren eta deiadar egingo baitio behartsuak Jaunari zuen aurka, eta bekatutzat hartuko zaizue zeuen jokabidea.

10 Eman, beraz, eskuzabal, ez gogoz kontra, eta zeuen Jainko Jaunak zeuen eginkizun eta jarduera guztietan bedeinkatuko zaituzte.

11

«Ez da herrian behartsurik faltako; horregatik agintzen dizuet zeuen herritarrekin, zeuen ardurapean dituzuen dohakabe eta behartsuekin, eskuzabal izateko.

12

«Zeuen herritar hebrearren batek, gizonezko nahiz emakumezko, bere burua halabeharrez esklabotzat saltzen badizue , sei urtez egingo du lan zuentzat, baina zazpigarrenean libre utziko duzue.

13 Libre uztean, ordea, ez duzue esku-hutsik bidaliko:

14 hornitu zeuen artalde, larrain eta dolareko emaitzez, emaiozue Jaunari zeuen Jainkoari esker lortu dituzuen ondasunetatik.

15 Izan gogoan zeuek ere esklabo izan zinetela Egipton eta Jaunak zeuen Jainkoak askatu zintuztela. Horregatik ematen dizuet gaur agindu hau.

16

«Baina esklaboak, zeuek eta zuen familia maite zaituztelako eta zuenean ongi aurkitzen delako, ez duela alde egin nahi adierazten badizue,

17 ziri bat hartu eta atearen kontra belarria zulatuko diozue , eta esklabo izango duzue betiko; berdin egingo duzue esklaboa emakumea bada ere.

18

«Ez damu izan esklaboa libre utzi beharraz, sei urtez zuentzat lan eginez, jornalariak irabazten duen etekina halako bi eman baitizue, eta Jaunak zeuen Jainkoak bedeinkatu egingo zaituzte zeuen eginkizun guztietan.

19

«Abere handi nahiz txikien lehen-kume arrak Jaunari zeuen Jainkoari sagaratuko dizkiozue; ez duzue lanean erabiliko zeuen behien lehen-kumerik, ezta ilerik moztuko ere ardien lehen-kumeari.

20 Jaunak zuen Jainkoak beretzat aukeratuko duen lekura eramango dituzue urtero, eta beraren aurrean jango etxekoekin.

21 Baina abereak akatsen bat badu —herrena nahiz itsua bada edo beste akatsen bat badu—, ez diozue Jaunari zeuen Jainkoari oparitzat eskainiko;

22 bizi zareten hirian bertan jango duzue; denek jan ahal izango dute, baita legez garbi ez dagoenak ere, ehizakia —gazela nahiz oreina— jan ohi den bezala.

23 Odola, ordea, ez duzue jango, lurrera isuriko baizik, ura bezala.

16

1

«Gogoan izan Abib hila Jaunaren zuen Jainkoaren ohorez Pazkoa ospatzeko, hil horretako gau batean atera baitzintuzten Jaunak zeuen Jainkoak Egiptotik.

2 Pazko-oparitzat abere handi eta txikiak eskainiko dizkiozue Jaunari, zeuen Jainkoari, bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokian .

3 Pazko-otorduan ez duzue legamiadun ogirik jango; zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue: ogi horrek Egiptotik presaka irten behar izan zenuteneko atsekabea oroitaraziko dizue; horrela, bizitza osoan izango duzue gogoan Egiptotik irten zineteneko eguna.

4 Zazpi egun horietan ez da legamiarik izango lurralde osoan. Lehenengo eguneko arratsaldean eskainitako oparigaien haragitik ez duzue ezer ere utziko biharamunerako.

5

«Ez duzue zilegi Pazko-oparia Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen hirietan eskaintzea,

6 baizik eta bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokian bakarrik eskainiko duzue. Ilunabarrean eskainiko duzue, eguzkia sartzean, ordu horretan irten baitzineten Egiptotik.

7 Jaunak zuen Jainkoak aukeratuko duen lekuan egosi eta jango duzue oparigaia, eta biharamun goizean etxera itzuliko zarete.

8 Sei egunez legamia gabeko ogia jango duzue; zazpigarren egunean, batzar sakratua izango duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren ohorez eta ez duzue inolako lanik egingo.

9

«Zenbatu zazpi aste, garia ebakitzen hasten zareten egunetik.

10 Ondoren, Asteen Jaia ospatuko duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren ohorez, borondatezko emaitzak eskainiz, Jaunaren bedeinkazioz izandako ondasunen arabera.

11 Festa egingo duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokian, zeuen seme-alaba eta morroi-mirabeekin, zuekin hiri berean bizi den lebitarrarekin eta zeuen artean dituzuen etorkin, umezurtz eta alargunekin.

12 Izan gogoan zeuek ere esklabo izan zinetela Egipton, eta saiatu lege hauek betetzen.

13

«Garia jaso eta ardoa upeleratu ondoren, Etxola Jaia ospatuko duzue zazpi egunez.

14 Zeuen seme-alaba eta morroi-mirabeekin eta zuekin hiri berean bizi diren lebitar, etorkin, umezurtz eta alargunekin batera ospatuko duzue festa.

15 Zazpi egunez egingo duzue jai, Jaunak zuen Jainkoak beretzat aukeratuko duen lekuan, zeuen poza adieraziz, Jaunak zeuen Jainkoak uzta oparoak eman eta eginkizun guztietan bedeinkatuko zaituztelako.

16

«Urtean hiru aldiz aurkeztuko dira gizaseme guztiak Jaunaren zuen Jainkoaren aurrean, berak aukeratuko duen lekuan: Legamia gabeko Ogien Jaian, Asteen Jaian eta Etxola Jaian, alegia. Ez da inor Jaunaren aurrean esku-hutsik agertuko;

17 nork bere eskaintza eramango du, Jaunaren zuen Jainkoaren bedeinkazioaz izandako ondasunen arabera.

18

«Epaileak eta funtzionarioak ezarriko dituzue leinuetan, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen hiri bakoitzean, herritarren auziak zuzenbidez erabaki ditzaten.

19

«Ez okertu zuzenbidea alderdikeriaz jokatuz; ez onartu eskupekorik, itsutu egiten baititu pertsona jakintsuak ere eta hondatu egiten zintzoen epaia .

20 Izan dezazuela justizia helburu, eta justizia bakarrik; horrela, bizi egingo zarete eta Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldeaz jabetuko.

21

«Ez duzue zurezko zutoin sakraturik ezarriko Jaunarentzat zeuen Jainkoarentzat eraikitako aldare ondoan;

22 ez duzue zutarri sakraturik egingo, gorroto baititu Jaunak zuen Jainkoak halako gauzak.

17

1

«Ez diozue oparitzat eskainiko Jaunari zeuen Jainkoari inolako akatsik duen zekor edo arkumerik, higuingarri baitzaio hori.

2

«Gerta daiteke, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen hirietakoren batean, gizon nahiz emakumeren batek Jaunari zuen Jainkoari gaizki iruditzen zaiona egin eta ituna haustea:

3 hau da, nik aginduaren kontra, jainko arrotzak gurtu eta beraien aurrean —edota eguzki, ilargi eta zeruko izar guztien aurrean— ahuspeztea.

4 Horrelakorik salatzen badizuete edo, zeuen kabuz, horrelako zerbaiten berri jakiten baduzue, ikertu zehatz-mehatz arazoa; Israelen horrelako gaiztakeria egiaz gertatu dela ikusten baduzue,

5 erruduna, gizona nahiz emakumea, hiri-sarrerara eramango duzue eta harrika emango hil arte.

6

«Ez zaio inori heriotza-zigorrik ezarriko bi edo hiru lekukoren aitorpenaz izan ezik; ez da aski lekuko bakarraren aitorpena.

7 Lekukoak izango dira lehenak kondenatua hiltzen, eta herri osoa ondoren. Horrela ezabatuko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

8

«Zuen hirietan auziren bat gertatzen bada —hilketa, liskarra, zauria edo beste zernahi—, zeuek erabakitzeko zailegia iruditzen zaizuena, joan Jaunak zuen Jainkoak aukeratuko duen lekura

9 eta jo argibide bila apaiz lebitarrengana eta une hartan txandan egongo den epaileagana. Hauek epaia emango dizuete,

10 eta haren arabera jokatuko duzue, erabakia arretaz betez.

11 Haiek emandako argibideen eta epaiaren arabera jokatuko duzue, ezertan ere saihestu gabe.

12

«Baina, harrokeriak eraginda, Jaunaren zuen Jainkoaren zerbitzuan dagoen apaizaren nahiz epailearen erabakia onartu nahi ez duena hil egin behar duzue. Horrela ezabatuko duzue gaiztakeria Israeldik.

13 Horren berri jakitean, beldur izango da herria, eta ez da aurrerantzean harrokerian eroriko.

14

«Jaunak zeuen Jainkoak ematen dizuen lurraldean sartu, hartaz jabetu eta bertan bizitzen jartzean, erregea nahi izango duzue agian, inguruko herri guztiek bezala.

15 Hala bada, Jaunak zuen Jainkoak aukeratuko duena egingo duzue errege. Herritarra beharko du izan erregeak; ez zaizue zilegi atzerritarrik zeuen buru jartzea, herrikoren bat baizik.

16

«Erregeak ezin izango du zaldi asko eduki, ezta jendea Egiptora bidali ere bere zalditeria handitzeko, debekatu egin baitizue Jaunak berriro harako bidea hartzea.

17 Ez du emakume askorik izango, haren bihotza desbidera ez dadin, ezta pilatuko ere urre eta zilar larregi.

18

«Errege-agintea hartzean, lege hau kopiaraziko du beretzat, apaiz lebitarren zainpean egongo den liburutik.

19 Berekin eramango du beti, eta egunero irakurriko bere bizitza guztian, Jaunaren bere Jainkoaren begirunean bizitzen ikas dezan, lege honen xedapenak eta arauak betetzen saiatuz.

20 Horrela, ez da harrotuko, bere burua gainerako herritarrak baino handiagotzat joz, ezta saihestuko ere ezertan aginduetatik. Orduan, bai bera, bai ondorengoak, luzaro izango dira errege Israelen.

18

1

«Apaiz lebitarrek, Lebiren leinuko guztiek, alegia, ez dute beste israeldarrek bezala lursailik izango ondaretzat: Jaunaren ohorez eskainitako opariak eta Jaunari dagokiona izango dituzte mantenu-bide.

2 Lebitarrek, beraz, ez dute beste israeldarrek bezala ondare-zatirik izango, Jauna baitute ondare, berak hitzeman bezala.

3

«Hona herriak oparitzat eskaintzen dituen zekor eta arkumeetatik lebitarrei eskubidez dagokiena: sorbalda, matrailak eta urdaila.

4 Gari, ardo eta olioaren hasikinak eta ardi-mozketako lehen artilea ere beraiei emango zaizkie.

5 Izan ere, leinu guztien artean Lebiren leinukoak aukeratu ditu Jaunak zuen Jainkoak, beraren izenean liturgi zerbitzua betiko bete dezaten.

6

«Israelgo edozein hiritan bizi den lebitarrak, Jaunak beretzat aukeratuko duen lekura joatea erabakitzen badu,

7 Jaunaren bere Jainkoaren ohorez liturgi zerbitzuan jarduteko eskubidea izango du, bertan diharduten senide lebitar guztiek bezalaxe.

8 Haiena bezalako partea hartuko du bere mantenurako, famili ondasunak saltzetik jaso dezakeenaz gain.

9

«Jaunak zeuen Jainkoak ematen dizuen lurraldera iristean, ez jarraitu hango herrien jokabide higuingarriei:

10 ez beza zuetako inork semea nahiz alaba oparitzat erre; ez bedi izan zuen artean geroa igartzeko magiazko baliabide, sorginkeria nahiz aztikeriarik erabiliko duenik,

11 ez liluratzailerik, ezta espirituei edo hildakoei deika dabilkeenik ere.

12 Horrelakoak egiten dituen oro higuingarri zaio Jaunari; hain zuzen, higuingarritasun horiengatik botatzen ditu Jaunak zuen Jainkoak herri horiek zuen aurretik.

13

«Izan guztiz zintzo Jaunarekin zeuen Jainkoarekin.

14 Beren lurraldetik botako dituzuen herriek igarle eta aztiei egiten diete kasu; zuei, ordea, ez dizue Jaunak zeuen Jainkoak horrelakorik lagatzen.

15 Jaunak zuen Jainkoak ni bezalako profeta sortuko du zuen artetik, herritarren artetik. Entzun berari!

16 Horixe da, Horeb mendian bildurik zeundetela Jaunari zeuen Jainkoari eskatu zeniotena: “Ez dugu Jaunaren geure Jainkoaren ahotsa berriro entzun nahi, ezta sute hori ikusi nahi ere, hil egingo baikara bestela”.

17 Orduan, Jaunak esan zidan: “Ongi deritzot herriak esandakoari.

18 Zu bezalako profeta sorraraziko dut herritarren artetik; neure hitzak ezarriko dizkiot ahoan eta nik agindurikoa esango die.

19 Profetak nire izenean adierazitako mezua onartuko ez duenari, neuk eskatuko dizkiot kontuak.

20 Baina nik agindu gabeko mezua nire izenean adierazten edota jainko arrotzen izenean hitz egiten ausartzen den profeta hil egingo dute”.

21

«Beharbada, galdegingo duzue: “Nola jakin profetak adierazitako mezua Jaunaren hitza den ala ez?”

22 Hona: profetak Jaunaren izenean adierazia betetzen ez bada eta iragarri duena gertatzen ez, seinalea Jaunaren hitza ez dela; harrokeriak eraginda hitz egin du profeta delako horrek. Ez izan, beraz, beraren beldur.

19

1

«Jaunak zuen Jainkoak erauzi egingo ditu zuei ematen dizuen lurraldeko herriak. Lurraldeaz jabetu eta bertako hiri eta etxeetan bizitzen jartzean,

2 hiru hiri aukeratuko dituzue Jaunak zeuen Jainkoak jabetzan emandako lurraldean.

3 Horretarako, lurraldea hiru zatitan banatuko duzue eta hiri haietarako bideak egokituko, edozein hiltzailek nora ihes egin izan dezan.

4

«Aurrez gorrotatzen ez duen norbait nahi gabe hiltzen duenak, hiri haietako batera egin dezake ihes, bizirik irauteko.

5 Demagun, adibidez, norbait lagunarekin basora zuhaitzak botatzera joaten dela eta, zuhaitza mozteko aizkorakada ematean, burdinak girtenetik ihes egin eta, laguna parean harrapaturik, hil egiten duela; horrelakoak hiri haietako batera ihes egin dezake eta bizia salbatu.

6 Hiriak urrutiegi baleude, hildakoa mendekatzeko eskubidea duenak , amorruz bero-bero, atzetik segi, harrapatu eta hil lezake, nahiz eta hiltzaileak heriotzarik merezi ez, hildakoa aurrez gorrotatzen ez zuenez gero.

7 Horregatik agintzen dizuet hiru hiri horiek aukeratzeko.

8

[8-9] «Gainera, Jauna zeuen Jainkoa maitatuz eta haren bideetan bizitza osoan ibiliz, gaur ematen dizkizuedan agindu guztiok betetzen saiatzen bazarete, Jaunak zeuen Jainkoak, arbasoei zin egin bezala, zeuen lur-mugak hedatuko dizkizue eta agindutako lurralde osoa emango ; orduan, aipatutako hiru hiriez gainera, beste hiru aukeratuko dituzue.

9

10 Horrela, ez da errugabeen odolik isuriko Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat emango dizuen lurraldean, eta ez zarete hilketa-errudun gertatuko.

11

«Baina, lagun hurkoari gorroto dion norbaitek, zelatan jarri, eraso eta hiltzen badu eta hiri haietako batera ihes egiten,

12 atxilotu eta ekartzeko aginduko dute beraren hiriko arduradunek eta mendeku-eskubidea duenaren esku utziko, hil dezan.

13 Ez izan horrelakoaz gupidarik! Horrela ezabatuko duzue errugabearen hilketa Israeldik, eta zoriontsu izango zarete.

14

«Jaunak zeuen Jainkoak jabetzan emandako lurraldean, lehenengo iritsitakoek ondare-zatiak banatu eta mugarriak ezarriko dituzte. Ez aldatu sekula mugarriak lekuz auzokoaren kaltetan.

15

«Lekuko bakarra ez da aski inoren hutsegitea edo delitua frogatzeko; delitua edozein dela ere, bi edo hiru lekukoren aitorpenaz bakarrik erabakiko da auzia.

16

«Asmo txarreko lekukoak norbait delituren batez salatzen badu,

17 bi alderdiak aurkeztuko dira Jaunaren aurrera, une hartan zerbitzu-txandan egongo diren apaiz eta epaileengana.

18 Epaileek zehatz-mehatz ikertuko dute auzia; ikusten bada lekukoa faltsua dela eta herritarra gezurrez salatu duela,

19 besteari ezarri nahi zion zigor bera ezarriko diote berari; horrela ezabatuko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

20 Gainerakoak, horren berri jakitean, beldur izango dira eta horrelako gaiztakeriak egiteari uko egingo diote.

21 Ez izan horrelakoaz gupidarik: bizia biziaren ordain , begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain, eskua eskuaren ordain, oina oinaren ordain.

20

1

«Gerrara irtetean, etsaiek zaldiak eta guda-gurdiak eta zuena baino gudaroste handiagoa dutela ikusi arren, ez izan beldur, zeuekin izango baituzue Jauna zeuen Jainkoa, Egiptotik atera zintuztena.

2

«Borroka-ordua iristean, apaizak aurreratu eta gudarosteari hitz egingo dio:

3 “Entzun, israeldarrok! Gaur etsaien aurka borrokatuko zarete. Ez kikildu, ez izan beldur! Ez asaldatu, ez ikaratu etsaien aurrean!

4 Jauna zuen Jainkoa zuekin doa, etsaien aurka borrokatzeko eta garaipena zuei emateko”.

5

«Ondoren, ofizialek hitz egingo diote gudarosteari: “Zuetako norbaitek etxe berria eraiki eta oraindik estreinatu ez badu, itzul bedi etxera, bera borrokan hil eta etxea beste norbaitek estreina ez dezan.

6 Edota norbaitek mahastia landatu eta oraindik haren lehen fruituak bildu ez baditu, itzul bedi etxera, bera borrokan hil eta lehen fruituak beste norbaitek bil ez ditzan.

7 Edota norbait emakume bati ezkontza-hitza eman eta oraindik harekin ezkondu ez bada, itzul bedi etxera, bera borrokan hil eta emakumearekin beste norbait ezkon ez dadin”.

8

«Ofizialek beste hau ere esango diote gudarosteari: “Beldurrez eta kikildurik dagoena, itzul bedi etxera, borroka-lagunak adoregabe ez ditzan”.

9

«Hitzaldia bukatu ondoren, ofizialek buruzagiak izendatuko dituzte gudari-taldeentzat.

10

«Erasotzeko asmoz hiri batera hurbiltzean, bakea proposatuko diozue lehenbizi.

11 Bake-proposamena onartu eta ateak zabaltzen badizkizuete, zeuentzat lan egitera behartuko dituzue bertako bizilagunak.

12 Baina bake-baldintzak onartu ez eta gerra deklaratzen badizuete, setiatu egingo duzue hiria,

13 eta, Jaunak zuen Jainkoak hura zuen esku jartzean, bertako gizonezko guztiak ezpataz hilko dituzue.

14 Emakumezkoak, haurrak, abereak eta hiriko ondasunak, berriz, guda-harrapakintzat hartuko dituzue eta Jaunak zeuen Jainkoak emandako etsaien harrapakinez janarituko zarete.

15

«Horrelaxe jokatuko duzue urrutiko hiriekin, hemengo herrietakoak ez direnekin, alegia.

16 Baina Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat ematen dizkizuen herrialdeetako hirietan ez duzue inor bizirik utziko.

17 Beraz, Jaunak zeuen Jainkoak agindu bezala, erabat suntsituko dituzue hititak, amortarrak, kanaandarrak, periztarrak, hibiarrak eta jebustarrak,

18 beren jainkoen ohorez egiten dituzten higuingarritasunak irakats ez diezazkizueten eta, horrela, Jaunaren zeuen Jainkoaren aurka bekatu egin ez dezazuen.

19

«Hiri bat, eraso eta konkistatu aurretik, luzaroan setiatu behar baduzue, ez dituzue inguruko arbolak aizkoraz botako, beraien fruituez janaritu beharko duzue eta. Gizaki ote dira, bada, arbolak, setiatutzat hartzeko?

20 Hala ere, fruta-arbolak ez diren zuhaitzak bota ditzakezue, gerran ari zaizuen hiriaren kontrako eraso-tresnak egiteko, hiria erori arte.

21

1

«Jaunak zeuen Jainkoak jabetzan emango dizuen lurraldean norbait landan lurrean hilda azaldu eta nork hil duen ez badakizue,

2 herri-arduradunek eta epaileek bertara joan eta gorpuaren eta inguruko hirien arteko luze-laburra neurtuko dute.

3 Hildakoagandik hurbilen legokeen hiriko arduradunek bigai bat hartuko dute, behin ere lanean jardun edo uztarrian lotu gabea.

4 Sekula agortzen ez den erreka baten ondora, inoiz landu eta erein gabeko tokira, eraman eta lepo-hezurra hautsiko diote.

5

«Orduan, apaiz lebitarrak hurbilduko dira, horiek aukeratu baitzituen Jaunak zuen Jainkoak bere liturgi zerbitzurako eta beraren izenean herria bedeinkatzeko, eta beraiei baitagokie lege-auziak eta arazo kriminalak erabakitzea.

6 Ondoren, hilketa-tokitik hurbilen dagoen hiriko arduradun guztiek eskuak garbituko dituzte errekan eta lepo-hezurra hautsitako bigaiari gainean ezarriko,

7 esanez: “Gure eskuak ez du horren odolik isuri, ezta begiek ezer ikusi ere.

8 Barka, Jauna, askatu duzun zeure herri Israeli, eta ez utzi zeure herrian errugabeen hilketarik gertatzen”.

«Eta hilketa ez zaie leporatuko.

9 Horrela, Jaunari atsegin zaiona eginez, hilketaren errua ezabatu egingo duzue zeuen artetik.

10

«Gerrara atera eta, Jaunak zeuen Jainkoak etsaiak eskura emanik, gatibuak egitean,

11 zuetako norbaitek haien arteko neska ederren bat ikusi eta, hartaz maitemindurik, emaztetzat hartu nahi badu,

12 eraman dezake etxera. Emakumea, ilea eta azkazalak moztu,

13 gatibu-soinekoa erantzi eta etxean geldituko da hilabete batez bere aita-amengatik negar egiten. Dolualdia igaro ondoren elkartuko zaio gizona, eta senar-emazte izango dira.

14 Geroago atsegin ez bazaio, libre joaten utziko dio; ez du salduko diru truke, ezta esklabo egingo ere, berea izatera behartu baitu.

15

«Eman dezagun gizon batek bi emazte dituela eta bata bestea baino maiteago duela, eta, batak zein besteak seme-alabak eman dizkion arren, gutxiago maite duenarena dela lehen-semea .

16 Semeen artean ondarea banatzean, ezin emango dio lehen-semetzaren eskubidea maiteago duen emaztearen semeari, gutxiago maite duen emaztearen semearen, benetako lehen-semearen, kaltetan.

17 Aitzitik, gutxiago maite duen emaztearen semea aitortuko du lehen-seme eta, ondare guztitik, beste semeei dagokiena baino bi aldiz gehiago emango dio; seme hori izan da aitaren gizontasunaren lehen emaitza eta berari dagokio lehen-semetzaren eskubidea.

18

«Eman dezagun guraso batzuek seme zentzakaitza eta bihurria dutela, aita-amen esana egiten ez duena eta, zentzarazten saiatu arren, kasurik egiten ez diena;

19 gurasoek semea hartu eta herri-arduradunengana eramango dute auzitegira,

20 eta esango diete: “Gure seme hau zentzakaitza eta bihurria da, ez digu esana egiten; tripontzi eta mozkorra da!”

21 Orduan, hiritarrek harrika emango diote hil arte. Horrela ezabatuko duzue gaiztakeria zeuen artetik; horren berri jakitean, beldur izango dira israeldar guztiak.

22

«Heriotza-zigorra merezi duen bekatu batengatik norbait urkabean hiltzen baduzue,

23 gorpua ez da gauez bertan geldituko. Egun berean emango diozue lur, Jainkoaren madarikazioa erakartzen baitu zintzilikatuak, eta ez baituzue kutsatu behar Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat ematen dizuen lurraldea.

22

1

«Herritar baten idia nahiz ardia galduta ikusten baduzue, ez egin ez ikusiarena, itzuli jabeari.

2 Auzoan bizi ez bada edo ezezaguna baduzue, eraman aberea zeuen ukuilura eta eduki bertan, herritarra beraren bila etorri arte; orduan, itzuli egingo diozue.

3 Beste horrenbeste egingo duzue herritarrak galdu eta zuek aurkitutako asto, soingaineko nahiz beste edozer gauzarekin ere; ez egin ez ikusiarena.

4

«Zeuen herritarraren astoa nahiz idia bidean eroria ikustean, ez egin ez ikusiarena, lagundu altxatzen.

5

«Emakumeak ez du gizonezkoen jantzirik erabiliko, ezta gizonak ere emakumezkoen soinekorik jantziko, higuingarri baitzaio Jaunari zuen Jainkoari horrelakorik egiten duena.

6

«Bidez zoaztela, zuhaitzean nahiz lurrean habia txorikumeekin edo arrautzekin, ama bertan delarik, aurkitzen baduzue, ez hartu ama kumeekin;

7 utzi joaten amari eta hartu kumeak. Horrela, zoriontsu izango zarete eta luzaro biziko.

8

«Etxe berria eraikitzen baduzue, babesa jarriko diozue etxe gainari inguruan; bestela, handik norbait erori eta hilez gero, heriotzaren erantzule egingo zenukete etxea.

9

«Ez duzue mahastian beste ezer ereingo; bestela, dena geldituko litzateke Jaunari sagaratua , bai ereindakoaren emaitza, baita mahastiarena ere.

10

«Ez dituzue idia eta astoa uztarri berean lotuko, goldean jarduteko.

11

«Ez duzue artilea eta lihoa nahastuz ehunduriko arroparik jantziko.

12

«Borlatxoak ezarriko dituzue estaltzeko erabiliko duzuen mantuaren lau ertzetan.

13

«Eman dezagun norbaitek, emakume batekin ezkondu eta berarekin harremanak izan ondoren, begitan hartzen duela

14 eta egite txarrez salatu eta izen txarra jartzen diola, esanez: “Emakume honekin ezkondu eta, bereganatzean, ez dela birjina konturatu naiz”.

15 Horiek horrela, neskaren aita-amek alabaren birjintasunaren froga-agiria hartu eta herri-arduradunei aurkeztuko diete auzitegian.

16 Aitak esango die: “Alaba gizon horri eman diot emaztetzat; baina begitan hartu du

17 eta egite txarrez salatzen du orain, ez dela birjina esanez. Hona, ordea, nire alabaren birjintasunaren froga-agiria”.

«Eta gurasoek herri-arduradunen aurrean zabalduko dute maindirea ezkontza-gaueko odol-aztarnekin.

18 Arduradunek senarra atxilotu eta zigorra ezarriko diote,

19 zilarrezko ehun txanponeko isuna, israeldar birjina bati izen ona kentzeagatik, eta dirua neskaren aitari emango diote; gainera, emaztetzat onartu beharko du eta ezin izango du bizitza osoan zapuztu.

20

«Baina salakuntza egia izanik, neska ez zela birjina egiaztatzen bada,

21 aitaren etxe-atarira eraman eta hiriko gizonek harrika emango diote hil arte, itsuskeria egin baitu Israelen, aitaren etxean bere burua desohoratuz. Horrela desagerraraziko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

22

«Norbait emakume ezkondu batekin oheratua harrapatzen badute, biak hilko dituzte, gizona eta emakumea. Horrela desagerraraziko duzue gaiztakeria Israeldik.

23

«Norbait, ezkontza-hitza emandako neska bat hirian aurkiturik, berarekin oheratzen bada,

24 hiri-sarrerara aterako dituzte biak eta harrika emango hil arte: neska, hirian izanda ere, laguntza eske deiadar egin ez duelako, eta gizona lagun hurkoaren emaztegaia bortxatu duelako. Horrela desagerraraziko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

25 Baina gizonak neska ezkongaia landan aurkitzen badu, heldu eta berarekin etzaten bada, gizona bakarrik hilko dute;

26 neskari ez diote ezer egingo, ez baitu heriotza-zigorrik merezi duen bekaturik egin. Norbaitek lagun hurkoari eraso eta hiltzen duenean bezalako kasua da hori:

27 landan aurkitu baitu gizonak eta, neskak deiadar eginda ere, ez zen han laguntzeko inor.

28

«Norbait, ezkontza-hitza eman gabeko neska bat aurkiturik, heldu eta berarekin oheratzen bada, eta horrela harrapatzen badituzte,

29 zilarrezko berrogeita hamar txanpon eman beharko dizkio gizonak neskaren aitari eta neska emaztetzat hartu beharko du, bortxatu duelako. Eta ezin izango du bizitza osoan zapuztu.

23

1

«Ez du inork bere aitaren emazte batekin sexu-harremanik izango, aitaren eskubidea hautsiko bailuke.

2

«Barrabilak zanpaturik dituenak nahiz irenduak ez du esku hartuko Jaunaren batzarrean.

3

«Sasikumeak ez du esku hartuko Jaunaren batzarrean, ezta haren ondorengoek ere hamargarren belaunaldia arte.

4

«Amondarrek eta moabdarrek ez dute esku hartuko Jaunaren batzarrean, ezta haien ondorengoek ere sekula, ezta hamargarren belaunaldia igaro ondoren ere;

5 izan ere, Egiptotik irten eta honako bidean, ez zitzaizkizuen ogia eta ura eskaintzera atera; moabdarrek, gainera, Beor-en seme Balaam alokatu zuten eta Mesopotamiako Petor hiritik etorrarazi, zuek madarikatzeko.

6 Baina Jaunak zuen Jainkoak ez zion aditu nahi izan Balaami, eta haren madarikazioa bedeinkazio bihurtu zuen, maite zaituztelako.

7 Ez ibili inoiz ere zeuen bizitzan herri horiekin bakea eta adiskidetasuna lortu nahian.

8

«Baina ez mespretxatu edomdarrak , anaiak baitituzue; ezta egiptoarrak ere, etorkin izan baitzineten haien lurraldean;

9 hirugarren belaunalditik aurrera esku hartu ahal izango dute haien ondorengoek Jaunaren batzarrean.

10

«Etsaien aurka borrokatzeko kanpalekua eratzean, gorde zeuen buruak kutsadura orotatik garbi.

11 Norbait, gauean hazi-isuria izanik, garbi ez badago, kanpalekutik atera eta kanpoan geldituko da;

12 arratsaldean uretan garbituko da eta, eguzkia sartzean, kanpalekura itzuliko.

13

«Toki bat izango duzue kanpalekutik aparte eta hara joango zarete premia izatean.

14 Makila bat hartuko duzue zeuekin eta, sabela hustera irtetean, berarekin zuloa egin eta gorotza lurrez estaliko duzue.

15 Leku santua izan behar du kanpalekuak, bertan baitabil Jauna zuen Jainkoa, zuek babestu eta etsaiak zuen esku jartzeko. Eta zuen artean ezer lotsagarririk ikusiko balu, alde egingo lizueke.

16

«Ez itzuli jabeari berarengandik ihes egin eta zuenean babesturiko esklaboa.

17 Zuekin biziko da berak aukeraturiko zuen hirietako batean, gogokoen izango duen tokian; ez duzue zurrupatuko.

18

«Ez da israeldarren artean prostituzio sakratura emaniko inor izango, ez gizonezkorik, ez emakumezkorik.

19 Ez eraman prostituzioan ateratako dirurik Jaunaren zeuen Jainkoaren tenplura botoren bat betetzeko eskaintza gisa, higuingarri baitzaio Jaunari zuen Jainkoari, bai gizonezkoen , bai emakumezkoen prostituzioa.

20

«Zeuen herritarrari zerbait —dirua, janaria nahiz beste edozer gauza— maileguz ematean, ez diozue eskatuko interesik.

21 Atzerritarrari, bai, eskatu ahal izango dizkiozue interesak, baina ez herritarrari, Jaunak zeuen Jainkoak eginkizun guztietan bedeinka zaitzaten jabetzan hartzera zoazten lurraldean.

22

«Jaunari zeuen Jainkoari botoren bat egiten badiozue, luzatu gabe beteko duzue; luzamendutan ibiliz gero, kontu estua eskatuko dizue Jaunak zeuen Jainkoak, eta errudun bihurtuko zarete.

23 Botorik egiten ez baduzue, ez zarete izango errudun.

24 Baina ez jan emandako hitza, zeuen kabuz Jaunari zeuen Jainkoari agindutako botoa bete gabe utziz.

25

«Lagun hurkoaren mahastian sartzen bazarete, nahi beste jan dezakezue; baina ez bildu ezertxo ere saskian.

26 Eta lagun hurkoaren gari-soroan sartzen bazarete, eskuaz har ditzakezue galburuak, baina igitaiaz moztu ez.

24

1

«Eman dezagun norbait emakume batekin ezkontzen dela, baina gero emakumeagan zerbait lotsagarria aurkitzen duela eta ez zaiola atsegin; orduan, dibortzio-agiria idatzi, emakumeari eman eta bidali egiten duela etxetik;

2 emakumea, ordea, senarraren etxetik alde egin ondoren, beste batekin ezkontzen dela.

3 Senar berriak ere, emakumeaz gogaiturik, dibortzio-agiria idatzi, emakumeari eman eta etxetik bidaltzen badu edota senar berria hiltzen bada,

4 zapuztu zuen lehenengo senarrak ezin hartuko du berriro emaztetzat, kutsatua bihurtu baita berarentzat. Higuingarri izango litzateke hori Jaunarentzat, eta Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldea ez duzue bekatuaz kutsatu behar.

5

«Gizon ezkonberria ez dago soldaduska egitera behartua, ezta beste edozein zerbitzu publiko egitera ere; urtebete geldituko da etxean, edozein betebeharretik libre, hartu duen emaztearekin gozatzeko.

6

«Ez duzue bahituran hartuko, ez errota, ez errotarria, bahituran bizia bera hartzea izango bailitzateke hori.

7

«Norbaitek israeldar herritarra, esklabo bihurtzeko nahiz saltzeko, bahitu egin duela jakiten baduzue, heriotzara emango duzue. Horrela desagerraraziko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

8

«Izan kontu larruazaleko gaitzekin; arreta osoz beteko duzue nik apaiz lebitarrei agindu eta haiek irakatsiko dizuetena.

9 Gogoratu, Egiptotik honako bidean Jaunak zuen Jainkoak Miriami egin ziona.

10

«Lagun hurkoari zerbait maileguz ematen badiozue, ez zarete haren etxean sartuko abala hartzera:

11 itxaron atarian mailegu-hartzaileak abala kanpora ekar diezazuen.

12 Hartzailea pobrea bada, ez zarete bahituran harturiko soingainekoaz estaliko gauez,

13 baizik eta itzuli egingo diozue eguzkia sartzerako, gauez zerekin estali izan dezan eta bedeinka zaitzaten; Jaunak zeuen Jainkoak kontuan hartuko dizue zeuen egintza ona.

14

«Ez duzue jornalari dohakabea eta behartsua zurrupatuko, nahiz herritarra, nahiz zuen herrialdean, zuen hiri berean, bizi den etorkina izan.

15 Egunean eguneko lansaria emango diozue, eguzkia sartu baino lehen; izan ere, behartsua da eta premia-premiazkoa du soldata. Bestela, deiadar egingo dio Jaunari zuen kontra eta errudun izango zarete.

16

«Ez da gurasorik seme-alaben erruarengatik heriotzara emango, ezta seme-alabarik ere gurasoenagatik: nor bere bekatuagatik hilko dute.

17

«Ez dituzue etorkinen eta umezurtzen eskubideak baztertuko, ezta alargunaren arropak bahituran hartuko ere.

18 Izan gogoan zeuek ere esklabo izan zinetela Egipton eta Jaunak zeuen Jainkoak askatu egin zintuztela bertatik; horregatik agintzen dizuet xedapen hori betetzeko.

19

«Uzta biltzean, gari-balarik soroan ahaztuta uzten baduzue, ez itzuli haren bila. Etorkin, umezurtz eta alargunentzat izango da, Jaunak zeuen Jainkoak eginkizun guztietan bedeinka zaitzaten.

20

«Olibondoak astintzean, ez itzuli adarretan geldituriko olibak biltzera. Etorkin, umezurtz eta alargunentzat izango dira.

21

«Mahats-bilketa egitean, ez itzuli atzean utzitako mahats-hondarrak biltzera. Etorkin, umezurtz eta alargunentzat izango dira.

22

«Izan gogoan zeuek ere esklabo izan zinetela Egipton; horregatik agintzen dizuet xedapen horiek betetzeko.

25

1

«Bi gizonen artean liskarrik sortzen bada, auzitara joko dute, epaituak izateko: epaileek errugabea errugabe aitortuko dute eta erruduna errudun.

2 Zigorkatua izan behar duen erruduna lurrean etzanaraziko du epaileak, eta bere begi-bistan merezi beste zigorrada emango dizkiote.

3 Nolanahi ere, sekula ez da berrogei zigorrada baino gehiago emango, zigorraldia gogorregia gerta eta herritarra denen aurrean laidotua geldi ez dadin.

4

«Ez diozue muturrekorik ipiniko gari jotzen ari den idiari .

5

«Bi anaia elkarrekin bizi eta bietako bat seme-alabarik gabe hiltzen bada, alarguntsa ez da beste senitarteko gizon batekin ezkonduko; koinatua ezkonduko da berarekin, koinatuari dagokion eginbeharra betez.

6 Emakumeak izango duen lehen-semeak hildako anaiaren izena hartuko du; horrela, ez da haren izena israeldarren artetik ezabatuko.

7

«Baina koinatuak emaztetzat hartu nahi ez badu, alarguntsak herri-arduradunengana auzitegira joan eta esango die: “Nire koinatuak ez du legezko bere eginbeharra bete nahi, eta ez dio anaiari sortu nahi haren izenari israeldarren artean bizirik iraunaraziko dion ondorengoa”.

8 Herri-arduradunek deitu eta gizonarekin hitz egingo dute. Honek, bereari eutsiz, ez duela ezkondu nahi esaten badu,

9 koinatak, hurbilduz, sandalia erantziko dio eta aurpegira listua botako herri-arduradunen aurrean, esanez: “Hara zer egiten zaion bere anaiari familia eman nahi ez dion gizonari”.

10

«Eta halakoaren etxeari “Oinutsaren etxea” deituko diote israeldarrek.

11

«Herritar bi elkarrekin borrokan ari badira eta haietako baten emazteak, senarra jipoitik libratzeko, eskua luzatu eta besteari lotsarietatik heltzen badio,

12 moztu egingo diote eskua . Ez izan gupidarik!

13

[13-14] «Ez duzue pisu eta neurri faltsurik erabiliko salerosketetan.

14

15 Behar bezalako pisu eta neurriak, zuzen eta zehatzak, izango dituzue; horrela, luzaro biziko zarete Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldean.

16 Izan ere, neurri faltsuak erabiliz zuzengabe jokatzen duena higuingarri zaio Jaunari zuen Jainkoari.

17

«Izan gogoan, Egiptotik atera eta honako bidean amalektarrek egin zizuetena:

18 nekatuta eta ahuldurik zentoztela, bidera irten eta taldearen atzealdean ezinean zetozenei eraso zieten, Jainkoaren begirunerik gabe.

19 Beraz, Jaunak zeuen Jainkoak jabetzan emango dizuen lurraldean, inguruko etsaiengandik libratu eta atsedena emango dizuenean, ezereztu egingo dituzue amalektarrak eta horien oroitzapena bera ere mundutik ezabatuko. Ez ahaztu gero!

26

1

«Jaunak zeure Jainkoak ondaretzat emango dizun lurraldean sartu, haren jabe egin eta bertan biziko zarenean,

2 Jaunak emandako lurraldeak ekarritako emaitza guztien lehen fruituak saski batean hartu eta Jaunak zure Jainkoak bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokira joango zara.

3 Han, egun haietan zerbitzu-txandan egongo den apaizarengana aurkeztu eta esango diozu: “Gaur Jaunaren zure Jainkoaren aurrean aitortzen dut, Jaunak gure arbasoei zin eginez emango zigula agindutako lurraldera iritsi garela”.

4

«Apaizak zure eskuetatik saskia hartu eta Jaunaren zure Jainkoaren aldare aurrean ipiniko du.

5 Orduan, aitorpen hau egingo duzu Jaunaren zeure Jainkoaren aurrean:

«“Nire aita noraezean zebilen aramearra zen. Berekin lagun-taldetxo bat besterik ez zuela, Egiptora joan eta etorkin bezala bizi izan zen han. Egipton herri handi, ahaltsu eta jendetsu bihurtu zen.

6 Baina egiptoarrek tratu txarra eman ziguten, zapaldu eta esklabotza gogorra ezarri.

7 Orduan, oihu egin genion Jaunari arbasoen Jainkoari laguntza eske, eta Jaunak entzun egin zituen gure garrasiak, errukarri, sufrimenduz josirik eta zapaldurik ikusi baikintuen.

8

«“Jaunak Egiptotik atera gintuen ahalmen handiz eta esku indartsuz, mirari eta egintza harrigarriak eginez, etsaiengan izua sortuz.

9 Eta toki honetara ekarri gaitu, eta esnea eta eztia darizkion lurralde hau eman.

10

«“Orain, beraz, hemen dakartzat, Jauna, zeuk eman didazun lurreko emaitzen lehen fruituak”.

«Hori esanik, Jaunaren zeure Jainkoaren aurrean ezarriko duzu eskaintza eta beraren aurrean ahuspeztuko zara.

11 Eta festa egingo duzu, zeure Jainko Jaunak zeuri eta etxekoei emandako ondasun guztiengatik eskerrak emanez, zurekin bizi diren lebitar eta etorkinekin batera.

12

«Hiru urtero hamarrenen urtea izango duzue: uzten hamarrenak bereizi ondoren, zuen hirian bizi diren lebitar, etorkin, umezurtz eta alargunei emango dizkiezue, zer jana izan dezaten.

13 Ondoren, zuetako bakoitzak adierazpen hau egingo du Jaunaren zuen Jainkoaren aurrean: “Erretiratu dut etxetik sagaratu beharrekoa, eta lebitar, etorkin, umezurtz eta alargunari eman diet, zuk, Jaun horrek, agindu bezala. Ez dut zure aginduetariko bat ere hautsi, ez ahaztu.

14 Ez dut hamarrenetatik ezer jan dolualdian, ez dut ezer erretiratu kutsaturik nengoela, ezta hildako bati eskaini ere. Zure esana egin dut, Jauna ene Jainkoa, eta zuk agindutako guztia bete.

15 Begira zeruko zeure egoitza santu horretatik eta bedeinka itzazu Israel zeure herria eta, arbasoei zin egin bezala, eman diguzun lurraldea, esnea eta eztia darizkion lurraldea”.

16

«Jaunak zeuen Jainkoak lege eta erabaki hauek betetzeko agintzen dizue gaur: bihotz-bihotzez eta gogo osoz gorde eta beteko dituzue.

17

«Onartu egin duzue gaur Jaunak proposatua , hau da: bera izango duzuela zeuen Jainko, berari jarraituko diozuela, beraren lege, agindu eta erabakiak beteko dituzuela eta esana egingo.

18

«Jaunak ere onartu egin du gaur zuek proposatua, hau da: beraren herri izango zaretela, beraren jabego berezi , berak hitzeman bezala; zuek haren agindu guztiak beteko dituzuela,

19 eta Jaunak, bere aldetik, berak egindako herri guztiei baino ohore, ospe eta duintasun handiagoa emango dizuela, eta beretzat sagaraturiko herri egingo zaituztela, berak hitzeman bezala».

27

1

Moisesek, Israelgo arduradunekin batera, agindu hau eman zion herriari: «Bete gaur ematen dizkizuedan agindu guztiok.

2 Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldera joateko Jordan ibaia igaroko duzuen egunean, harritzar batzuk hartu, tente ipini eta karez zurituko dituzue.

3 Harrietan lege honen xedapen guztiak idatziko dituzue. Jordan ibaia igarotakoan egingo duzue hori, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldean sartzean, Jaunak zeuen arbasoen Jainkoak esanaren arabera, esnea eta eztia darizkion lurraldean sartzean, alegia.

4 Jordan ibaia igarotzean, beraz, gaur agindu dizuedanez, Garizim mendian harriak tente ipini eta karez zurituko dituzue.

5

«Han, burdinazko tresnaz landu gabeko harriz eginiko aldarea eraikiko diozue Jaunari zeuen Jainkoari;

6 harri hutsez eraikiko duzue aldarea. Ondoren, erre-opariak eskainiko dizkiozue bertan Jaunari zeuen Jainkoari;

7 eskaini elkartasun-opariak ere eta jan bertan, Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean festa eginez.

8

«Harrietan lege honen xedapen guztiak idatziko dituzue, argi eta garbi zizelkatuz».

9

Gero, Moisesek eta apaiz lebitarrek esan zioten Israel herri osoari: «Zaude isilik eta entzun, Israel! Gaur Jaunaren zeuen Jainkoaren herri egin zarete.

10 Obeditu Jaunari zeuen Jainkoari eta bete beraren agindu eta legeak, gaur nik adieraziak».

11

Egun hartan, agindu hau eman zion Moisesek herriari:

12 «Jordan ibaia igaroko duzuenean, Simeon, Lebi, Juda, Isakar, Jose eta Benjaminen leinuak Garizim mendian kokatuko dira, herria bedeinkatzeko,

13 eta Ruben, Gad, Axer, Zabulon, Dan eta Neftaliren leinuak Ebal mendian, herria madarikatzeko».

14

Lebitarrek aldarrikapen hau egingo diete ozenki israeldar guztiei:

15

«Madarikatua Jaunarentzat higuingarri eta artisauen eskulan hutsa den idoloa nahiz jainko-irudia egin eta ezkutuan gordetzen duena!»

Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

16

«Madarikatua aita nahiz ama gutxiesten duena!»

Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

17

«Madarikatua auzokoaren kaltetan mugarriak lekuz aldatzen dituena!»

Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

18

«Madarikatua itsua desbideratzen duena!»

Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

19

«Madarikatua etorkin, umezurtz eta alargunaren eskubideak baztertzen dituena!»

Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

20

«Madarikatua aitaren emazte batekin oheratzen dena, aitaren eskubidea hautsiz!»

Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

21

«Madarikatua abereekin haragizko bekatua egiten duena!»

Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

22

«Madarikatua arrebaordearekin, aitaren nahiz amaren alabarekin, oheratzen dena!»

Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

23

«Madarikatua amaginarrebarekin oheratzen dena!»

Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

24

«Madarikatua lagun hurkoa azpikeriaz hiltzen duena!»

Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

25

«Madarikatua errugabea hiltzeagatik eskupekoa onartzen duena!»

Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

26

«Madarikatua lege honen xedapenak gogoan hartzen eta betetzen ez dituena!»

Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

28

1

«Gaur ematen dizkizuedan aginduak betetzen saiatzen bazarete eta Jaunari zeuen Jainkoari zintzo obeditzen badiozue, munduko herri guztien gainetik goratuko zaituzte.

2 Jaunari zeuen Jainkoari obeditzen badiozue, bedeinkazio hauek guztiak bete-betean iritsiko zaizkizue.

3

«Bedeinkatuak izango zarete hirian, bedeinkatuak landan.

4

«Emankor egingo zaituzte Jaunak, bai zeuek, bai zuen lur eta abereak, eta zekorrak eta arkumeak ugalduko dizkizue.

5

«Saskiak fruituz eta oramahaiak ogiz beteko dizkizue Jaunak.

6

«Bedeinkatuak izango zarete zeuen eginkizun guztietan.

7

«Erasoko dizueten etsaiak zuen menpe jarriko ditu Jaunak; bide bakarretik zuen aurka etorriak, mila bidetan sakabanaturik joango dira zuengandik ihesi.

8

«Garautegiak gainezka beteko dizkizue eta eginkizun guztietan arrakasta emango Jaunak zeuen Jainkoak: bedeinkatu egingo zaituzte berak emango dizuen lurraldean.

9

«Berari sagaraturiko herri egingo zaituzte Jaunak, zin egin dizuen bezala, baldin eta Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak betetzen badituzue eta berari jarraitzen badiozue.

10 Orduan, munduko herri guztiek ikusiko dute Jaunaren izena daramazuela , eta zuen beldur izango dira.

11

«Ondasunez beteko zaituzte Jaunak: emankor egingo zaituzte, bai zeuek, bai zuen abere eta lurrak, Jaunak arbasoei zin eginez zuei emango zizuela aginduriko lurraldean.

12

«Jaunak zeruko bere gordailu aberatsa irekiko du zuentzat, lurrari sasoian sasoiko euria emateko eta zuen jarduera guztiak bedeinkatzeko. Herri askori egingo diozue mailegu, baina zuek mailegurik eskatu beharrik ez duzue izango.

13

«Lehen postuan jarriko zaituzte Jaunak, inoiz ere ez azkenekoan; gora egingo duzue beti, behin ere ez behera, baldin eta gaur ematen dizkizuedan Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen eta arretaz betetzen badituzue,

14 ezertan ere saihestu gabe, eta jainko arrotzen atzetik joaten ez bazarete, berauei kultu emateko.

15

«Aitzitik, gaur ematen dizkizuedan agindu eta legeak betetzen saiatu ez eta Jaunari zeuen Jainkoari obeditzen ez badiozue, madarikazio hauek guztiak bete-betean iritsiko zaizkizue.

16

«Madarikatuak izango zarete hirian, madarikatuak landan.

17

«Saskiak eta oramahaiak hutsik utziko dizkizue Jaunak.

18

«Agor egingo zaituzte Jaunak, bai zeuek, bai zuen lur eta abereak, eta antzu zuen behi eta ardiak.

19

«Madarikatuak izango zarete zeuen eginkizun guztietan.

20

«Madarikazioa, izua eta mehatxua bidaliko dizkizue Jaunak zeuen eginkizun guztietan: suntsitu egingo zaituzte eta bizkor desagerraraziko, zeuen egintza txarrez Jauna baztertzeagatik.

21

«Izurria zabalduko du Jaunak zuen artean, jabetzan hartzera zoazten lurraldetik erauzi arte.

22 Gaitz galgarriz, sukarrez eta hanpaduraz joko zaituzte; lehortez , haize errez eta gorrinez hondatuko dizkizue uztak: ez du etsiko zuek desagerrarazi arte.

23

«Zeuen buru gaineko zerua brontzea bezain lehor eta oinazpiko lurra burdina bezain elkor bihurtuko dizkizue.

24 Euriaren ordez hautsa eta errautsa bidaliko dizkizue zerutik, zuek suntsitu arte.

25

«Etsaien menpe jarriko zaituzte Jaunak; bide bakarretik aterako zarete gerrara, baina mila bidetan sakabanaturik egingo duzue ihes etsaiengandik. Ikuskizun izugarri gertatuko zarete munduko erresuma guztientzat.

26 Zuen gorpuak zeruko hegazti eta lurreko piztien janari izango dira, eta ez da inor ere izango haiek uxatzeko.

27

«Egiptoarrak jo zituen bezalako zauri zornetsuz eta erlakizten, sarna eta ezkabiaz joko zaituzte Jaunak, eta sendaezinak gertatuko zaizkizue gaitzok.

28 Zorabioz, itsumenez eta izu-ikaraz joko zaituzte;

29 eguerdi-eguerdian itsumustuka ibiliko zarete, itsua bere iluntasunean bezala, eta ez duzue bidea aurkitzen asmatuko. Jende zapaldu eta larrutua izango zarete bizitza osoan, eta ez dizue inork lagunduko.

30

«Zuek aukeratu emakumea ezkontzeko, eta beste batek bereganatuko du; etxea eraiki, eta ez zarete bertan biziko; mahastia landatu, eta ez duzue mahatsik dastatuko.

31 Zuen idia zeuen begi aurrean lepo egingo dute, eta ez duzue haragirik jango; astoa zeuen aurrean lapurtu, eta ez duzue berreskuratuko; zuen ardiak etsaiei emango dizkiete, eta ez dizue inork lagunduko.

32 Zuen seme-alabak atzerritarrei emango dizkiete; begiak urtzeraino egongo zarete haiek noiz itzuliko begira-begira, baina ezin ezer egin.

33 Zuen lurraren emaitza eta zuen neke guztien fruitua herri ezezagunak irentsiko ditu. Jende zapaldu eta larrutua izango zarete bizitza osoan.

34 Erotu egingo zarete begi aurrean izango duzuena ikusiz.

35

«Zauri gaiztoz joko zaituzte Jaunak belaunetan eta zangoetan; oinazpitik bururaino hedatuko zaizkizue eta sendaezinak gertatuko.

36

«Ez zeuek, ez zuen arbasoek ezagutzen ez duzuen herrira eramango zaituzte Jaunak, bai zeuek, bai zuek aukeratutako erregea, eta zurezko eta harrizko jainko arrotzak gurtu beharko dituzue han.

37 Txunditurik geldituko dira denak Jaunak eramango zaituzten herrietan, koplak aterako dizkizuete eta iseka egingo.

38

«Hazi ugari ereingo duzue soroan, baina uzta kaskarra bilduko, larrapoteak irentsiko baitu;

39 mahastiak landatu eta landuko dituzue, baina ez ardorik edango, ezta mahatsik bilduko ere, harrak jango baititu;

40 lurralde guztian izango dituzue olibondoak, baina ez zarete olioz gantzutuko, erori egingo baitira olibak;

41 seme-alabak sortuko dituzue, baina ez dituzue zeuekin izango, gatibu eramango baitituzte;

42 zuen zuhaitz eta lurreko landareak zomorroen harrapakin izango dira.

43

«Zuen artean bizi diren etorkinak gero eta gorago igoko dira zuen gain, eta zuek gero eta beherago eroriko;

44 beraiek egingo dizuete mailegua, eta zuek maileguz zer emanik ez duzue izango; beraiek izango dira lehen postuan, eta zuek azkenekoan.

45

«Madarikazio guztiok etorriko zaizkizue gainera, pertsegitu eta harrapatu egingo zaituztete, suntsitu arte, Jaunaren zeuen Jainkoaren esana ez egiteagatik eta berak emandako agindu eta legeak ez betetzeagatik.

46 Hori guztia seinale eta oharpen izango da zuentzat eta zuen ondorengoentzat betiko.

47

«Oparotasunean Jauna zeuen Jainkoa pozik eta eskuzabal zerbitzatu ez zenutelako,

48 Jaunak kontra bidaliko dizkizuen etsaiak baldintza gogorretan zerbitzatu beharko dituzue: gose-egarriz, biluzik eta behar gorrian. Lepoan burdinazko uztarria ezarriko dizuete, suntsitu arte.

49 Herri bat altxaraziko du Jaunak zuen kontra, hizkera ezezaguneko herria, urrutitik, munduaren azken muturretik, arranoa bezala hegan etorriko dena:

50 herri ankerra, zaharrentzat errespeturik eta haurrentzat errukirik izango ez duena.

51 Zuen abereen emaitza eta lurraren fruitua jango dute, zuek desegin arte; ez dizuete utziko ez garirik, ez ardorik, ez oliorik, ezta zekorrik edo arkumerik ere, zuek desegin arte.

52 Hiri guztiak setiatuko dizkizuete, zeuen herrialdean seguru sentiarazten zintuzteten harresi garai eta sendoek lur jo dezaten arte; Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldeko hiri guztietan setiatuko zaituztete.

53 Zeuen sabeleko fruitua —Jaunak zeuen Jainkoak emandako seme-alaben haragia— jango duzue, hain larria izango baituzue egoera etsaiek setiatzean.

54

[54-55] «Kinka horretan, zuetako gizonik gozo eta atseginenak ere begi txarrez ikusiko ditu, bai anaia, bai emazte kutuna eta bai gelditutako seme-alabak ere, besterik ezean, jateko asmoa duen seme-alaben haragia haiekin banatu beharko duen beldurrez.

55

56 Emakumerik gozo eta atseginenak ere —oinazpia lurrean jartzeko ere gauza ez zenak, hain baitzen fina eta samurra—, begi txarrez ikusiko ditu senar kutuna eta seme-alabak,

57 beste jatekorik ezean, hankartetik darion ur-zorroa eta egin berri duen haurra bera ere jan egin nahiko baititu ezkutuan; eta guztia, etsaiek zeuen hirietan ezarriko dizueten setioak sortutako estuasun eta egoera larriengatik.

58

«Liburu honetan idatzirik dauden xedapen guztiak arretaz betetzen ez badituzue eta “Jauna” izen ospetsu eta beldurgarria duen zeuen Jainkoari begirunerik ez badiozue,

59 gaitz gogorrez joko zaituzte Jaunak, bai zeuek, bai zuen ondorengoak: zauri izugarriz, zauri latz eta iraunkorrez, gaixotasun gaizto eta sendaezinez.

60 Egipton izu-ikaraz ikusi zenituzten izurri guztiak etorriko zaizkizue gainera eta zuen artean zabalduko.

61 Are gehiago, legearen liburu honetan aipatu ez diren gaixotasun eta zauri-mota oro ere bidaliko dizue Jaunak, suntsitu arte.

62

«Zeruko izarrak bezain ugari izan ondoren, banaka batzuk besterik ez zarete bizirik geldituko, Jaunaren zeuen Jainkoaren esana ez egiteagatik.

63 Zuek zoriontsu egiten eta ugaltzen izan zuen adinako atsegina izango du Jaunak zuek galtzen eta suntsitzen: jaurti egingo zaituzte jabetzan hartzera zoazten lurraldetik.

64 Herri guztien artean barreiatuko zaituzte Jaunak, munduko ertz batetik besteraino; han, ez zeuek, ez zuen arbasoek ezagutzen ez zenituzten zurezko eta harrizko jainko arrotzak gurtu beharko dituzue.

65 Herri horien artean ez duzue atsedenik izango, ezta zeuen oinak lasai non pausaturik ere, bihotza ikaraz, begiak tristuraz eta barrua atsekabez beteko baitizkizue Jaunak.

66 Hari batetik zintzilik bezala biziko zarete, gau eta egun dardaraz, bizitzaz ere etsita.

67 “Ai ilunabarra balitz!” pentsatuko duzue goizean; “Ai goiza balitz!”, iluntzean, izutuak biziko baitzarete begien aurrean izango duzuena ikusiz.

68

«Jaunak Egiptora itzularaziko zaituzte ontziz, berriro ez zenutela ikusiko esan zizuen lurraldera; han, zeuen burua etsaiei saldu nahian ibiliko zarete guztiok, gizonezko nahiz emakumezko; baina ez duzue eroslerik aurkituko».

69

Israeldarrekin Horeb mendian egina zuen itunaz gainera, beste itun bat egiteko agindu zion Jaunak Moisesi Moab lurraldean. Hona itunaren xedapenak.

29

1

Moisesek israeldar guztiei dei egin eta esan zien: «Ikusi duzue Jaunak faraoiari, beraren funtzionario eta herrialde osoari Egipton zeuen begi aurrean egina:

2 ezaugarri handiak, mirari eta egintza ikaragarriak.

3 Hala ere, Jaunak adimena itsutu egin dizue gaurdaino eta ez zarete gauza izan ikusten eta entzuten zenutena ulertzeko.

4

«Berrogei urtez ibilarazi zaituzte Jaunak basamortuan, eta ez zaizkizue ez arropak, ez oinetakoak, hondatu.

5 Ez duzue ogi beharrik izan jateko, ezta ardo edo pattar beharrik ere edateko. Jauna arduratu da zuetaz, bera dela Jauna zeuen Jainkoa aitor zenezaten.

6

«Gero, hona iritsi zarete. Hexbongo errege Sihon eta Baxango errege Og gure aurka borrokatzera irten zaizkigu bidera eta garaitu egin ditugu;

7 haien lurraldeak hartu eta Ruben eta Gaden leinuei eta Manasesen leinu erdiari eman dizkiegu ondaretzat.

8

«Bete arretaz itun honen xedapenak, zeuen eginkizun guztietan arrakasta izan dezazuen.

9

«Denok zaudete gaur hemen Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean: leinuburuak , herri-arduradun eta funtzionarioak, gizonezkoak,

10 haur eta emakumeak, baita kanpalekuan egurgile eta ur-ekarle diren etorkinak ere.

11 Jaunak zuen Jainkoak gaur zuekin egiten duen ituna onartzeko eta ezartzen dizuen konpromisoaz zeuen buruak lotzeko zaudete hemen.

12 Itunaren bidez, bere herri egiten zaituzte Jainkoak eta bera zuen Jainko izango da, zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez hitzeman zien bezala.

13 Ez du ituna zuekin bakarrik egiten, eta konpromisoa ez dagokizue zuei soilik;

14 gaur hemen, Jaunaren geure Jainkoaren aurrean gaudenontzat ez ezik, gaur gurekin hemen ez direnentzat ere balio du.

15

«Gogoan duzue Egipton bizi izan garela eta bidean aurkitu ditugun herrien artetik igaro garela.

16 Ikusi ahal izan dituzue haiek gurtzen dituzten idolo higuingarriak, zurezko, harrizko, zilarrezko eta urrezko irudiak.

17 Ez dadila zuen artean inor izan, gizon nahiz emakume, senitarte nahiz leinu, Jaunari zeuen Jainkoari bizkarra emango dionik, herri horien jainkoei kultu emateko; ez dadila zuen artean horrelako fruitu garratz eta pozoitsurik emango duen landarerik hazi.

18 Itun honen xedapenak entzutean, ez dezala zuetako inork, bere buruaz pozik, hau pentsa: “Neure jarrera setatsu eta guzti, zorionak ez dit huts egingo, lursail ureztatuak ez baitu egarririk ”.

19 Ez, Jauna ez dago prest horrelakoari barkatzeko. Desleialkeria jasan ezin duen Jaunaren haserrea piztu egingo da gizaki haren aurka, eta liburu honetan idatzitako madarikazio guztiak gainera etorriko zaizkio; Jaunak haren oroitzapena bera ere ezabatu egingo du mundutik.

20 Jaunak apartatu egingo du Israelgo leinu guztietatik, bere zoritxarrerako, legearen liburu honetan idatzitako madarikazioen arabera.

21

«Geroko gizaldiek —zuen atzetik etorriko diren ondorengoek nahiz urrutiko herrialdeetatik etorriko diren atzerritarrek— herri honek jasandako ezbeharrak eta Jaunak eragindako gaitzak ikusi eta esango dute:

22 “Lurralde guztia sufreak eta gatzak erreta dago; ez daiteke hor ez erein, ez landarerik erne eta hazi. A zer hondamendia, Jaunak bere haserre-suminean erraustu zituen Sodoma eta Gomorra, Adma eta Tzeboim hiriena bezalako hondamendia!”

23 Eta herri guztiek galdetuko dute: “Zergatik tratatu ote du horrela Jaunak herrialde hori? Zer dela-eta piztu zaio haserre izugarri hori?”

24 Eta erantzungo diete: “Zergatik? Jaunak berorien arbasoen Jainkoak Egiptotik atera zituenean beroriekin egindako ituna baztertu

25 eta ezagutzen ez zituzten eta berorienak ez ziren jainko arrotzak gurtzen eta beraien aurrean ahuspezten hasi zirelako;

26 horregatik piztu zen Jaunaren haserrea herrialde horren kontra, horregatik bidali zizkion liburu honetan idatzitako madarikazio guztiak.

27 Jaunak, haserre-suminez eta amorru biziz, beren lurraldetik atera eta gaur egun daudeneko atzerrira bota zituen”.

28

«Gauza ezkutuak Jaunak gure Jainkoak bakarrik ezagutzen ditu; hark agertutakoak, ostera, guretzat eta gure ondorengoentzat dira, lege honetan esaten den guztia bete dezagun.

30

1

«Adierazi dizuedan guztia —proposatu dizkizuedan bedeinkazio eta madarikazioak— gertatuko zaizue, bai. Orduan, Jaunak zeuen Jainkoak botako zaituzten nazioetan, gogoeta egingo duzue;

2 Jaunarengana zeuen Jainkoarengana itzuliko zarete eta beronen esana egin eta gaur agintzen dizuedan guztia bihotz-bihotzez eta gogo osoz beteko duzue bai zeuek, bai zuen ondorengoek.

3 Orduan, Jaunak zuen Jainkoak aldatu egingo du zuen zoria , gupidaz hartuko zaituzte eta sakabanaturik egongo zareten nazio guztietatik berriro bilduko;

4 munduko azken muturreraino bota bazintuzten ere, bertara joan eta bildu egingo zaituzte Jaunak zeuen Jainkoak;

5 zuen arbasoek jabetzan hartu zuten lurraldera itzularaziko zaituzte eta beronen jabe bihurtuko zarete; zeuen arbasoak baino zoriontsuago eta ugariago egingo zaituzte.

6

«Zuen Jainko Jaunak zuen eta zuen ondorengoen bihotzetan ezarriko du ituna , Jauna zeuen Jainkoa bihotz-bihotzez eta gogo osoz maitatu ahal izan dezazuen eta bizirik iraun.

7 Madarikazio guztiok, berriz, pertsegitu izango zaituzteten etsai amorratuen gainera botako ditu Jaunak zuen Jainkoak.

8 Zuek, ordea, Jaunaren esaneko bihurtuko zarete berriro eta gaur ematen dizkizuedan agindu guztiok beteko dituzue.

9 Jaunak ondasunez beteko zaituzte: arrakasta emango dizue zuen eginkizun guztietan, eta emankor egingo bai zeuek, bai zeuen abere eta lurrak; atsegin izango baitzaio zuen Jainko Jaunari zuen ongizatea, zuen arbasoena izan zitzaion bezala.

10 Izan ere, obeditu egingo diozue Jaunari zeuen Jainkoari, legearen liburu honetan idatzitako beraren agindu eta legeak betez, eta bihotz-bihotzez eta gogo osoz itzuliko zarete Jaunarengana zeuen Jainkoarengana.

11

«Gaur nik ematen dizuedan agindua ez da zuen indarrez gaindikoa, ezta eskuraezina ere.

12 Ez dago han zeruan, zuek honela esan behar izateko: “Nor joango zaigu zerura, agindua ekarri eta guri jakinarazteko, bete ahal izan dezagun?”

13 Ez dago itsasoaz beste aldean ere, zuek honela esan behar izateko: “Nor joango zaigu itsasoaz beste aldera, agindua ekarri eta guri jakinarazteko, bete ahal izan dezagun?”

14 Zeren esku-eskura baituzue Jaunaren hitza, zeuen ahoan eta bihotzean, bete dezazuen.

15

«Hara, aukeran jartzen dizkizuet gaur bizia eta zoriona, heriotza eta zoritxarra.

16 Baldin eta gaur nik ematen dizkizuedan Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen badituzue, Jauna zeuen Jainkoa maitatuz, berari jarraituz eta beraren agindu, lege eta erabakiak betez, biziko zarete eta ugalduko, eta bedeinkatu egingo zaituzte Jaunak zeuen Jainkoak, jabetzan hartzera zoazten lurraldean.

17 Baina zuen bihotza okerbideratzen bada eta, jainko arrotzen aurrean ahuspeztu eta haiek gurtzeko tentazioari amore emanez, ez entzunarena egiten baduzue,

18 gaur iragartzen dizuet erabat galduko zaretela: ez zarete luzaro biziko Jordanez beste aldean jabetzan hartzera zoazten lurraldean.

19

«Zeru-lurrak hartzen ditut lekuko gaur zuen kontra: bizia eta heriotza jartzen dizkizuet aukeran, bedeinkazioa eta madarikazioa. Aukeratu bizia, bizi zaitezten, bai zeuek, bai zuen ondorengoak.

20 Horretarako, maita ezazue Jauna zeuen Jainkoa, obeditu eta bizi berari atxikiak, horretan baitatza zuen bizia, eta hortik baitatorkizue Jaunak zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez agindutako lurraldean luzaro bizitzeko ahalbidea».

31

1

Moisesek israeldar guztiei berriro hitz egin

2 eta esan zien: «Baditut dagoeneko ehun eta hogei urte eta ez naiz gauza daukadan kargurako; gainera, Jaunak esan dit: “Ez duzu horko Jordan hori igaroko”.

3 Jauna bera, zuen Jainkoa, igaroko da zuen aurretik, berak suntsituko ditu horko herriak eta beren lurraldetik botako. Josue joango da zuen buru, Jaunak esan bezala.

4 Jaunak Sihon eta Og errege amortarrei eta beraien lurraldeei egindakoa bera egingo die herri horiei ere, suntsitu alegia.

5 Jaunak zuen eskura jarriko ditu; zuek, nik agindu bezala jokatuko duzue haiekin.

6 Izan bihotz eta adore! Ez izan beldur eta ez ikaratu haien aurrean, Jauna bera, zuen Jainkoa, baitoa zuekin; ez zaituzte inola ere utziko».

7

Ondoren, Moisesek Josueri dei egin eta israeldar guztien aurrean esan zion: «Izan bihotz eta adore! Zeuk sarraraziko duzu herria arbasoei zin eginez Jaunak agindutako lurraldean eta zeuk banatuko lurraldea ondaretzat.

8 Jauna bera joango zaizu aurretik eta zeurekin izango duzu; ez zaitu inola ere utziko. Ez izan beldur! Ez kikildu!»

9

Moisesek lege hau idatziz jarri eta Jaunaren itun-kutxa zeramaten lebitarren eta Israelgo herri-arduradun guztien esku utzi zuen.

10 Eta agindu hau eman zien: «Zazpi urtez behin, zorren barkamen-urtean, Etxola Jaietan,

11 Israel osoa Jaunaren zuen Jainkoaren aurrean, berak aukeratuko duen lekuan aurkeztean, lege hau irakurriko diozue herri osoari ozenki.

12 Bildu herri osoa —gizon-emakumeak, haurrak eta zuen hirietan bizi diren etorkinak— denek entzun dezaten, Jaunari zuen Jainkoari begirune izaten ikasi eta lege honen xedapen guztiak betetzen saia daitezen.

13 Horrela, legeaz ezer ez dakiten zuen seme-alabek ere entzungo dute eta ikasiko Jaunari zuen Jainkoari begirune izaten, Jordanez beste aldean jabetzan hartuko duzuen lurraldean biziko zareten denbora guztian».

14

Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Hurbil duzu heriotza-eguna. Egiozu dei Josueri, eta aurkez zaitezte biok elkarketa-etxolan, Josueri neure aginduak eman diezazkiodan». Hala, Moises eta Josue elkarketa-etxolan aurkeztera joan ziren.

15 Han, Jauna agertu zitzaien laino-adarrean; hau etxola-sarreran zegoen.

16

Jaunak esan zion Moisesi: «Begira, laster hilko zara , eta herria, sartzera doan lurraldeko jainko arrotzei jarraituz, nirekiko desleial izango da; utzi egingo nau eta zurekin eginiko ituna hautsiko.

17 Orduan, nire haserrea piztuko da israeldarren kontra eta bertan behera utziko ditut; ezkutatu egingo diet aurpegia eta irentsi egingo dituzte. Jasan beharko dituzten zoritxar eta atsekabe izugarriek jotzean, ohartuko dira, ni, Jaun hau, beraiekin ez nengoelako gertatu zitzaizkiela zoritxar guztiak.

18 Baina orduan eta gehiago ezkutatuko diet aurpegia, jainko arrotzengana bihurtuz egingo duten gaiztakeriagatik.

19

«Idatzi orain esango dizudan kantika; irakatsi israeldarrei eta errepika dezatela, kantika hori lekuko izango baitut beraien kontra.

20 Izan ere, arbasoei zin eginez agindu nien lurraldera —esnea eta eztia darizkion lurraldera— eramango ditudanean, asetzeraino jango dute israeldarrek, gizendu eta jainko arrotzengana bihurtuko dira, kultu emateko; mespretxatu egingo naute eta nire ituna hautsiko.

21 Eta zoritxar eta atsekabe izugarri horiek gertatzean, kantika hau lekuko izango dute beren kontra, ondorengoek ere gogoan eta ahoan izango baitute. Izan ere, ondotxo dakit zer asmo darabiltzan gogoan herri honek, zin eginez agindutako lurraldera eraman baino lehenagotik ere».

22

Egun hartan, beraz, Jaunak esaniko kantika idatzi eta israeldarrei irakatsi zien Moisesek.

23

Gero, agindu zion Jaunak Nunen seme Josueri: «Izan bihotz eta adore! Zuk eramango dituzu israeldarrak zin eginez agindu diedan lurraldera, eta ni zeurekin izango nauzu».

24

Moisesek, lege honen xedapen guztiak liburuan idatzi zituenean,

25 agindu hau eman zien Jaunaren itun-kutxa zeramaten lebitarrei:

26 «Hartu legearen liburua eta ezarri Jaunaren zeuen Jainkoaren itun-kutxaren alboan; han egongo da zuen kontrako lekuko gisa.

27 Ezagunak ditut zuen errebeldiak eta lepagogorkeria. Orain, ni zuekin bizi izan naizen artean ere, Jaunaren aurka errebelde izan bazarete, zer ez ote da izango ni hil eta gero?»

28

Moisesek jarraitu zuen: «Bil daitezela nire ondora leinuetako arduradun eta funtzionario guztiak; kantikaren bertsoak nahi dizkiet adierazi. Zeru-lurrak jarriko ditut lekuko,

29 bai baitakit, ni hiltzean, erabat galbideratuko zaretela, nik agindutako bidetik aldenduz. Eta azkenik, zoritxarra iritsiko zaizue, Jaunari gaizki iruditzen zaiona egingo baituzue, zeuen jokabideaz hura haserraraziz».

30

Orduan, Moisesek kantikaren bertso guztiak adierazi zizkion israeldarren elkarte osoari.

32

1

«Adi, zeruok,
eta mintzatuko naiz,
entzun, lurra, nire ahoko esanak;

2
jaits bedi nire irakaspena
euria bezala,
isur bitez nire esanak
ihintza bezala,
euri-lanbroa belarretan bezala,
langarra zelaian bezala.

3
Jaunaren izena aldarrikatuko dut:
aitortu handi dela gure Jainkoa.

4
Bera babes-harkaitza:
hark egina benetan bikaina,
haren jokabidea zuzen-zuzena;
Jainko leiala da bera,
bidegabekeriarik gabea,
zintzoa beti eta zuzena.

5
Akasgabe sortu zituen seme-alabak
gaiztotu egin zaizkio :
jende makur eta bide-galdua da.

6
Hori al da Jaunari erantzuteko era,
herri ergel eta zentzugabe hori?
Ez al da bera bizia eman dizun aita,
egin eta finkatu zaituena?

7
Gogoratu antzinako egunak,
pentsatu iraganeko urteetan;
galdegin aitari eta kontatuko dizu,
galdegin zaharrei eta azalduko:

8
Goi-goikoak,
herriak nor bere lurraldean jartzean,
gizateria munduan banatzean,
lur-mugak finkatu zizkien herriei,
bakoitzari
bere jainko zaindaria emanez .

9
Baina Israel
bere herritzat aukeratu zuen,
Jakoben herria
bere oinorde berezitzat.

10
Basamortuan aurkitu zuen,
uluz beteriko bakardadean;
inguratu eta bere ardurapean
hartu zuen, begi-ninia bezala zaindu.

11
Arranoak, habiaren gain hegaldaka,
kumeak hegadarako
bizkortzen dituen bezala,
halaxe Jaunak ere: hegoak zabaldu,
israeldarrak hartu
eta luma gainean eraman zituen.

12
Jaunak bakarrik eraman zituen,
ez zuen berekin jainko arrotzik.

13
Mendi-gainetan ezarri zituen ,
landako fruituz elikatu;
basaeztiz hazi zituen,
harkaitzetik sorturiko olioz;

14
behi-gaztanbera eta ardi-esnea,
bildots gizenen haragia,
aukerako ahariak eta akerrak,
ogi-irin garbi bikaina
eman zizkion janari
eta ardoa, mahats-odola, edari.

15
«Gizendu egin zen Jexurun
eta ostikoka hasi
—asebete zinen, gizendu,
lodi-lodi egin—;
bere egile zuen Jainkoa utzi zuen
eta salbatzaile zuen harkaitza
desohoratu.

16
Mindu egin zuten
jainko arrotzak gurtuz,
iraindu
beren jokabide higuingarriaz.

17
Deabruei eskaini zizkieten
sakrifizioak,
ezagutzen ez zituzten sasijainkoei,
arestian etorritako jainko berriei,
arbasoek inoiz gurtu ez zituztenei.

18
Sortu zaituztena, berriz,
zeuen Harkaitza,
mespretxatu egin duzue,
mundura ekarri zaituztena
ahazturik utzi.

19
«Seme-alaben iraina ikustean,
baztertu egin zituen Jaunak.

20
Esan zuen:
Ezkutatu egingo diet aurpegia,
eta ikusiko dut zer amaiera duten,
jende gaiztotua baita,
leialtasunik gabeko seme-alabak.

21
Jainko ez zirenengana joz
mindu ninduten,
beraien idolo hutsalez iraindu;
herri ez den batekin
minduko ditut nik ere,
nazio ergel baten bidez irainduko.

22
Sutan dago nire haserrea:
Herio Leize hondoraino iritsiko da
beronen garra,
lurra eta bertako emaitzak
irentsiko ditu,
mendien oinarriak kiskaliko.

23
Zoritxarrak bidaliko dizkiet
samaldan,
neure gezi guztiak jaurtiko.

24
Goseak akituko ditu,
sukar eta izurri gaiztoek erasango;
txikituko dituzten basapiztiak
bidaliko dizkiet,
pozoiz akabatuko dituzten sugeak.

25
Kalean ezpatak
kenduko dizkie seme-alabak,
etxe barruan ikara izango nagusi.
Denek izango dute zori bera,
mutil eta neskatxek,
bularreko haur eta agureek.

26
«Israeldarrak sakabanatzea
pentsatu nuen,
berorien oroitzapena ere
gizartetik desagerraraztea;

27
baina etsaien irainen beldur nintzen,
arerioek, oker ulertuz,
hau pentsatuko zuten beldur:
“Geure ahalmenaz nagusitu gara,
hori ez da Jaunak egina”.

28
Zentzua galdu duen jendea da ,
ezer ulertzeko gauza ez dena.

29
Jakinduriarik balute,
ohartuko lirateke beren azkenaz.

30
Nola daiteke, izan ere,
gizon batek mila pertsegitzea,
bi gizonek hamar milari
ihes eragitea,
babes-harkaitz duten Jaunak saldu
eta etsaien esku
utzi dituelako ez bada?

31
Ez dira, ez,
etsaien jainko babesleak
gure Harkaitzaren pareko;
etsaiek berek aitor dezakete hori.

32
Sodoma eta Gomorraren jatorriko
mahatsondo dira:
haien mahats-mordoak
garratz eta pozoitsu,

33
haien ardoa herensugearen pozoi,
sugegorriaren pozoi hilgarri.

34
Gogoan jasoa dut hori guztia,
neure artxiboan ongi gordea,

35
mendekatu eta merezia
emango diedan arte ,
Israelen etsaiek lur jo dezaten arte.
Hurbil dago haien hondamendia,
berandu gabe etorriko da
haientzat prestaturik dagoena.

36
(Defendatuko du Jaunak
bere herria,
gupidatuko da bere zerbitzariez).
Indarrak akitzen
ari zaizkiela ikustean,
denak, libre nahiz esklabo,
galtzear daudela,

37
esango die Jaunak:
“Non dira zuen jainkoak,
non babes-harkaitz zenituztenak?

38
Haiek jaten zituzten
zuen sakrifizioetako gantzak ,
haiek edaten isur-oparietako ardoa.
Ea, datozela zuei laguntzera,
izan ditzazuela gordeleku!”

39
Baina orain, begira:
Ni naiz, neu bakarrik,
ez da ni beste jainkorik!
Neuk ditut heriotza
eta bizia ematen,
neuk dut zauritzen eta sendatzen,
ez da inor nire eskutik libratzen.

40
Eskua zerurantz jaso
eta zin eginez diot:
Betiko bizi naizela bezain egia da,

41
nire ezpata distiratsua zorroztu
eta justiziari ekitean,
mendeku hartuko dudala
etsaien aurka
eta beren merezia emango
gorroto didatenei;

42
odolez mozkortuko dira nire geziak,
haragiz aseko nire ezpata,
hildakoen eta atxilotuen odolaz,
ile harroko etsaien buruez!

43
«Naziook, egin poz-oihu
Jaunaren herriarekin,
bere zerbitzarien odola
mendekatu egingo baitu Jaunak;
mendekua hartuko du
etsaien aurka,
eta barkamena emango
bere lurralde eta herriari ».

44

Moisesek, Nunen seme Josue lagun zuela, kantikaren bertso guztiok adierazi zituen.

45 Eta Israel osoari zuzenduriko hitzaldi guztiok bukatzean,

46 esan zien: «Gogoan hartu nik gaur agindu dizuedan guztia, eta agindu zeuen seme-alabei lege honen xedapen guztiak betetzen saiatzeko,

47 ez baitira funsgabeko hitz zuentzat, zeuen bizi baizik; horien bidez, luzaro biziko zarete Jordanez beste aldean jabetzan hartzera zoazten lurraldean».

48

Egun hartan bertan, Jaunak esan zion Moisesi:

49 «Igo Abarim mendietara, Moab lurraldean, Jeriko parean, dagoen Nebo mendi-gailurrera, eta begira israeldarrei jabetzan ematen diedan Kanaan lurraldera.

50 Ondoren, mendi horretan hilko zara eta zure arbasoekin bilduko, zure anaia Aaron Hor mendian hil eta arbasoekin bildu zen bezala;

51 izan ere, desleial jokatu zenuten nirekin israeldarren aurrean, Tzin basamortuan, Kadexen dagoen Meribako iturrian, eta ez zenuten nire santutasuna aitortu.

52 Horregatik, urrutitik ikusiko duzu israeldarrei emango diedan lurraldea, baina ez zara bertan sartuko ».

33

1

Hona hemen Moisesek, Jainkoaren gizonak, hil aurretik, israeldarrei eman zien bedeinkazioa .

2 Esan zuen:

«Sinaitik dator Jauna,
Seir aldetik sortu da argia bezala,
Paran menditik egin du distira;
milaka eta milaka aingeru
ditu lagun,
eskuinean herriarentzako legea
su eta gar .

3
Maite ditu Jaunak Israelgo leinuak,
babesten ditu berari sagaratuak,
eta hauek,
Jaunaren oinetan ahuspeztuta,
hark esana dute jasotzen.

4
Moisesek legea eman digu,
Jakoben elkartearentzat ondare.

5
Jexurunek erregea izan zuen ,
herriko buruzagiak bildu zirenean
eta Israelgo leinuek
bat egin zutenean.


6
«Bizi bedi Ruben, ez bedi hil,
gutxi izan arren beraren gizonak».


7
Judarentzat esan zuen:
«Aditu, Jauna, Judaren mintzoa,
elkar ezazu bere herriarekin;
defenda beza bere burua,
izan zu beraren lagun
etsaien aurka».


8
Lebirentzat esan zuen:
«Tumim eta Urim zure epaigailuak
Lebiri eman zizkioten, Jauna,
leial izan zitzaizunari, alegia.
Herriak Jauna tentatu zuen Masan,
aurpegi eman Meribako iturrian.

9
Lebik aita-amei esan zien:
“Ez dut zuekin zerikusirik”;
senideak ez zituen aintzat hartu,
ez zuen ezer jakin nahi izan
seme-alabekin.
Bete zituzten lebitarrek
zure esanak,
leial eutsi zioten zure itunari.

10
Zure erabakiak irakasten dizkiote
Israeli , zure legea Jakoben herriari;
intsentsua aurkezten dute
zure aurrean,
erre-opariak zure aldarean.

11
Bedeinka itzazu, Jauna,
eta eman adore,
onartu atseginez beraien egitekoa;
hautsi
aurka jaiki zaizkienen indarrak,
ez bitez gehiago altxa
gorroto dietenak».


12
Benjaminentzat esan zuen:
«Seguru bizi da
Jaunaren leinu kutuna,
Goi-goikoak babesten du egunero,
beraren mendi gainean bizi da».


13
Joserentzat esan zuen:
«Bedeinka beza Jaunak
beraren lurraldea.
Zeruko dohainik onena, ihintza,
eta lur azpiko leizetik datozen urak,

14
urteko uztarik onenak
eta hileko fruiturik bikainenak,

15
antzinako mendien lehen fruituak
eta betiko muinoen
dohainik aukeratuena,

16
lurra betetzen duten
fruiturik hoberenak
eta sasian agertu zenaren onginahia:
betor hori guztia Joserengana,
senideen artean aukeratuagana.

17
Ohore Joseri,
lehen-sorturiko zekorra bezalako
den horri,
bufaloarenak bezalako
adarrak dituenari:
Efraimen gudari-taldeak,
Manasesen soldadu-andanak;
horiekin erasoko die
herri guztiei batera
munduaren azken mugetaraino».


18
Zabulon eta Isakarrentzat
esan zuen:
«Poztu zeure joan-etorrietan,
Zabulon,
eta zu, Isakar, zeure oihal-etxoletan.

19
Mendi sakratura
deituko dituzte herriak
bidezko sakrifizioak eskaintzera;
itsasoko aberastasunak
eta hondartzako gordailu ezkutuak
zurrupatuko dituzte».


20
Gadentzat esan zuen:
«Bedeinkatua
Gaden lurraldea hedatu duena!
Lehoi emearen gisa zelatan etzanik,
harrapakinaren beso-buruak
zarrastatzen ditu.

21
Zatirik onena aukeratu du beretzat,
zeren eta, buruzagiaren partea non,
han biltzen baitira
herriko nagusiak .
Jaunaren nahia bete du,
Jaunak Israelen alde
hartutako erabakiak».


22
Danentzat esan zuen:
«Lehoi gaztea Dan,
Baxandik jauzi egiten duena!»


23
Neftalirentzat esan zuen:
«Jaunak mesedez eta bedeinkazioz
betea du Neftali:
mendebaldea eta hegoaldea
ditu bere jabetza».


24
Axerrentzat esan zuen:
«Bedeinkatua Axer
seme guztien artean!
Izan bedi senideetan maiteena;
izan beza
oinak beratzeko adina olio;

25
burdina eta brontzezkoak
haren ate-morroiloak,
bizitza bezain iraunkorra
haren indarra .


26
«Inor ez Jainkoa adinakorik,
Jexurun!
Zeruan zehar,
zaldiz bezala hodei gainean,
handikiro datorkizu laguntzera.

27
Antzinako Jainkoa duzu babesleku,
Betikoaren besoak dituzu euskarri;
ihes eragin dio
etsaiari zure aurretik,
berau suntsitzeko agindua eman.

28
Seguru bizi da Israel,
aparte du bere egoitza
Jakoben herriak,
gari eta ardotan
aberats den lurraldean,
non zeruek ihintza isurtzen baitute.

29
Zorionekoa zu, Israel!
Nor zu bezalakorik,
Jainkoak salbaturiko herri hori?
Bera da laguntzen dizun babeski,
garaipena damaizun ezpata.
Etsaiak aurrean
makurtuko zaizkizu lausenguka,
eta zuk bizkarra zapalduko diezu».

34

1

Moises, Moabeko lautadatik Jeriko parean dagoen Nebo mendira, Pisga gailurrera, igo zen. Handik, lurralde osoa erakutsi zion Jaunak: Galaadetik Danerainoko lurraldea,

2 Neftali, Efraim eta Manasesena, Judaren lurralde guztia Mediterraneo itsasoraino,

3 Negev eta Jerikoko —Palmondo hiriko— haran-ingurua, Tzoar hiriraino.

4 Eta esan zion Jaunak: «Hori da Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez agindu nien lurraldea . Esan nien: “Zuen ondorengoei emango diet”. Zeure begiz ikusten utzi dizut, baina ez zara bertan sartuko».

5

Han hil zen Moises, Jaunaren zerbitzaria, Moab lurraldean, Jaunak esanaren arabera.

6 Haranean ehortzi zuten, Moaben, Bet-Peor-en aurrez aurre, eta inork ez du izan haren hilobiaren berririk gaurdaino.

7

Ehun eta hogei urte zituen Moisesek hil zenean; ez zitzaion ikusmena ahuldu, ez zioten indarrek huts egin.

8 Israeldarrek hogeita hamar egunez egin zuten negar Moisesengatik Moabeko lautadan, dolualdia bete zuten arte.

9

Nunen seme Josue zuhurtziaz jantzia zegoen, eskuak ezarri baitzizkion Moisesek buruan. Israeldarrek obeditu egin zioten eta Jaunak Moisesi agindu bezala jokatu zuten.

10

Ordudanik, ez da Israelen sortu Moises bezalako profetarik, Jaunarekin hain harreman estuak izan zituen Moises bezalakorik;

11 inor ez honen parekorik mirariak eta egintza harrigarriak egiten: Jaunak bidalita, faraoiaren, beronen funtzionario eta herrialde osoaren aurka Egipton Moisesek egindako mirari eta egintza harrigarriak bezalakoak egiten;

12 ezta inor Moisesek Israel herri osoaren aurrean bezain esku indartsuz eta era handi eta beldurgarrian jokatu zuenik ere.